Elkarrizketak

Goiatz Labandibarrekin solasean

Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak liburua kaleratu berri du Elkar argitaletxearen eskutikOstirala, 2013-04-19

Pertsonen arteko harremanen geltokietan, trenbidea beti aurreraka doan eskailera bilakatuz idatzi du Goiatz Labandibarrek bere lehen liburua: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak. Oiartzunen elkartu gara idazlearekin, ipuinekin osatutako bidaia ezagutzeko.

Goiatz Labandibarrekin solasean

Hasiera batean Interrail zuen izena Igartza sarira aurkeztu zenuen proiektuak. Titulua aldatu zenuen liburuaren kontzeptua ere aldatu zelako?

Ez, proiektua bera mantendu egin da. Hasiera batean pentsatzen nuena eta gero izan dena esango nuke berdina dela. Hasiera batean hiru ipuin bakarrik nituen idatzita, eta proiektuari izenburua jarri behar nionez nahi eta nahiez, Interrail jarri nion kasik jartzeagatik. Proiektua nik interrail egin nueneko tokietan kokatzen zelako jarri nion titulu hori, baina behin lana bukatuta ez zuen zentzurik, interrail bidaiari ez zaiolako erreferentziarik egiten.

Liburuan azaltzen diren atal edo geltokiak, beraz, zuk ezagututakoak dira. Bidaia egin zenuenean aurreikusten zenuen liburu bat egitea, idazle begiekin egin zenuen bidaia?

Ez, bidaia hogeita hiru urterekin egin nuen, uda bateko plana izan zen. Momentuan bidaiaz gozatzea izan zen helburu bakarra. Egia da handik bueltatuta behin baino gehiagotan pentsatu nuela literatura aldetik zer edo zer egitea, baina ez nuen forma egokia aurkitzen. Ez nekien pertsonaia bakarra izan behar ote zuen, hari bakar batekin... 2011ko udaberrian iruditu zitzaidan ipuinak izan zitezkeela, eta haien lotura gisa tren geltokiak erabili nitzakeela.

Kosta zitzaizun hirietara bueltatzea, literaturaren bitartez berriro haietan sartzea?

Lagun batek eta biok bidaia egin genuenean ez genuen leku guztietan denbora bera pasa: batzuetan gau bat, besteetan bost egun... Bueltatzea ez da bereziki zaila izan, oroitzapen onak baititut, toki horietan eguneroko bat idatzi genuen… erraza egin zait sentsazio horietara bueltatzea, ikusi genuena ekartzea berriz ere ekartzea. Hiri horiekin kariño berezi bat ere badut, haietara bueltatzerakoan disfrutatu egin dut berriz ere leku bakoitza gogoratzen.

Hiri horiek zein neurritan dira eszenografia bat, zein neurritan oinarritzen dira zuk bizitako gauzetan?

Ipuin bakoitzean desberdina da hiriaren pisu erreala. Batzuetan istorioak oso lotuta daude guk bidai hartan ikusi edo bizitakoekin, besteetan ez. ‘Zagreb edo heriotza publikoa’ istorioa kasu, guk ikusitako gauza batetik sortu zen, beste batzuetan ez da hori gertatzen modu zuzenean, baina eszenografia horiek sortzerakoan bai erabili ditut guk ikusi eta bizitako xehetasunak. Nirekin bidaia egin zuen pertsonak berehala identifikatuko lituzke.

Ipuin liburua izanik, geltokiek nolabaiteko egitura orokorra ematen diote osotasunari. Bada lotura gehiago? Harremanen gaia, agian?

Berez ez nuen pentsatua harremanen mundu hori sartzea. Egia da istorioak nahiko garaikideak direla, gaur egun edonon gerta litezkeenak. Azkenean islatzen diren harremanak gaur egun gizarte honetan ikusten ditugun edo bizi daitezkeen harreman motak izan daitezke, baina berez lotura bezala erabiltzeko intentzio kontzienterik ez da egon, horrela atera da. Liburuari kohesioa geltokien figurak eman dio.

Eta harremanen presentzia horrekin zein unetan jabetu zara?

Behin dena batera hartu eta segidan irakurri nuenean. Ipuinak banaka, modu desordenatuan idazten joan naiz, hasieran idatzi eta modu soltean gordetzen nituen. Lana entregatu nuenean ordenatu eta osotasuna eman nion, zentzu orokor baten bila, nahiz eta berez haien artean harremanik ez egon. Lagun batek behin esan zidan nahiko istorio negatiboak iruditzen zitzaizkiola, 'eta zu ez zara horrelakoa' esan zidan. Nik ez nuen ipuinen irudi hori, bere ikuspegitik ipuin gehienetan harremanek gaizki bukatzen zuten; niretzat bikote batek elkarrekin ez bukatzeak ez du esan nahi istorio hori gaizki bukatzen denik, baina egia da ikuspegi horretatik ez dagoela amaiera larroxa zoriontsurik.

Normalean bidaia eta bidearen sinbolismoa oso presente dago gure gizartean, bidaien balizko kutsu iniziatikoa. Zuk zatitu egin duzu ideia hori, hemen geltokiek dute protagonismoa, bidaian geratu eta ingurura begiratzeak. Zergatik egiten zaizkizu erakargarri geltokiak?

Ez pentsa erakarpen edo obsesio berezirik daukadanik haiekin. Geltokiek pisua izan behar zuten hiri horietan gertatzen direlako istorioak, han kokatzen direlako. Istorioak ez dira oporretan dauden pertsona batenak, leku batean denbora mugatu batean egongo den pertsona batenak; pertsonaiek bertan lekutuak dauden pertsonen istorioak bizi dituzte, pertsonaiak ez daude bidaiatzen. Liburuan trenak ere ez dira bidaiatzeko elementuak, hiri horren baitako elementuak baizik. Interrailen bidez bidaiatzen duzunean hiri batera iristen zaren lehen lekua geltokia da, eta baita ikusiko duzun hiri horretako azken lekua ere.

Batzuetan geltokiak elkar topatzeko lekuak dira, bidegurutzeak, baina beste batzuetan pertsonen arteko distantziaren seinale: 'Tren geltoki bakar batek bi bizitza horrela bereiz ditzakeela pentsatu izan dinadan bakoitzean, zur eta lur gelditu izan naun' (‘Hendaia edo errekaren bi aldeak ipuina’). Badago distantziaren gaia ipuin gehiagotan ere, ‘Trieste edo helduta entzuteko abestiak’ delakoan adibidez... distantzia ere presente dago gai gisa?

Agurraren momentua ere bada geltokietan, tren bat hartzera joaten zarenean edozein tokitan askotan ikusten duzu norbait agurtzen, bata maletarekin eta bestea hor geratzen delarik. Egia da geltokiek badaukatela agurra edo distantziaren zentzu hori ere. Istorio batzuetan badago bereizte bat, baina beste batzuetan hurbiltzeko izan daitezke. Ez dut bereziki distantziak zehazteko markarik bilatu, istorioaren arabera izan da hori. ‘Genoa edo gelditzen ez diren trenak’ istorioan zera diot 'tren guztiak ez dira behin bakarrik pasatzen', trenaren eta geltokiaren erabilera ezberdina da istorioaren arabera.

Pertsonaiei dagokionez genero eta adin aldetik aniztasuna dago, nolako lana izan da era ezberdineko pertsonaien azalean sartze hori?

Igual askoren azaletan gaizki sartu naiz! Gehiago izan da aldi bakoitzean istorioan bertan sartzea. Askotan nik idatziko ez banu bezala zen, batzuetan pertsonaiek beraiek idatzi dute istorioa. Ipuin bat idazten hasten naizenean ez dut guztia aurretik pentsatua, idazten noan heinean joaten da definitzen istorioa. Ideia orokor bat eduki dezaket, baina amaiera normalean ez dut itxita, istorioak berak eskatzen dit hori. Ez dut sentitu bestearen tokian jartze hori traba edo zailtasuna izan denik.

Ipuinetan estilo ezberdinak baliatu dituzu, zeren arabera aukeratu duzu bata edo bestea? Edukiaren arabera estetika bat topatu duzu, edo hasieratik estetika ezberdinen bila ari zinen?

Hasiera batean batez ere hirugarren pertsonan etortzen zitzaizkidan narrazioak, baina ez nuen nahi oso errepikakorra suertatzea. Badago ipuin bat elkarrizketan oinarritzen dena, adibidez; horretara iritsi baino lehen banekien zer kontatu nahi nuen baina ez nekien nola. Hirugarren pertsonan hasi nintzen idazten, narrazio ohikoago bat egiten, eta ez zitzaidan batere gustatzen. Ikusi nuen ez zela istorio hori kontatzeko modua. Orduan saiatu nintzen elkarrizketa bidez adierazten, saiakera bat baino gehiago eginez, ahots birekin baino gehiagorekin probatuz... ipuin batzuekin idatzitako bertsio diferenteen artean aukeratzen ibili naiz.

Ipuinen tituluetan hirien izenak dira nagusi, baina ez datoz inoiz bakarrik: guztiek dute iradokitzaileagoak, agian poetikoagoak, diren bigarren titulu modukoak. Nondik dator tituluen bikoiztasun hori?

Ipuin bakoitzak bi izenburu ditu istorio bakoitzari irakurtzeko bi zentzu eman nahi nizkiolako. Batetik hiriaren beraren ingurukoa, hiriek presentzia handia dutelako. Pertsona batek aurreko batean zera esan zidan 'ni ez naiz egon hiri horietan guztietan, baina egon naizenetan bai iruditu zait istorio horrek hor pasa behar zuela' niretzat ederra izan zen hori entzutea. Irakurri bitartean hiri horretan sentitzea, hiri horren presentzia sentitzea nahi nuen. Bestetik, bigarren izenburu bat eman nien istorioek beste gauza batzuen inguruanere hitz egiten dutelako, bigarren izenburu horiek horri egiten diote erreferentzia. Ipuin bakoitza bi modutara irakurtzeko aukera eman nahi nuen.

Zergatik aukeratu duzu haietako bat azalera ekartzeko (‘Trieste edo helduta entzuteko abestiak’)?

Ez da izan bereziki istorio hori nabarmentzeagatik. 'Geltokiak' bazen zerbait orokorra, osotasunari erreferentzia egiten diona. Barruko tituluen estetika hori azalera ere eraman nahi nuen, eta Triesteri dagokion izenburua aukeratu nuen estetikoki polita iruditzen zitzaidalako, besteen ondoan izenburu bezala indarra zuela iruditzen zitzaidalako.

Oker ez banago zuk ez duzu Erasmus bekarik jaso, baina interrail egin duzu, gazte garaiari lotzen zaizkion gauzak dira biak. Veneziako ipuinean ironizatu egin duzu 'Orgasmus' belaunaldiaren inguruan. Gogoan zenuen horrekin pixka bat jolasteko, inork ‘Interrail belaunaldia’ aipatu baino lehen?

Nik ez nuen Erasmus egin, baina nire inguruko jende askok bai. Pena dut egin ez izanaz, hori ere aitortzen dut. Egia da fama hori baduela, ni joan izan naiz bisitan eta ikusi izan dut zer giro dagoen. Nik uste dut ona dela geure buruaz barre egitea, gure kontraesanez… Erasmus datozenak ez ditugu hain ondo ikusten, hemen alde zaharrean ikusten ditugunean mespretxatu egiten ditugu, baina gero euskaldunak kanpoan berdin ibiltzen gara.

Igartza saria jaso zenuela aipatu dugu, lehenengo liburua izanik, zein neurritan izan da akuilu edo presio?

Niretzako aukera bat izan da, neure buruari idaztea serio hartu arazteko modu bat. Ni ez naiz batere konstantea, beka eman izan ez balidate ez nuen jarraituko istorio horiek idazten. Hasieran hiru nituen idatziak, eta bultzadarik gabe ez nituen beste bederatzi idatziko. Egia da urtebeteko epea daukazula eta presio izan daitekeela, baina nik behintzat ez dut sentitu. Ateratzen zitzaidanaren baitan idatzi dut, egon dira garaiak zeinetan ez nuen ezer idazten, beste batzuetan emankortasunean edo gogoaren arabera jardun naiz. Niretzat denbora ez da karga bat izan, baina bai neure buruari eskatzen diodan kalitate minimoa; beti duzu beldur hori, are gehiago lehenengo liburua izanik. Kalitate nahikoa izango du? Hau da espero dutena? Presioa niretzat gehiago hori izan da.

Albiste honen uberan:

ENTZUN Arantxa Iturbek egindako elkarrizketa:

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)