Elkarrizketak

Iban Zalduari elkarrizketa

"Fikzioa behar dut pertsona bezala funtzionatzeko gizarte honetan"Ostirala, 2014-10-17

"Liburu honetaz esan daitekeen gauza onenetakoa da Zalduaren ipuin liburu bat dela, horrek esan nahi duen guztiarekin.  Bere ipuingintza-ibilbidearen gailurretako bat". Ibon Egañak halaxe adierazi zuen Inon ez, inoiz ez (Elkar, 2014) liburuaren aurkezpen ekitaldian. Fikzioaren indarrean sinesten duen egilea dela Iban Zaldua, hori ere esan zuen Egañak. Fikzioa da, hain zuzen, liburu honen bitartez aldarrikatzera datorrena: "Nik fikzioa behar dut pertsona bezala funtzionatzeko gizarte honetan", Iban Zalduak  halaxe aitortu digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian. Lehen edizioa agortuta, Elkarrek bigarren edizio bat jarri berri du martxan.

Iban Zalduari elkarrizketa

Estilo aldetik, tematika aldetik anitza eta oparoa da liburua. Ipuinek ekarri dute bilduma ala bilduma batean pentsatzen hasi eta lanean jarri zinen?

Prozesua bikoitza da. Bietatik duela esango nuke. Kasu honetan behintzat, hala izan da. Hasiera batean, ipuinak idaztera jotzen dut. Eta idatzi ahala joaten dira ipuinak metatzen.

Nahikoa ipuin metatu nituenean, konturatu nintzen bi ipuin liburu osatu zitezkeela [Idazten ari dela idazten duen idazlea (Elkar, 2012) liburuan dira ipuin horietako batzuk, eta Inon ez, inoiz ez (Elkar, 2014) liburuan besteak].

Beranduago argiratu den arren, Inon ez, inoiz ez liburuaren ideia lehenago sortu zen. Izenburua ere nahikoa goiz hartu zuen, eta orduantxe hasi nintzen bilduma moduko liburu batean pentsatzen. Ondoren sortu ziren ipuinetako askok bazuten kokapen bat. Literaturaren inguruko ipuinek traba egingo zutela iruditu zitzaidan, eta bilduma honetatik atera eta halako zelula moduan plazaratu nituen. Idazten ari dela idazten duen idazlea liburuan, hain zuzen.

Gainera, Inon ez, inoiz ez ez nuen osorik ikusten, zerbait falta zitzaion, eta osatua nuela iruditu zitzaidan arte ez nuen plazaratu nahi izan.

Biodiskografiak (Erein, 2010) eta Idazten ari dela idazten duen idazlea (Elkar, 2012) tematika bereko bi ipuin liburu dira. Oraingoak ordea gehiago du ipuin bildumatik. Askeago, libreago ibiltzeko premia zenuen akaso?

Gertatzen da liburuak paraleloan joan direla osatzen. Bi edo hiru urtetan fronte ezberdinetan aritu naiz lanean. Nahikoa modu naturalean joan naiz idazten baina liburuari itxura hartzen hasten zaren unean, lan egiteko modua ere aldatzen hasten da.

Tematika bereko liburuen segida horretan, gatazka delakoari buruzko bat egiteko osagaiak bazenituen. Inon ez, inoiz ez liburuaren erdiko kaieran batu dituzun ipuinekin, hain zuzen.

Izan zitekeen. Baina ez dakit ez ote zen astunegia izango. Nire jardunean, gai horrek presentzia izatea inportantea iruditzen zait. Baina ez errezeta orokor gisa, ez dudalako horretaz bakarrik idazten. Biodiskografiak eta Idazten ari dela idazten duen idazlea liburuetan, hemengo gatazkak ere badu presentzia.

Aipatu duzun atala ipuin liburu baterako gaia izan zitekeen, baina nire motako ipuinekin liburu homogeneoegi bat egitea ez dakit ez ote zen astunegia suertatuko.

Iban Zalduaren lagin ezberdinak daude liburu honetan. Zure ipuingintzaren erakusgarri dela esan daiteke?

Liburu honetan denetarik dago, eta izan daiteke oraingo Iban Zalduaren erakusgarri. Alderdi guztiak edo gehienak ukitzen dituelako. Baina uste dut tematika eta estilo anitzeko liburu guztiekin gertatzen dela hori. Ez dut katalogo bat egiteko helburuarekin idatzi. Alde horretatik, seguraski osoagoa dela Ipuinak, Antologia bat (Erein, 2010), lehen hamar urteetako ipuinen bilduma.

Ibon Egaña kritikariak dio zure ibilbidearen gailurretako bat dela Inon ez, inoiz ez. Iban Zalduaren onena da hau?

Artista askorentzat azken diskoa izaten da onena. Eta hori sinistu behar du gainera. Kasu honetan, nire ikuspegiak ez du inolako baliorik. Ziklotimikoa naiz, egun batzuetan ipuin batzuk gogora ekarri eta poztu egiten naiz, eta beste batzuetan alderantziz izaten da, kar, kar, kar. Ipuinen inguruko iritzia behin eta berriz aldatzen dut, segurtasun falta kongenitoa dudala uste dut, ez dena bereziki oso ona promozioa egiteko garaian, kar, kar, kar…

Baina idazteko seguru ona izango dela...

Ez dut uste, niri inbidia ematen didate oso seguru agertzen diren idazleak edo artistak.

"Norberaren biografiaren erabilera hori arriskutsua dela iruditzen zait"

Fikzioaren aldarrikapen bat dela esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Ideia hori zure blogean egin dituzun idatzi batzuekin lotzen da.

Iruditzen zait fikzioarekiko neke moduko bat dagoela. Baina orokorra dela esango nuke. Alegia, ez dela euskal literaturan bakarrik ematen. Telebistan reality-ekin gertatu den antzekoa edo. Telesailen goraldi bat eman da ordea, eta horrek esperantzak ematen dizkit.

Hala ere, bada norberarengan oinarritutako literatura bat egiteko joera. Edo literatura verité delakorako joera. Horiek ere zilegizko bideak iruditzen zaizkit, noski, eta gainera fikzio gehiena norberaren esperientzietan oinarritzen da. Baina norberaren biografiaren erabilera hori arriskutsua dela iruditzen zait. Ez ote den azkenean egia kontatzeko oztopo batean bihurtzen. Ramon Saizarbitoriak behin eta berriro esan izan du: batzuetan fikzioa dela biderik eraginkorrena egia bat kontatzeko.

Eta bada beste kontu bat ere. Adin batetik aurrera, idazle batzuk diote ez dutela lehen aurkitzen zuten lilura topatzen, fikzioarekin nekatuta daudela…Eta horrek ere kezkatu egiten nau. Zer ari dira idazten orduan? Nik fikzioa behar dut pertsona bezala funtzionatzeko gizarte honetan. Egia da harribitxiak aurkitzea zaila dela, baina iruditzen zait aldarrikatu egin behar dela fikzioa. Lan egiteko modu bat ari dira bultzatzen, kale itsu gehiegi dituena bukaeran.

Ez da joera iheskor bat orduan.

Ez dakit gure gizarte postmoderno honekin zerikusia duen edo beste zerbait ote den, baina Cortazar, Dickens, Munro... Oso lagungarriak zaizkit niri. Egiten dituzten fikzio ariketek balio didate bizitzeko. Aldiz, norberak bizi eta pentsatzen duen horretan oinarritzea, eta hori interesgarri izango balitz bezala plazaratzea... Uste dut zabaldu egin behar dela ikuspegia.

Eta jakina daudela elementu autobiografikoak nire ipuinetan, eta badira beste elementu asko horrekin nahastuta, baina ez dut nire bizitzaren inguruko liburu bat egin nahi. Alde horretatik, fikzioa egiten saiatu naiz.

Epai literarioak askoz anitzagoa izateko eskubidea du

2006-2014 bitartean idatzitako ipuinak dira liburuaren bigarren atalean jaso dituzunak. Anitzak ikuspegiz, anitzak estiloz. Euskal gatazkaren ingurukoak denak. Gai honek luze joko du literaturan, ezta?

Epai historikoa ez da inoiz bakarra izango. Eta epai literarioak askoz anitzagoa izateko eskubidea du berez. Pentsa, Gerra Zibilaren inguruko literatura –Euskal Herrian egin dena behintzat–, ez dut literatura historikotzat hartzen. Niretzat literatura garaikidea da. Besteak beste, zuzenean eragiten duelako gure orainaldian. Hobe isilik (Elkar, 2013) nobela, esate baterako, horren lekuko da.

Esan nahi dudana da luze ibiliko garela (gatazkari buruzko) literatura garaikidea egiten. Gure gaietako bat izango da. Ez da bakarrenetakoa izango, akaso ezta garrantzitsuena ere, eta ez da seguruenik esportagarriena izango. Baina guri eta gure ondorengoei tokatu zaigu. Eta kontu hauei buruz galdezka ikusten ditut nire alabak. Jada gatazkak ez die zuzenean eragingo, baina kontu hauen ondorioek luze joko dutela pentsatzen dut eta haientzat ere gai garaikide bat izango dela uste dut. Akaso beste aldarte batekin helduko diote, baina niretzat literatura garaikidea da, eta horregatik ez nago oso ados Beñat Sarasolak Berrian argitaratu zuen iritziarekin (“gainontzean, gertuko errealitateak enbarazu egiten digu fikzioan” zioen irailaren 18ko Berrian, Denbora emanaz izeneko artikuluan).

Asuntu hau kudeatzeko izan dudan laguntza handiena idazleek eman didate, eta euskal idazleek batez ere. Nahiz eta duela 25 urteko kontuez hitz egin, Twist (Susa, 2011) literatura garaikidea dela esango nuke. Pasa den urteko nobelarik inportanteetako bat Xabier Montoiaren Azken afaria (Susa, 2013) izan zen. Eta Martutene (Erein, 2013) nobelaren bitartez, errealitatearekin aritzeko bide oparoa eskaini zigun Ramon Saizarbitoriak.

Martutene, Twist, Azken afaria… nobela berriak dira denak. Gaiari buruzko loraldi baten atarian gaude akaso?

Nik loraldi hitza ez nuke erabiliko, kutsu optimista eta positiboa duelako definizio horrek. Nik ugaritze bat eman dela esango nuke. Honetan ere, gauza baliotsuak daudelako, eta ez hain baliotsuak.

Dena den, gatazka delakoa lehen ere landu izan da, 90eko hamarkadatik hona eman da ugaritze hori. Nik 90eko liburu batzuk ere aldarrikatu nahi nituzke.

Baina argitalpen isolatuak izan ziren ordukoak.

Hala ematen du baina zenbatzen hasi eta egon badago gatazkari buruzko literatura. Esango nuke gazteleraz baino areago landu zela euskaraz. Jokin Muñozen literatura (Hausturak, joan zaretenean, Atlantidara biajia), Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean, Aingeru Epaltzaren Ur uherrak

Niretzat 90eko hamarkada klabea izan zen. “Asuntuaren” erdian geunden. Gainera, ETAren jarduera armatuari dagokionez, 80ekoa baino ilunagoa iruditzen zait 90ekoa. Hildako gutxiago daude 90eko hamarkadan, baina gauzak aldatu egin ziren, eta uste dut zama handiagoa erori zela euskaldunon gainean. Garai horretan, liburu horiek irakurtzea oso inportantea izan zen niretzat. Baina tira, agian oso ikuspegi pertsonaletik ari naiz.

Zuk ere landu izan duzu.

Bai, baina ni 2000ko hamarkadan hasi nintzen idazten. Horiek guztiak irakurri ditudalako ziurrenik.

Ez naiz egunero idaztekoa

Azken liburu honetan ere, literatura bera duzu mintzagai. Eta hainbat ipuinetan gainera.

Naturala ere bada. Akats gisa bizi dut. Literaturaren inguruan bizi naiz eta gai hori obsesio bihurtu da, autoelikatu egiten den obsesioa. Auto zakil jana ere bihurtu daiteke momento batetik aurrera. Liburu honetan solteago dago kontua, dosifikatuago edo. Pisu gehiago zuen aurreko liburuan, Idazten ari dela idazten duen idazlea liburuan.

Ni “mundu errealean” bizi naiz. Baina baita paperezko mundu horretan ere, oraindik paperezkoa den mundu horretan. Eta bizi duzun hori zure literaturan islatzea gauzarik normalena da.

Egunero idaztera jartzen bazara, emergentziazko irteera bat bilatzen ari zarelako da. Hori irakurri diogu idazle belgiar bati. Egunero idaztea premiazkoa al da zuretzat?

Ez naiz egunero idaztekoa. Are gehiago, eskertzekoak dira idatzi gabeko garaiak. Irakurtzeko bai, egunero irakurtzeko ohitura dut. Horretaz ez naiz libratu. Adikzio bat da irakurtzea, baina idaztea ez dut uste hain garrantzitsua denik niretzat. Eta irakurketa bada zure bizioetako bat, irakurritakoari buruz eta irakurritako mundu horri buruz idaztea naturala iruditzen zait. Niretzat behintzat hala da.

Baina idatzi gabe oso ondo bizi daiteke bat. Dagoen ugaritasuna kontuan hartuta, munduak ez du gure idazketa behar.

Dagoen ugaritasuna kontuan hartuta, munduak ez du gure idazketa behar. Goiburu potoloa bota duzu.

Liburu dendara sartu eta nire bururari galdetu izan diot: “Zer ari zara? Hemen dago guztia!”. Momentuko kontua izaten da, gero etxera joan eta tekleatzen hasten zara, inbidiaz seguruenik! Baina nire burua oso ondo imaginatu dezaket idatzi gabe. Ez dut esango liberazio bat izango zenik, idazketa ez baitut horrela bizi. Behar dudanean idazten dut, eta norbait idatzitako hori argitaratzeko prest dagoen bitartean, ba primeran.

Papera kenduko balidate idazteko, jasango nuke. Baina irakurketa kenduko balidate, tortura handia izango litzateke niretzat.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)