Elkarrizketak

Iñigo Astizekin elkarrizketa

Ideien munduak gure gorputzean duen oihartzuna interesatzen zait Osteguna, 2012-04-19

Iñigo Astizek Baita hondakinak ere poesia liburua kaleratu du Susa argitaletxearen eskutik. Euskal Herria edota belaunaldien arteko harremanei buruzko gogoeta mamitsuekin batera topatuko ditu irakurleak hozkailuek, aurikularrek eta irakurritako liburuek osatutako eguneroko mundu harrigarriak.

Iñigo Astizekin elkarrizketa

Iñigo Astizek aspalditik idazten ditu poemak. Lehenago egon zen liburu bat argitaratzeko zorian, Susarekin hura ere, baina atzerrira joan eta proiektua bertan behera geratu zen. Egileak berak dioenez, 'lehenengoa bigarrena da berez'. Orain arte poesian egindako ibilbideaz itauntzean poemena nahiko era intimoan eramaten duela dio, etxeko gelan 'Ultzamakoa naiz, imajinatu dezakezunez han ez dago poesia talde askorik'. Dio, irribarrez.

Lanbidez kazetaria zara, prentsa idatzian egiten duzu lan. Poesia idaztea beste muturrera joatea da?

Ez dakit, askotan ez nuke asmatuko esaten. Kazetaritzan ere batzuetan tokatzen zaizu testu batzuk bukatu eta pozik geratzea. Ez soilik informazio bat ematen duzulako, baizik eta informazioa emateko eran asmatu duzulako, batzuetan estetika bat lortzen da nahiz eta ordularia kontra izan. Poemetan daukadana da inork ez duela ezer espero haietaz, inor ez da etortzen poema bat irakurtzera informazio bat jasoko duela edo horren atzean beste zerbait egongo dela pentsatuz. Ez dauka funtzio informatibo bat, eta segur aski ezta bestelako funtzio handirik ere; agian sinbolikoa bai, baina oro har funtziorik ez izate horrek libreago uzten nau nahi dudana idazteko. Liburuko poemetan uste dut ikusten dela hori, asko dira jolas edo 'tontokeria' batetik hasten direnak. Beraz, horregatik agian bai izan daiteke kazetaritzaren beste aldea, baina azken finean dena da goizetik hasi eta gauera arte ordenagailuaren aurrean egotea.

Kazetaritzarekin jarraituz, ez nuke esango liburuan joera nagusi bat denik baina topatzen ahal da kontrako bidea egin duen testuren bat, adibidez 'Durango (Larkinen erara)' delakoan Durangoko azoka duzu hizpide.

Bai, poema hori Durangoko azokaren kronika bat da, bada nolabait 'periodistikoa', baina horren atzean dagoena batez ere itzulpen bat da. 'Larkinen erara' deitzen da hain zuzen Philip Larkinen 'Show saturday' poemaren itzulpen librea delako. Berak bere herrialdeko landa azoka bat kontatzen du, jatorrizkoa irakurtzen ari nintzenean esaten nuen 'hemen zaldiak jarri beharrean liburuak jarriko balu Durango izango litzateke'... beraz hortik abiatuta kronika bat egin nuen, baina Ingalaterratik pasatuta esango nuke. Poema hori izango da periodistikoena, kronikatik hurbilen dagoena.

Poemetan tonu ezberdinak tartekatzen dira, baina ez dago atalik. Zer nolako pultsua bilatu diozu osotasunean liburuari?

Nik ez dut asko idazten, liburua nahiko fina da eta horren arrazoia ez da sekulako bahea pasa dudala. Nekez idazten dut, oso poliki, pieza bakoitza buruan bueltaka eta bueltaka izaten dut egun batzuk, aste batzuk, batzuetan hilabete batzuk... batzuetan buruan erdi errezitatua daukadan arte ez dut idazten. Liburuaren osotasunaren ideia kasik argitaletxetik pdf-an bidali zidatenean ikusi nuen. Ordura arte niretzat pieza solteak ziren, ez nuen pentsatua azkenean antolaketa honekin izan duen kontundentzia izango zuenik.

Oro har, poesiaren kasuan bilduma osatzerakoan ematen du gehiago nagusitzen dela kentzeko joera.

Argitaletxera bidali nuenean nire beldurra zen ez zela material askirik egongo, beldurrez nintzen gehiago idatzi beharraz. Idatzi ditut poema gehiago argitaratuko zutela esan zidatenetik, baina horrekin batera zaharrak kendu ditut, beraz kopuruz ez da asko handitu. Idaztean dibertitu dibertitzen naiz, baina asko kostatzen zait.

Liburuan badira ironia handiko poemak, nik esango nuke laburrenak direla kasu askotan. Poema laburretan inpaktua berehalakoa denez, lagungarria da umorea?

Liburua ez dago atalka antolatua baina bai serieka. Serieen artean badaude familiari buruzko poemak, itzulpenak, instrukzioen hizkuntza erabilita egindakoak... eta badaude batzuk laburrak, kasu askotan sentsazio baten transkripzio moduko bat direnak, ironikoki plagiatuta poesia txinatar klasikotik. Horiekin sentsazio bat hartu eta modu argi batean eman ditut, pieza laburrak izanik zirto baten moduan.

Aipatu dituzun serie horien artean dago familiari buruzko testuena, belaunaldien arteko talka gehituko nuke, gazte-'agoa' zineneko pasadizoak bestetik... atzera begiratzen duen liburua da hau?

Nik uste dut hiru denbora daudela liburuan: gurasoena, gurasoen gurasoena eta semearena, nirea. Talka hiru generazio horiena da, hiru dira baina era berean bat egiten dute, badago denboraren halako zirimola bat. Atzera begiratzen du, izan ere gazteago izan nintzen, ume izan nintzen... eta espero dut zahartzea ere!

Deigarria egiten da 'esperimentu' hitza topatzea hainbat poemen tituluan. Benetako esperimentuak izan dira, edo gero lotu dituzu testu horiek tituluen bidez?

Gehienetan titulua neukan lehenik eta gero etorri da poema. Titulua sortu eta grazia egiten didanez hortik abiatu izan naiz poemaren bila. 'Esperimentu presentziala eskaileretan' poeman adibidez, etxera igotzeko eskaileretan argia sakatzean zer gertatzen den kontatzen da. Egun batean okurritu zitzaidan titulua, ideiari bueltak ematen egon eta gero poema idatzi nuen. Beste poema batzuk erantzun baten moduan sortu dira: lehenik beste idazle bati halako testuan irakurri diot zer egingo lukeen, eta gero ni segur aski bera baino askoz ere poeta txarragoa naizenez egin dezakedana da berak pentsatu duena egin, maestro handiari lapurtu hipotesia eta ikusi ea zer ateratzen den. Horrela sortu dira esperimentu horietako batzuk. Esperimentuen ideia nahiko sinplea da: gorputza jartzea poemetan, kasi performatiboak izatea, akzio-poema moduko zerbait izango lirateke.

Gorputzari asko erreparatzen diozu, gorputzarekin dugun eguneroko harremanetik ateratzen da hori?

Gorputza sekulako espazioa da, gorputza kenduta ez gara ezer. Ni ateoa naiz eta ez dut sinesten arima eta gorputzaren banaketan, niretzat gorputzetik abiatzen da dena, gorputzean gertatzen da dena. Makroekonomia ere azkenean gure gorputzera iristen da, niri Bruselan hartzen duten erabaki batek eragiten dit, ez maila abstraktuan baizik eta nire lan orduetan eta nire lo orduetan eta nire dena delakoetan. Nahiko sinplea da kontua: historia guztia inprimatzen da gorputzean, gorputzak memoria du eta gertatzen diren gauzek eragina dute gorputzean. Niretzat gorputza kriston materiala da poetikoki. Ideien mundua ere bai, baina niri ideien munduak gure gorputzean duen oihartzuna interesatzen zait, gorputz eta ideiak horiek nola doazen talka egiten. Maitasunaren ideia bera ez baduzu gorputz batera eramaten horrelako gauza platoniko eta arraro bat da, baina azkenean gorputza gabe ez duzu ulertzen maitasuna. Zer filosofikoa jartzen ari naizen!

Poetak nolakoak zareten!

Esan beharko dut zeozer graziosoa...!

Gatozen gertuagoko lurraldeetara. Zera diozu 'Eskala' poeman:

Argi dut ideiek xehetasun bilakatzeko duten
era bihurria dela gustatzen zaidana:

hemen gertatzen zarelako maite zaitut.

Bada egunerokotasunari loturiko une eta objektu ugari (hozkailua, aurikularrak, telebista...). Non azaltzen zaizu poema?

Edonon. Aurikularren poema adibidez oso sinplea da: atera naiz etxetik, erosi dut freskagarri bat beheko txinatarrean - beste denda guztiak itxita daudelako-, igo naiz etxera eta konturatu naiz pisukideak ordenagailua piztuta utzi duela musika jotzen, eta aurikular batzuk daudela. Konturatzen zara zu gabe ere zuri hain ederra iruditzen zaizun kanta horrek jarraitzen duela, jarraitu dezakeela, badagoela edertasun bat zu guztiz arrotz zaituena.

Beste poema batean adibidez amari bazkalorduan entzuten diot nahi lukeela bere errautsak Urbasan botatzea, eta konturatzen naiz ni ez naizela jaio esaten duenean bere bizitzako unerik zoriontsuenak ordukoak izan zirela. Askotan harridura batetik abiatzen da poema eta pentsatu nahi dut sorpresa hori ospatuz bukatzen dela. Askotan gertakarietatik bertatik ateratzen dira ideiak, eta beste poema batzuetan baita fantasiatik ere. Eta nola ez, beste askotan kuriositate batetik ere bai, zerbait egiteak sor ditzakeen ondorio poetikoak jakiteko kuriositatetik. Hortik sortzen dira esperimentuen saileko poemetako batzuk. Dibertitzen nau esaterako lur puska bat janez gero zer gertatuko litzatekeen pentsatzeak eta beraz proba egiten dut. Dibertitzen naiz nire laborategian.

Eta horrekin guztiarekin batera, asko errepikatzen den irudia da zuhaitzarena: sumatu zuhaitza zure bizitza/ denbora unitatetzat hartzen. Zer da zuhaitza liburu honetan, lehen aipatutako objektuekin eta eszenekin kontrastean?

Niretzako sorpresa bat da. Bilduma egiten hasi nintzenean ohartu nintzen zuhaitza agertzen dela hiru edo lau poematan. Berez niretzako zuhaitza nahiko gauza ezezaguna da. Ultzamakoa naiz baina niretzako mendiaren munduarekin lotura beti izan da nire aita. Horregatik niretzat sorpresa zen konturatzea zuhaitza agertzen dela, eta erabaki nuen zuhaitz hori liburuan zehar jartzea. Justu zeuk esaten duzun aipu horretako zuhaitz hori nire lorategi-laborategia da. Gurasoen etxean dagoen zuhaitz baten gerizpean etzanda nago, erdi lo geratu eta 'hemen zuhaitz haudago' diot, nire aitak landatu zuen eta segur aski biziraungo du nire aita bera, biziraungo nau ni, eta segur aski baita beste norbait ere. Hor badago ildo bat, hiru belaunaldi edo hiru denbora horien gatazka edo nahaspila horretan zuhaitzak irauten du, baina baita tetra brik batek ere (barrez).

Ederra da idazten duzunak harritzen zaituela ikustea.

Bai (barrez), harritu eta gainera nahiko fuerte. Zuhaitzak normalean oharkabean pasatzen zaizkit, ez nuen uste hain zuhaitz zalea nintzenik.

Hainbat idazle aipatzen dituzu, zer nolako eragina du irakurtzen duzunak idazterakoan. 'Durango (Larkinen erara)' aipatu dugu adibidez...

Bai, beldurrik gabe esaten dut lapurreta totala dela poema hori. Lerro asko bereak dira, euskaraz daude, itzulita zentzu osoan bere gorputzetik nire gorputzera, baina esaten dena lerro askotan berdina da eta erabiltzen diren irudiak antzekoak izaten dira maiz. 'Eskala' poeman Cioran irakurtzen ari naizela aipatzen dut, irakurtzen nagoena eskura daukadan eta erabiltzen dudan beste elementu bat da. Badago 'Garaipena' izeneko poema bat ere zeinean Sandro Penna poetaren testu bat irakurtzen irudikatzen dudan neure burua, maitasunari eta gorputzaren gozamenari buruzko liburu bat irakurtzen hain justu nire lagun guztiak beren logeletan beren maiteñoekin daudenean, eta ni sofan bakarrik liburua irakurtzen. Orduan zera esaten dut: zergatik nago ni hau irakurtzen eta besteak berriz praktikatzen? eskura daukadana erabiltzen dut, dena delakoa izanda ere, materiala berdin zait.

Eta liburua ixten 'Ginsberg-en erara' idatzitako 'Euskal Herria' poema topatu dugu, oso momentuari loturikoa agian. Zein da poema honen historia?

Ginsbergek badu 'America' izena duen poema bat. Beno, Ginbsergek baditu poema asko ni liluratura uzten nautenak, eta 'America' zehazki ikaragarri gustatzen zaidan poema bat da, bai hasieragatik eta bai bukaeragatik. Poema bukatzean zera dio 'jartzen dut nire queer sorbalda bultzatzeko nazio hau', oso ironikoa eta oso gaiztoa da. Poemak oso gustukoak ditudanean beti ditut buruan bueltaka. Egun batez 'America' irakurtzen nenbilela, sukarrarekin gainera, liburua ezkerreko hankan hartu nuen, eskuinekoan ordenagailua, eta lerroz lerro hasi nintzen bertsionatzen. Itzuliko dut, hartuko diot forma eta estruktura baina jarriko dut nire haragia eta nire America, Euskal Herria.

Egia da momentuari oso lotua dagoela poema, baina nik pentsatzen dut hemen denbora asko daramagula momentuari lotuta, egun historikoen kontuarekin bezala. Orain intrigatuta nago kontu batekin: testua irakurtzen duzunean badu melodramaren kodigo bat, baina youtuben entzuten duzu Ginsberg irakurtzen eta publikoa barrez lehertzen dago, esango nuke 'Euskal Herria'rekin ez dela pasatzen. Nirea berea baino askoz ozpinagoa da, uste dut umorea oso beltza dela eta publikoarekin okerrago funtzionatuko lukeela. Puntu batzuetan ez du grazia egiten oso hurbil daukagulako, mina oso presente dago Euskal Herrian gauden gorputz guztietan.

———

Intriga badu ere, Astizek oraingoz ez du publiko aurrean errezitatzeko asmorik, 'lan handia eskatzen duelako horrek'. Amaiera eman diogu elkarrizketari, eta poeta bere seriotasunarekin kezkatua agertu da 'noizbehinka puntu graziosoren bat sartuko didazu elkarrizketan, ezta? (barrez)'. Uberanen poetak elkarrizketatzean traszendentalegiak jartzen gara segur aski, baina Baita hondakinak ere liburuko tonuekin fidel horixe egiten saiatu gara.

Elkarrizketan aipatzen diren poemak irakurtzeko aukera duzue HEMEN

Albiste honen uberan:

Elkarrizketa BERRIAn

ENTZUN elkarrizketa Euskalerria irratian

Literatur kronika Antxeta Irratian

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)