Elkarrizketak

Iparragirre Saria 2015 (I): Oihana Iguaran Barandiaran

Ostirala, 2016-07-15

Oihana Iguaran Barandiaran (poesia), Leire Alonso Allué (narrazioa) eta Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (bertsopapera) izan dira 2015eko Iparragirre Sariko irabazleak. Aurten plazaratu dira hiruen lanak liburu bakarrean, Bermingham argitalexearen eta Urretxu eta Zumarragako Udalen eskutik. Horrelako argitalpenek merezi dutena baino oihartzun apalagoa izan ohi dute, baina bertan literatur harribitxiak topatzen ahal dira sarri. Irakurleak harrapatzeko eta asaldatzeko moduko testuak topatu ditugu ale honetan topatu ditugunak, kasu. Hiru protagonistak elkarrizketatu ditugu banan-banan.

Iparragirre Saria 2015 (I): Oihana Iguaran Barandiaran

Oihana Iguaran Barandiaran

Argilunak (poesia)

 

EZETZ ERRE

Erantzunen bila dabilenak,

prest beharko du egon

galderak aurkitzeko;

 

argia pizten duenak,

prest behar du egon

bere itzala ikusteko.

 

Galderak egiten ditugu argi bila

eta argiak itzal berriak

besterik ez dakartza.

 

Ez da erantzunik

hargatik eskua sutan jarriko nukeenik.

 

Baina jarriko nuke

galdera batzuengatik.

 

Lehenik eta behin, biografian azaltzen denez sormen diziplina ezberdinetan egin izan duzu lan: bertsoa, dantza, literaturan genero ezberdinak (poesia, narrazioa...). Non zaude erosoen? Zein leku betetzen du guztien artean poesiak?

Nik uste diziplina bakoitzak aterabide ezberdin bat ematen diola sormenari. Momentuaren arabera errazago jotzen dut batera edo bestera, baina kontatu nahi dudanaren arabera ere hautatzen dut generoa. Dena den, denborarekin ohartzen naiz sormenerako baliabide guztiek elkar elikatzen dutela eta dantzan ikasiak bertsotarako balio didala, bertsoak mezuak lantzeko balio didala, mezuak lantzeak poesia elikatzen duela …

Genero literarioetara etorrita, bakoitzak dakartza bere mugak eta bere aukerak. Narrazioak istorioa sakonago kontatzeko aukera ematen du, diskurtso luzeagoetarako egokiagoa da; baina ohartzen nintzen idazten hastean askotan oso lerro gutxitan esan nezakeela benetan nahi nuena. Sarri esaldi bakar batera ekartzeko gai naiz mezua (nik uste hori bertsotan jarduteak eragin didala). Baina mezu labur eta indartsu horiek garatzerako orduan bertsoaz besteko zerbait probatu nahi nuen; alegia, neurri eta errima baldintza izan gabe kontatzen saiatu. Eta agian, ezta kontatu ere … airean utzi. Horretarako egokia iruditzen zait poesia eta oraindik nire estiloa definitu ez dudan arren oso bilaketa ariketa interesgarria da niretzat.

Iparragirre sariak duen ezaugarri erakargarrien artean segur aski argitaratzearena berarena dago. Zein funtzio betetzen dute zure ustez lehiaketek, zer eman dizu zuri bertara aurkezteak eta argitaratzeak?

Lehiaketek, oro har, zaletasuna sustatu eta bistaratzen dutela uste dut. Horrelako aukerengatik ez balitz, izen handiak soilik ezagutuko genituzke eta sortzaile gazteek ere urrunago ikusiko lukete aukera. Beraz, motibazio iturri garrantzitsu direla uste dut.

Nik poesia proiektu bat landu nuen eta lehiaketa ezagutzean, batetik egiten nuenak zentzurik ba ote zuen ikusteko erronka moduan hartu nuen, eta bestetik, epe-mugak lanari forma ematera eta nolabait proiektua ixtera behartu ninduen.

Argitaratzea sari handia iruditzen zait; are gehiago, maketazio prozesua Iparragirre sarian beste zaintzen denean (sekulako arreta eta mimoz zaindu gaituzte gu eta zaindu dituzte gure lanak). Gainera, uste baino gehiago zabaldu dira gure lanak horri esker.

“Argilunak” du izenburu zure lanak. Irakurri ostean, paradoxarekin asko jolasten duzula iruditu zaigu. Horretan datza argilunen zentzua? Zirrikituak bilatzean segurtasunen artean?

Bertsolaritzan arrazoiekin jolasten dugu asko, bota eta zutik geratuko diren esaldien bila aritzen gara. Nik uste horrelako batzuk sartu ditudala proiektu honetan, baina gehiago jolastu dut paradoxekin, galderekin, zirrikituekin. Ñabardurak oso interesgarri egiten zaizkit eta behingoagatik ez nuen inori erantzun bat ematen saiatu nahi; agian ezta galdera bat ere. Eurek pentsatzeko abiapuntu bat eman baizik.

Bada metafora bat, hitzak harriekin alderatzen dituena eta putzura harri hori bakarrik jaurti arren, putzuak erreakzioan sortzen dituen uhin horiek dira nik bilatu nahi nituenak; irakurleak bere esanahia eman ahal izatea nire hitzei.

Ideia ezberdinak talkan jartzeak, errazago sortzen ditu irakurlearengan gogoetak?

Intentzioa hori izan da, nolabait. Hala ere, nire estiloa oraindik ez da guztiz landua eta intuizioz saiatu naiz efektu hori sor lezaketen formen bila. Gero, noski, proiektua osotasunean begiratuta erritmo aldaketa batzuk ere gehitu ditut koloka horiei oreka bilatzeko.

Elkartze-gerturatze asko dago liburuan. Begiradak eta begiak dira batzuetan nolabaiteko zubi. Funtsean, harremanak dituzte oinarri bertako poemek?

Harremanak dena barnebiltzen du nire ustez. Gu jendearekin harremanetan jartzen gara: badauzkagu maitasun harremanak, gorroto harremanak, beharrak sortutakoak… baina baita bizi garen gizartearekiko harremanak ere, edo munduarekiko, eta munduan ordezkatzen dugun horrekiko harremanak. Gure begiak gureak soilik dira, baina begiradak aldatu egin daitezke; distantzia ere begirada horien araberakoa da.

Liburuko bigarren atalean, “Zarantzak” izenekoan, galdera asko egiten dira. Zer nolako galderak dira?

Poema batean aipatzen den bezala, eskua sutan jarriko nuke galdera batzuengatik. Uste dut erantzunak aldatzen doazela, baina galdera egokia egiten badugu erantzunak baino gehiago ematen digula. Horren inguruko joko bat da atala, baina arantzen moduan geratzen diren galderak jartzen ere ahalegindu naiz.

Galderak ere badira argilunak nabarmentzeko modu bat, erantzunak baino gehiago?

Hori da, erantzun bat izan daiteke txuria eta bestea beltza; galdera, ordea, bi erantzunetarako zubi da. Aukerak irekitzea da galdera, ikuspuntua zehaztea. Oso interesgarria iruditzen zait.

Irati Goikoetxeak berak hitzaurrean nabarmendu dituen lerro batzuk:

“Ez gara ilunabarrarekin konformatzen

eguzkia non gordetzen den

jakin nahi dugu”.

Irudi horrek testu hauen oinarrian dagoena oso ondo laburbiltzen duela iruditu zaigu... hala da zuretzat ere?

Ez da kasualitatez lana ixteko hautatutako poema. Lan osoan egindako ariketa biltzeko esaldi bat sortzen saiatu nintzen. Erantzun batzuk oso politak dira, ilunabarrak bezala. Haatik, nire jakin-mina haratago doa; eta irakurleekin elkarbanatu nahi dudalako jo dut pluralera.

Eta amaitzeko, baduzu beste proiekturik esku artean?

Sormenari gertu-gertutik lotua jarraitzen dut, bertso, dantza zein literatura bidez. Poesiari dagokionez, orain beste proiektu bat dut esku artean. Momentuz, Hi-hesi izena eman diot. Oraindik badaukat zer landu baina oso gustura ari naiz.

EGILEARI BURUZ

OIHANA IGUARAN BARANDIARAN (Amasa, Gipuzkoa, 1991). Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da eta egun Gizarte Komunikazio masterra ikasten dihardu bertan. Era berean, Idazle Eskolako graduondokoa amaitzen ari da UNEDen. Bere ikasketak bertso, dantza eta ingeles irakasle lanarekin bateratzen ditu. Bertsolaria eta Oinkari Dantza Taldeko dantzaria da. Hainbat sari jaso ditu narrazio arloan eta bat kontakizun laburren arloan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)