Elkarrizketak

Irati Goikoetxeari elkarrizketa

Irati Goikoetxea idazlea elkarrizketatu, dugu Andraizea (Erein, 2014) ipuin-liburuaren hariraOstirala, 2015-01-30

Irati Goikoetxea (Beasain, 1984) ezaguna da literatur lehiaketen zirkuituan, hainbat sari irabazitakoa denez. Ikasketaz matematikaria eta ogibidez irakaslea izan arren, literaturarekiko pasioa bizi-bizi dago bere egunerokoan. Besteak beste, Ordiziako irakurle taldea gidatzen du, eta literaturari buruzko Itaka irratsaioan (Segura Irratia) ere bera dabil buru-belarri. Iazko udazkenarekin argitaratu zuen estreinako liburua: Andraizea ipuin-bilduma. Liburu horren harira aritu gara berarekin solasean. (Irudia: Jon Urbe/ARGAZKI PRESS)

Irati Goikoetxeari elkarrizketa

Beasainen, jaioterrian batu ginen Irati Goikoetxea idazlearekin, bere lehen ipuin-liburuaz hitz egiteko, Andraizea izeneko bildumaz, hain justu ere. Gaur egun, Zizur Nagusian dabilen arren irakasle-lanetan, estu eusten dio etxearekiko harremanari; besteak beste, Ordiziako irakurle-taldea gidatzen du, eta literaturari buruzko saioa Segura Irratian. Gehiago luzatu gabe, hemen dituzue Goikoetxearekin aipatu genituenak.

Hainbat lehiaketatan parte hartu ondoren, liburu kolektiboetan narrazioak kaleratu ondoren, nola eta zergatik eman zenuen bilduma oso bat ateratzeko pausoa?

Gaur egun denbora dexente eskaintzen diot literaturari, ez da ofizio gisa egiten dudan zerbait, baina bai denbora asko ematen diodana. Ez da oraingoxeko kontua, txiki-txikitatik bizi izan dugu etxean: ipuinak entzunez, ipuinak kontatuz, kantuekin... Sormen-mundu hori nahiko gertutik bizi izan dugu, transmititu digutelako. Horrelaxe hezi gara, eta anaiari ere horregatik eskaini diot liburua, zaharragoa izanda arrasto moduko bat utzi didalako, bera ikusten nuenez hainbeste disfrutatzen, neu ere erakarri ninduen mundu horrek.

Txiki-txikitatik bidali izan ditugu ipuinak herriko eta inguruko lehiaketetara, bertso-eskolan ere aritu nintzen, batez ere idatzizko bertsoetan, bat-batekoan ez nintzen hain gustura ibiltzen. Zortez-edo, sariak ere irabazi ditugu lehiaketetan eta horrek ere animatzen zaitu.

Aurkezpenean esan nuen moduan 2010-2013 urteen artean idatzitako ipuinak daude hemen bilduta. Liburuan badaude lau ipuin aurrez sarituak izan direnak, eta horiek dira lehenengo idatzitakoak.Une batean pentsatu nuen ez nuela lehiaketei lotuta idatzi nahi. Baneuzkan bizpahiru sari, konfiantza pixka bat hartuta, eta gustatzen ari zitzaidan heldu nion estilo hori. Itxura horretako ipuin gehiago idazteko asmoa hartu nuen, baina ez lehiaketei begira. Bilduma bat osatzen banuen, gustura.

Pittin bat lehenagotik baneukan Inazioren erreferentzia [Inazio Mujika Iraola, Ereineko editorea], orain dela urte batzuk ipuin batzuk bidali nizkiolako. Lan hau egin nuen, beraz, eta hari bidali nion.

Ipuinak dira zure neurri kuttuna?

Bai, azken urteotan behintzat batez ere horretan aritu naiz. Testu txikitxoak edo idatz ditzaket irratirako, edo iritzi-artikuluak, edo bertsoak egun berezietarako, baina normalki helburu batekin eta forma batekin ipuinak egiten ditut, eta neurri horretan, 10-12 orriren bueltan, buruan dudan ideia hori errazago borobiltzen dut.

Ez dakit zergatik hautatzen ditudan ipuinak zehazki, seguru asko, denbora aldetik ere, ez dut denbora-tarte haundiegirik izaten, eta iruditzen zait halako proiektu luze bati ekiteko aurre-lanketa bat prestatu behar dela, eta orain ez daukat horretarako denbora-tarterik.

Ipuinekin bukaera errazago ikusten duzu, eta agian ez dago beharrik ere bukaera bat edukitzeko, hasi zaitezke ideia garbi izanda baina lotura hori gabe, alegia, bukaeraren beharrik gabe, baina askotan ausardia behar da besterik gabe abiatzeko. Bukaera ikusten baduzu beste segurtasuna batekin abiatzen zara: badakit nora iritsi behar naizen.

Liburuko pertsonaia gehienak daude ero haize arin moduko batek jota, zuk, hain justu ere, andraize izendatu duzuna.

Andraizearena azkenengo puntua da, egiten duzu ipuin-bilduma bat eta liburuari jarri behar diozu izen bat. Idazten hasi nintzenean ez neukan buruan ipuin guztiei jarriko diet izenburua emakume izenez. Bizpahiru sortu ziren horrela, ondo zetorkien izena, eta, orduan, ikusi nuen bildumari zentzua eman ziezaiokeela ipuin guztiak izendatzea emakume-izen batekin.

Andraizea azken puntua da. Andrearena garbi dago nondik datorren. Gero irakurriz eta berrirakurriz ipuinek badute lotura bat, pertsonaiak ez daude erotuta, baina momentu batean bai erabakitzen dute eguneroko formalitatetik ateratzen den zerbait egitea. Hori ez da eroa izatea, garai batean andraizea lotuko zuten eromenarekin edo erabiltzen zutenek erabiliko zuten zentzu negatibo batean, eta aukeratu dut pixka bat buelta eman nahian-edo, eta erabaki txiki, ez-formal horiei garrantzi positiboa ematearren-edo.

 Etxe-giro antzeko batean kokatuta daude ipuin guztiak, eguneroko bizitza arruntenean: sukaldea, lanera joateko autobusa, lantokia, baserria, etxea… Harremanak ere ingurukoekikoak dira gehienetan: senarra, auzoa, gurasoak, aiton-amonak…

Denbora-espazioa ez da oso zabala ezta oso luzea ere, txikiak dira. Orduan, horrek ematen du ematen duena, ez dira hiru urte pasatzen, ezta edo hilabete bat ere. Esango nuke oso kontakizun puntualak direla. Momentu puntual horietan iristen zara iristen zaren tokira, egon naiteke autobus geltoki batean, beti nago hor, pasa daitezke bizpahiru egun baina interesatzen zaidana da hor zer gertatzen den. Edo balkoian pasa daitezke bizpahiru egun baina beti da agertoki berdina, eta balkoitik oso urrun ezin naiteke iritsi, orduan gertuen dagoena bizilaguna da, egongela, sukaldea. Hor mugitzen dira bizilaguna eta senar-emazteak.

Burutapen asko eman daitezke baina espazioa eta denbora biak oso mugatuak dira, eta hor protagonista, eta azaldu daitekeen beste pertsonaren bat. Mugimendua, batez ere, pentsamenduetan eta elkarrizketa motzetan dago, ez kokalekuetan edo denboran zehar. Garrantzia eman nahi izan diot batez ere pentsamenduei eta dauden pertsonaien arteko elkarrizketa horiei. Ez denbora eta leku arteko egoerei, ezpada gertuko harreman eta hizketaldi horiei.

Esango nuke liburuaren gaietako bat dela, akaso zeharka bada ere, pertsonen arteko inkomunikazioa, edo komunikatzeko zailtasuna, sentimenduak nork berarentzat gorde izanaren osteko samina.

Bai tonuak jostaria irudi dezakeen arren, esan nahi dugun eroaldi positibo horrek sortutako tonu horretan idatzita daudelako, benetan, kontatzen ari naizen hori nahiko gogorra da. Aurrez aipatutako denbora-espazio estu horretan dauden pertsonaiak oso gertu daude fisikoki, baina benetan gauza asko daude elkarri esaten ez dizkiotenak, eta esaten dioten hori ez diote esaten esan nahi lioketen moduan baizik eta beste modu batean, eta horrek gaizki-ulertuak eta hutsuneak sortzen ditu pertsonaien artean. Askotan, gauzak behar diren bezala ez esateagatik edo benetan pentsatzen diren bezala ez esateagatik sortzen dira tarte horiek.

Hori islatu nahi zenuen?

Bai, eta horregatik daude elkarrizketa asko, nik uste dut ez direla bete-lana, egon behar zutela, baina ez dute askorik ere esaten. Oso axaleko elkarrizketak dira. Eta hori transmititu nahi dute, askotan hizketan jartzen garela eta jarduten garela baina ez dugula askorik esaten. Ez-esate horretan zenbat galtzen den. Askotan ez dakigu zergatik ez den esaten: ez dagoelako konfiantzarik, bururatzen zaigun horri muga bat jartzen diogulako... Pentsamendutik esaten dugunerako salto horretan mila kontu galtzen dira, esanez gero askotan elkartuko gintuztenak, izan bikote, izan lagun, izan bizilagun.

Arreta eman digute behin eta berriro errepikatzen diren elementu batzuek: trenak, erlojuak, gorputz-atalak sentimendu lausoagoekin identifikatzea…

Azken batean jolas hori egin nahi izan dut, bisualak edo ukigarriak diren gauzetatik harago dauden kontuekin. Literaturak balio dezake horretarako, irudi batzuk sortzeko. Ez dakit, non gordetzen da pazientzia? Adibidez, horri zerbait ukigarria eransten saiatu naiz, zehaztasuna ematen zehaztasunik ez duen horri. Hala bururatu eta hala idatzi dut, adibidez, pazientzia poltsikoetan gordez.

Trena dezentetan azaltzen da bai, hori ere ez zen bilatutakoa izan, gero irakurriaren irakurrian konturatu naiz garraioak asko agertzen direla liburuan: autobusa, hegazkina, autoa… Toki mugatuak dira, espazio zehatz bat markatzen dute, eta gune interesgarriak iruditzen zaizkit harremanak espazio horietan nola estutu edo lasatzen diren aztertzeko.

 Baduzu irudi berriak sortzeko gaitasuna…

Nik uste dut horretan asmatzen dudala, irudiak sortzen. Irakurle batek esan zidan batzuetan gustura egin duela atzera paragrafo bat berrirakurtzeko, besterik gabe, polita zelako, irudi bezala polita zelako. Ederra iruditzen zait irakurritako hori irudimenean marrazki bihurtzea.

Deigarria, halaber, pertsonaietako askok koadernoetan idazten dituztela euren burutazioak. Zeuk ere izango duzu horretarako ohitura…

Bai, idatzi behintzat ipuin guztiak koadernoan idazten ditut, gero pasatzen ditut ordenagailura. Betidanik egin izan dut horrela: borratzea, zirriborroak ikustea… Batzuetan, testu bat hurrengo egunean begiratu eta garbiegi badago, badirudi seinale txarra dela, azkarregi egin duela aurrera.

Baina gehienok ibiltzen gara koaderno txiki batekin, zeozer gertatzen denean apuntatzeko, adibidez. Batzuetan gauean ere, ohean ilunpean zauden une horietan okurritzen zaizu zerbait eta…, jaiki, argia piztu eta bururatutako hura koadernoan idatzitakoa naiz.

 Izena eta izanaren arteko harremana izan daiteke liburuaren beste gaietako bat. Pertsonaietako askok izen bat ipintzen diote ezagutzen ez duten norbaiti, eta gustuko ezaugarriak eransten dizkiote. Nahi duten izena ipintzean pertsona hori nahi duten pertsona bilakatuko balute bezala: Carmen, Julia…

Izenak jartzen ditugu jaio aurretik edo jaiotza momentuan-edo, pertsona hori ezagutu gabe. Gai hori bereziki argi islatuta agertzen da Esther eta Begotxuren ipuinean. Begotxuri beste izen bat jarri izan baliote, bere izaeratik hasita, bere bizimodua, bere ingurua, beste modu batekoak izango lirateke. Hortxe dago gaia kontzienteki landuta, baina beste ipuinetan ere detaile txikiak lotzen dira pertsonaiaren izaerari izen propio bat jarriz, nahiz eta pertsonaia horrek egiatan beste izen bat izan.

Carmenen ipuina aipatu duzu, eta Adelarenean ere garbi ikusten da, pertsonaia horiek zerbait falta dute, eta zerbait hori bihurtu dute norbait. Norbait hori aurkitu behar horretan, kalera begiratzen dute eta milaka pertsona ikusten dituzte, horiek jendea dira, ez dira inor, ikusten dituzte pertsona horiek guztiak baina ez dute horiekin inongo loturarik. Kasu horretan, behar horrek bultzatuta, ikusten duten norbaiti izena ipintzen diote, inkontzienteki edo zeharka edo, lortzen dute pertsona hori beraiengana gerturatzea edo pertsona horrekiko zubi bat sortzea eta behar hori asetzea. Pertsonaia horiek ama bat behar dute, edo lagun bat…

Edo zerbait ulertu nahi dute, adibidez, Matilderen ipuinaren kasuan. Protasgonistak ulertu nahi du bizilagunak zer egiten duen, eta horri izen bat ematen dio, Matilde, nahiz eta jakin bizilaguna ez dela horrela deitzen. Matildek egiten duen horri, ohikotik kanpo dagoenez, izen bat ematen dio, bere burutapenak hobeto ulertzeko.

Juliaren ipuinaren kasuan ere antzeko, emaztearen argazkikoa nor den jakin ez, eta galdetu beharrean, beste izen hori asmatzen du, bere burua lasaitzeko, ausardia falta horren ordainetan. Azken batean, erabaki berekoiak izan daitezke, protagonistak lasai sentitu nahi du, egoera kontrolpean daukala sentitu nahi du.

Izenaren fonetika eta pertsonaiaren izaera ere sarritan agertzen dira elkarrekin lotuta: Adela, Itziar, Esther…

Aurkezpen egunean norbaitek aipatu zidan sonoritatearekin baduela horrek lotura, eta irratiarekin ohituta nagoen honetan, ez da gauza bera testu bat irakurtzea eta entzutea. Irratian entzutera ohituta gaude. Askotan etxean idazten dudanean irratirako testutxoa behin eta berriz irakurtzen dut, ahoz gora, ikusteko ea nola geratzen den. Agian inkontzienteki lanketa horren edo ohitura horren ondorio izan daiteke jolas hori: izen batek zer soinu sortzen duen, halako irudia lotuko diot soinu horri.

Ipuin gehienek halako tonu argitsu moduko bat daukate, sarritan gertaera gordinak ezkutatzen dituzte arren: desamodioa, heriotza… Iruditu zaigu, ordea, “Sara” aleak tonu hori hausten duela. Luzera aldetik ere, laburrena da, nabarmen, orri bakarra hartzen du.

Esperimentu bat zen, garbi neukan ipuin motz-motz bat sartu nahi nuela. Badirudi biluztu egin behar garela ezezagun baten aurrean. Zergati guztiei erantzutera behartuta gaudela. Ipuin honetan ez dago denborarik, ezagutzeko unea da, besterik ez. Protagonistak bere momentua bere izatea nahi du, momentua beste batekin konpartitzen ari den arren, bere pausoak nola bideratu erabaki nahi du. Ez du bere izatea biluztu nahi bestearen aurrean eta horregatik ezkutatzen dio izena, berari dagokion muga hori besteari eskaini nahi ez diolako. Izena erakustea izana erakustearekin lotzen du.

Arreta eman digun beste esaldi bat: “Edurnek umetan egin zituen egin beharreko guztiak”.

Oso modu esajeratuan esanda dago, baina hori bada nire kezketako bat. Ni oso gutxitan aspertzen naiz, eta aspertzen naizenetan nik aukeratuta egiten dut. Lanean, gaztetxoekin ikusten dut; hamabost, hamasei, hamazazpi, urtekoekin. Klasean bertan zeregina badute baina txangoak eta abarrak antolatzen ditugunean, edo, besterik gabe, atsedenaldietan begira jartzen bazara, konturatzen zara, eta konturatu bakarrik ez, batzuetan beraiek ere aitortzen dizute aspertuta daudela. Baina ez bakarrik momentu zehatz horretan, aspertuta baino gehiago da nazkatuta daudela, ez dakitela zer egin. Horrek kezkatzen nau. Ipuin ezberdinetan azaltzen den kontzeptua da aspertzearena, irudimen faltarena, entretenimenduarena. Uste dut gaztetxotatik landu beharreko zerbait dela.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)