Elkarrizketak

Itxaro Bordarekin solasean

"Ez naiz sekula eskuak lotuak ukan dituen idazlea izan"Ostirala, 2014-09-19

"Ez naiz sekula eskuak lotuak ukan dituen idazlea izan, baina iruditzen zait zenbaitetan ahoa biloz trabatua eduki dudala. Neronen eta neronekiko aurre-iritziez ari naiz bereziki, hauen gainditzeaz, ezezkoan garatzen doan mundu eta ingurune sozialean, baikorra eta piska bat naif izateko bidea jorratzeko moduan". Sosegu moduko bat igarri dugu Zure hatzaren ez galtzeko (Elkar) poesia liburuan. Ados dago idazlea, baina ez da gauza erraza izan. "Saiatu naiz perpausak negatiboan ez hasten. Ariketa harrigarria suertatu da niretzat, ezen ohiturak joera horretara eramaten nauelako sistematikoki. Lasaiago idatzi ditut poesiak, beraien barneko gatazka ala tragedia baztertu gabe. Gauzen, gertakarien edo gogoeten muinera jaisteko, onartu ezinak diren ebazpenak onartzeko, lasaitasun zerbait premiazkoa da".

Itxaro Bordarekin solasean

“Iruditzen zait hesi batzuk erortzen ari direla nire hitzetan”, antzekorik esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Eduki aldetik, eta estetikoki ere, libreago zabilela esan daiteke.

Bai, hala gertatzen zait poema liburu honetan. Ez naiz sekula eskuak lotuak ukan dituen idazlea izan, baina iruditzen zait zenbaitetan ahoa biloz trabatua eduki dudala! Neronen eta neronekiko aurre-iritziez ari naiz bereziki, hauen gainditzeaz, ezezkoan garatzen doan mundu eta ingurune sozialean, baikorra eta piska bat naif izateko bidea jorratzeko moduan. Idiota arrunta bihurtzeko, ez zentzu okerrean, onean baizik ahalaz.

Egin eta des-egin. Hala dabil idazlea, kantaria, antzezlea… sortzailea. Etengabe egiten eta des-egiten, poemarekin, kantuarekin, antzezpenarekin… esan nahi duen horrekin eman arte. Hainbat hesi gaindituta, primitibotasun batera iristeko bidean egon daiteke zure poesia. Antzekorik ere esan zenuen. Hitz gutxirekin, esanahi sakonena islatu nahian edo?

Aitzinako bertsolariek ederki lortzen zuten sentimenduaren laburbiltzea lau kobla zehatzetan. Niri ere gustatzen zait olerkiaren zizelkatze lan luze, batzuetan aspergarri, hori. Hitzak bilatzea, hautatzea, suntsitzea, bihurdikatzea, haur denborako eleez oroitzea eta erran era berri batean erabiltzea, jatorriaren nostalgiarik gabe.

Koxkak koxka, sosegu moduko bat nabari zaizu. Zure baitan ematen ari den bilakaeraren lekuko al da poesia liburu berri hau?

Saiatu naiz perpausak negatiboan ez hasten. Ariketa harrigarria suertatu da niretzat, ezen ohiturak joera horretara eramaten nauelako sistematikoki. Lasaiago idatzi ditut poesiak, beraien barneko gatazka ala tragedia baztertu gabe. Gauzen, gertakarien edo gogoeten muinera jaisteko, onartu ezinak diren ebazpenak onartzeko, lasaitasun zerbait premiazkoa da, liburu honetako olerki askotan bezala.

Zure poesia a-soziala dela nabarmendu zenuen. Ez da anti-soziala, ezta asoziala ere. Outside nago poeman dator akaso ondoen jasoa. No future outside: / Ahantzi dezatela / ene poesia / a-soziala/ gure amen izerdiak / ahantziak izan diren bezala / Amen. A-soziala kontzeptuaren bitartez, zein da azaldu nahi duzun gogoeta? Zehaztuko al zeniguke?

Gabriel Arestiren ondarearekiko joko bat da, maiz irakurtzen dudan outside nago poesia. Bilduman omenezko beste zati bat aurkitzen ahal da. Pentsatzen jarri eta betidanik bere sozietatea desegiten zebilkion jendarte bateko poeta kide bat izan naizela dirudit, harremanak, mintzairak, eredu sozialak ezpalka galtzen ikusten dituena, etengabe, beste anitzen pare. Poesiak alabaina soziala izateko sozietate egituratuaren beharra dauka, nik ez daukadana, poesia honetan bederen.

Liburu honen baitan, hiru bidaia mota topatuko ditu irakurleak. Barne-bidaia da horietako bat, orri zuriaren aurrean poetak berak nozitzen duena. Zure hatzaren ez galtzeko, hain juxtu?

Poesia orokorrean barne-bidaia bat da, norbera, bera eta beste bat delarik. Genero zehaztu gabekoa da ardura Ni poetikoa, ez naiz ni beti, anitzetan ni eta emakume lesbianaren itxura kausitu daitekeen arren olerkiotan. Hatza garrantzitsua da, ez da baitezpada materiala, lotura bat da, suaren bihotzetik urruntzen ari garela sumatzen dugunean. Dagoeneko gure eta euskal gaiez, ideologiaz eta ohiko ebazpenez urrutiago hausnartzeko ordua datorkigu. Gu horretan sartzen naiz ni ere.

Kanpora, mundura zuzentzen den begirada litzateke bigarren bidaiaren muina. Euskal Herritik haratago izan dituzun bizipenek itzal handia dute liburu honetan. Bada gainera, zure hizkuntza eta zure poesia euskal sustraietatik haratago eramateko asmo argi bat, ezta?

Besterik ez dut sekula egin naski. Euskal kultura, euskal lurra, poesia, literatura, eguneroko harremanak munduaren isurian itoak garatzen dira, zaizkigu. Garbitasunaren, erroen edo nortasun finkoen teoriak debalde suertatu dira egundainokoan eta agian uhertasun horri esker iraun dezakete gureak bezalako jendalde urriek! Permeabilitate horren ohorezko poemak badira liburu honetan.

Bilbo ageri da, beste behin ere, baina baita Mexiko, Katalunia, Islandia… Bidaia bera, eta bisitatutako hiriak, hiri horietan ezagututako lagunak… Denak dira akuilu.

Akuiluak dira bai eta gerizak, ereduak halaber. Mintzaira ezberdineko jendeekin gurutzatzeak, solastatzeak, iritziak eta esperientziak trukatzeak norberaren usaiako egiteko moldeez askatzeko baliabidea eskaintzen du. Biluzte ariketa berezia da. Harremanak atxikitzen dira gainera herrira itzultzean, ondorioz bakartasuna arinago eta jasangarriagoa delarik.

Breaking Artic Bounds da akaso poema sorta deigarriena? Hitz joko bat du izenburu eta Islandiara eginiko bidaiaz mintzo zara. Björk bera duzu kantugai.

Nire kantari gustukoen zerrenda agertzen da bilduma honetan ere, Sinead O’Connor, Mirta Vilasis, besteak beste, edo modu partikularrean ahuspatzen dudan Björk. Islandiarako bidaia eta hango egonaldiak Euskal PEN-eko Lutxo Egia eta Urtzi Urrutikoetxearekin batera, bete-betean inpaktatu ninduen, lurraldea poesiaren eta hitzaren arragoa bailitzan. Sutze poetiko berdina jasaten dut Irlandan ere. Eta ez bakarrik Temple Bar-eko tabernetan!

"Kantek eta musikek aztoratzen naute"

Musikari eginiko erreferentziak ugari dira baina hori ez da berria zure poesian (bestela ere, artista askoren kantuetan dira zure hitzak). Kopla itxura ere badute zure olerki askok. Zein neurritan zara poeta eta zein neurritan kantari?

Kantek eta musikek aztoratzen naute, nerauk kantatzen edo musika jotzen ez jakina gatik. Biziki maite dut koblak, sonetoak edo idatzian jazartzen zaizkidan barne-neurri salbaien arabera poesiak harilkatzea. Poesia bat etxe baten pare eraikitzen entseatzen naiz, denbora sartuz, burumuina larrutuz, lanean edo hirian zehar hausnarrean ibiliz, poesiaz biziz, poesia bizi arazteko. Axola gabetasun bozkariotsu batez jabetzeko era bat da niretzat. Kanta, alai ala tristea izan, kanta da.

Ekonomia da hirugarren ardatza, hirugarren bidaia. Eta ideia hori lotu dugu Gu(haur) Arrotz(ak) ikuskizunarekin. Hitzen Uberan zera adierazi zenigun:Gure herrialdeak zeharkatzen dituzten migranteekiko elkartasuna erakustea xede genuen, azken urte hauetan Europako gaztelu zainduaren hondartzetan gertatzen diren itsuskeriak salatzeko modu bat bilatuz, olerkiaren eta musikaren bidez bereziki. Kultura bera arrotza da dirua nagusi duen jendarte batean. Hori ere azpimarratzeko gutizia genuen”. Lotura hori zuzena da ala akaso ekonomikoa aipatzean, bestelakoa da plazaratu nahi duzun hausnarketa?

Alor ekonomikoak obsesioraino interesatzen nau. Deigarria zait jarraitzea denborarekin diskurtso ekonomikoak egitura sozio-politikoak nola fagozitatzen dituen, jendeak, pentsamenduak, harremanak zero gradura bulkatuz. Poesiaren bidez eta euskaraz gainera egoera larrutu horren lekukotasuna ekartzea elkartasun seinale bat bezala hartzen dut. Aitortzekoa dut Eñaut Etxamendi ukan nuen irakasle Donapaleuko Jean Errekart ikastetxean!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

"Poliglota diglosikoa naiz"

Azkenaldian, bat egin duzu beste hizkuntza batzuetako poesiarekin. Maria Mercè Marçalen poemak itzuli zenituen iaz Munduko Poesia Kaierak bildumarako, David de Sousarekin Gu(haur) Arrotz(ak) argitalpena eta bira osatu berri duzu. Ogella Line liburuaren aitzakian, beste musikari batzuk izan zenituen bidelagun, Maddi Oihenartekin ere ikusi izan zaitugu oholtza gainean… Zure mintzairaren parte dira beste mintzaira horiek ere, ezta?

Babel moduko inguru linguistiko batean bizitzen naiz, eta gara, zergatik ez. Poliglota diglosikoa naiz poema batean diodanez! Hizkuntzak nahasten zaizkit buruan, eta poesiak idazterakoan, euskarazko hitzak kolore eta zapore pindartsuaz hornitzen dizkidate. Baltsa bat da, eta baltsa horretan dantzan gabiltza. Berritasuna izan daiteke ez dugula gehiago hizkuntza debekaturik euskara ezpainetan bizitzen garen bitartean, frantsesa, gaztelera, ingelesa, italiera, alemanera, guztiak, doi bat dakizkigunean, gureak dira.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)