Elkarrizketak

Itxaso Martinekin solasean

Eromena, eromenetik kontatua, Ni, Vera (Elkar, 2011) eleberrian  Ostirala, 2012-05-25

"Eromena edota ez-normaltzat jotzen ditugun sentimenduak eta pentsamenduak izateak beldurtu egiten gaitu, lotsatu neurri handi batean eta horrek isiltzea dakar, ingurukoei ez kontatzea. Eta, hain zuzen, askotan inkomunikazio horrek berak sortzen dizkigu sentimendu, emozio eta batez ere pentsamendu horiek". Itxaso Martinek badaki zertaz ari den. Bizipenen zein ikerketen emaitza dira Hitzen Uberan egindako adierazpen horiek. Eta hori guztia, ondo baino hobeto islatu du bere lehen nobelan, Ni, Vera izenekoan. Lehen orrialdetik harrapatuko zaituen kontakizun bizian.

 

Itxaso Martinekin solasean

“Eromena, eromenetik kontatua”. Hala definitu izan duzu zure lehen nobela. Akaso hau da nobela honen bereizgarritasunik handiena, ezta? Ez daude tematika honetaz idatzitako nobela asko.

Nik esango nuke badagoela eromena lantzen duen libururik, "erotzat" jo diren askok idatzi dute nobelarik. Kasu honetan, esango nuke baietz nobelaren bereizgarritasunik handiena eromena, eromenetik kontatzea dela. Bilaketa baten emaitza izan da. Aurreko bertsioak oso bestelakoak ziren, zerbaitek ez zuen funtzionatzen, eta hori zela konturatu nintzen eromena beste klabe batzuetan kontatzen ari nintzela eta ez zuela nahi beste indarrik. Eromena, eromenetik kontatzea, hau da, nobelaren egitura, idazkera eta gaia bateratzea prozesu aberasgarria izan da.

Eromen trazak dituen senide edo lagun bat dugula onartzea oraindik ez da gauza erraza, are gehiago, publikoki azaltzea. Zeharka edo zuzenean, giza harremanak ere landu dituzu. Komunikazio-inkomunikazio hori are zailagoa izango da horrelako kasuetan, eromena edo buruko gaixotasunak tartean daudenean.

"Eromena" edota "ez-normaltzat" jotzen ditugun sentimenduak eta pentsamenduak izateak beldurtu egiten gaitu, lotsatu neurri handi batean eta horrek isiltzea dakar, ingurukoei ez kontatzea. Eta, hain zuzen, askotan inkomunikazio horrek berak sortzen dizkigu sentimendu, emozio eta batez ere pentsamendu horiek. Zirkulu konplexua da. Estaltzen saiatzen gara, baina estaltzerakoan indar handiagoa hartzen du.

Nobela honetan, irakurleak deskubrituko du zein gogor izan ziren garai bateko eroetxeak. Eta gizarteak horiekiko zuen pertzepzioa nolakoa zen. Are gehiago, emakumeen kasuan, ezta?

Bai, 30eko hamarkada aipatzen da nobelan, eta baita hurrengoak ere. Garai haietan erlijioak indar handia zuen eta honek paper oso ezberdinak zituen gizasemeentzat eta emakumeentzat. Zientzia indarra hartzen ari zen eta honek ere antzeko banaketa egin zuen. Gorputzaren zientzien izenean (medikuntza, biologia...) emakumeak emozioarekin lotu ziren eta gizasemeak, berriz, arrazoiarekin. Ikuspegi horretatik egiten zen irakurketa zein zen? Eromena emakumeen kontua zela. Eta kasu askotan, gizarteak markatzen zien rola ez jarraitzeak ondorio latzak zekartzan.

Bere gordintasunean irudikatu duzu eromena. Lehen pertsonan idatzita dagoen aldetik, dramatikoago egiten ditu hainbat pasarte. Boz horiek aurkitzea eta gorpuztea ez zen lan erraza izango, ezta?  Garai oso ezberdinetakoak baitira bi pertsonaiak…

Ez, ez da erraza izan. Une batzuetan gogorra ere izan dela esango nuke. Ezaguna nuen, familiakoa nuen norbaitez aritzeak gehiago ukitzen zaitu. Asko irakurri dut gaiari buruz hori egin ahal izateko. Gertatu eta bizi izan zuenera ahalik eta gehien gerturatu nahi nuen, ez nuen asmazio hutsetan erori nahi. Badakit ezinezkoa dela bere azalean jartzea, beste pertsona bat den neurrian ezinezkoa zaigu hori egitea. Baina hortaz kontziente izan naiz uneoro eta uste dut nobelan ere argi geratzen dela hori.

Esan bezala, bi pertsonaia nagusi daude nobelan, Martina eta Vera. Zurrunbilo batean dago Martina eta erantzun bila hasiko da. Vera birramonaren kasua deskubritu ahala, badirudi Martinaren mundua ere atertzen joango dela.  Birramonaren ahotsean topatuko dituela bere burua ulertzeko hainbat azalpen: “Batzuetan korapiloek ez dute izateko arrazoirik. Hauek askatzea ez da arrazoiaren bitartez lortu dezakegun zerbait”.

Bai, Martina ez da momentu ona bizitzen ari. Bere egoera onartu ez eta arrazoi bila dabil. Vera aurkitzeak bere patua ezagutzeko aukera emango diola uste du. Baina askotan ez dugu espero duguna aurkitzen.

Vera, nobelako birramona, zure benetako birramonan oinarrituta dago. Martinak aldiz, gaur egungo gazte baten profila du. Zurrunbilo batean pasa dituzu hainbat momentu, hori ere esan zenuen prentsaurrekoan. Zenbat du Martinak Itxasotik? Edo bestela esanda, zertan izan da hori sufrikario edo lagungarri, nobela hau idazteko garaian?

Martinak niretik duena edo nik Martinatik dudana da Veraren bila abiatu garela biak une txarra igarotzen ari ginenean. Hortik aurrera, Martina fikzionatu egin dut, Verarekin bat egingo zuen norbait sortu nahian. Dena den, aitortu behar dut lagungarri egin zaidala neurri handi batean nire mamuak ere ateratzeko eta haiekin aurrez aurre hitz egiteko.

Nobelak  bi zati ditu, oso argi bereiziak daudenak. Lehen zatian, eromenaren ertzean dabilen neska gaztea mintzo da, Martina. Oso zati bizia da. Errepikapenez beteta, non barne boza agerian uzten duzun. Baina nobelaren erdian edo, kontakizunak beste bide bat hartzen du. Askoz narratiboagoa da bigarren zatia, Vera protagonista duen atala.

Egia esan, eromena eromenetik kontatzea erabaki nuenean argi nuen Veraren eta Martinaren zatiak ezin zirela berdinak izan. Verak beste tempo eta gogoeta bat eskatzen zuen; Martinak oraindik ere ez zuena. Bi estilo ezberdin dira pertsonaiek eurek hala eskatzen zutelako eta horrek biak elkarlotzea erraztu egiten du.

Nobelaren epilogoan berretsiko dugu Peruk zer nolako garrantzia duen kontakizun honetan.

Uste dut Peruren presentzia ezin dela liburuan dauzkan agerraldiekin neurtu. Peruren jarrerak eragin handia du Martinarengan eta bien arteko komunikazio-inkomunikazio harremana nobelaren inkontzientean dago etengabe.

Bukaeran bada elipsi bat. Nobela ireki bat dela esateko balio dezake ala ez? Nobelaren bigarren zati baterako bidea irekita utzi nahi izan duzu akaso...

Ez. Uste dut nobelak amaiera irekia eskatzen zuela, galderaz betetako liburua da eta askotan erantzunik gabeko galderak dira, ez nuen amaiera itxirik ikusten. Hasiera batean, epilogorik gabe amaitu nuen, baina irakurtzeko utzi nion lagun batek esan zidan Veraren kapitulua irakurrita Martinarekin zer gertatu zen jakiteko gogoz geratu zela. Baietz erabaki nuen, Martinari emango niola azken hitza, baina bukaera irekia izango zela.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)