Elkarrizketak

Jasone Osorori elkarrizketa

Paisaia emozional bat margotu du 12etan bermuta (Elkar) nobelanOstirala, 2015-12-18

Azken urteotan gazteentzat idazten aritu eta gero, helduen literaturara itzuli da Jasone Osoro. Atzean geratu da Tentazioak (Elkar, 1998) narrazio liburu sonatuaren egile xalo hura. Eta bueltatu, heldutasun erakargarri batekin bueltatu da. Arriskuaren bidea hautatu duelako, hein handi batean. "Nobela honekin banekien zer nahi nuen kontatu baina konturatu nintzen modu tradizionalari tira eginez ez zuela funtzionatzen", halaxe azaldu digu Hitzen Uberan izan dugun solasaldian. "Emozioetatik abiatu nahi nuen, eta ez gertaeretatik". 12etan bermuta ezohiko estilo batean idatzia dago. Mosaiko baten eran eraiki du nobelaren trama eta “emozioen kaosaren logika jarraitzen du kontakizunak”.

Jasone Osorori elkarrizketa

Nobela hau idazteko erabili duzun idazkera ezohikoa da. Argi ikusi al zenuen hasieratik? Zenbat du ausardiatik, eta zenbat arriskutik?

Argi neukan ekarpen bat nahi nuela egin. Hasteko, nire buruari. Askotan esan da dena dagoela idatzia jada, eta gure ahotsa gure estiloa dela bilatu behar duguna.

Nobela honekin banekien zer nahi nuen kontatu baina konturatu nintzen modu tradizionalari tira eginez ez zuela funtzionatzen. Emozioetatik abiatu nahi nuen, eta ez gertaeretatik. Hasi nintzen estilo honetan idazten eta niretzat funtzionatzen zuen. Kontatu nahi nuen hori kontatzeko balio zuela iruditzen zitzaidan baina, era berean, konturatzen nintzen zerbait ezberdina egiten ari nintzela. Eta hain zuzen horregatik, zalantzak ere banituen.

Zentzu horretan, Augustin Zubikarai Sariketan hautatua izana oso inportantea izan zen niretzat. “Ama” atala bidali nuen eta epaimahaiak, jakin gabe nirea zela idatzia, irabazletzat eman zuen.

Bide onetik ari zinen seinale.

Hori da. Beste hiru pertsonek irakurri zuten, eta nire lana saritzea erabaki zuten. Jakin gabe ni nintzela egilea. Zeren horrelakoetan ere, izen bat edukitzea tranpa bat izan daiteke. Onerako zein txarrerako izan daitekeelako. Baina esan bezala, nire proiektua ulertu egin zutela ikustea oso garrantzitsua izan zen niretzat. Idazkeran arriskatu arren, sariarekin babesturik sentitu nintzen. Nik kontatu nahi nuena kontatzeko, estilo honek oso ondo funtzionatzen zuelako. Eta eskertzekoa izan zen epaimahaiak ere hala baloratzea.

Nobelak ez du sarrera-korapiloa-amaieraren logika jarraitzen. Pieza txikiz osatzen den puzzlearen modukoa da.

Berta, protagonista, momentu kritiko bat bizitzen ari da. Eldarnio moduko batean dago, eta horrela gaudenean pentsamenduak modu kaotikoan etortzen zaizkigu. Ez dira modu ordenatu batean etortzen. Nik hori nahi nuen islatu.

Gure buruarekin bakarrizketan gaudenean emozioak, sentimenduak, hausnarketak... Modu desordenatuan datoz eta  hori guztia kontatzeko modurik aproposena hauxe zen. Nobelak daukan logika bakarra da kapituluetan dagoela sailkaturik. Eta kapitulu bakoitzak pertsonaia baten izena darama. Baina nobelan kontatzen dena paisaia emozional bat da.

Ama, Aita, Amama, Senarra, Alaba, Maitalea, Anaia, Laguna, Ni... Horiek dira atalen izenak. Eta atal horietan kontatuko zaigunarekin osatzen joango gara Bertaren irudia.

Matriuska batean, Berta figura txikiena litzateke. Barruan dagoena, bihotza. Bertari eskainitako atala da azkena eta laburrena, “Ni” izenekoa. Eta hein batean, denok daramagu txikiak gineneko “ni, ni, ni eta ni” hori barruan. Gaizki gaudenean, gure ezinegona besteengan proiektatzeko ohitura dugu: “zu zara ni horrela egotearen arduraduna”. Matriuska horrek babestu egiten gaitu batetik; baina estutu ere bai, bestetik.

Bertak azken batean egin behar duena da esnatu, nolabait esateko. Eta konturatu zure zorionen eta zure zorigaitzen erantzuleak ez direla beste guztiak, zu ere bazarela neurri handi batean.

Baina nobelan agertzen diren gainontzeko protagonistek ere egin dezakete antzeko ariketa. Har ezazu ama, adibidez. Amak nola hitz egingo lioke Bertari, bere alabari? Horrek osatu egingo luke kontakizuna eta era horretan akaso hobeto ulertuko genuke amarengatik Bertak sentitzen duena.

Denak du lotura. Izaki sozialak gara, eta gure izateko eran eragina dute gure ingurukoek. Hori horrela da.

Gure ingurukoek, eta gure ingurukoekin ditugun harremanek. Bakarrizketa moduan idatzi duzu. Baina bakarrizketa honek ere bere berezitasunak ditu.

Bakarrizketa dialogatu bat da, baina dialogo horrek ez du feedback-a. Bigarren pertsonaren erabilerarekin irakurlea inplikatu nahi nuen. Hori ere bilatzen nuen.

“Zuen gainean oka egin nahi dut, sentitzen dudan egonezin hau desagerrarazteko. Botaka emozionala”. Berta protagonistaren hitzak dira hauek. Oka egin aurretik, gaizki sentitu ohi gara. Baina oka egin eta gero, arindu egiten da bat. Nobela honen idazketa ere, halakoxea izan al da zuretzat?

Hamabi urte pasa dira Greta (Elkar, 2007) nire azken nobela plazaratu nuenetik. Hamabi urteotan helduentzat ezer ez argitaratu izana zama moduko batean bilakatu zen. Ze ekarpen egin dezaket nik? Zer konta dezaket? Egongo al da irakurle bat hor zain? Galdera horiek pilatzen zitzaizkidan.

Nire bizipen pertsonalak ere hor daude. Ama izan naiz eta horrek hainbat gauza ekarri dizkit. Nire buruan eta nire gorputzean beldurrak eta mamuak eragin dizkit. Baina nobela hau idaztea katarsi moduko bat izan da niretzat. Bertigo hori gainditu eta gero, botaka egin eta geroko lasaitasun eta arintasun hori sentitzen dut orain.

"Liburu hau katartikoa izan da niretzat"

Tentazioak (Elkar, 1998) eta Korapiloak (Elkar, 2001) idatzi ondoren, Kontu-kitatzeak izen egokia izan zitekeen nobela honentzako. Hortik ere badu, ezta?

Oharkabean akaso bai. Tentazioak nire lehen liburua izan zen. Gaztea nintzen orduan, oso xaloa… Eta lehen lan horrekin irakurlea tentatu nahi nuen. Korapiloak idatzi nuenean, ordea, erabat korapilatuta nengoen. Nire libururik zailena izan zen, bigarrena.

Lehen liburuarekin (Tentazioak) arrakasta handia izan zenuen eta espektatiba handi samar bati erantzun behar izan zenion. Zama horrek Korapiloak liburuaren idazketa baldintzatu al zuen?

Tentazioak asko saldu zen eta ez nekien oso ondo zergatik: Ondo zegoelako? Neska nintzelako? Gaztea nintzelako? Erotikoa zelako? Etiketa batzuk jarri zizkidaten gainera, mila gauza… Horregatik bigarren liburua (Korapiloak) oso korapilatsua izan zen niretzat. Baina gazte literaturari esker literaturarekin adiskidetu naiz berriro.

Baduzu irakurlego bat gazteen artean.

Bai eta irakurle gazteak oso zintzoak dira gainera. Esan bezala, gazte literaturak balio izan dit literaturaren olatu horietan eroso ibiltzeko. Surfeatzen ikasi izan banu bezala. Baina nire harra hauxe zen. Helduentzako berriz idaztea. Eta zentzu horretan 12etan bermuta katartikoa izan da.

Lan honekin helduen literaturaren tren horretara igo zara berriro. Kritikak ondo hartu du gainera. Horretan segitzeko indarra eman al dizu?

Bidea egiten ari da, baina honen ostean zer? Ikusiko da. Orain honekin nago. Gero zer etorriko den ikusiko da.

Margolari inpresionisten gisan

Mosaiko baten modukoa da nobela. Amaiera horrekin ordea, zalantza egin dezake irakurleak. Eldarnio baten kronika al da? Amesgaizto baten kontaketa?

Eta non esnatzen da Berta? Eta nork altxatu du pertsiana? Bukaerarena kuriosoa da. Nobelak, berez, beste amaiera bat zuen. Baina argitara eman aurretik, Pako Aristiri eman nion irakurtzeko, eta bukaerarekin ez zegoen oso konforme. Nobela irakurri zuenean margo inpresionista bat etorri zitzaiola burura, hori azaldu zidan. Parrafo bakoitza kolore bat zela eta, bukaeran, koadro inpresionista bati begira paisaia bat osatzen duzun bezala, nobela honen amaieran paisaia emozional bat ikusten zuela berak. Inpresionistek pertsonaiak margotzen zituztenean, koadroaren amaieran margotzen zituztela begi ninien argi puntuak. Hala kontatu zidan Aristik. Eta hor ikusi nuen nobela hau bukatzeko modu egokia.

Nik Berta esnatzea nahi nuen. Edo norbaitek esnaraztea. Kontakizunaren iluntasun horretan argi  bat ipini nahi nuen. “Hau koadro inpresionista bat bada, sar dezagun argi printza bat bukaeran”. Eta iradokizun horri jarraituz, nobelaren amaiera egokitu egin nuen.

Azken atalak ere badu katartikotik. Oso okzidentala da, eta gaurkotasun handikoa, Bertak sentitzen duen hutsunea.

Dena eduki eta hala ere hutsik sentitzea, ezta? Oso okzidentala da sentimendu hori, bai. Eta are zama handiagoa bilakatzen da, horren jakitun zarenean. Nobelaren amaieran badago pasarte bat, “merezi dut biriketako minbizi bat…”.

Jakiteko zer den mina. Baina benetakoa. Eta ez sentitzen dudan protokolozko angustia puta hau”.

Gaur egungo gizarte okzidental eta kapitalista honetan badirudi zoriontasuna zure eskuetan dagoela, eta zuk aukeratu dezakezula bidea, nondik jo… “Familia bat duzu, lanpostu bat eta hala ere hutsik sentitzen zara, zergatik?”. Zalantza hori oso normala da gaur egun eta hori da azken batean Bertari gertatzen zaiona.

Kulpa ala damua?

Non, rien de rien, je ne regrette rien, Ni le bien qu'on m'a fait, ni le mal… Edith Piafen kanta bat entzun daiteke nobelan. Kontakizuna lotzen duen harietako bat da.  Iluntasunaren irudi da kantari frantsesa, eta Berta sentimendu horrekin identifikatzen dela esan daiteke.

Edith Piafek, ordea, oso haurtzaro iluna izan zuen. Nobela honentzat musika hori ipintzea egokia zela iruditzen zitzaidan. Letrari erreparatzen badiozu zera esatera dator: “ez naiz damutzen, hau eta beste hura egin dut, baina ez naiz damutzen”. Bertak ere hori bera sinistu nahi du. Pentsamendu atormentatu horiek izan ditu, egin ditu akaso teorian oso zuzenak ez diren gauzak...

Zuzen ala oker, dikotomia hori usaintzen da nobelan.

Jaio eta hil egiten gara, eta hor tartean dagoena da bizitza. Hiltzen garen momentuan, ordea, atzera begira jarri eta kulpa edo damua aukeratu beharko bagenu, zer litzateke zuzenagoa? Kulparen alde jotzen du berak. Gizarte kristau honetan karga handikoa da kulparen sentimendua, eta kulparekin bizitzea ez da ona. Baina damuarekin bizitzea? Hainbat gauza egin ez dituzulako, damuturik sentitzea?

"Nire burua oso kaotikoa da"

Mingaina da gorputzaren areriorik handiena. Amatxok esan zidan hori behin. Hortaz, idaztea izango da idazle batentzat makulurik egokiena. Zure kasuan ere, hala al da?

Nire lehen liburua nire egunerokoa izan zen. Oso lagungarria izan zen neraberazoan, nire mingainak esaten ez zituen gauzak nire eskuak esaten zituelako, idazketaren bitartez.

Idazteak batez ere burua ordenatzen laguntzen dit. Nire burua oso kaotikoa da, etengabe dago martxan. Eta horregatik beharrezkoa zait idaztea. Idazketak asko laguntzen dit horretan, ideiak ordenatzen. Eta behin ideiak ordenatuta dauzkazunean, errazagoa da sentitzen duzun hori ulertzen eta onartzen. Onartzea da “libre” izaten ikasteko lehen araua. Eta zerbait onartzeko, lehenbizi ulertu egin behar duzu sentitzen duzun hori. Eta literaturak asko laguntzen dit niri. Idazten dudana eta besteei irakurtzen diedana.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)