Elkarrizketak

Jon Benitori elkarrizketa

Osteguna, 2010-12-23

Idazle bat hil zuten eta eskatu dizkiogu autopsiako frogak. Idazle bat jaio da eta eskatu dizkiogu ekografia zuri-beltzak. Nola ez jakinminez ireki "historia nirekin hasten da" esanaz hasten den poemarioa? Jon Benitorekin aritu gara ekaitzaz eta Bulkadaz (Susa, 2010).

Jon Benitori elkarrizketa

"Idazteko plazera eta inozentzia berreskuratu nahi nituen".

Nork hil zuen zure baitako idazlea? Zeintzuk lirateke autopsiarako frogak?

Liburuan badago literatura pasioz bizi duen pertsona bat eta, gero, literaturarekiko pasioa galtzen duen heinean galtzen da bere baitako idazlea ere. Hori Aingurak erreketan argitaratu eta gutxira gertatu zen. Irakurle zenak, idazle bihurtzean, literaturari beste ikuspuntu batetik begiratzen dio, beste modu oso diferente batean, eta hor hiltzen da idazle bat.

Idazlea hil ondorengo bederatzi urteotan nolakoa izan da literaturarekiko harremana?

Poemario batetik bestera egon den bederatzi urteko tartean gauza asko idatzi ditut: artikuluak, telebistarako gidoiak, telesailetarako gidoiak... Baina, betiere literaturatik aparte. Beste modu batean bizi izan dut literatura. Lehengo plazera eta inozentzia berreskuratu nahi nituen, eta badakit erabat berreskuratzea ezinezkoa izango dela, baina neurri batean behintzat saiatu nahi nuen. Urteak pasa ahala aurreko liburua gainditu nahi nuen, atzean utzi, egindakoarekin ez nengoen erabat gustura..., eta nire buruari planteatzen nion, berriro idatziz gero, aurreko liburuarekin baino gusturago geratuko nintzen obra bat idatzi behar nuela. Bestela ez zuela merezi. Eta horretarako irakurri egin behar nuen, gozatu, eta gauzez disfrutatzeko neukan ahalmen inozentea berreskuratu. Eta bederatzi urte horietan horixe gertatu da. Bulkada oso modu kontzientean idatzitako liburua izan da, banekien zer egin nahi nuen eta banekien, gutxi gorabehera, liburua egiteak zer suposatzen zuen ere.

Bulkada argitaratu ostean ez duzu beste idazle bat hilko den beldurrik?

Pertsonalki oso momentu diferentean nagoela uste dut, bederatzi urte pasa dira, orduan hogei urte nituen, orain hogeita bederatzi..., eta liburura jartzeko modua desberdina izan da. Gainera, lehengo esperientzia oso gogoan dut eta ez naiz orduan bezain inozentea. Aingurak erreketan lehendik eginda neuzkan lanen bilduma zen nolabait, enpake moduko bat eman eta argitaratu egin zen. Liburu hau desberdina izan da, premeditatuagoa, pentsatuagoa: banekien nola hasiko zen, nola bukatuko zen, zer kontatu nahi nuen liburu honekin eta, batez ere, zergatik zetorren liburu hau. Liburuak izan dezakeen erantzunaren aurrean ere asko aldatu da nire jarrera.

Izenburuak berak dio bulkada batek, halako larritasun batek bultzatu zintuela berriro ere zugandik idazle bat sortzera. Zer eragindakoa izan da larritasun hori?

Batetik, badago idazlearen bulkada pertsonal bat zerbait egitekoa, bera gustura geratuko zen liburu bat egitekoa, eta horri erantzuten dio. Bestetik, badago nortasun berri bat sortzeko larritasuna ere, nahiz eta fikziozkoa eta literarioa izan. Eta baita gauza batzuk kontatu nahian istorio bat asmatzeko bulkada ere, barrutik egindako ahalegin bat da, berriro ere idaztera motibatu nauena, eta fikzioaren bidez nire istorio erreal bat berkokatzera bultzatu nauena.

Nolakoa izan da idazle berri baten eraikuntza prozesua?

Oso premeditatua. Denbora honetan asko irakurtzen jarraitu dut, munduko literatura, batez ere, euskal literatura ere bai, eta banekien hurrengo liburu bat idaztekotan oso ondo pentsatuko nuela nola kontatu. Banekien zerbait helarazi nahi niola irakurleari, ez nuela irakurlea liburuaren aurrean hotz geratzerik nahi, eta horretarako estilo propio bat bilatu behar nuela, idazle berri horrekin lotuta egongo zena. Eta banekien estilo propio hori izango zela hitzei beldurrik gabe idatzitakoa. Aurreko liburuan hitzen zarata bat zegoen, barruan zer gordetzen zuten ondo ikusten uzten ez zuena, eta oraingoan ez nuen zaratarik nahi: hitzek esan zezatela esan behar zutena. Azken batean, mundu oso bat kontatu nahi nuen, eta mundu horretarako estilo bat behar nuen, eta estilo horretarako idazle berri bat.

Kontatu nahi zenuena kontatzeko subjektua ondo definituta zeneukan hasieratik: "politikoa, heterosexuala, burgesa, pertsonala, maskulinoa, apur bat soziala, ezkertiarra, konplexua eta inkoherentea", zure oso antzekoa, diozu. Erraza da norberaren oso antzekoa den pertsonaia bat sortzea?

Niretzat sekulako liberazioa izan da. Nortasunaren konstrukzioa aipatu dut lehen, eta eraikuntza horretan, askotan, egin ditugun gauzei bakarrik begiratzen diegu. Baina iruditzen zait egin ez ditugun gauzek, bete ez diren ametsek, gure frustrazioek, neurek edo traumek ere gure nortasunaz asko esaten dutela. Horregatik, uste nuen, nortasun berri hori eraikitzerakoan gertatu ez ziren gauzei ere lekua eman behar niela. Gertatzea nahi nuenari eta gertatu ez zenari. Subjektu honekin literaturarekiko lilura berreskuratu dut ze, gaztetan, irakurtzen nuenean liburuetako pertsonaiekin identifikatzen nintzen eta, orain, liburu honekin nire oso antzeko pertsonaia bat sortu dut, eta nobela batean bezala bizi naiz. Horregatik izan da liberazioa. Zaila edo erraza izan den? Ez dakit. Gauza batzuk paperean jartzea ez da erraza pertsonalak direnean, baina fikzioak laguntzen du, batetik, zeure burua hobeto ulertzen, nahiz eta literaturaren funtzioa ez den hori eta, bestetik, askatasuna ematen dizu zure gauza ezkutukoenak edo kontatu nahi ez zenituzkeena beste modu batean kontatzeko.

Ez duzu mozorrotzeko tentaziorik izan? Zarenera baino gehiagoizan nahi zenukeenera hurbiltzeko?

Hortik ere badago. Dena plano berean dago: gertatu zena, ametsa, fikzioa, errealitatea, asmazioa, gezurra, egia... Eta irakurlea ez da gai hori bereizteko, izan ere, nortasunaren kreazio horren barruan zergatik ez da egongo dena plano berean? Ez naiz mozorrotzeaz ari, liburuan diot "gertatu zen ala nahizena da garrantzitsuago?", ez da mozorrotzeko nahia, nortasun berri bat, literarioa, sortzeko asmoa baino.

Literaturaren funtzioa aipatu duzu lehen. Zein uste duzu dela literaturaren funtzioa?

Zerbait transmititzea. Idatzen dudanean hori da nire asmoa, ez badut ezer transmititzea lortzen liburuak ez leukake zentzurik. Zerbait hori izan liteke xamurtasuna edo enpatia edo haserrea edo belaunaldi baten testigantza... Liburu honetan ez badago enpatiarik, irakurle askok ez badute beren burua hemen ikusten, asko galduko luke, eta niretzat porrota litzateke.

Aingurak denboretan eta Ekaitza eta Bulkada poemetan eraikuntza prozesua bera da gaia. Hiru urte eman dituzu poemarioa idazten. Nolakoak izan dira hiru urte horiek?

Hasieran kolpe handi egin nuen, erdia-edo idatzi nuen. Gero, beste bederatzi hilabeteko etena egon zen, baina buruan idazten jarraitu nuela uste dut, eta pentsatzen jarraitu nuen liburuaren arkitektura nolakoa izango zen, zazpi kapitulu izango zituen ala sei, erreferentziak jasotzen jarraitu nuen... Gero beste idazketa prozesu bat izan zen, beste etenaldi bat, eta azkenean editorearekin batera egindako lana. Hiru fase nahiko garbi izan ditu liburuaren eraikuntzak, eta editorearen fasea hiru hilabetetan edo amaitu dugu.

Idazterakoan baldintza bat jarri zenion zeure buruari: "bezala" hitza ezin zenuen erabili.

Bezalarena, lehen esan bezala, hitzei beldurrik gabe idazteko modu bat zen. Literaturari, kontatu nahi nuenari andamio guztiak kendu nahi nizkion. Ikus dadila etxea, baina andamioak ez du agertu behar. Gero, badago metrika bat, badago musikalitate pixka bat... Baina kentzea zen kontua, eranztea. "Hotza egiten du Groenlandian egiten duen bezala" esateak, bezala horrek edo Groenlandia horrek ez ziola ezer gehitzen ikusten nuen, eta izan nintekeela eder edo samur edo gogor edo zurrun beti bezala hitza erabili gabe. Preszindiblea zela uste nuen, hori gabe idatz zitekeela, eta kendu bazitekeen, hobe kentzea. Ariketa horrek asko aldatu zuen idazteko modua. Egia da badagoela metrika bat, kontatu beharrak sortutako liburu bat denez beti nengoen mezuren edo kontatu behar nuenaren menpe eta, horregatik, sortu behar nituen beste baliabide batzuk ere, liburua ez zedin monotonoa izan.

Idazlearen beraren kezkak ere zerrendatu dituzu, agerian utzi dituzu.

Kezka horiek nituen. Nola kontatu nire inguruko gauzak errepikakorra izan gabe? Edo kitscha, aspaldikoa, artifiziala edo dramatikoa izan gabe? Lehenbizi, liburuaren titulua Ekaitza eta bulkada izan behar zen, mugimendu erromantikoari erreferentzia eginez. Eta nik esaten nuen, zergatik ez idatzi barruaren gauzak buruaren galbahetik pasatuta. Zergatik ezin ditugu barruko korapiloak kontatu modu oso hotz eta arrazionalean? Bezalarik gabe edo bainarik gabe. Zergatik ez ariketa hori egin inkontzientea kontziente eginez?

"Historia nirekin hasten da" dio lehen lerroak. Norbanakoaren askatasunaren aldarrikapen gisa ulertu du BeƱat Sarasolak zure liburuari egindako kritikan. Zein zen zure intentzioa "historia nirekin hasten da" esatean?

Liburuaren tonua markatzea da lehenbiziko esaldiaren helburua, eta erreferentzia zuzena egiten dio Xabier Montoiaren poema bati, esaten baitzuen beretzat historia David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasi zela. Niretzat historia ez zen David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasi, baizik ni jaio nintzenean, nahiz eta nire aurretik gauzak baziren. Esandi horrekin kontatuko dudanaren aurrerapena egiten dut eta subjektu bat markatzen dut. Iruditzen zitzaidan esaldi harroa zela, baina poemaren bukaeran konpontzen da nolabait, eta iruditzen zait ez dela hain faltsua liburuan kontatzen dena kontuan hartuta. Gero, historia horizontalean ere gurutzatzen da, eta eman dizkiguten baldintzak, kultura, baloreak... Gu gara gauzen neurria, baina gauza asko gurutzatzen dira garen horretan: garaia, kontestu politikoa, eman dizkiguten baloreak, gurasoen heziketa...

Liburua zazpi ataletan banatu duzu, gaika: haurtzaroa eta familia, subjektu politikoaren eratzea, literatura, amodioa eta eza, atzerriratzea... Hasieratik zenuen garbi liburuaren antolamendua?

Aurreneko bost zatiak bai. Oharrak hartzen nituenean banekien nire mundua kontatu nahi nuela, bizi genuen garaiaren testigantza egin nahi nuela, inporta zitzaizkidan gauzez idatzi nahi nuela, eta jendeak ulertuko zituen gauzak kontatu nahi nituela nik bakarrik kontatu ahal nituen moduan. Hasieran helburu horiekin ekin nion eta gero hasi nintzen arkitektura pentsatzen, eta arkitektura hori pentsatzen hasten zarenean konturatzen zara bisagra funtzioko poemak egon behar direla, egon behar direla poemen arteko lotura egingo duten poema esan dezagun dekoratibo eta sinpleak, egongo direla poemak eraikuntzaren pisua hartuko dutenak eta kapitulu hori sostengatuko dutenak... Eta behin arkitektura eginda dagoenean hasten zara hutsuneak identifikatzen eta hutsune horiek betetzeko zer behar duzun pentsatzen. Beraz, badaude poema batzuk ez oso modu inspiratuan eginak, oso modu arrazionalean baizik, Lau post-it 21. mendean poema, adibidez.

Edozein idazlek idatzi nahiko lukeen liburua iruditzen zait, konplexurik gabe hitz egiten baituzu zure buruaz eta zure munduaz.

Behin liburu hau idatzita libreago sentitzen naiz fikziozko nobela poliziako bat idazteko, zientzia fikziozko zerbait idazteko, poema erotikoak idazteko... Horregatik diot bulkada bati erantzun diodala, idazle berri bat sortu dut, eta niretzako oinarrizkoa den obra da, oinarri berriak sortu ditut ondorengo lanak izan daitezkeenetarako edo honekin kitto egiteko. bada behin editoreak proposatu zidan ariketa bat, idazteko orduan dudan pertzepzioa erabat aldatu didana. Esan zidan "hik idazten ari haizenean pentsatu behar duk pertsona bat egun batean lanetik irten eta hire liburua erostera joan dela Garoara -Zarauzko liburu-denda-". Idazten ari zarenean ez dakizu zure irakurlea zein izango den, baina hori irudikatzen baduzu, irudikatzen duzu pertsona horri, astearte batean lanetik irten eta zure liburua erostera joan den pertsona horri zer eskaini nahi diozun.

Liburua lehen pertsonan hasi eta bukatzen da, baina erdiko ataletan hirugarren pertsona erabili duzu. Zergatik urruntze eta berriro hurbiltze hori?

Gertatzen diren gauzei kanpoko begirada bat eskaintzea izan liteke idaztea eta hirugarren pertsonak, batetik, distantzia ematen zidan, eta nire pertsonatik aldentzeko aukera emateaz gain, enpatia bilatzeko bidea ere ematen zuela iruditzen zitzaidan. Ez zedila ni-ni-ni liburu bat izan, nik neuretzat idatzitakoa. Hirugarren pertsonak ni hori gainditzen du eta edozeinentzakoa bilakatzen du liburua, zu eta bera dira protagonistak poema askotan, eta enpatiarako freskotasun handiagoa ematen zidan.

Prosara gerturatzen den poesia modua erabili duzu, baina badira bertso moldeko poema errimatuak ere. Zergatik batzuk eta besteak?

Prosazko poemetan, Londresekoetan, adibidez, gauza asko kontatzen dira, gauzen zurrunbiloak dira poemak, eta behar nuen bertsokera luzea, narratiboa, gauza asko kontatzeko aukera emango zidana. Ez egindako gauzak bakarrik, baita sentitutakoak ere. Badaude sentsazio zurrubiloak diren poemak, baudaude inbentario modukoak, badaude erabat narratiboak... Baina horien ondoan daude, adibidez, bertsoak. Protagonista Londresa joaten da. ingelesez mintzatzen den mundura, eta justu orduan euskal bertsokera tradizionaleko moldean idazten du. Jolas bat da, errekurtso berriak probatzeko, eta neure burua probatzeko molde berri horietan.

Galderaz jositako liburua da Bulkada.

Bai, etengabe ari baita nortasunaren sortze-prozesuaz, eta horregatik hainbeste galdera. Badaude bigarren atalean, politikari buruzkoan, galdera inozente pila bat. Inozentziatik hasi eta erabaki bat hartzera arteko bidaia deskribatzen da atal horretan, eta bidaia horiek zalantzaz eta galderak beteak izaten dira. Gustatzen zait Susan Sontagek esan bezala bizitza askatasunerantz egiten den kontraesanez betetako bidaia dela pentsatzea, eta kontraesan horiek etengabe agertzen dira bai amodioan, bai politikan eta bai gaur egungo ustezko afirmazio horietan ere.

Nola dago orain zaren idazlea?

Ez dakit beste idazleentzat hala den, baina niretzat liburu bat ahalegin psikologiko handia da. Burua asko gastatzen da ahalegin horretan, ez baita gauzak asmatzen eman behar duzun denbora bakarrik, ezta idatzitakoak enkajatzen, zuzentzen eta berriz zuzentzen emandako denbora eta energia bakarrik ere. Gero gustura sentitu behar zara egin duzunarekin, konfiantza sentitu behar duzu, nahiz eta akats batzuk zuzenduko zenituzkeen, eta orduan, nire idazlea zalantzaz betea dago. Enpatiaren bila egindako lana izan delarik, jendearen erantzun zain dago, ez horrenbeste ona edo txarra iruditu zaion jakiteko, baizik zerbait eragin ote dion jakin nahian. Beste liburu bat gehiago izan den, ala hori baino zertxobait gehiago. Hor nago, zain, asmatu dudan ala ez dudan asmatu ondoegi jakin gabe. Liburua dagoeneko bukatuta baitago, jadanik ez dago aldatzeko aukerarik, ezin diozu editoreari ezer kontsultatu. Alde horretatik itxita dago. Beraz, gustura nago, buruan neukan ideia bat ia azkeneraino eraman dudalako eta, bestetik, aldaketa txiki batzuk egingo nizkioke... Ez dakit, horrela dago orain naizen idazlea, egindakoari begira, aurrera begira baino gehiago.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)