Elkarrizketak

Jon Gerediagari elkarrizketa

'Ez dut nire bizitzari buruz hitz egin nahi, bizitzari buruz baizik' Osteguna, 2012-03-15

Jon Gerediagak hirugarren poesia liburua kaleratu berri du Pamiela argitaletxearen eskutik: Zentauro-hankak. Maitasuna da liburuaren ardatza, topikoetatik urruntzen den modu propio eta berezian eskainia.

Jon Gerediagari elkarrizketa

Jainkoa harrapatzeko tranpa 'Bestea' poemarekin amaitzen zen, eta Zentauro-hankakek besteari begiratzen dio, baina gertukoenari, eskutik heltzen zaituenari. 'Sugar hutsa' ziren poema hartan azken hitzak, sugarra sagarra bilakatuko zaigu liburu berrian.

eta orain idazten dizut
zentauro baten kaligrafia traketsarekin
hankak lurrean ditut
burua zeruan
Hori bera da poesia idazteko modu ideala?

Agian bai. Oteizak esaten zuen artea materia bat hartzea dela, izan harria, altzairua edo hitzak, hura kontrolatzea, espazioan zentratzea eta gero leiho bat irekita uztea magiarentzako. Beste garai batean nahiko deskontrolatua egon nintzen; oso aktibo nengoen, ideia askorekin eta energia askorekin, gehiegirekin. Baina ezin nuen kontrolatu energia hori, bederatzi hilabetetan behin bakarrik jesarri nintzen poema bat idaztera. Orain nire aktibitatea sormen aldetik murritzagoa da baina gehiagotan jesartzeko kapazitatea daukat. Idazteko aldarte berezi hori agertzen denean etekin garbiagoa ateratzen diot. Orduan, hankak lurrean edukitzeak badu zerikusia gero bisibleak izango diren poemak sortzearekin, kontrol hori behar da zure materia, zure harria ondo zentratua edukitzeko, eta hortik eskultura bat ateratzeko edo emaitzaren bat borobiltzeko. Gero leiho hori ere behar da, bakoitzak baditugu gure mekanismoak leiho hori irekita mantentzeko eta zarratuta dagoenean zarratuta dagoela onartzeko, eta libreta ere zarratzeko eta poema ateratzearena hurrengo baterako uzteko.

Zentauroaren hankak aukeratu dituzu, eta ez burua ...

Agian beste batek faltan botako du zentauroaren burua, hodei artean galduta ibiltzea jainkoen atzetik eta abar, baina nire kasuan badaukanez joera jainkoen atzetik eta ametsetan burua 'galtzeko'... Jainkoa harrapatzeko tranpa hortik zihoan apur bat, oso liburu 'bertikala' zen, gora begira zegoena. Oraingoan nik nabaritzen nuen lurtarragoa izan nahi nuela, hezur eta haragizko maitasunari buruz hitz egin nahi nuela abiapuntu bezala. Horrek ez du esan nahi uko egiten diodanik zeru-lurren aldeko kantuari edo 'Jainkoaren xerkari', baina oraingoan apatxak lurrean sartuta eta ondo errotuta nahi nituen. Gainera zerua baino, lurra asko maite dut eta berriro jaioko nintzateke lur honetan, sasoi onak izan direlako eta direlako oraindik.

Maitasun poemak idaztea gauza konplikatua iruditzen zait, agian topiko askorekin inguratu ditugulako. Zer da zuretzat maitasun poema bat?

Liburu honetakoa ez dago pentsatuta, ez dago teorizatua, bulkada bat izan zen. Idoia ezagutu nuen eta handik hilabete t'erdira liburuko lehenengo poema idatzi nuen: 'Idoiari zentauro batek'. Horrek zabaldu zuen apur bat forma aldetik beste poema guztien tankera eta mamia. Ez nuen pentsatu 'maitasun poema bat idazten nabil'; beste momentu batzuetan izandako idazteko aldarte hori sentitu nuen, libreta hartu eta atera zena hori izan zen, teorizatu barik. Hau da orain nire gaia, segur aski leku arbatsu batean sartu naiz, egia baita maitasun poema bat idaztea ez dela erraza, baina hori da inkontzienteak egiten duena: ausardia eman, ez duzu gehiegi pentsatzen zer egiten ari zaren. Batzuetan nire defentsan esaten dut zintzoa izatearekin nahikoa dela. Inpostura estetiko bat izango bazen agian argumentu gehiago beharko nituzke. Egon daiteke txarto edo ondo, baina hau da zintzotasunez atera zaidana. Maitasun poema da? Bai. Topiko asko dago? agian bai, baina zintzoa denez horrek apur bat salbatzen nauela uste dut.

Ez zara oso zurea den liburu bat egitearen beldur? Nola egin lekua irakurleari maitasun poema batean?

Nik uste dut galdera hori liburu gehienen gakoa dela. Poema bat izan behar da alde batetik norberaren bizipenetik hasten den zerbait. Motorra izan daitezke norberaren bizitzan gertatzen diren gauzak, baina nire saiakera orokortasuna bilatzea izan da beti ere. Ez dut nire bizitzari buruz hitz egin nahi, baizik eta bizitzari buruz. Ez dakit lortu dudan baina beti eduki dut helburu hori gogoan. Erreferenteen artean bada oso argia den bat: 'ElegĂ­a a Itziar' poeman Oteizak berak lehenengo pertsonan hitz egiten du, oso modu gordinean eta biluzian, izen eta abizen propioak erabiltzen ditu... eta hala ere lortzen du irakurlea hunkitzea. Nik uste dut sekretua ez dagoela hainbeste lehenengo pertsona horretan, baizik eta tekla unibertsalak ukitzeko gaitasunean, norberaren bizitza kontatzerakoan baten batek identifikatzen duen zeozer topatzean. Hori da askotan lehia, norberaren esperientzia unibertsal bihurtzea. Nik asmo horrekin egiten dut beti, batzuetan bidean geratzen naiz baina gora apuntatu behar da beti, eta lortzen bada ondo.

Zer ari zinen irakurtzen liburu hau idatzi zenuen garaian?

Batez ere lehenengo poema idazteko orduan bai neukan gogoan 'Elegia a Itziar', iruditzen zaidalako maitasun poema oso potentea dela, maitasunezko topiko guztietatik kanpo geratzen dena eta indar harrigarriaz egina dagoena. Beste liburu batzuk irakurri izan nituen garai horretan, adibidez liburuan dagoen jarioaren forma horretan lagungarri izan zaizkit Jose Hierroren Libro de las alucinaciones eta Xabier Leteren poema luze batzuk... beti nabil poesia irakurtzen, normalean makutoan beti daramat poesia libururen bat. Ez dakizu inoiz ze liburuk edukiko duen eragina zugan momentu zehatz batean; poesia liburuak pasatzen dira nire makutotik eta gero ahazten dut, baina handik hiru urtera ezustean azaltzen dira hango gauza batzuk.

Aipatu duzu jarioa, poema luzeak dira bertakoak, momentu batzuetan bakarrizketa poetikoak balira bezala... nola eman da jario hori, iturri bat zabaldu eta ase arte edan ostean ixtea bezala? bulkadari loturikoa agian?

Nik esango nuke bulkadari loturikoa dela, iturria itxi baino lehen bat batean lehortu egiten dela jarioa. Bulkada sentitu dut hogei aldiz -hogei poema daude liburuan-, atera izan dut libreta eta bulkada hori agortu arte idatzi, zirriborroa bertan behera utzi dut momentu batean iturria agortua zela ikusi dudalako. Gero borobiltzearen bigarren fase hori etxean ordenagailuarekin egin dut, beti ere zirriborroaren gainean.

Liburua irakurrita hitz bat aukeratu beharko banu 'sosegua' aipatuko nuke: maitasunean topatutako atsedena, munduaren zama eta alde itsusia orekatzeko modu bat, inperfekzioak egiten duelako perfektua bertakoa. Esaldi batzuk aipatzearren: 'Norbaitek barka nazan maite zaitut', 'negar egiten dut izadiaren zauri zaharrean'. Iluntasunari esker da argia liburu hau?

Niri iruditzen zait liburu honen gaia ez dela bakarrik maitasuna. Gainera uste dut liburu gehienetan badela, eta izan beharko litzatekeela, lehia bat Eros eta Tanatosen artean. Liburu hau garai onean idatzia egonik Eros gailentzen da, baina bai iruditzen zait oso presente dagoela hezur eta haragizko maitasun hori, inperfektua eta hilkorra. 'Hilkor' hitza ere niretzako oso presente dago, liburu honetan hilkor bihurtzen nintzela sentitu baitut. Txikitan hilezkorra nintzela pentsatzen nuen, ziurtasun izugarri batekin uste nuen hilezkorra nintzela. Bat batean Idoia ezagutzerakoan modu subjektibo batean hautu bat egin behar nuela sentitu nuen, hezur eta haragizko maitasuna aukeratu eta txikitako hilezkortasun hori bazterrean utzi. Idoia ezagutu eta hilezkortasunari uko egiten niola sentitu nuen, bat batean hezur eta haragizko maitasun inperfektu hori aukeratzen nuela, hilkorren min guztiek zulatuko nauten arren maitasun lurtarra aukeratzen nuela. Beraz heriotza ere oso presente dago; Oteizak esaten zuen 'la muerte nos va creciendo', nahiz eta gaztea naizen oraindik urte hauetan heriotza lehen baino askoz presenteago sentitu dut.

Irudi asko errepikatzen dira liburuan, tartean patatak aipatzen dira sarri. 'Pido la voz y la patata' idatzi zenuen behinola, Siete poetas vascos (Pamiela, 2009) bildumarako egindako poema baten itzulpenean. Patata bat jarriko banizu orain eskuan, zer esango zenuke?

Patata gauza sakratu bat da, historikoki eta metafisikoki. Historikoki zenbat jende salbatu duen gosetetik patatak! eta metafisikoki iruditzen zait bihotzaren metafora izan daitekeela. Patata lur barru-barruan dago, guztiz organikoa da... Iruditzen zait automobil baten sakratutasuna defenditzeko zailtasunak izango nituzkeela, baina patata batena?! Lurrean dagoena, lurretik ateratzen dena eta gosez hiltzetik salbatzen zaituena?! Iruditzen zait sakratua dela. Forma aldetik, ariketa estetiko bezala, iruditzen zait batzuetan poema bat egitea patata hitzarekin zailagoa dela halako hitz liriko batzuekin baino, nik patata esan nahi nuen eta patata erabiltzea erabaki nuen, nahiz eta formula batzuetatik kanpo geratu.

Patatari 'lursagarra' ere esaten zaio. Liburuan sagarrek garrantzia handia dute, hain zuzen ere. Zer dira sagarrak zuretzat?

Liburuaren bigarren partean azaltzen diren sagarrak eta sagar-loreak lehen esan dudan magiara zabaldutako leiho hori dira, apatxak lurrean ditudanean patatak gertuago ditut baina burua sagar loreetan galduta daukat. Sormenaren parte hori dira, zorotasunetik gertuago dagoena edo magiatik edo... parte kontrolaezina azken batean, parte zoroa.

Eta sagarrekin lotuta, 'Sagar-loreak' poeman 'Xabi Strubelli zor' diozu: 'Sagarrak' bazen performance bat, esan izan duzu antzerkiarekin zure harremana aldatu dela, harreman osasuntsuagoa duzula poesiarekin. Baina zeharka topatu ditugu hala sagarrak nola Babilonia, Zamaltzain beltza... zure iruditerian antzerkia dago oraindik?

Bai segur aski, eta ez bakarrik nik sortutako irudietan, nik ikusitakoetan baizik. Antzerkian dabiltzan lagunek badute zerikusia horretan, 'Zamaltzain beltza' Ander Lipusek sortu zuen esaterako... Nik uste dut antzerkitik urruntzen nauena momentu honetan ez dela alde artistikoa edo sortzailea, irudiena edo testuena, baizik eta humanoena. Oso harreman ona daukat nire lankideekin, baina nire bizitzan momentu honetan ez nabil oso soziable, jendearekin gutxiago egoten naiz, ume bat eduki dut, Artxandan bizi naiz mendian... eta antzerkia nik ulertzen dudan moduan beti izan da talde lana, nahiz eta nik testuak idatzi. Talde lanak poz handiak eman dizkit, sormen aldetik oso aberatsa da, baina kontaktu asko behar duzu, geratu behar zara egunero lau ordu entseatzeko... nik horretarako ez daukat denborarik ez gogorik ez indarrik. Baina iruditeriaren aldetik oso gertuko sentitzen dut antzerkia oraindik.

Jainkoa harrapatzeko tranpa, Fitola balba karpuki tui liburuaren amaierako poema batetik abiatzen zen. Hirugarren honek badu halako loturarik aurrekoekin?

Uste dut bilakaera bat badagoela, baina ez naiz akordatzen orain zein zen 'Jainkoa...'ko azkeneko poema. Liburu berri baterako poemak biltzen ari naizenean bai pentsatzen dut batzuetan 'non geratu nintzen atzo?'. Dena den, badago niretzako aldaketa bat, 'Jainkoa...' antzekoa da baina bilakaera bat dago, oraingoan zeru-lurrari baino gehiago niretzako sakratuak diren gauzei kantatzen saiatu naiz, zerura baino lur honi begira. Poema batean esaten dut 'zure alde kantatzen dudanean kantatzen dut lur eta zeruen alde', hezur eta haragizko maitasuna da baina kantatzen diodanean maitasun horri Idoiari zehazki edo Idoiaren abstrakzioari kantatzen nabil, baina zeru-lurrari ere bai, ez diet uko egiten gauza 'sakratuei'.

Natura bera oso presente dago, bigarren zatian batez ere. Egun maitasun poemak egitea zaila izan badaiteke, naturarekin poesian harreman interesgarri bat egitea ere ez dirudi erronka makala.

Nik zera esango nizuke -ez dakit hau poetikoa edo psikotikoa den- baina niretzat naturari kantatzea edo Idoiari kantatzea berdina da. Idoia hezur eta haragizko maitasun bat da baina nik lurrari gorazarre egiten diodanean gorazarre egiten diot Idoiari ere, eta 'zu' esaten dudanean Idoia izan daiteke edo nire ama, mendia, lurra, itsasoa... Gauza berdina da, prolongazio bat da eta bulkadari erantzuten dio ere bai.

Egun zerk bultzatzen zaitu poema bat idaztera?

Pentsatu izan dut azken hilabete hauetan zergatik idazten dudan poesia. Galdera horrentzat erantzun posible asko dagoz, baina beste egunean Leonard Coheni entzun nion dokumental batean oso gertukoa sentitzen dudan zerbait: uste dut idazten dudala inguruan daukadan edertasuna ikusten dudanean, paisaia bat izan, aldarte bat edo bereziki aberatsa den harreman bat... inguruan dagoen edertasuna ikusterakoan zorretan sentitzen naiz apur bat, edertasun horri erantzun bat emateko beharrarekin. Edertasuna ikuste horrek nigan sortzen duen inpaktuak ekartzen du ere poemak idaztearen erantzuna. Askotan gertatzen zait itsasoa ikustera edo mendira noanean ezinegon bat sentitzen dudala, gainezka egiten didalako edertasunak. Orduan libreta atera behar dudala sentitzen dut kasik erantzukizun bat bezala, 'nik honi erantzun bat eman behar diot, hau ezin da horrela geratu'. Nahiz eta batzuetan gogorik be ez daukadan libreta atera behar dut horrelakoetan.

Ez ditut gauza txiki hauek ahaztu nahi
horregatik idatzi ditut.
Ez zait elkarrizketa hau amaitzeko modu hobeagorik bururatzen. Zuri bai?

(Kar-kar) Horrela izan zen, hain ederrak direnean gauzak ez da bakarrik erantzun bat ematea, baita inbentario bat egitea ere. Polita da bukatzeko, eskerrik asko.

Albiste honen uberan:

Elkarrizketa Berrian

Albistea eta bideoa Nontzeberrin

Kritiken hemeroteka

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)