Elkarrizketak

Joxean Agirreri elkarrizketa

`Zwei Frauen´ nobelaren egilearen ustez, eredurik gabe ez dago sorkuntzarik Osteguna, 2012-01-26

Zwei Frauen nobelan (Elkar 2011), fikziozkoak ez diren hainbat istorio topatuko ditu irakurleak. Imitazioari, faltsutzeari edota kopia egiteari buruzko aipamenak, benetan eman diren gertaerak. "Saiakera literario bat egiteko gaia bada ereduarekiko mendekotasunarena edo imitazioarena", aitortu digu Joxean Agirrek. Errealitateari lotutako aipamenak aipamen, maitasun istorioek daramate eleberri honen pisua. "Nik Frisch-ekiko mendekotasunaz hitz egin nahi nuen eta, saiakeran oso txarra naizelako jo nuen fikziora". Eta emaitza, azken orrialdera arte harrapatuko zaituen nobela: Zwei Frauen (bi emakume, alemaneraz esanda).

Joxean Agirreri elkarrizketa


Lehen hiru ataletan, saiakeratik gertu dauden hiru azpi-atal txertatu dituzu (literaturan, musikan edo pinturan eman diren imitazioen hainbat adibide). Saiakeratik gertu dagoen fikziozko nobela bat dela esatea, akaso, gehiegitxo esatea litzateke, ezta?

Saiakera literario bat egiteko gaia bada ereduarekiko mendekotasunarena edo imitazioarena. Irakurri berri dudan Monterrosoren "Movimiento perpetuo" artikulu bilduman saiakera labur bat eskaintzen dio gaiari idazle guatemalkarrak eta kontatzen du nola Borges irakurtzea gaixotasun baten mende erortzea bezala izan zen berarentzat eta tarteka pentsatzen zuen gaixotasun hori ez zuela sekula gaindituko. Idazle horrek dio gaixotasun horrek badituela beste izen batzuk ere, hala nola Joyce, Kafka edo Proust. Nik Frisch-ekiko mendekotasunaz hitz egin nahi nuen eta, saiakeran oso txarra naizelako jo nuen fikziora. Hala ere, zuk diozun bezala, fikziozkoak ez diren azpi-atal batzuk tartekatu ditut. Nagusiena Van Meegeren faltsutzaileari buruzkoa da, hain zuzen ere pinturan ikusten delako argienik ereduaren eta estilo propioaren arteko tirabira hori. Faltsutzaile hau Veermerren estiloa bereganatu eta haren margolan berriak egitera iritsi zen. Fikziozkoak diren 'imitazioetan' ere egileen aipuak sartu ditut (narratiban askok egiten dute hori) eta horrek ere saiakera ukitua ematen dio nobelari edo dena delakoari.

Dokumentazio lan bat badago liburu honetan. Kazetari sena bizi-bizi duzu oraindik?

Ez dut dokumentazio lan askorik egin. Van Meegerenen eta aipatzen dudan beste pintatzaileren baten kontuak Dennis Mercury kazetari ingelesaren "Maestros del engaño" liburutik hartu nituen eta beste zenbait kasu daude idazten ari nintzela egunkarietan irakurriak. Baina hor bukatzen da nire kazetari-sena. 'Imitazioetan' aipatzen ditudan idazleak (Barthes, Levrero eta beste hainbat) eguneroko irakurketari esker bilduak dira. Literatura errealista egiten duenak dokumentazio lana ezinbestekoa du, baina hau literaturaren literatura da eta neurri handi batean neure bizipenenen kontaketa ere bai, bizipen horiek askotan erabat desitxuratuta agertzen badira ere.

"Geure obsesioak argitzeko idazten dugu"

Errealitateari lotutako aipamenak aipamen, maitasun istorioek daramate eleberriaren pisua. Fikzioa loratzera edo sendotzera ekarri dituzu aipamen horiek guztiak ala alderantziz izan da, errealitatean emandako gertakizun horiek piztu zuten zugan fikzio hau idazteko grina?

Fikzioak beti behar duela uste dut oinarri edo lotura autobiografikoren bat. Antzua izan behar du eta aspergarria fikzioa egiteagatik egitea. Geure obsesioak argitzeko idazten dugu eta liburuak obsesio bertsuak dituen irakurleren bat bidean topatzen badu, horregatik irakurriko duela iruditzen zait, kontatzen ari garenak argitasunen bat ematen diolako. Dena den, bi hankaren gainean mugitzen gara eta diogun, sakontasunetan sartu gabe, bizitza eta literatura bera direla idaztera bultzatzen gaituztenak, irakurketa eta bizitza bera alegia.

Gaztarotik helduarora, idazle baten bizipenak kontatzen dituzu. Liburuak lau kapitulu ditu eta azken atal horretan dago askatu beharreko mataza nagusia. Orduan hartzen du nobelak abiadura eta erritmoa, ezta? Laugarren atalak ematen dio gainera izenburua nobelari.

Aurkezpenean esan nuen eta lagunen batek ere gogoratu dit hirugarren atala dela neu gehien asebete ninduena, autore batzuei 'hartutako' materialak eta neure izaera, obsesio eta beldurrei buruzko digresioak uztartzen eta 'neurea' sentitzen nuen ahots batez kontatzen ondoen hortxe asmatu nuelako. Jaka bekara aurkezten den idazlearen kontakizunaz ari naiz. Ohartzen naiz, hala ere, irakurtzeko nahasi samarra gertatuko dela eta ohartzen naiz baita ere azken 'imitazioa', Frisch-ena, dela nobelari lotura ematen diona eta izenburua ere bai, narratzaileak Frisch-i alemanera itzulita igortzen dion eleberriak ere izenburu hori zuelako. Hala ere, Frisch-i bidaltzen diodan eleberri hori osatzeko asmatzen ditudan imitatzaileen istorioek atalaren erritmoa hautsi egiten dutela iruditzen zait. Lotsa eta nazka pixka bat ematen didate literatura 'zaila' egiten dakitela erakusteko idazten duten idazleek eta hor eta hirugarren imitazioaren azken pirueta batzuetan ezinbestean horrelako zerbait egiten dudala iruditzen zait eta irakurleari barkamena eskatzea ere ez legoke gaizki.

Protagonistak miresten duen idazlea izan nahi du. Originala bezain ederra izan daiteke kopia. Eta kopia, originaltzat hartu. Esan zuen Han Van Meegerenek: zer du txarrik kopiatzeak? Hala ere, ez dago imitazioari buruzko premisa batzuk bota eta ondorio jakin bat ezartzeko borondatea. Kontakizunaren zerbitzura dauden baliabide batzuk baino ez dira liburura ekarritako imitazio adibide horiek, ezta?

Lanbide gehienetan imitazioa erabat justifikaturik dago. Zubietara joaten diren jokalari gazteak etxean Messiren bideoak ikusten irudikatzen ditut. Baina sorkuntzari lotutako lanbideetan badirudi imitazio oro susmagarria da. Sorkuntza musen kontua zen kultura klasikoetan, inspirazioaren ondorio erromantizismoan eta hizkuntzaren joko librearen emaitza geroago. Zuk diozun bezala, zaila da ondorio bat ateratzea, zaila da imitazioa noiz bukatzen den eta estilo propioa noiz hasten den agertzen eta muga horren inguruko jokoak dira liburuko lau atalak.

Frisch idazlearen itzala

Max Frisch idazle suitzarrak pisu handia du kontakizun honetan. Esan dugun moduan, pertsonaia nagusia idazlea da eta Frischen eragina ez du ezkutatzen. Eta Joxean Agirre idazleari, zein neurritaraino eragin dio Max Frischek? Eta izatekotan, ba al du Frischen idazkeratik nobela honek?

Ez dut inoiz ahaztuko "Romain zen bere izena" argitaratu eta pare bat astera lanera deitu zidala Saizarbitoriak eta telefonoz esan zizkidan losintxa eta goraipamenen artean bat horixe zela, 'giro frisch-iano' bat lortu nuela orrialde askotan. Telefonoa eskegi nuenean izerditan nuen bekokia, halakoxe aizan baitzen pasatu nuen lotsa eta poza, biak batean. Nire bizitzako unerik ederrenetako bat izan zen hura eta kritika gogorren bat jaso dudan bakoitzean telefono dei harekin gogoratzen naiz eta berehala etortzen naiz nire onera. Geroztik, egia da, ez dit berriro deitu. Nobela honetan ere egongo dira 'giro frisch-iano' horren aztarna batzuk, baina ez naiz jakitun.

Ausarta jo ohi dugu nork bere erreferentzien berri ematen duen idazlea, musikaria edota margolaria. Baina inor ez da ezerezetik abiatzen, ezta?

Gure artean idazleren bati elkarrizketa egiten diogunean gehiagotan galdetu beharko genioke zer ari den irakurtzen edo gutxienez azken hilabetetan irakurri duenaren berri, informazio jakingarria delako irakurlearentzat ere.

Sortzaileak etengabean al du originaltasunari buruzko kezka edo gogoeta? Atxaga da liburu honetan aipatzen den idazlea eta, berak ere, ondo plagiatzeko metodoaren azalpen laburra proposatu zuen Obabakoak liburuan. Hortik galdera...

Atxaga oso modu anekdotikoan aipatzen dut liburuan, baina ez lekuz kanpo egongo bere "Ondo plagiatzeko metodoa" aipatu izan banu, gai beraren inguruko kontakizuna delako. Ez naiz zehatz gogoratzen, baina ematen dituen gomendioak zuzenak dira erabat, gaia umore puntu batekin jorratzen badu ere. Edozein modutan ere, buruz ari naiz.

Augustin Zubikarai beka saria jaso zuen nobela honekin (Argazkiak: Ilargi Agirre).


Augustin Zubikarai beka saria baliatu duzu nobela hau idazteko garaian. Zure kasuan, sariak edo bekak akuilu al dira idazteari ekiteko garaian? Ala idazlearen ekinbidea bestelakoa da, ez du horrelako akuiluekin zerikusi handirik?

Beti pentsatu izan dut tristea izan behar duela diruagatik idaztea, baina ez da euskal idazleen kasua. Are gehiago esango nuke: idazle profesionalen belaunaldia bukatzera doan inpresioa dut. Idaztetik bizitzeko aukera egin zuten idazle apurrak (lauzpabost dira) gero eta diru-iturri urriagoak dituzte bizitzeko. Sariak eta bekak, noski, akuilu direla, baina zeudenak ere desagertzeko bidean dira. Idazle 'profesionalak' itzulpengintzatik, gidoigintzatik eta prentsako kolaborazioetatik bizi ziren eta helduleku horiek ere urritu egin dira. Erreportaje luze baterako gaia da hori. Nire kasuan diogun, erdi edo ia jubilaturik nagoela.

"Nobela batekin ari naiz"

Literaturari dagokionez, zertan ari zara une hauetan? Ba al duzu egitasmoren bat eskuartean?

Idaztea eguneroko errutinaren barruan sartu dut (ez dakit hori oso sanoa den) eta nobela batekin ari naiz. Nire nobelak pare bat urtean edo gehienez hiruan bukatzen dira. Ez dugu neurriarekin zertan lotsatu beharrik. Lanik zailena egiten ari naiz (gutxi gorabeherako trama bat eta pertsonaiak zirriborratzen) eta beste guztia pazientzia kontua da. Saltzen ez dugun edo gutxi saltzen dugun idazle izenekoon arriskua irakurle apurrak ez ezik editorea bera ere aspertzea da. Bien bitartean idazten jarraituko dugu.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)