Elkarrizketak

Julen Belamunori elkarrizketa

"Kontakizunaren ardatza zaintzailearen barne mundua da"Ostirala, 2016-03-04

Gaueko zaintzailea (Ekar) nobelaren trama laurogeiko hamarkadaren amaieran kokatzen da, eta liburuaren izenburuak agerian uzten duen bezala, fabrika bateko zaintzailea da protagonista. “28 urtez aritu da zaindari lanetan. Enpresak segurtasun sistema berria jartzea erabakitzen du eta lanik gabe geratuko da”. Azken lan eguna kontatzen du nobelak. Julen Belamunok aditzera eman duenez, esaten duena baino, pisu handiagoa du pertsonaiaren beraren barne munduak. Eta bizitza osoko oroitzapenek.

Julen Belamunori elkarrizketa

Zaintzailearen azken eguna. Hori da nobelaren denbora. Fabrika, berriz, nobelaren kokagune nagusia. Osagai urriak nobela baterako. Oroitzapenen erradiografia. Ez zen trama garatzeko beste modurik, ezta?

Egia da gertakari gutxi daudela liburuan. Aluminio fabrika bateko gaueko zaintzaileak lantegian igarotako azken gaua kontatzen da, gau guztian orduz ordu egiten duena, baina kontakizunaren muina gau horretako ikuskaldiak egiten ari dela gogoratzen dituenak dira. Oroitzapen horietan ere gertaera gutxi daude, baina ez dira nolanahikoak, pertsonaiaren bizitza hankaz gora jartzen dute eta: gasolindegian lan egiten zuen neska ezagutu zuenekoa, harekin izaten zituen solasak, eta hortik aurrera gertatu zen guztia.

Gertaera horiek seguru asko mila modutara konta zitezkeen, baina liburuaren muina pertsonaiaren barne mundua denez, gertaera horiek oroitzapenen ikuspuntutik kontatzen dira.

Liburua ia pertsonaia bakarrekoa da, eta beharbada nobela baino gehiago kontakizun luze bat dela esango nuke. Eleberriak beste ugaritasun bat eskatzen du pertsonaietan, egoeretan eta gertaeretan, eta hemen horrelako gutxi dago.

Zaintzailea da nobelaren ardatz nagusia. Zaintzailea eta bere oroitzapenak. Zaintzailearen pertsonaia osatzean egon da idazketaren gakoa? Bere gain erortzen baita tramaren pisu handiena.

Bai. Idazketaren prozesuan, hasieran pertsonaia sortu zitzaidan, eta gero haren neurriko egoerak eta gertaerak. Tokiak ere bere garrantzia izan du: ni neu gaztetan aluminio fabrika batean lan egindakoa naiz, eta orduko hura oso gogoan izan dut hasieratik. Horiek izan ziren hasierako elementuak, eta gero ordena zorrotz baten araberako bizimodua hankaz gora jartzen dutenak: gasolindegiko neska, eta harekin gertatutako guztia. Baina bai, liburuaren muina pertsonaia da. Zaintzailea da liburuaren hasiera, ardatza… ia dena.

Badu enpresarekiko eta bertako objetuekiko harreman bitxia. Gertukoa bezain ezohikoa. Fisikotik haratagokoa. Beste gizakiekin ez duena. Egiten duenak baino, sentitzen eta pentsatzen duenak pisu handiagoa du, ezta?

Mundutik aparte bizi da zaintzailea. Salbuespen batzuk kenduta, giza jendearekin baino harreman estuagoa du gauzekin eta tokiekin. Harreman handia du, este baterako, izarrekin eta konstelazioekin, eta gauero prismatikoak hartuta haiek zeruan egiten duten bidea jarraitzea gustatzen zaio. Lantegiko nabeekin eta gainerako tokiekin ere lotura handia du, eta baita makinekin ere.

Lehen esan dudan bezala, kontakizunaren ardatza zaintzailearen barne mundua da. Ekintza gizonaren antipodetan dagoen pertsona da, barrura begira bizi dena. Horregatik dira liburuan hain garrantzitsuak oroitzapenak, pentsamenduak, eta baita zaintzaileren irudipen hutsak direnak ere. Zentzumenetatik iristen zaizkionak ere garrantzizkoak dira, usainak, gauzen ukituak…

"Iraganari begira bizi da zaintzailea"

Pertsonaia rara avis bat da. Aitaren ogibidea ez ezik, aitaren garaiko bizilegea ere hartu du oinordetzan. Lanari loturik bizi da, betebeharrari emana. Denboratik at geratu da, iraganean ainguratuta-edo?

Mundutik aparte bizi den pertsona bat da. Betebeharraren zentzua du, oso estua eta zorrotza, gainera. Bere gainetik dagoen zerbaiten zerbitzuan bizi da, eta bere bizitzari zentzua ematen dion xede hori fabrika zaintzea da. Hango ordenaren morroia da, eta aitarengandik jasotako eginkizun hori hutsik egin gabe betetzen saiatzen da.

Aitaren figura ere oso garrantzitsua da. Harengandik jasotakoari leial jarraitzen dio zaintzaileak, eta alde horretatik igarotako eta iraungitako mundu baten hondar bat da, lehengo gizarte hartatik geratu den fosil moduko bat. Mundu berrian tokirik gabe geratu da, eta ezinbestean iraganari begira bizi da.

Bere baitan bizi da. Nahi luke irekiago izan, baina ez du asmatzen. Eta asmatzen ez duenez, akaso bere horretan egotearekin konforme ageri da. Bere bitxian, maitasuna eta gorrotoa eragin ditzake aldi berean. Ustez laua den pertsonaia, uste baino konplexuago den seinale ezta?

Gasolindegiko neskari bisitak egiten hasten denean, bere burua oso bestela irudikatu nahi luke; harremanetarako erraztasuna duen gizon gaztea izan nahi luke, baina bere izaera oso bestelakoa da. Oso izaera zurrunekoa da, berak bere buruari jarritako arauek lotuta bezala bizi da.

Pertsonaia kanpoko begirale batentzat oso grisa izan liteke, batere bizigarririk gabeko bizimodua duena, baina barne mundua nahiko aberatsa du. Badu bere konplexutasun maila. Alde horretatik, liburua irakurri dutenen artean bi erreakzio mota sumatu ditut: batzuei pertsona antojagarria iruditu zaie, gorrotagarria ere bai batzuetan; beste batzuei, berriz, maitagarria edo errukarria. Oso pertsonaia laua ez den seinale.

Fabrikari lotua dago, baina kaiola hori da bere bizimoduari zentzua ematen dion bakarra. Beste garai bateko joera dirudi. Kontrastean ageri da fabrika aldameneko gasolindegia. Une jakin batean, zaintzailearen errutina aztoratuko duena. Fabrika geldi baten estatikotasuna vs mugimenduan den saltokia. Ohiko joko zelaitik at, ordea, ezin asmatu ibiliko da ezta?

Zaintzailea beste garai bateko pertsona da, munduaren martxak gainetik pasatakoa edo azpian harrapatutakoa, eta etengabeko aldaketaren indarrak bide bazterreko erretenera botatakoa. Alde horretatik liburu guztian nagusi den tonua gainbehera sentimendu horrena da. Mundu bat amaitzen ari da, eta zaintzailea tokiz kanpo geratuko da, munduaren eta biziaren korronte nagusitik kanpo.

Liburuan bi espazio daude: batetik, aluminio fabrikarena, gelditasunaren, isiltasunaren eta iluntasunaren erreinua; bestetik, gasolindegikoa, biziaren korrontean daudenena, mugimenduarena, etengabeko joan-etorrian dabiltzanena. Zaintzailea gelditasunaren eta ordenaren aldean bizi da, baina nolabait badu bere tokia mundu horretan. Orain, ordea, segurtasun-sistema berriekin hortik ere kanporatu egingo dute, bere betiko tokitik erauziko dute, eta inolako heldulekurik gabe geratuko da.

"Pertsonaiaren nortasun obsesiboa idazkeran ere islatzen da"

Oso deskriptiboa da nobela. Paraleloan doaz gaueko ikuskaldiak eta konstelazioen errepasoa. Pertsonaia bera ere oso metodikoa da bere lanean. Nobelaren erritmoa ere, halakoxea da. Bada sinbiosi kalkulatu bat ezta? Pertsonaiaren izaeraren eta nobelak daraman erritmoaren artean.

Bai. Zaintzaileak lantegiaren barrualdetik eta kanpoaldetik egiten dituen ikuskaldiak, betiko ohitura errepikatuak, erritu maniatiko samarrak... horiek denak behin eta berriz errepikatzen dira, eta zaintzailearen nortasunaren isla dira. Gauza guztiak bere orduan, eta beti ordena berean, hori da zaintzaileak seguru sentitzeko behar duena. Munduari edo biziari beldurra dionak ordena maite izaten du.

Eta hori dena, eta pertsonaiaren nortasun obsesibo hori, idazkeran ere islatzen da, zenbait gauza behin eta berriz errepikatzen direlako, nolabaiteko giro itogarria ere sortzeraino batzuetan.

Bestalde, deskripziorako joera hori ere badago, egia da. Pertsonaiaren izaerarekin ondo uztartzen da hori ere, baina, gainera, niri deskribapenak gustatu egiten zaizkit irakurle moduan ere. Gauzak ahalik eta xehetasun gehienekin ematea, detaileak ere zaintzea.

Garaiak aldatzen doaz, eta baita harremanatzeko moduak, lan-ereduak... Hori islatzeko ere balio dezake gaueko zaintzaileak?

Bai. Garapenarekin atzean geratutako lanbide bat da zaintzailearena, beste ogibide eta lan-modu asko bezala aldaketa teknologikoek deuseztutakoa. Hala ere, liburuan ez da alderdi sozial hori lantzen, ez da 80ko hamarkadako birmoldaketa industrial haien zantzurik agertzen. Pertsonaia bera da ardatza, alderdi psikologikoa eta drama pertsonala, gizarte egoerak baino gehiago.

Literaturan pertsonaiak langileak direnean, badirudi arazo sozialei buruz hitz egin behar dela beti, pertsonaiak ikuspegi sozial jakin bat azaltzeko peoiak balira bezala, indar sozialak ilustratzeko figurak. Barne munduarekin zerikusia duen guztia langile izatearekin ondo uztartuko ez balitz bezala. Pertsonaien psikologiaz pentsatzen hasi, eta denoi Henry James edo Proust etortzen zaizkigu burura, burgesen edo aristokraten kontuak, langileek beti pertsonaia lauak izan behar balute bezala.

Ni langile baten semea naiz, nolabait ere langile-kultura batean hazitakoa. Eta horretan zaintzailea bezain leiala naiz aitarekin.

 "Alde handia dago ipuin bat idaztetik nobela bat idaztera"

Ipuin liburuaren ondotik iritsi da zure lehen nobela. Nobelak ordea bestelako ahalegina eskatzen du. Ez du ipuin batek duen arkitektura. Eroso sentitu al zara zure lehen nobela osatzen? Beste nobela bati heltzeko gogoz zaude orain?

Alde handia dago ipuin bat idaztetik nobela bat idaztera. Ipuinean neurriak berak eskatzen du halako intentsitate bat; eleberrian, ordea, egitura bat behar da. Liburu honetarako lehen oharrak eta zirriborroak idazten hasi nintzenean ez nekien zer luzera izango zuen gero, baina, ideiak eta materiala pilatu ahala, konturatu nintzen hori guztia nola edo hala antolatu behar nuela. Eta hor uste dut dagoela alderik handiena: luzera honetako kontakizun batek egitura bat eskatzen du. Egitura bat behar da, eta gero kontagaiak egitura horretan txertatu, egoerei eta gertaerei hurrenkera egokia eman, irakurleari ematen zaiona egoki dosifikatzeko.

Gustatuko litzaidake nobela gehiago idaztea, baina horrek lan luzea eta jarraitua eskatzen du. Diziplina handia behar da, batez ere zure denboraren eta energiaren zati handi bat soldatapeko lan bati eskaini behar diozunean. Ideia batzuk baditut, baina ideiak besterik ez oraingoz, ohar batzuk, testu zati batzuk… Ez dakit hortik zer sortuko den; neuretzat ere inkognita bat da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)