Elkarrizketak

Karmele Jaiori elkarrizketa

40 urteren bueltan dira Ez naiz ni (Elkar, 2012) liburuko pertsonaiakOstirala, 2013-02-01

Ez naiz ni (Elkar, 2012) liburuko ia pertsonaia denak bizitzaren erdigunean daude, 40 urteren bueltan. "Bizitzako momentu horretan, nor diren onartzea kosta egiten zaie eta, ondorioz, kokatzea ere kosta egiten zaie". Karmele Jaioren ustez, "bizitzaren zati bat egin dute eta heldu dira nonbaitera, baina ez dakite ziur horra heldu nahi ote zuten". Pertsonaia batzuk konturatuko dira, beste batzuk ordea ez. "Denei sortu zaie ezinegona, kezka, halako larritasuna... Denbora badoa eta bapatean konturatu dira gauza batzuk ezingo dituztela egin". Larritasun horrek, kasu batzuetan, egoera patetikoak eragingo ditu. "Umorea baliogarri egin zait gai batzuei heltzeko, gai batzuetara hurbiltzeko", aitortu digu Karmele Jaiok Hitzen Uberan izan dugun solasaldian.

Karmele Jaiori elkarrizketa

Liburuko pertsonaia gehienak deseroso daude. Tokiz kanpo bezala. Idealizaturik duten gazte garaia gogoan, gehienak atzera begira jarriko dira.

Denek dute adin berdintsua (40 urteren bueltan dira) eta nik momentu hori islatu nahi nuen. Zeinean hasten zaren galdezka: "nora heldu naiz? Zer egin nahi dut?".

Egia da, denak daude deseroso, ez dutelako euren burua errekonozitzen. "Ni beste bat nintzen orain arte"; momentu hori bizi dute pertsonaia gehienek. Hutsune bat sumatzen dutela nabarmenduko nuke. Hutsune hori estali behar dute eta urgentzia sortu zaie. Batzuk urte askoan egon dira umeak zaintzen, eta ez da kasualitatea. Bapatean euren umeak nagusi egin dira eta hasten dira ama eta aitaren beharrik gabe bizitzen. Hutsune handi sumatzen hasten dira gurasoak, ordu asko eman dituztelako beraien umeak zaintzen eta bapatean esaten dute, "eta ni? Zer egin dut azken urte hauetan?".

Ordurako betiko lagunen pista galdua dute...

Bai, eta lehen aipatu duzun idealizazio hori ere hor dago. Gazte garaietara itzultzeko tentazioa izango dute baina gazte garai haiek joan ziren eta ezin zara bueltatu garai haietara, hori iragana baita.

Orainaren eta etorkizun hurbilaren aurrean izu modukoa sentituko dute. Akaso horregatik, errazagoa zaie atzera egitea.

Ihes egiteko modu bat da. Noruntz egingo duzun ez dakizunean, ezagutzen duzun horretara bueltatzea bilatuko duzu. Baina jada ez dago.

Ez naiz ni (Elkar, 2012) liburuan Islatu nahi duzuna oso ondo laburbiltzen da azken ipuinean. "Zailena ez da zahartzea. Zailena zahartzen hastea da", irakurri dugu pasarte batean. Oraindik ez dira sosegu horretara iritsi: zahartzen ari direla onartzea.

Iruditzen zait zaharra zarenean edo zaharra zarela onartzen duzunean, gauzak ezberdin izan ohi direla. Ez duzu hainbesteko presiorik. Beste inon esan dut: euria egiten badu Eroskiko plastikozko poltsa jarriko duzu buruan, inolako arazorik gabe. Berdin zaizu.

Baina ipuin hauetako pertsonaiak ez dira horra iritsi oraindik, eta ez dira gazte ez zahar. Ez dakite egoera hori kudeatzen, ez dute asmatzen. Gainera konturatu dira denbora zein azkar doan, zahartzen ari direla eta hau badoala. Horregatik sartzen zaie urgentzia hori. Batzuk sexualki erakargarri sentitzeko, beste batzuk gaztetan egin ez zuten hori egiteko... Antsietateak jota daude.

 Pertsonaiak, landuagoak

Aurrekoekin alderatuz, Ez naiz ni liburuko pertsonaiak landuagoak ageri direla zioen Xabier Mendigurenek aurkezpen ekitaldian. Ados al zaude? Horrek eman dizu lan gehien?

Nik uste dut baietz. Gaiek hala eskatu didate. Aurreko ipuinetan azkarrago nihoan, presa gehiago nuen ipuina bukatzeko. Oraingo ipuin hauetan, esate baterako, pertsonaiek zein lanbide duten azaltzen da. Iruditzen zait gauza oso garrantzitsua dela gure gizartean. Ez dira beharginak edo. Denek dute maila bat eta hor sartzea interesatzen zitzaidan. Iruditzen zait oso eroso bizi zarenean eta beste arazo batzuk ez dituzunean (eguneroko ogia nola lortu, esate baterako), beste zulo batzuk agertzen direla.

Giza-harremanak gozatzeko umorea inportantea da. Ipuin hauetan ere, maiz, umorea baliatu duzu.

Umoreari esker gai batzuk hobeto heltzen dituzula uste dut. Badira tragikoak diren gauza batzuk. Kontatuko banu hori tono tragiko batean, ez nintzateke benetako tragedia horretara helduko. Bitxia ematen duen arren, umoreak ematen dit bide bat gaiari gertuagotik heltzeko. Nik uste dut ironiarekin ere gertatzen dela literaturan. Ironiak ematen dizu giltza bat, zenbait gaietan murgiltzeko sarbidea, beste modu batean oso zailak direnak lantzen.

 Gaia, buruan bueltaka

Hari jakin batek lotzen ditu ipuin denak. Horrek osotasun bat ematen dio liburuari.

Lau edo bost ipuin idatzi ondoren, konturatu nintzen gai hau nuela buruan bueltaka. Orduantxe konturatu nintzen, idatzi ondoren. Eta behin horretaz konturatuta, badago nire aldetik joera moduko bat. Behartu gabe ere, baina deskubritu duzu zer daukazun buruan. Eta orduan behin hori jakinda, bide horri jarraitzen diozu. Hurrengo ipuinak agian pixka bat bideratuagoak etorri dira.

Harrera ederra dute zure liburuek. Horren ondorioz, presio handiagoa sentitzen al duzu idazteko garaian edo ez?

Idazten nagoenean ez nago horretan pentsatzen, nik dakidanez! Nik idazten dudanean hartzaile bat dagoela pentsatzen dut, baina ez zenbat hartzaile diren, asko edo gutxi. Hartzaile bat dagoela pentsatzen aritzen naiz, hori beti. Hartzaile horretara ahalik eta modu eraginkorrenean heldu nahi dut. Hori da nire kezka.

Esango nuke ez dudala inolako presiorik sentitzen. Zenbait liburu idatzi dituzunean, iritziak jasotzen dituzu. Horrek nahita nahiez badauka eraginik. Zeren batek edo bik edo hiruk gauza bera esaten badizute, hurrengoan kontuan izango duzu hori. Baina bestetik, idazterakoan, aurreko liburuek harrena ona izan duten ala ez, ba ez dut horretan pentsatzen. Uste dut ezetz.

"Musika airean", laster gazteleraz

"Musika airean"nobela itzultzen ari zara gaztelerara. Noiz izango da kalean?

Orain itzulpen lana egiten ari naiz. Udaberrirako entregatu behar dut eta udazkenean edo kaleratuko dutela uste dut. Hori bukatzen ari naiz orain baina beste gauza suelto batzuk idazten jarraitzen dut. Poema batzuk idazten ari naiz ere. Ariketa gisa hartzen dut poesiarena, baina ez dakit horrekin jarraituko dudan edo ez.

Eta beste nobela bat idazteko asmorik ez?

Beste nobela bat hasteko moduan ez nago. Ez zait etorri gaia. Burua gehiegi behartu gabe etorri behar du gaiak, eta gai hori lantzeko gogoak. Momentuz nahikoa lanpetuta nago gauzatxo hauekin.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)