Elkarrizketak

Leire Bilbaorekin solasean

   Ostirala, 2016-11-11

Orain aste batzuk aurkeztu zituzten Munduko Poesia Kaierak bildumako udaberriko hiru aleak Susa argitaletxekoek. Kaieretako baten egilearekin hitz egin dugu, Leire Bilbaorekin, berak itzuli baititu Nijole Miliauskaite autore lituaniarraren poemak. Miliauskaiteri buruzkoak eta bere poemak hemen irakur ditzakezue.

Leire Bilbaorekin solasean

Nola ezagutu zenuen Nijole Miliauskaite?

Egia esan, Beñat Sarasolaren eskutik ezagutu nuen. Poesia itzultzeko gogoz nenbilen eta esan nion, botaidazu amua eta ea zerbait harrapatzen dudan. Berak aurkitu zuen Miliauskaiteren ingelesezko antologia bat eta pasa egin zidan. Irakurtzen hasi eta harra piztu zitzaidan berehala. Handik eta hemendik poemak bilatzen eta biltzen hasi nintzen orduan, eta poeta bat itzultzeko biderik onena hura itzultzea dela sinetsita, ekin nion. Adikzio baten parekoa izan zen. Haurdun nengoen gainera, 8. hilabetean eta bajan. Ezin nuen ipurdia asko mugitu, eta itzultzen eman nituen orduak.

Zergatik erabaki zenuen MPKra ekartzea?

Miliauskaitek emakumea izateaz gain, hizkuntza ez-hegemoniko batean idazten du. Bestetik, ez da idazle ezaguna eta ezagutu egin nahi nuen. Bere poesia oso pertsonala da, nabari da barne-mundu propio bat, Lituania ezezagun baten oihartzunekin eta Lituania ezezagun horren intimitate pertsonal bat dakar bere poesiak. Ematen du bere etxera eramaten zaituela, bere egongelan esertzen zaituela, te kikara batekin, eta gauzak kontatzen dizkizula. Bere poesia ez da ikusgarria, ez dauka artifiziorik, ez du esaldi handi-mandirik, baina hala ere goxo besarkatzen du irakurlea, eta nik uste dut balio handiko poesia dela berea.

Nor zen Nijole Miliauskaite?

1950ean jaio eta 2002an hil zen, 52 urterekin baino ez, Vilniusen, Lituanian. Etxe nahiko txiro batean jaio zen, eta bere gurasoek babes-etxe batera eraman behar izan zuten. Bizimodua ateratzeko sendabelarrak poteratzen eta panpinak josten ibiltzen zen, eta merkatuetan saltzen zituen gero.

Emakume autodidakta izan zen, irakurtzen zebilen beti, liburu bat besapean zuela. Oso emakume kultua zen, baita sinestuna ere. Vytautas Bloze poetaren hirugarren emaztea izan zen. Aipamena ez da balekoa. Senarrak KGBa zeukan jarraika eta erietxe psikiatriko batean eduki zuten preso. Miliauskaitek senarra zaintzen eman zituen urteak, bigarren plano batean mantentzen zen, isiltasunetik idazten zuen.

Itzultzeko gogoz zenbiltzala esan duzu lehen. Zer ematen dizu jardun horrek?

2014. urtean itzulpen-tailer batera gonbidatu ninduten Galiziara. Aurretiaz ere itzuli izan ditut poema solteak, badut lagun bat poemak bidaltzen dizkidana itzuli ditzadan.Gustoagatik egiten dut. Baina Galiziako itzulpen-tailer horretan autorearekin aurrez-aurre egoteko aukera geneukan eta itzulpen baten bihurgunean zenbat gauza erortzen diren ikusteko balio izan zidan. Asko ikasi nuen eta gehiago ikasteko gogoa piztu.

Poesia idazten ikasteko ere ariketa ona da. Idazleak darabiltzan baliabideak agerian geratzen dira, zelan erabiltzen duen hizkuntza, erritmoa nola zaintzen duen… Adibidez, Miliauskaite oso ona da erritmoari eusten eta hori hausten. Irudi bat sortzen du eta hurrengo esaldian hautsi egiten dizu. Hori asko gustatu zait. Itzultzea sorkuntza-lana den arren, ez zara hutsetik abiatzen; aurrean duzun ile mataza luzea orraztea bezalakoa da, plazera.

Zer irizpideren arabera hautatu dituzu poemak? Nola antolatu duzu antologia?

Lau poema-liburu argitaratu zituen bizirik zela, orduan hurrenkeran ipini ditut: Ursula S.-ren potreta, 1985koa, hor 21 poema aurkitu nituen, eta denak itzuli, ondoren Biziko ez garen etxea, 1988koa, 19 poema, Logela debekatua 1995ekoa, 32 poema, eta Bihotzeko labirintoa, 1999koa, eta hortik 10 poema itzuli nituen. Kaieren bildumak, ordea, lerro-kopuru jakin bat eskatzen du, eta poema batzuk kendu behar izan nituen.

Jatorrizkoa lituanieraz dago, nola egin duzu lan horrekin? Zubi-hizkuntzak baliatu dituzu?

Bai. Ingelesezko eta gaztelaniazko bertsioekin aritu naiz. Gero, Laura Liubinavičiῡte aurkitu nuen, kasualitate eder bat dela medio, euskara ikastera etorri baitzen Zornotzako barnetegira. Lituaniarra da bera, itzultzaile da ofizioz. Zoragarri egiten du gazteleraz, eta euskara ikasten ari da. Poesia eta literatur zalea da gainera eta ezagutzen zituen Nijole eta bere senarra… Pista asko eman dizkit berak.

Itzultzeko orduan zer irizpide jarri dizkiozu zeure buruari?

Saiatu naiz testuari ahalik eta fidelen jarraitzen, baina poemak itzultzen ari bazara, eta jatorrizkoak erritmoa badauka, bada erritmo hori zaindu behar duzu, eta hitz baten edo bestearen alde egin, sonoritatearengatik. Saiatu naiz bere ahotsa ekartzen euskarara. Eta itzulpena irakurri dudanean, ez dut inondik inora nire ahotsa hauteman. Hori ze nire asmoa.

Poemetako batean dio: “zure mundua / infinitua, apaindura gutxikoa, idealizatu gabea da”. (neskato hitz-motela). Poemen tonua definitzen du oro har, ezta?

Emakume oso apala zen. Eta nabari da bere testuetan. Izenbururik gabe datoz poema guztiak, ia letra larririk gabe, punturik apenas… Bere iraultza feminista propioa bizi izan zuela esango nuke, gainera. Senarraren itzalpean, argia egitea lortu zuen azkenik. Esan daiteke, ez zituela modak jarraitzen; makramea egiten zuela hitzekin. Hitz bakoitza josi eta lotu egiten du Miliauskaitek, poema arte-lan sendo bat bezala eraikiz. Bestalde, Liubinavičiῡtek esaten zidan haizean piztuta dagoen kandela baten modukoa dela Miliauskaiteren poesia. Argia ematen du baina hauskorra da.

Sarritan agertzen da bakardadea bere poemetan. Batetik, badago bakardade triste moduko bat. Bestetik, helduaroko bakardade emankorra dago, poetak gutxitan lortzen duena, adibidez, [zure orduak] poeman argi agertzen dena. 

Bai, gai garrantzitsua da berarentzat. Babes-etxeko bakardadea agertzen da, umetan bakarrik eta berezi sentitzearena. Gero, agertzen da baita ere umerik ezin edukitzearen pena, eta nik uste dut hori ere lotu genezakeela bakardadearekin. Bikotearen aurrean daukan bakardadea, naturaren aurrekoa…

Etxerik eza ere etengabe aipatzen du.

Min bat dauka etxearena. Hitzaurrean esaten den moduan, 1991. urtearen aurretik, hau da, independentzia aurretik, amatasunaren eta etxearen erdian zegoen nazioa, baina Miliauskaitek bere eremura darama gaia. Nire ikuspegitik, lotu egiten ditu bere Lituania maitea eta bere etxe maitea. Leku bat topatzearen mina edo antsia adierazten du. Umetan bakarrik zegoen, etxe barik, gero KGBa atzetik zeukala, beti zebilen ihesean, beraz, lekutzeko premia bat nabaritzen da.

MPK bildumaren helburua da munduko poesiaren ondarea gurera ekartzea. Zure iritziz, zer dakarkio Miliauskaitek gureari? Zer ikas diezaiokegu?

Euskarazko poesia-irakurleak ez gara asko, eta poeta ezagunak euskaraz ekartzea bezain beharrezkoa iruditzen zait poeta ezezagunak ekartzea ere.

Bestalde, ezagutzen ez dugun herrialde bateko oihartzunak ekartzen dizkigu. Lituaniako poesiaren joera batzuk: adibidez, modu inpertsonala asko erabiltzen du. Bere mundu-ikuskeraren ezaugarri bat badena. Gero, bakarrizketa asko daude bere poemetan, eta bakarrizketa horren barruan solasaldiak sortzen ditu, hori ere ohikoa omen da hango poesian. Eta azkenik, pertsona gramatikalen konbinaketa, lehengo pertsonatik bigarrenera salto egiten du poema baten erdian adibidez, berriz, lehengora bueltatzeko.

Miliauskaitek momentu ilunetan argia bilatzen du, galeren aurrean itxaropena eta minaren aurrean edertasuna, hori guztia emakume ahots propio batez.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)