Leire Bilbaori elkarrizketa
'Scanner' poesia liburua kaleratu du Susaren eskutik Osteguna, 2011-10-13Leire Bilbaok Scanner poesia liburua kaleratu berri du Susa argitaletxearen eskutik, Ezkatak (Susa, 2006) lehen liburutik bost urtera. Bien artean haur literaturan argitaratu ditu zortzi lan (azkena Oihana hirian, Elkarren eskutik), ibili da ekitaldien antolakuntzan zein errezitaldietan, funtsean ahots poetikoa sakontzen, eraldatzen, probatzen, zedarritzen... orain, bere burua pasa du eskanerretik.
Ezkataken aldean ahots poetikoari dagokionez estilo zuzenagoa, argiagoa, zehatzagoa topatu dugu bertan. Bost urte hauetan ahots horren bila ibili zara, haren zain egon zara?
Nik uste dut haren bila joan naizela. 'Ezkatak' nire lehenengo poema liburua izan zen, bertan poesiarekin jolasten nuen lehen aldia izanik ahots poetikoa sortzen eta bilatzen ari nintzen. Oraingo honetan, batez ere urte hauetan egindako irakurketa askoen ondorioz, konturatu nintzen zerbait soilagoa egin nahi nuela, apaingarri gutxiko zerbait. Nahiago nuen irakurleak topa zedila irudi batekin edo joko batekin eta ez hitz arranditsuekin, izan zedila soila eta batez ere eguneroko bizitzako kontuekin eta gauzekin egindako poesia bat. Badirudi batzuentzat poesia arnas handiko gauza bat dela, ulertezina, ez dela helgarria. Oraingoan eskuekin ukitu zitekeen zerbait egin nahi nuen, zehatzagoa, eguneroko bizitzako elementuak hartuz horretarako: labadora, telefono deiak, ezkaratzean nago tomate bat mozten... gauza horiekin poesia egin nahi nuen. Horrekin batera hizkuntza bera garbitzen saiatu naiz. Nik baino hobeto azaltzen du Ada Salas poeta cordobesak, esaten duenean: 'idatzi-ezabatu, idatzi-ezabatu, idatzi-ezabatu, ezabatu-ezabatu-ezabatu'. Horretan aritu naiz urte hauetan, esan nahi nuenaren muinera joateko ezabatzen eta gauzak kentzen. Nik beti eduki dut hitzarekin lilura, hitzekin jolastea asko gustatzen zait, baina oraingoan lilura hori mantendu arren soilago egin nahi izan dut, joko ulerterrazagoak agertuz.
Bost urte pasa dira Ezkataketik baina ez zara geldirik egon: haur literaturan sortzen jardun zara, Eako poesia egunak bezalako ekitaldien antolakuntzan, errezitaldietan parte hartzen... bide horiek lagungarriak izan dira ahots poetikoa garatzeko orduan?
Nik uste dut era inkontziente batean eragingo zidala. Konturatzen naiz epealdika idazten dudala, ez konstanteki, barruak agintzen didala une jakin batean poesia sortzea. Liburu hau 'poesia gosea da' aipuarekin hasten da, hain zuzen ere. 'Ezkatak' idatzi eta gero asetuta geratu nintzen, gerora sentitu nuen berriro barruak eskatzen zidala poesia idaztea. Tonto-tonto haur literaturan zortzigarren lana aurkeztu berri dut; nahiz eta beste begirada batekin eta beste estilo batean idatzi, horrek ere ematen dit jokoa. Neure burua probatzea eta estutzea da gustatzen zaidana, egoera diferenteetan galtzea. Haur literaturan munduari umeen begiekin begiratzen saiatzen naizen bezala poesiaren kasuan ere munduari beste begi batzuekin begiratzen saiatu naiz, eskanerrak egiten. Eskanerra begiratzeko modu bat da, ingelesez 'gertutik begiratzea' esan nahi du. Saiatu naiz neure burua begiratzen eta probatzen, sufritzen dut idazten dudanean baina era berean plazererako moduan hartzen dut sortzea, neure burua ataka ezberdinetan jartzea.
Zer pasa duzu eskanerretik?
Neure burua pasa dut. Ingurura begiratzeko ere jakin behar dugu nor garen, non gauden, non nagoen kokatua ingurune horretan. Begiratu diot neure buruari, neure gorputzari, introspekzio ariketa bat egin dut eta neurea begiratu ondoren inguruko gauzei begiratu diet. Ikusi edo ikusi uste duguna ateratzen saiatu naiz, inguru horretan dagoenarekin espresatzen edo poesia egiten.
Liburuan oso neurtua da dena, aurkezpenean esan zenuen badela hari bat ataletik atalera doana, kasu batzuetan irudi bat dena, besteetan esaldi bat, elementu bat... poematik poemara egin duzu lan, une oro kontziente izan zara osotasunaren zentzu horrekin?
Lehenengo liburua atera nuenean poema bat idazten nuen, gero beste bat... bildu egin nituen nolabait eta osotasun bat eman gero. Oraingoan gehiago joan naiz osotasun hori bilatzera. Ez dizut esango bost urteak osorik eman ditudanik idazten, baina bai irakurtzen, gordetzen, pentsatzen... esan bezala epeka, aldika eta pultsioka idazten dut. Momentu batean barruak agintzen zidan familiaz hitz egiteko, beste batzuetan gorputzaz... beste aldi batean ibili nintzen XX. mendeko poeta ingelesak irakurtzen, obsesionatu nintzen nolabait, surrealismo asko topatu nuen haiengan aurkitu uste ez nuena. Une horretan atera zitzaizkidan ukitu surrealista arin bat daukaten poemak, 'Zakurra labadoran' atalean adibidez, eta konturatu nintzen denak bazuela osotasun bat, azken finean identitateaz ari nintzela. Familia, non nago, nondik nator, zelan sortzen dut neure burua, idazketa, literatura... gero jolasten aritu naiz, elementu ez poetikoak hartzen poesia egiteko, gauza arruntak, kotidianoak. Ibilgailuak adibidez, sartu zitzaidan apeta ibilgailuekin poemak egiteko. Nik uste dut poesia ez dela modu kontzientean idazten, hori argi dago, baina begiratzen eta neure buruari eskanerra egiten oraingoan estruktura bat egin nahi nuen, hezurdura bat eman. Azkenean sei hezur jarri dizkiot eskaner honi.
Eta lehenengo hezur horretan familia, aita, ama... eta ez ohikoak egiten ahal diren gaiak: itsasoa, portua zain geratzen den alabaren ikuspegitik... Zergatik eman diozu hasiera familiarekin, abiapuntu ezinbestekoa zen?
Argi nuen liburu honek hasiera zehatza izan behar zuela, eta hori 1977ko urria zen. Ni 1978ko uztailekoa naiz. Gogoa neukan ni sortu ninduteneko momentuaren inguruko imajinazio ariketa egiteko. Lehenengo atal horretan, Pessoak esaten zuen bezala, 'poeta fingidorea da'. Oso teknika zaharra da, autofikzio ariketa bat egin dut, gauza asko egiazkoak badira ere saiatu naiz jendeak erreala edo gertukoa sentitzeko moduan ematen. Batez ere poema horiek irakurlea indiferente ez uztea nahi nuen, berdin zait gustatu edo ez gustatu. Kafkak esaten zuen liburu bat izan behar dela kontzientziaren itsaso izoztua hausten duen hori: indiferente ez uztea, sinesgarria izatea, ni eta nire errealitatetik mintzatzea. Gainera atal hori 'ama hilda dago baina ez naiz ni izan' esanez amaitzen da, Sarrionandia gogoan. 'Aita hil' esaten du jende guztiak, nik berriz 'ama ere hilda dago eta ez naiz ni izan'.
'Paperezko deiak' bigarren atalarekin jauzia egingo da, tonu aldaketa handia. Ale gutxien duen atala da hauxe, izen gehien biltzen dituena.
Hori da, lehenengo atalean kokatzen ari naiz, zer den nire familia, nondik natorren. Ni txikitatik irakurzalea izan naiz, horrekin ere garatzen joan naiz. Bigarren atalean azaltzen dena sorkuntza literarioak eta irakurketak duten garrantzia da. 'Poeta hilak' poeman azaltzen da nola egunkaria irakurtzen ari nintzela notizi txiki-txiki batean topatu nuen 'Blanca Varela hil egin da', justu orduan ari nintzen irakurtzen 'Donde todo termina abre las alas'. Joan nintzen bere liburua hartzera, begiratu nuen non zegoen eta Dylan Thomas, Rosario Castellanosekin batera... denak nituen hor, hori ere bada niretzat sortzearen parte. Sorkuntza literarioaz ari naiz, baina ni ere idazle moduan zelan ari naizen neure burua sortzen.
Hortik hirugarren atalera goaz, 'Galdera bat da gorputza', gogoeta gorputzera eramana. Poemarik laburrenak daude hemen, askotan ukitu gordin batekin idatziak, gorputzera gerturatzean ukitu gordin horrek halako krak bat sortzen du gugan?
Bai, familia ni sortzen ikusi dugu lehenik, gero ni pertsona eta idazle modura kokatzen, hurrengo urratsean nire gorputza ere ni garatzen, ni gorputzarekiko hazten, sexualki agertzen... gogoa nuen momentu horretan horren gainean idazteko.
Gordin. Animaliak azaltzeak areagotu egiten du gordin ukitu hori.
Momentu horretan argi nuen gordin behar zuela, barruak ala agintzen zidan. Poema horietan animaliak sartu ditut, animaliekin halako paralelismo bat egin nahi nuen, gu ere animali garen heinean gorputza gordin eta animaliatasunez edo animaliakeriaz erakusteko. Azken finean gorputza ere bada sorkuntzarako bide, emakumeen kasuan behintzat, baina baita plazererako bide ere. Natural hartzen saiatu naiz, gordinkeri guztiarekin.
Eta animaliak objektu bilakatzen baditugu askotan, laugarren atalean egunerokotasunari loturiko objektu eta keinuak topatuko ditugu.
Animaliak agertzen dira 'Gorputza galdera bat da' atalean eta hurrengoan, 'Zakurrak labadoran', animalietatik eguneroko bizitzako elementuetara egiten dut lotura. Lehen esan bezala ukitu surrealista duten poemak dira hauek. Labadora heriotzaren berri batekin lotuta dator adibidez, labadora izorratzen den egun berean jasotako berria; labadora berria erosi eta aurrera egin behar da, horrelako gogoetak egiten laguntzen didate elementu horiek.
Eta garraiobideak ere badira egunerokotasunari loturiko elementuak. 'Asfalto gosea' bosgarren atalean dute protagonismo berezia. Garraiobideak gertuko ditugun arren ez dira labadora bezain etxe-barrukoak, hegazkinak badauka ikuspuntu urrun bat, gauzak kanpotik ikusten dira handik...
Bai, badago kanpotik begiratzearena, baina baita bestelako ikuspuntuak ere. Kotxean gidatzen noan poeman adibidez; askotan gertatu zaigu kamioi bat edukitzea aurrean enborrez kargaturik, hortik egin nuen ebokazio bat ebakitako atzamarrak ikusita, 'eta zu ez zauzkat ondoan, ukitzen zaitut baina ez zaude'... Nolanahi ere poema denetan nago garraiobideen barruan. Batez ere elementu ez poetikoak erabili nahi nituen, eta era berean poemak bidean daudela sentitu. Poemek ez daukate hasiera edo amaiera argirik, badoaz.
Ezberdinena bukaerako atala da agian, 'Elurraren isiltasuna'. Osotasunaren zentzu batekin geratzeko balio lezake honek, batez ere identitatearen bilaketari dagokion harian. Azkeneko atalak markatzen du norberaren ukapen/onarpenaren arteko talka, errenditze bat batzuetan nahiz eta hautazkoa eta kontzientea izan. Tentsio horrek gidatzen du liburua?
Bai, gainera nahita bukatzen da 'Belaunaldia' poemarekin. Liburuaren hasiera oso argi nuen bezala amaiera irekia izan behar zela ikusten nuen. Lehenengo poemari eta azkenari hari fin bat ikusten diet: 'Neuretik baino ez dakit/ bi pauso atzerago noa beti kaletik'... sortu den hori hazi da, garatu da. Ate bat zabalduta amaitu nahi nuen liburua. Identitatearen gaineko galdera bat da funtsean liburua: non nago, nora noa. Poema hauetan eguneroko elementu gutxiago dago, ez-konkretuenak dira, ez daukate heldulekurik. Gehiago dira identitatearen inguruko galderak. Nolanahi ere atal hau puntu eta jarrai bat da, ez dauka amaiera bat nahiz eta lurraren isiltasunarekin amaitu. Oro har agian irakurleren bat gehiago identifikatuko da atal batekin bestearekin baino, asmo ezberdinak edo arnas ezberdinak ditu bakoitzak, erritmo ezberdinak daude. Urte asko pasa dira poema liburu batetik bestera eta ez dakit ez ote dudan idatzi beste ezabatu. Hala ere saiatu naiz nire ahotsa mantentzen, gai, estilo eta arnas ezberdineko poemetan ere.
Poesia gosea da. Gose zara oraindik?
Ez dakit, egia esan liburua duela urtebete amaitua neukan. Ordutik neurtzen, kentzen ibili naiz. Badut mania bat poesiaren ekonomiarekin, eta badut mania bat gauzak neurtzeko eta kentzeko, justua izan dadin, ez gehiago ez gutxiago. 'Ezkatak' amaitu eta gero bai, gose barik gelditu nintzen. Oraingoan ez dakit, orain hau aurkeztu dut baina jatea beti da plazer, agian hasi beharko naiz zerbaitetan, neure burua beste ataka batean jartzen eta beste ariketa literario batzuk probatzen.
Poema hauek aproposak izan daitezke zuzenean errezitatzeko, baduzu asmo hori ezta?
Bai, 'Ezkatak'ekin egin genituen errezitaldi batzuk eta orain ere egingo ditut, Domentx Uzin-ekin batera. Berak hainbat instrumentu jotzen ditu eta zerbait berezia egiteko asmoa dugu, berak bere sorkuntza egin dezan, gero nik jada egina dudanarekin uztartuko dena. Ahotsenean eskainiko dugu lehen errezitaldia.