Elkarrizketak

Maialen Berasategi: «Poesiazale gehienek aurkitu ahalko dute bere egiteko zerbait Adrienne Richen aleen artean»

Ostirala, 2017-06-02

Adrienne Richen poema-antologia prestatu eta itzuli du Maialen Berasategi itzultzaileak (Gasteiz, 1989), eta Susa argitaletxeko Munduko Poesia Kaierak bilduman kaleratu. Richen ibilbide poetiko-politikoaz eta antologia osatzeko prozesuaz hitz egin dugu Berasategirekin.

Maialen Berasategi: «Poesiazale gehienek aurkitu ahalko dute bere egiteko zerbait Adrienne Richen aleen artean»

Poeta bat, bi garai

Nor zen Adrienne Rich?

Poeta bat, esango nuke. Ez omen zen probatzeagatik edo gustuz hasi olerkien generoan: zenbait gauza bestela adierazi ezin dituzten idazle horietako bat izan omen zen. Estatu Batuetan jaio zen, erdiko klaseko familia zuri batean, eta hazi zenean erdiko klaseko familia zuri bateko emakumearen bideari segitu zion berak ere, harik eta ohartu zen arte, nolabait esateko, ez zuela nahi gehiago bizi Aitaren Etxean. Besteak beste, prozesu hori dena islatzen du haren poesiak, bere ertz, bere barrunbe.

Zergatik hautatu zenuen?

Ohartu nintzelako Euskal Herrian ez zela batere ezaguna, eta iruditu zitzaidalako Richek behar zuela bere txokotxoa gurean ere. Poeta miretsia izan da ingelesdunentzat eta, bereziki, estatubatuarrentzat; “haren sokakoak” ez ziren adituek ere goretsi zuten. Haren poemek badute halako indar neurritsu bat, halako aldarri sor bat, eta, forma aldetik, dotorezia batere ez pedante bat. Iruditu zitzaidan oso pertinentea zela euskarari eta euskaldunei ekartzea haren ale batzuk.

 Noiz ezagutu zenuen Richen lana eta zer iruditu zitzaizun azpimarragarri?

Orain bost urte ezagutu nuen, hil zenean. Halaxe gertatzen da askotan, niri bai behintzat: sekulako ibilbidea duen sortzaile bat, batzuetan, hiltzen denean ezagutzen dugu, orduantxe eskaintzen diotelako hedabideek minutu erdiko erreportaje bat telebistan edo hamar lerroko albiste labur bat periodiko-orri baten ertzean. Niri neuri haren bizimodu poetiko-politiko-sozialak eman zidan batez ere atentzioa. Poeta ez ezik eragile ere izan zen: gerraren aurkako mugimenduan ibili zen, eta sexu-, arraza- eta klase-bereizkeriaren kontrakoetan ere bai. Lesbianentzat ere, erreferente publiko sendoa izan zen. Hortik abiatuta, haren idazkietan murgildu nintzen, eta ikusi nuen bat samar zetozela haren idatz-jarduna eta haren bizimodua.

Bi aro daude bere obran, ezta?

Lehenxeago aipatu dugun bilakaera soziopertsonal horrekin batera eboluzionatu zuen Richen idazkerak ere. Kontuan hartu behar da 1929an jaio zela, eta bizi guztian idatzi zuela, XXI. mendearen hasierara arte: hainbeste urtean, beharko aldatu. Hark beti esaten zuen idazle klasikoak leituz hazi zela, idazle gizonezko zuriak leituz alegia, eta hasieran haien estiloari usnaka ibili zen: poesia nahiko formala zen oro har, neurtitzak-eta, errimak-eta… eta ni poetiko esaten zaion hori ere, ezkutu samarrean. Urteek aurrera egin ahala, ordea, 50-60ko urteez geroztik, bere baitatik idazten hasi zen gehiago, libreago nolabait, bai azalez eta bai mamiz, gai eta ikuspegietan bezala forma aldetik ere.

subRICH-articleLargeAdrienne Rich, 1987. Irudia: Neal Boenzi/The New York Times

Itzulpena, arian-arian

Nolakoa izan da antologia osatzeko prozesua? Lehenengo aukeratu, gero itzuli? Aukeratzen joan ahala itzuli?

Hasieran, antologia gehienetan ageri diren alerik printzipalenak bildu nituen, eta horiek itzuli nituen. Gero, liburuan oraindik lekua zegoenez, banaka edo binaka hautatuz joan nintzen gehiago, eta arian-arian itzuliz joan. Bigarren horiek ere azaltzen dira beste antologietan, baina esan liteke aukeraketa horretan gehiago nabaritzen dela nire eskua.

Zeintzuk aukeratu dituzu, aro bateko poemak bereziki, bietatik berdin…?

Bigarren arokoak dira gehien-gehienak. Azken batean, horiek egiten dute Rich berezi, horietan nabari da gehien haren izate poetikoa eta pertsonala, eta horiengatik egin zen benetan ospetsu.

Zer irizpide hobetsi duzu poemak hautatzeko?

Batetik, lehen esan bezala, ingelesezko antologien hautaketa izan dut kontuan: bene-benetako adituen irizpideak, azken batean. Bestetik, saiatu naiz ahalik eta ikuspegi zabalena emango zuen bilduma bat osatzen, bai gaien aldetik, bai estiloen aldetik. Eta ale gutxi batzuetan, gustu pertsonalari egin diot kasu: badira poema batzuk agian hain-hain ezagunak ez izan arren oso onak direnak, eta iruditu zitzaidan halako batzuk ekarri behar nituela Richen euskarazko lehen bildumara.

Zerrenda erako poema asko daude…

Bai. Hartzen zuen gai bat, eta, ale luze bakarra idatzi ordez, jorratzen zuen zenbait ale laburretan. Halakoa da, esaterako, Isiltasunaren kartografiak, non hitz egin ezinaz eta, batez ere, entzuna ez izateaz mintzatzen den. Natur baliabideak ere zenbait alez osatua dago; hor, munduaren makro- eta mikrosuntsipena ikusita, “mundua berregin dutenen alde” lerratzen da Rich. Edonola ere, uste dut Hogeita bat maitasun-poema dela zerrenda erako horietan ezagunena... Ez dira maitasun-poema klasikoak, oro har ez dira erromantikoak zentzu hertsian, hain justu ere maitatzeko modu berriekin nola moldatu eta nola bizi deskubritu nahian aritu baitzen idazlea.

Gustura geratu zara? Arantzarik geratu zaizu?

Oro har, nahiko gustura, bai. Uste dut antologia labur baina nahiko oso bat ekarri dugula euskarara. Itzulpenetan beti geratzen dira arantzak eta zalantzak: “hau hala egin banu” edo “bestea lehen bezala utzi banu”... Itzultzea guztiz amaitu ezinezko lan bat den heinean, burutu ezin horrek, perfekzio ezin horrek beti uzten du sentipen gazi-gozo bat. Edonola ere, uste dut duin eta txukun geratu dela kaiera.

Ba al daukazu poema faboritorik?

Ezin bakar bat aukeratu: gai eta estilo ugari jorratu zituen Richek, eta horietako bakoitzean baditut kuttunago batzuk. Errain baten argazkiak, Amorruaren fenomenologia eta Bortxaketa, adibidez, olerki gordinak dira, astindu egiten dute irakurlea, eta horregatik gustatzen zaizkit. Hala idatzia gera dadin eta Mundu zailaren atlasa poemek ere giza eta gizarte-zikinkeriak azaleratzen dituzte, eta ederrak dira bere ilunean. Izeba Jenniferren tigreak, berriz, Richen garai formalekoa da, eta txoroa dirudi baina izugarri ona da, bilgarri xalo baten azpian errealitate oso larri bat islatzen duelako. Azkenik, Hogeita bat maitasun-poemetako ale batzuk azpimarratuko nituzke, ezin hobeto uztarturik azaltzen baitituzte nekea eta samurtasuna eta bakea eta ezinegona eta etsipena eta ez etsi nahia.

Rich ezagutzen ez duenari eta antologia hau hartuko duenari zer esango zenioke?

Ba, poesia irakurtzeko garaian neure buruari esaten dizkiodanak esango nizkieke besteei ere: ez izateko presarik, une goxo edo lasairen bat aukeratzeko, ez izateko aurreiritzirik, konfiantza izateko Adrienne Richengan, ez izateko liburuaren ordenaren nahitaezko esklabo, eta ez izateko beldurrik gustatzen ez zaien aleren bat bukatu gabe utzi eta beste bati ekiteko. Poema batzuk zeharkakoagoak eta sinbolikoagoak dira, eta beste batzuk, zuzenagoak. Gaiak ere, lehen esan bezala, askotarikoak. Baina uste dut poesiazale gehienek aurkitu ahalko dutela bere egiteko zerbait Richen aleen artean.

Poeta ez da pertsona isolatua

Saiakerak ere idatzi zituen Richek, batez ere 70eko hamarkadatik aurrera. Aro poetikoa aldatzearekin bat, gutxi gorabehera. Ezagutzen dituzu? Poesiarekin loturarik bai?

Poemak bezain onak dira haren artikuluak. Horietako batzuetan, zenbait idazle emakumezkoren obrak aztertu zituen ikuspegi kritiko feminista batetik: Anne Sexton, Charlotte Brontë, Emily Dickinson, Anne Bradstreet… Literaturaz harago, ordea, pentsamendu mamitsua plazaratu zuen bestelako artikulu batzuetan ere. Hezkuntza-sistemari egindako azterketa eta kritiketan, adibidez, salatu zuen esparru horrek sistematikoki eta modu kasik naturalizatuan baztertzen dituela emakumeak, pobreak eta pertsona ez-zuriak bere egituretatik eta bere ikasgaietatik. Bestalde, emakumeen rol eta eginkizun inposatuak ere landu eta salatu zituen, heterosexualitatea barne (heterosexualitatea, sistema gisa ulertuta, jakina). Ez zuen Wittigek bezain zehatz azaldu, baina, azken batean, idatzi zuen existentzia lesbikoa dela nahitaezko heterosexualitate horren erregimenari ihes egiteko modu bakarra: nor izanik existitzeko modu bakarra: “Gure baitan dugun lesbiana horrek sentiarazten gaitu irudimentsu […] Gure baitan dugun lesbiana horixe da gure izate sortzailea, zeren gure baitan dugun aitaren alaba esanekoa ez baita gurdi-behor bat besterik”. Alde horretatik, iruditzen zait oso bat datozela bai Richen saiakerak eta bai olerkiak. Beharbada, artikuluak zuzenagoak dira, baina olerkiek bestelako indar bat dute.

Liburua aurkezteko ekitaldian bi gauza azpimarratu zenituen, Richen lana ari zinela: amorrua eta boterea. Isiltasunaren kartografiak, Arrotza… horra hor bere bi poema. MPKn itzulia dagoen Audre Lorde ekarri didate gogora. Richen eta bere garaiko poeten arteko loturaz zerbait esan zenezake?

Aurreko batean, MPK-ko azken ale hauek Zarautzen aurkezten ari ginela, aipatu genuen amorrua eta boterea ageri direla emakume idazle askoren obretan (Woolf barne), eta ez dela kasualitatea. Uxue Alberdik Alfonsina Storniren antologia euskaratu berri du, eta esan zuen horixe dutela antzeko Stornik eta Richek: bide zurrun horretatik ezin desbideratzeak pizten zien amorrua. Baina, era berean, Alberdik gogorarazi zuen oso garai ezberdinetakoak direla biak: Storni XX. mendearen hasierakoa da, eta, beraz, harentzat, literaturan eta pertsonalki transzenditzeko bidea izan zen gizonen artera jotzea, gizonen erreferentziak aintzat hartzea; Richek, aldiz, geroagokoa izanik, ez zuen betiko bidea eraldatu, baizik eta beste bide bat sortu zuen, beste gauza bat egitea erabaki zuen, Audre Lorde eta beste idazle garaikide batzuekin batera.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)