Maite Toledo Saralegiri elkarrizketa
"Norberaren buruarekin fidela izatearen garrantziaz jardun nahi izan dut"Ostirala, 2013-06-21“Sormena, estetika eta pertsona harmonian daudenean, glamour-a agertzen da. Pertsonon izateko eta bizitzeko moduaren berri ematen du, alegia, autentizitate bat adierazten du. Egiazkotasun hori da, hain zuzen ere, gehien erakartzen nauena”. Maite Toledo Saralegik glamourra hartu du abiapuntu Hemen (Beta, 2013) poesia liburuan. Askotariko gaiak jorratu ditu, ordea: ekonomia, balore-krisia, norberaren buruarekin fidela izatearen garrantzia, amatasuna, dotorezia, errebeldia…
Glamourra izan duzu abiapuntu. Zer da glamourraz, edertasunaz, irudiaz erakartzen zaituena?
Bada, askotan erreparatzen diot glamour berbari, eta saiatu naiz benetako esanahia zein den antzematen, baina, egia esanda, hitz anglosaxoi hori ez da erraza definitzen.
Eskuarki, dotoretasunarekin, modarekin eta zinemarekin lotu ohi dugu, eta ingurumaria horiek erakargarriak dira oso niretzat. Baina, nago hori baino haratago doala glamour-a.
Cristobal Balentziaga moda sortzailea glamourrak inguratu zuen, eta haren esanetan, “moda sortzaile onak, arkitektoa behar du izan diseinurako, eskultorea formarako, margolaria kolorerako, musikaria harmoniarako eta filosofoa neurrirako”.
Getariako jostunaren aipamena nahikoa hurbiltzen da bila nenbilen kontzeptura. Baina beste esparru batzuekin ere lotzen dut; esaterako, argazkigintzarekin eta dramarekin. Eta, nola ez, pertsonokin.
Pertsonoi dagokigunez, bakoitzak bere potentzialitateak ustiatzen jakitea da, adierazteko modu bat, berezkoa dugun zerbait, eta ez dago zertan polita izan. Finean, artea da glamour-a.
Esandakoaren harira, sormena eta estetika leudeke, batetik, baina ez estetika estatikoa, baizik eta dinamikoa, mugimenduan dabilena; bestetik, pertsonak gaude, geure zirkunstantziekin. Sormena, estetika eta pertsona harmonian daudenean, glamour-a agertzen da. Pertsonon izateko eta bizitzeko moduaren berri ematen du, alegia, autentizitate bat adierazten du. Egiazkotasun hori da, hain zuzen ere, gehien erakartzen nauena.
Berrian hitz hauek irakurri genizkizun: “Nik pose hori, maskara hori, baztertu, eta barrutik ateratzen zaigun dotoreziaren arte horri jarraitu diot”. Itxurakeriatik haratago jo nahi izan duzu, beraz?
Bat-bateko telefono-elkarrizketa labur baten ondorioz egindako transkribaketa da hori. Kazetariak galdetu eta zera adierazi zidan: “Ez al zaizu iruditzen azaleko gaia aukeratu duzula? Oro har, olerkariek gai sakonen gainean idazten duzue”.
Adierazpen horrekin ez nuen esan nahi gai sakonik aukeratu ez dudanik, baizik eta oraingoan norberaren buruarekin fidela izatearen garrantziaz jardun nahi izan dudala; alegia, nor naizen adierazteko gogoa neukan. Eta, horretarako, ez daukat, ez maskararik jantzi, ez rolik antzeztu beharrik.
Norberaren baitan gordetzen dugun horretara, muinera jo nahi izan duzu. Bizi dugun une jakin honetan, zein izan da gai eta tematika honetara jotzera bultzatu zaituena?
Egunerokotasunean aurrera-atzera, batzuetan despistatzeko arriskua izaten dugu, bizitzak, gizarteak jartzen dizkigun edota guk geuk aukeratzen ditugun rolen ondorioz. Hori dela eta, nire buruarekin konektatzeko premia sentituko nuela pentsatzen dut.
Tematika, kasu honetan glamourra, kezkak edo burutazioak garatzeko aitzakia edo abiapuntua izan ohi da, ezta?
Jet lag (Beta, 2012) liburuko olerkietako batean honela diot: “Nire poeta NI naiz, baina ez naiz ni; batzuetan ni izango naiz; eta besteetan, berriz, irudika nazakeen norbait.”
Hemen (Beta, 2013) liburuko olerkietan, Glamour-a da ardatza, eta ni naizen hori, eta ni inguratzen nauten zenbait zirkunstantzia aurkituko ditu irakurleak neurri handi batean.
‘Poesiak salbatuko gaitu’ eta ‘Arrisku primaren marea’ poemek lotura handiagoa dute egun bizi dugun krisi giro honekin. Eta badira, kutsu intimoa duten beste poema batzuk ere (‘Lets twist again’ edo ‘Zatoz’). Alegia, izenburu eta portadatik haratago, oparoagoa dela tematika aldetik liburu hau.
Bai, askotariko gaiak jorratu ditut: ekonomia, balore-krisia, norberaren buruarekin fidela izatearen garrantzia, amatasuna, dotorezia, errebeldia…
Arragoa da tematika aldetik.
Artistaren ibilbidea, artelana bezain garrantzitsua
Lau zati ezberdinetan antolatu dituzu liburuko poemak: “Hilezkortasunera igaroa” ataleko poemak Jet lag (Beta, 2012) liburuari egiten dio keinu. Alegia, ez dela guztiz zuzena zerotik abiatzen garenik. Bart emandako urratsak baldintzatzen duela biharamuneko urratsa, baita sormen arloan ezta?
Behin batean entzun nion irakasle bati esaten artelan jakin bat ez dela lan horretara soilik mugatzen. Lan hori interpretatu eta kritikatzeko, artistaren ibilbidea ezagutu behar dela. Eta ados nago.
“Poesiak salbatuko gaitu” bigarren atalaren izenburua da. Garai nahasi hauetan, poesian topatu duzu babesa eta aterpe?
Bai, garai nahasiak dira hauek, gehienontzat bai, behintzat. Baina niretako, arlo pertsonalaz ari naiz, garai onak dira. Disfrutatu egin dut olerkiok orrazten eta idazten. Gozamenera eroan nau liburuak.
“Zu zeu” atalak poetaren barne-mundua iradokitzen du bereziki, ezta?
Atal honetan norberaren buruarekin fidela izateak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dut. Dramatikoak izaten ere badakigu, baina, tira, nik uste harmonia bilatzen dugula, edo behintzat hori izaten da masokista hutsak ez garenon nahia, geure buruarekin ondo egotea. Horregatik, sormena, estetika eta pertsona harmonian daudenean -alegia, estasi egoera hori lortzen dugunean-, glamourra barreiatzen dugu, autentikoak bihurtzen gara.
“Nabigazioak” azken ataleko lehen poemak honela dio: “Pausa, / muxuak / berrasmatzeko / denbora”. Denboraren iragatearen zordun dira azken ataleko poema asko. Eta bada zure ezaugarria hori ere, denborarekiko aipamenak egiteko joera, ala ez?
Nabigazioak atalean, egunerokotasunean idatzitako olerkiak txertatu ditut. Gure bizitza ez dago aurrez idatzita, baina ziurra da gure arteak, bizitzak eta ekintzek geuk harilkatzen dugun gidoi bati jarraitzen diotela: iragana, oraina eta gerorako asmoak, denbora guztiak nahaspilatzen dira.
Sophia de Mello Breyner Andresen olerkariaren poema batek ematen dio liburuari sarrera. Laugarren atalari ere (“Nabigazioak”) hark eman dio izena.
Ilustrazioekin apaindutako poemak
Jet Lag (Beta, 2012) poesia liburuan bezalaxe, irudiek ere badute bere tokia poesien artean. Nor izan da egilea, eta kasu honetan, zein asmorekin erabaki zenuen irudiak ere txertatzea?
Bai azalean, bai barruan, modarekin lotutako ilustrazioak daude. Olerki-zerrenda atondu nuen, eta ardatz moduan glamour-a izan nuela ikusita, bi adiskiderengana jo nuen laguntza eske. Moda diseinatzaileak dira biak ere.
Eurek emandako irizpide eta aholku teknikoetatik sortu nituen azaleko eta barruko irudien zirriborroak. Argitaletxeko ilustratzaileak txukundu zituen, gero, liburuan jasotako irudiak.
Duela bi urte plazaratu zenuen Jet Lag (Beta, 2012) poesia liburua. Komikirik (Ametsaren aro berria, 2005) eta saiakera libururik ere (Tekno + turismoa, 2012) plazaratu izan duzu. Poesia da akaso gustukoen duzun lurralde literarioa? Hortxe ikusten duzu Maite Toledo Saralegi idazlea erosoen?
Baliteke… Zine-gidoiak idazteko ikastaro batean ikasi nuen gidoi batek eta olerki batek bazituztela antzekotasunak: sekuentziak, irudiak eta erritmoak sortzean datza kontua. Ariketa horrekin ikaragarri gozatzen dut.
Hemen (Beta, 2013) poema liburuaren aurkezpena ezohikoa izan zen. Errezitaldi eta jai txiki baten bidez egin zenuen. Akaso bazen liburu-aurkezpen konbentzionaletatik ateratzeko saiakera ere.
Lurrinak ere saltzen dituzte, baina Noventa grados (Donostia) ez da lurrindenda bat. Lokal berezia da oso. Arte galeria, ileapaindegia, liburudenda edota arropa denda, guztiak batera daude. Hain zuzen ere, Concept-store joeraren barruan kokatu behar dugu. Bakarra da Euskal Herrian. Paris, Madril, Tokio edota New Yorken ere badaude filosofia horri jarraitzen dioten storeak.
Zergatik aukeratu nuen leku hori? Bada, alde batetik, ezaguna dut Marcial Muñoz (bertako zuzendaria). Lehenagotik bagenuen elkarrekin zerbait antolatzeko asmoa eta gogoa. Eta udaberrian Hemen liburua kaleratu behar nuenez, aurkezpen hutsa egiteaz gain, ospakizuna izan zedin nahi izan genuen. Hala, aurkezpen-errezitaldia eta festa antolatu genituen.
Eta bestetik, Noventa grados liburuaren ardatzarekin eta nire gustuekin bat dator; izan ere, han, artea, kultura, fintasuna, joskintza, dotorezia, luxua, abangoardia eta glamourra elkartzen dira.