Elkarrizketak

Mari Luz Estebanekin solasean

Amaren heriotzak libreago egin ninduen poesia liburua plazaratu du Pamiela argitaletxearen eskutikOstirala, 2013-10-04

Mari Luz Estebanek Amaren heriotzak libreago egin ninduen izeneko poesia liburua kaleratu du Pamiela argitaletxearen eskutik. “Askatasuna, heriotza, maitasuna, semealabatasuna, adiskidetasuna, amatasuna/gurasotasuna, sexualitatea, desira, "emakume izatea", denbora” bezalako gaiak landu ditu. Zerk lotzen ditu guztiak?

Mari Luz Estebanekin solasean

Gai asko landu dituzu liburuan, zerk lotzen ditu guztiak?

Nik uste dut oso gai ohikoak direla literaturan, horretan ez naizela originala izan.

Semealabatasuna, gurasotasuna... zein neurritan dira ohiko gaiak?

Amatasuna nahiko ohikoa izaten da, ez hainbeste gurasotasuna. Ez nuen amatasunaz bakarrik hitz egin nahi, edo ez bakarrik amen gurasotasunaz. Liburu hau krisi baten kontaketa da, nik liburuan egin dudana da krisi horretan zeuden elementu guztiak azaleratzea, eta nire ustez bizitza bat kontatzen duzunean –edo bizitza baten zatia- egon behar diren beste batzuk ere gehitu ditut. Zergatik? Pertsonalki eta profesionalki kezkatzen nauten gaiak direlako bertakoak.

Gai horietara iristeko krisia izan da, beraz, motorra?

Bai, nik kontatzea erabaki nuen krisi hori pertsonala da, baina baita orokorragoa ere, ez da bakarrik harreman baten krisia. Amaren heriotza abiapuntuan jarri eta hor erabaki uen krisi hori kontatzeko ze beste gai hartu. Maitasunaren gaia adibidez dezente tratatzen dut liburuan, baina beste gauza batzuen aitzakia edo metafora izan daitekeela jakinda.

Aurreko ibilbidearen harian

Saiakeraren arloan ezagutu dizkizugu honen aurreko lanak. Nola egin duzu poesiararako urratsa? Zein da orain arte izan duzun harremana poesiarekin?

Ez dakit zehazki poesiarekin hasi ote nintzen idazten baina esango nuke baietz, zale moduan; gauza asko ditut hor gordeta, segur aski oso txarrak gehienak. Gero ikasi dut idazten, antropologian, estilo eta ahots ezberdinak esperimentatu ditut hor. Critica del Pensamiento Amoroso idatzi nuenean parte batean behintzat estilo literarioagoa esperimentatu eta nahiko poetikoa zen ahots bat topatu nuen. Horregatik erabaki nuen idatzitako poemak berreskuratzea eta berriak ere egitea.

Badu loturarik beraz aurreko ibilbidearekin poesiarako urrats honek?

Forma aldetik bai, badago sekuentzia bat. Badakit estilo ezberdina dela, hautu ezberdina dela; maila batean askeagoa, maila batean lotuagoa ere bai. Gogoeta aldetik nahiko lotuta dago azken hamar urteetan egin dudanarekin.

Aipatu duzun ahots hori gazteleraz etorri da lan horietan, poesian berriz euskaraz. Horrek eragin dizu ahots hori lantzeko orduan?

Uste dut parte batean ezetz, berdin dela gazteleraz edo euskaraz egitea. Bestalde, burura datorkit Iñigo Astizek Berrian idatzitako Mingain kontra idaztea erreportajea, zeinean Antonio Casadok esaten zuen euskaraz idazteak berari ekarri diona -beste hizkuntza batean idazten hasi den heinean- distantzia pixka bat gehiago dela, ematen du zailagoa dela baina baita neurri batean bada errazagoa ere. Poesia gazteleraz idatziko banu segur aski gehiago jausiko nintzateke topikoetan, baina bestalde esango nuke niretzat ez dela oso ezberdina. Gaztetatik erabakia nuen, euskara dakidanetik, inoiz literaturan lehenengo liburu bat idatziko banu euskaraz egingo nuela, oraindik jakin gabe gerora argitaratuko nuen ala ez. Ez nuke esango asko kostatu zaidanik.

Esan daiteke generoari buruzko gaiak direla liburu honetan lantzen dituzunak?

Nik ez dakit noraino diren genero gaiak idatzi ditudanak. Ni feminista naiz militantziaz eta lanbidez, nire begirada feminista da eta horrek eragina eduki du. Liburuan nahita aukeratu ditudan gai batzuk feminismotik oso gertu daude, badaude manifestu ukitukoak ere, onartzen dut, baina orokorrean ez nuke esango genero gaiak direnik. Literaturan oso ohikoak diren gaiak dira, begirada feminista edo kritikoa eskaintzen delarik batzuetan. Kritikoa naiz kontatzen nagoenarekin ere, ariketa hori egin dut.

Zer ematen dizu horrelako gaiak tratatzeak, saiakeraren aldean?

Antropologiaren bidetik saiakera arloan lan asko egiten dugu jendearen esperientziatik abiatuta, jendearen testigantzak hartuz eta horiek landuz... noski, testigantza horiek ematen dute ematen dutenerako. Kasu honetan nik bizitzaren interpretazio bat eman nahi nuen, berrizendapen edo berridazketa hori ez da hain posible jendearen bizitzekin, norberarenarekin errazagoa da. Poesiak ariketa hori egiteko aukera eman dit: bizitza bat hartu eta interpretazio ezberdinak esperimentatzekoa.

Ama-tasuna

Titulua oso kontundentea da. Liburuan honakoa irakurri dugu:

Ama hil zen eta

erdi-minetik ihesi guran

denboraren ferekaz

ahots propio hau umatuz

joan zitzaidan.

Zer nolako abiapuntua da tituluak adierazten duena, amaren heriotzarena?

Nik uste dut bi ideia nagusi daudela liburuan: bata amaren heriotza, niretzako krisi iturri bat izan dena, eta bestea berrizendapenaren ideia hori. Errealitatea dago hor, eta metafora ere bai, askatasunaz hitz egiteko, harremanez, maitasunaz, elkar menpekotasunaz... Gai horiek nahiko presente egon ziren Crítica del Pensamiento Amoroso liburuko testigantza batzuetan.

Ez da ama bakarrik desagertuko dena, baita lagunak ere, bizitzaren eta heriotzaren ausazkotasun gordina agerian utziz.

Titulua irakurrita batzuek irakurri baino lehen esan didate “baina nola idatzi duzu hori?!”. Bada probokazio puntu bat, amatasunarena eta heriotzarena tabuak direlako gurean. Amarekiko harremanak denerako ematen du, baina oso zaila da argi eta garbi esatea: ba bai, nire ama hil da, sentitu dut, eta hala ere ni libreagoa naiz. Liburu honek izan duen parte gozoa izan da jendeak zera aitortu didanean, “eskertzen dizut, gordeta neukan baina nik ere sentsazio hori eduki nuen”. Iruditzen zait tabu horiek zabaltzea ondo dagoela.

Amaren heriotzak libreago egin ninduen dio ama batek, liburuan semealabatasunaren inguruan gogoeta egiten duen ahots batek. Amatasuna/gurasotasunaren harian, zer nolako lotura egiten duzu, belaunaldi ezberdinetatik harago?

Asko interesatzen zait alabatasuna, baina jorratuagoa daukagu. Amatasuna zure seme alabekiko ez dugu hain jorratua; hor zer nolako loturak eta atxikimenduak dauden… gurean oso estereotipatua eta ideologizatua dagoen kontua da. Ideologia ere sartu nahi izan dut hor: tituluan diodana pentsatzen badut nire amarekiko, semea daukadan heinean, zer pentsatuko dut gero? Hori ere nahiko gogor irakurri dute batzuek. Baina bai, kontuan izan dut argitaratu baino lehen semeak eta gertukoek nola irakurriko zuten.

Poemen nolakotasunaren bila

Testu batzuek pisu propioa dute, hasi eta buka bat dira. Beste batzuen artean elkar osagarritasun bat topa liteke, testutik testura doazen hariak. Testu batzuk serieka, beste batzuk kolpeka idatzi dituzu?

Bai, hasieran bazegoen kronologia bat, baina gero aldatu egin nuen egitura, beste forma bat eman nion eta gusturago gelditu nintzen. Argi nuen nondik hasi, nondik amaitu ez hainbeste, atal batzuk gauza berriekin elikatu nituen... denetarik egon da, batzuk atera eta hor geratu ziren, oso gutxi aldatuta, beste batzuk ordea ez. Orokorrean asko zuzentzen dut idazterakoan.

Poema laburrak, luzeagoak, narratiboak, aforismotik gertu daudenak… nola edo zeren arabera egin duzu jauzi modu batetik bestera? Senari jarraitu diozu, edo egon da hasieratik formarekiko kezkarik?

Poesia forma klasikoekin hasi nintzen idazten, baina gerora berreskuratu nituenean eta ahots hori topatu nuenean iruditu zitzaidan nire poesia nahiko narratiboa zela. Orduan beste forma eman nien, testu lauz. Bestetik bazegoen hautu bat ere: zer da poesia, zer nobela...? Irakurle ikuspegi batetik iruditzen zait hori nahiko apurtuta dagoela, asko interesatzen zaizkit generoen arteko mugak apurtzen dituzten lanak.

Testu mota ezberdinak daude liburuan: eszenak batetik, ideiak bestetik. Ideiena orokorrean beti doa poesia modura, eta eszenetan berriz bi mota daude: forma aldetik poetikoagoak direnak, eta narratiboagoak direnak. Horrela bereizi nituen nirekiko, ez dakit gero hori irakurleak hori ikusten duen. Tira, azkenean egin dut ahal izan dudana, ez dago den-dena hain pentsatua.

Auto-narrazioaren ideia oso presente dago, kontrazalean bertan. Zer nolako bidea egin duzu auto-narrazioaren bidean?

Nik antropologian begirada autoetnografikoa erabili izan dut, bere garaian nahiko polemikoa izan zena. Niri asko interesatzen zait hori, irakasle moduan ere nirekin daudenekin batzuetan begirada autoetnografiko edo autobiografiko hori oso presente eduki izan dut. Hala ere, iruditzen zait hor bi arrisku daudela: batetik nartzisismoarena, hori antropologian inportanteagoa da poesian baino, eta bestetik distantzia ezarena. Funtsean edozein begiradak dauka bere problema.

Zer muga legoke auto-narrazioa eta autofikzioaren artean?

Autofikzioa erabiltzen da gehiago literaturan, guk antropologian hori baino atzerago gaude. Antropologian printzipioz guk ez dugu fikzioa egiten. Hor bada eztabaida handi bat postmodernismoarekin batera sartu dena, noraino diren interpretazioak guk egiten ditugunak ere... nik uste dut badagoela interpretazioa lan horietan, baina ezin duzu hitz egin autofikzioaz.

Auto-narrazioa aipatzen duzu autoetnografiarekin lotuta, baina oraingoan literatur eremu batean.

Niri antropologia eta literaturaren arteko mugak apurtzea ere interesatzen zait. Badakit erregistro ezberdinak direla, baina ez daukat hain argi zein den diziplinen edo generoen arteko muga, ikusiko dugu zer gertatzen den literaturan edo antropologian. Nirea kasu honetan autoetnografikoa izan da? Ba bai, maila batean bai. Autofikzioa da? Ba bai, dena ez da hitzez hitz horrela gertatu. Gainera nik aukeraketa bat egin dut, kronologia manipulatu egin dut. Hori bizitza bat da? Ba bai, bizitza baten kontaketa, krisi baten kontaketa bat.

Maitasun harreman ereduak dituzu mintzagai; galdera bat sortu nahi izan duzu irakurlearengan “bizitzaren berrizendapen lanetan”, edo beste eredu batzuen alde irudiak eskaini? Zer nolako dialogoa sortzen duzu maila horretan irakurlearekin?

Maitasunaren inguruan kontatzen dena batzuetan egon daiteke lotuta bakardade bitala eta existentzialarekin, baina ez nuen gura bakarrik irudi hori eman. Maitasunaz nahiko nago pentsatzen, eta bizitzaren arintasunaz. Maitasunaren arintasunari buruzko partea nahiko berria da, nahita egin nahi nuen, gertatutakoak gertatuta ere arintasuna berreskuratu daitekeela erakusteko. Berrizendapen ariketa hori egin nahi izan dut. Ez dakit gero irakurleak nola irakurtzen duen, iritzi gutxi jaso ditut, batzuk gordintasun eta bakardade sentsazio horrekin geratu dira eta ez hainbeste arintasunarekin.Nik maitasuna bizitza bateko instante batean gertatzen den gauza oso inportantea izan daitekeela erakutsi nahi nuen, harreman sendo batean momentu batean gertatzen den gauza arin hori errekuperatu nahi nuen.

Intimitateaz

Intimitatea, hauskortasuna eta zaurgarritasuna oso tresna eraginkorrak iruditzen zaizkit norberari buruz idazteko baina baita, orokorrean, bizitzaz gogoeta egiteko ere”, adierazi zenuen aurkezpenean. Zaurgarritasuna azaltzeak ez du idazlea idazle gisa zaurgarri bilakatzen, kritiken aurrean kasu?

Ez dakit.

Seinale ona orduan.

Nik pentsatzen dudana, hau antropologian ere pentsatu dut poesian baino lehenago, zera da: norbera aurkezten denean gizartearen aurrean zaurgarri, horretaz hitz egiten, horretaz gogoeta egiten, indar bat dagoela horren baitan. Efektu hori interesatzen zait: jendearen bizitzaz hitz egiteko orduan jendearen ahuldadea izan daitekeela bere indarraren hazia edo motorra.

Horrek berak permititzen du, indar bat izan daitekeen heinean, distantzia bat edukitzea ere?

Hori da. Oraindik ezin dut guztiz jakin zergatik egin dudan liburua horrela, baina bai iruditzen zait maila batean egin nahi izan dudala nire beste alde batzuk erakustearren. Ni Dagoeneko gauza batzuetan iritzia eman duen pertsona bat naiz, zirkulu batzuetan ezaguna, eta iruditzen zait hori bera ulertzeko bestea ere ulertu behar dela, ondo dagoela bizitzaren alde guztiak erakustea. Ez baduzu erakusten zaurgarritasuna eta ahuldadea -hau ere bizitzaren interpretazio bat da jakina- guztiz interesatzen ez zaidan interpretazio bat ari zara egiten, argi duzu dena, ideiak borobilak dituzu... poesiak horretarako aukera eman dit.

Bestetik, intimitateko gauzek honakoak esateko aukera ematen dute: hau gertatu da, bizitza hori da eta puntu, ez dezagun bilatu bestelako traszendentziarik. Horretarako oso aproposa iruditzen zait intimitatea, edo intimitatetzat hartzen duguna. Edozein pertsona igual ez dago prest ez horretaz hitz egiteko ez horrela lan egiteko, ulertzen dut, onartzen dut, baina niri interesatzen zait hori intimotasunaren antropologia hori.

Intimotasuna barrura doan joera batekin lotuta ulertzen dugu, baina liburuan bada aldarri edo manifestu kutsua har dezakeen testurik ere: “Eskapan” poema adibidez. Intimitatea erabili duzula diozunean, oso kontziente izan zara beraz ‘kanporako’ mezuarekin?

Bai, poema horretako ideia hori adibidez ez dut soilik poesian landu, nire saiakeretan ere presente dago. Bada manifestu moduko bat, baina batez ere neure buruari egiten diodana.

Zure buruari ezinbestean, lehenik eta behin.

Bai, beste testuak bezala zentzu horretan, nahiz eta gero geratu apur bat manifestu moduan. Hor badago bat zeinean ikusi dudan irakurlea, honakoa:

Barka iezadazue biraoa

baina neure semearekin

besarkada intimoan nagoela

desiraren atarian

atalas hori inolaz ere iragango ez dudala jakinda

berresten dut neure izaera sexuala.

Hor esango nuke adibidez bai ikusten dudala nor dagoen hor entzuten. Besteetan ez hainbeste, probokazio puntu bat ere bada batzuetan.

Albiste honen uberan:

Liburuaren lagina Aingura Hegodunak atalean

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)