Mikel Etxabururi elkarrizketa
Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein) plazaratu berri duOstirala, 2016-11-25“Poesia subertsiboa da”, hala uste du Mikel Etxaburuk, eta ikuspegi horretatik heltzen dio poesiari. “Begiratzetik haratago, edukia-kontzientzia-kritikotasuna exigitzen duelako”. Ondarroako idazleak Blas de Otero Saria irabazi zuen iaz eta poemario saritu hura da, hain zuzen, Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein) liburuan jaso duena.
Zure ibilbide poetikoa jarraitu duenak beste aire bat hartuko dio lan honi. Izan ere, kartzelaren itzala handia da zure aurreko bi poema liburuetan. Honakoan baina, kokagunea ez da kartzela. Hiria baizik. Bilbo, zehatz esanda. Baina berdin balio dezake Donostia, Gasteiz, Paris edo London bezalako hiriguneetarako, ezta?
Bai, arrazoi duzu, aurreko bi liburuetan kartzelaren itzala handia izan da. Hala ere, kartzelak norberak bereak. Sarri askotan, ez da kartzela fisiko bat irudikatu behar kartzelez hitz egiteko. Oroitzen dut kantak ziona “(…) libro nintzela sinistarazi zidaten (…) bainan luze gabe ohartu nintzen hanka harkaitz bati lotu zidatela kate motz eta astun batez”. Denok, ia denok dakigu hanka kate motz eta astunari lotuta daukagula, eta neurri batean, zoritxarrez, ikasi ere egin dugu kate horrek eskaintzen digun askatasun mugatu horrekin konformatzen. Beraz, kartzelak era askotakoak dira; zuk zeureak eta nik neureak, baina lotzen gaituen katea beti da kate bera. Hortaz ere hitz egiten dute nire poemek.
Bestalde, hiriek badute adierazpide komunik; deserri dira askorentzat, erbeste ere badira, beste gauza askoren artean. Beti galdetu izan diot neure buruari, adibidez, ia zer pintatzen duen gaztainondo batek zementuz inguratutako metro karratuko lur sail batean; basorik inoiz ezagutuko ez duen horrentzat lubakia da aberri. Eta pertsona askorentzat ere horixe da hiria.
Zure kontra jotzen dute olatuek:
gorrek ere entzuten dute dunbotsa...
Hiria litzateke poemario honen elementu bereizgarrietako bat. Itsasoaren oihartzunak hor darrai baina. Esango nuke konstante bat dela zure poesian. Kostaldeko poeten ezaugarri dena, bestalde.
Kostaldeko poetek ondo ezagutzen dute itsasoaren aurpegia eta ifrentzua. Nire aita arrantzale izan zen 12 urte zituenetik hil zenera arte. Eta gure etxean, beste arrantzaleen etxeetan bezalaxe, makinatxo bat egoera lazgarri bizi behar izan ditugu: aitaren falta, diru urritasuna, amaren ahalegin neurrigabea, istripuak eta arrengurak. Baina baita itsasoarekiko maitasuna ere. Hori dena da niretzat itsasoa, hala ere, gehiago dauka ikuspegi onirikotik baino bizitzaren gordintasunetik.
Presoak zuk ikusten duzun ilargi bera du amets
Kartzelaren tematika ez da ezabatu. Iragana ez da mutua. Eta noiznahi bueltatzen da kartzelaldiak utzitako mina, ezta?
Bai. Eta badiot poema berean, “ (…) zeren eta ni berdin nintzen aske preso nengoenean”. Hortik ondorioztatu daiteke ere, maiz, kartzelan bezain gatibu sentitzen naizela kalean. Kartzelak, eremu mugatu fisikotik haratago badaukalako bestelako irakurketarik. Kartzelak dira beldurrak, inbidiak, nortasun ahulak, ondokoaren aizkora zorrotza… Geure buruari tranpak egitea bilakatu dugu kredo, eta hori jarrera tristea eta miserablea da. Izan ere, norberari egiarik aitortzen ez dionak, zelan aitortuko dio ezer hurkoari? Horregatik diot, ahalegin berezia egin beharko genukeela, nigandik hasita, norbanakoan eragiteko. Kolektibitateak, herriak, kuadrillak… norbanakoek osatzen dute. Eta segun eta zelakoak diren norbanako horiek, segun eta zein ezaugarriren baitako irakurketen arabera ulertzen den mundua –hurbilekoa zein kolektiboa- funtsezkoa izango da kolektibitate hori egikaritzeko, demagun herria. Euskal Herrian, ohitura dugu herriaz eta enparauez hitz egiteko; mantra durunditsua. Eta sarri askotan, nahiago izaten dugu kontzeptu orokorren baitan estaltzea norbere miseriak. Baina bat ez da esaten duena, egiten duena baizik; eta horrek salatzen gaitu, edo indartzen. Beraz, eragin dezagun norbanakoan eta horrek ziurtatuko du kolektibitate kritiko eta burukritikoak sortzea, bi elementu horien baitan oinarritzen baita niretzat askatasuna. Nire poemek hori sustatzea ere bilatzen dute… asmo handiegia, seguruenik, poema soil batzuentzat.
Honakoan hizpide nagusia ez da espetxea, ikusezin diren beste pertsona batzuk baizik. Kutxazain automatikoan lo egiten duen hurkoa, adibidez. Eguneroko martxan kokatu dituzu poema hauek. Gure ohiko jokamoldeek, ustez niminoak diren keinuek “salatzen” gaituztelako akaso?
Bai. Superbibentziarako aktibatzen zaigun sen aldrebestua dela uste dut. Aipatu izan dut behin baino gehiagotan begira nahi gaituztela; eta ez, ordea, ikusten. Eta begiratzetik ikustera dagoen zubia kontzientzia dela, gauzekiko, gertakizunekiko ikuspegi kritikoa, alegia; norberak berea. Eta horixe da, nire ustez, eraldaketarako ernamuina. Kontzientziarik gabe ez dagoelako borondaterik; eta borondaterik gabe ez dago transformaziorik. Finean, medusa talde otzan nahi gaituzte beste batzuek gure bizitza kate-motzean lotzeko. Hau da, jarrera kontua da bizitzarekiko daukaguna.
"Hipokrita 'profesionalak' gara"
Zentzu horretan, nabaria da beste ahalegin hau ere zure liburuan: ikusezinei argia emanez, lo gaudenoi begiak zabaltzeko gogo bat.
Modo avión… medusak bezain otzan. Egoerak, gertakizunak… baina, ez dira ikusezinak, ikusi nahi ez ditugunak baizik. Gutaz ari naiz, niri buruz ari naiz ere, zelan ez! Nik ez diot zu lo zaudela eta ni esna. Nik diot biok esnatu beharra daukagula. Bakoitzak bere txikitasunetik abiatutako ibilbide zintzoa egin beharko genukeela, mesanotxeko argi itsua itzali eta ilargi argia piztu, geure baitatik transformazio bide berriak asmatzeko –bai pertsonalak zein kolektiboak. Bai, hipokrita “profesionalak” gara. Gure babes perimetroa arrakalatuko ote den beldur gara. Horregatik ez gara hurkoaren azalean jartzeko gai. Horregatik ez diogu geure buruari galdetzen ia El Corte Ingles-aren aurrean diru-eskean dagoen horren izena zein den, kalean bizi aurretik non bizi ote zen, semerik edo alabarik ba ote duen, zer pentsatuko ote duen bere aitak edo amak… holako galderetan sakontzeak gure babes eremua zartatzen du, baina horixe bera da aurrera egiteko bide bakarra. Erromanoen garai bateko filmetan moduan, formación de tortuga-n jarraitzen dugu. Eskudoak aldendu eta ondokoari zintzo begiratzeko ausardia falta zaigu. Askoz ere eraginkorragoa da nor bere eskudoari tinko eustea, batez ere, geure buruarengandik babesten gaituelako. Nik, eskudoak errekara jaurtitzeko aldarria egiten dut, sasoia da! eta beharrezkoa ere bada.
...eta oroitzea da denbora geratzeko era bakarra
baina oroitzea ez da berriro bizitzea
Liburuko lehen poeman diozu oroitzea dela denbora geratzeko era bakarra, baina oroitzea ez dela berriro bizitzea. Analogia erraz bat eginez, idaztea da denbora geratzeko era bakarra. Poesiak munduari neurria hartzen laguntzen al dizu?
Poesia oinarri subertsiboa daukala uste dut. Zergatik diot hori? bada, poema bat irakurtzeak norbere denbora propioa kudeatzea eskatzen duelako, norbere iruditeria aktibatzea, analogiak piztea, poesia, finean, barrurantz egiten den bidaia da. Mafaldak zioen “que se pare el mundo que yo me bajo”. Nik ez dut nahi mundua geratzerik. Hasteko, ezinezkoa delako; borobila den oro beti ibiliko delako aurrera edo atzera. Baina nire esku dagoena zera da: nire denboraren kudeaketaren jabe egitea. Horixe da nik hautatu ahal dudana. Hau da, munduak biraka jarraitzen duen bitartean nik neuretzako “kalitatezko” tarte bat hartzea. Horrek norbere burua hobeto ezagutzen lagunduko digu, indargune eta ahulguneen kontziente izaten, munduan toki bat bilatzen, kokatzen geure inguru hurbilean eta ez hain hurbilean. Bai, poesiak munduari neurria hartzen lagundu ahal digu, baina horretarako munduari neurria hartu nahi izan behar da; mundua ez baita hasi eta bukatzen zure zilborrean, ezta nirean ere. Flaubertek zioen moduan, “gora begira biziko bagina, hegoak izango genituzke”. Baina lurrari iltzatzen gara, hegoek, akaso, hegaz egitera bultzatuko gintuzketen beldurrez.
Eskuak altxatu ditut kometa-hariak zerura bezala
zu gabe etxera itzuli naizenean
Bakardadearen argitan hausnartutakoak, harremanen gorabeherak, laguntasuna, aberria... Liburu honetan badira beste hainbat orbanen adierazle diren poemak.
Bai, badira. Guztiok ditugu orbanak, nik neureak ditut. Horietako batzuk zarratu egiten dira, beste batzuk ez dira sekula santan zarratzen, eta horietako baten bat ez dut zarratu nahi isuriak birgogoratu diezadan zerk eragin zuen orban hori. Orbanak denboraren memoriak direla zioen batek, eta ados nago horrekin. Bai, poema liburu hau nire orbanen testigantza ere bada.
'Goiz batean hiria', 'Eskutik oratu poeman'... Aitatasunak ere jarri zaitu orri zuriaren aurrean. Hainbat poemen bulkada hori dute, ezta?
Ai aitatasuna…!! eta aitakeria… (korrektoreak gorri ematen dit, aita eta -keria ezin batu daitezkeen hitzak direla diost ordenagailuan gordetzen den zentsuratzaileak, jarraituko dut, ordea aitakeria idazten zentsurari oldartuta). Aita naiz eta –keriak ditut; eta horiek leundu nahi nituzke. “pentsatzea, bereizten jakitea omen da…” zer pentsatu, baina, eta zer bereizi? Bada, nire –keriak eta nire -tasunak. Finean, aitatik baino pertsonatik eutsi nahi diodalako harreman orori. Eta horrek, alabaren azalean jartzera eroaten nau. Edo eskutik oratu poemaren kasuan, alaba falta zaion gizonarenean.
Esperantza ez da kondena
'Haizea datorrenean', 'Zalantzan esperantza'... Giro goibelaren erdian, argia zirrikituen bila dabil etengabe. Eta argiak esperantza dakar. Mezu hori ere gailentzen al da zure ahaleginean? Esperantza kondenatuta gaudela, Garik kantatuko lukeen gisan.
Ez nago ados Garirekin, errespetu guztiarekin diot hori. Hasteko, esperantza ez delako kondena. Eta bestetik, sarritan, norbera bihurtzen delako esperantzarentzako kondena. Norbera askatuz gauzatuko ditugu esperantzak. Esperantza… esperoaren arantza… nik ez dut ezeren espero egon nahi. Ni, jadanik, hasita nago arantzak kentzen… nahiz eta orbanak agerian geratu.
Blas de Otero saria jaso zenuen lan honekin. Eta horri esker plazaratu ditu Ereinek poema hauek. Horrelako sariek duten onura handienetakoa horixe bera izango da, ezta?
Sariak beti dira sari. Aitortu behar dut, ordea, asko poztu nintzela hori jakinarazi zidatenean –espero ez duzunean gertatzen dira horrelakoak. Poztu ninduen, bada, badelako aitortza bat. Neurrikoa –txikikoa gehituko dut. Kontziente naiz horretaz. Baina noizean behin beste norbaitek zeozer zuri aitortzea atsegina, behintzat, bada, ezta? –nahiz eta horrek nire –kerietan gehiago sakontzen duen. Zu eta ni elkarrizketa gozoan aritzeko aukera ere eskaini dit; hori ez da gutxi, ez duzu uste? Beraz, bai, pozik nago Blas de Otero lehiaketa irabazi izanaz, eta pozik nago horri esker baten batek nire poemak irakurriko dituelako.