Elkarrizketak

“Neurri batean edo bestean, ipuinetan agertzen diren emakume guztiak dabiltza beren ahotsaren bila”

Ostirala, 2020-04-03

Bolada luze bat zeraman Idoia Santamariak itzulpen literariorik argitaratu gabe, baina, denbora gutxian, bi obra ekarri ditu euskarara, biak ere Literatura Unibertsala bildumaren barruan: 2018an, Epailea eta haren borreroa eleberria itzuli zuen, Friedrich Dürrenmatt egile suitzarrarena, eta iaz, berriz, Ingeborg Bachmann austriarraren Aldibereko ipuin-liburuaren itzulpena kaleratu zuen. Azken horri buruz hitz egiteko bildu gara berarekin.

“Neurri batean edo bestean, ipuinetan agertzen diren emakume guztiak dabiltza beren ahotsaren bila”

Alemanez idazten zuten bi egileren lanak euskaratu dituzu oso denbora laburrean. Zer moduz joan da? 

Dürrenmatten lehiaketara aurkeztu nuenean nire burua, literaturaren itzulpena abandonatua neukan, batez ere nire bizitzan zeuden arazoengatik ez neukalako nire eguneroko lanaz aparte beste zerbait egiterik. Berriz denbora izaten hasi nintzenean, ikusi nuen azkenengo urtetan alemanarekin oso lan gutxi egin nuela; beraz, lehendabiziko gauza egin nuena izan zen hizkuntza zorroztu, eta horretarako kanpora joan nintzen. Bueltatu nintzenean, gogo handia neukan literaturarekin berriz hasteko, eta lehiaketara aurkeztu nintzen. Egia esan, oso ondo etorri zitzaidan, alemana ikasten ari nintzen garaian Dürrenmatt dezente irakurri genuen, eta itzuli behar zena ere irakurria neukan; pentsatu nuen ez zela izango ikaragarrizko gauza zail bat, baina konturatu nintzen, beti bezala, erraza iruditzen zaiguna gero ez dela hain erraza. Erdialdeko Europara bueltatzeko gogoa neukan, asko gustatzen baitzait Alemania, Austria eta Europa ekialdean alemanez funtzionatu duen kulturak sortu duena, bai literaturan bai beste arteetan, eta horra sartzeko modu bat izan zen. Gustura egin nuen; deskribapenekin sufritu nuen batez ere, baina lapitza pixka bat fintzeko balio izan zidan.

Zailagoa izan da Aldibereko

Oro har, zailagoa izan da, bai. Bost ipuin dira, oso diferenteak. Kontuan hartuta literatura beti desordutan itzultzen dugula eta ez dela egunean zortzi ordu dedikatzen diozun kontu bat, baizik eta zure beste ordu horiek –asteburuak, oporrak…–, pentsatu nuen nobela bat baino errazago itzuliko nituela ipuinak. Horrek badu bere tranpa, zeren egia da esan dudana, baina, bestalde, bost ipuin oso diferente direnez, eta saltoka egin behar dituzunez, ez da erraza liburuaren tonu osoa bateratzea.

Eta gero badago gauza bat batere epikoa ez dena: nekea. Zortzi orduz zure lanbideko gauzak itzultzen aritu ondoren, etxera joan eta gainera mimoz egin nahi duzun testu bat itzultzen jarraitzeko, konturatuta negoen, eguneroko lanaz aparte, ezin nizkiola eskaini bi ordu baino gehiago. Bezperakoa irakurriz hasten nintzen egunero, zeren gutxienez 24 orduko distantziarekin gauzak beste modu batera ikusten dituzu. Hori nuen modu bat, jakinez zatika aritu beharko nuela, beti haria buruan mantentzeko: bezperan egin duzuna irakurri, eta segi.

Estu ibili zara epearekin?

Ez, egia esan ondo kalkulatu nuen. Saiatu nintzen oso diziplinatua izaten; gure eguneroko lanean milaka aldiz gertatzen zaigu txosten bat entregatu behar duzunean azkenean arrapaladan egin behar duzula. Txosten batekin arrapaladan ibili behar izatea, putakeria bat da, baina emaitza hori zenbateraino den perfektua, ez dit hainbesteko tripako minik ematen. Hemen, perfektua ez, baina bai eman nahi nuen nik eman nezakeenaren neurria.

Lortu duzu?

Nik hau baino hobeto ez dakit egiten horrelako liburu bat. Nik egin dezakedana hor dago. Alegia, askoz denbora gehiagorekin, ez dut uste ikaragarri hobetuko nukeenik. Ez dut esan nahi hobeto egin ezin daitekeenik, baizik eta nik eman dezakedana hor dagoela. Alde horretatik lasai gelditu naiz, bai.

Hitzaurrean diozun moduan, niri ere, Ingeborg Bachmannen izena entzun eta poesia datorkit gogora. Sorpresa izan da bere prosa ezagutzea, eta, esan behar dut, niretzat behintzat sorpresa atsegina izan dela, bere prosa gehiago ezagutzeko interesa piztu dit. 

Hau itzultzen hasi nintzenean, nik ere Bachmannen prosa gutxi ezagutzen nuen, eta inpresio oso ona egin zidan. Kuriosoa da zeren, bere garaian, prosa idazten hasi zenean, kritikariek ikaragarri gogor hartu zuten; poeta bezala oso azkar famatu zuten, oso harrera ona izan zuen kritikarien eta jendearen aldetik, baina prosa idazten hasi zenean gogor astindu zuten, kritikariek batez ere, esanez hizkuntza gailentzen zela gaiaren gainetik. Gainera, poesia argitaratu zuenean, berehala hartu zuen intelektual sendo baten fama, eta liburu honen kasuan, kargu hartu zioten, ea zer egiten zuen bera bezalako emakume batek emakumeen halako irudi hutsal batzuk aurkezten: ile-apaindegira joanaz bizi nahi duen emakume bat, emakume miope baten historia… Baina Bachmannek oso apustu erradikala egin zuen: “nigandik hau espero da, baina ez dut zertan idatzi nigandik espero dena”. Ez dut uste hori egin zuenik espero zenarekin hausteko, baina erabaki zuen nahi zuena idatziko zuela, jakinik zenbait gauza ez zirela ondo hartuko.

Prosarekin gero etorri omen zaio aitortza. 

Bai, feminismoak adibidez gero aldarrikatu du Bachmannen lana, beranduago, bere prosa hartuta eredu. Feminismoaren aldetik ere niri interesgarria iruditzen zait liburu hau, ez bakarrik lehendabiziko eta azkenengo ipuinetako emakumeak ateratzen dituelako, izan daitezkeenak gaur egungoak, konfliktiboak, baizik eta lotsarik eta erreparorik gabe ateratzen dituelako kontraesanez beteriko emakumeen irudiak ere. Gainera, historiak kontatzen ditu ez pertsonaiek egiten dutenari erreparatzen dion narratzaile batek bezala, baizik eta pertsonaia horien buruan sartuta egongo balitz bezala. Nik uste dut horrek egiten dituela pertsonaia hutsal horiek ere oso interesgarri. 

Hain zuzen ere, pertsonaiak oso benetakoak direla azpimarratu zuen Anjel Lertxundik orain dela gutxi artikulu batean: “Eraikin aparta da Bachmannen liburua, ohi ez bezalakoa. Irakurleak gozatu egingo du emaitza; txundituta ere geratuko da hainbat ziaboga eta torloju-estutze narratzailerekin; alditan deseroso ere sentituko da bertako pertsonaien dilemekin, haien baitako giroarekin: pertsonaiak benetakoak dira, irakurlearen hainbat bizipen eta sentimenduren ispilu” 

Neurri batean edo bestean, ipuinetan agertzen diren emakume guztiak dabiltza beren ahotsaren bila. Denak daude neurri batean edo bestean gizonezkoen mundu horretan ahots propio baten bila, bakoitzak dituen baliabideekin: Beatrixek, adibidez, erabaki du zinismoan instalatzea duela aurrera egiteko bidea. Beste batzuk beste bide bat aurkitzen dute, ekonomikoki independenteak dira, baina nahiko lan dute hala ere aurrera egiteko.

Hitzaurrean diozunez, Bachmannek, bere garaian “Vienako emakumeak” deitu nahi zion liburuari, eta ipuinak independenteak izan arren, pertsonaien arteko loturak agertzen dira behin baino gehiagotan. Uste duzu Bachmannen asmoa zela bere garaiko emakumeei buruz idaztea? 

Berak esan izan zuen bere garaiko emakumeen erretratu bat egin nahi zuela, bere garaiko datuak emanez. Ingelesezko itzulpenaren hitzaurrean jasotzen denez, Bachmannek poesia idazten zuenean “artea artearengatik” delako korrontetik hurbilago zegoen, baina urteak aurrera joan ahala, berak beti defenditu zuen literatura modernoarekin jarraitu arren, garaian garaikoaren ezaugarriak hartu nahi izan zituen. Galdetzen diotenean ea nahiago duen literatura purua ala konprometitua, beti esaten du ez zaiola eztabaida hori interesatzen, berari hizkuntza interesatzen zaiola, zeren hori da nobela bati edo dena delakoari eutsiko diona. Urteak aurrera egin ahala, zera dio: “esan behar da momentu bakoitzean esatea komeni dena”, eta bere garaiaz ari da. Liburu honetan, adibidez, hartzen ditu bost emakume oso diferenteak, eta esaten du bost emakume horietatik guztiek merezi dutela bere errespetua, alegia, ez duela emakume horietako bat hartzen eredu gisa.

Ia mende erdi joan da narrazio hauek argitaratu zirenetik, baina guztiz garaikideak iruditu zaizkit. 

1972an argitaratu zen lan hau, Austrian, eta nik automatikoki pentsatu nuen gu non geunden urte horretan: beste planeta batean. Atentzioa eman zidan gai batzuk tratatzerakoan nola ia deseroso sentiarazten dizun, adibidez, abortuari buruz ari denean. Azkenengo ipuinean, pertsonaiak esaten du erreportaje bat idatzi behar izan duela abortuari buruz, eta dio: “niri zer interesatzen zait azken batean emakume hauek beren senartxo horiekin guztiekin dituzten arazoak”. Ez du elkartasun merke erraz bat adierazten. Bere pertsonaien ahotan jartzen ditu gogoeta batzuk ez direnak ikaragarri errazak irakurtzen, baina oso errealak direnak eta pertsonaiak mamiz betetzen dituztenak. Pertsonaia hauek ez dira estereotipoak.

Austriaren iragana presente dago narrazio hauetan. 

Nik uste dut bere obsesioetako bi zirela, batetik, Austria-Hungariako inperioaren desegiteak ekarri zuena, eta beste alde batetik nazismoa, eta bi gai horiek presente daude liburuan, bitan gutxienez. Lehenik, “Zaunka” ipuinean, semeak kontzentrazio-esparruak aztertu ditu, eta aipatzen da familiako batek arazoak izan dituela homosexuala izateagatik. Gero, azkenengo ipuinean, nazismoaren kontua dago: batetik Jean Améry aipatzen du, Auschwitzen egon eta gero bere buruaz beste egin zuen idazle austriar bat, torturari buruzko liburu bat idatzi zuena, eta Trottaren pertsonaia ere azaltzen da, noski.

Mundiala iruditu zait pertsonaia hori, ez bakarrik esaten dituen gauzengatik, baizik eta literatura duelako jatorri –Joseph Rothen eleberri bateko protagonista da Trotta familia; Bachmannek familia horretako seme bat hartu eta Parisen kokatu du, “Aintzararako hiru bide” narrazioan–. 

Nik uste dut hor bi gauza daudela. Batetik, Rothen lanen eragina, Bachmannek beti onartu zuena. Bestalde, kritikariek esaten dutenez, Trottaren pertsonaia da Paul Celanen alter ego moduko bat. Bachmannek eta Celanek urte luzetako harremana izan zuten, ez bakarrik harreman pertsonala, baizik eta intelektuaki biek harreman oso estua izan zuten denbora askoan. Celanentzat, Bachmann zen austriar peto baten alaba. Bachmannen aita nazien alderdiarekin harremanetan egon zen, eta horrek denak ekarri zuen Bachmann bera nazismoaren aurka berehala agertu izana oso gaztea zenetik, eta ekarri zion baita ere, ez bakarrik Celanekin izandako loturarengatik baina horrek ere nolabait areagotuta, Austria-Hungariako inperioaren ondorioez jabetzea eta horrek gero II. Mundu Gerrarekin nolako lotura izan zuen ohartzea. Celan zen Austria-Hungariako inperioko ekialdeko muturreko hiri batekoa, Czernowitz-ekoa,judua. 1947an ezagutu zuen Bachmann, Vienara iritsi zenean, bere gurasoak kontzentrazio-esparru batean galdu eta gero eta bera ere lan-esparru batean egon eta gero; horrek guztiak eragin handia dauka Bachmannen bizitzan eta lanean. Trottaren pertsonaiak esaten dituen gauzak ikaragarriak dira, maila guztietan. Hizkuntzari eta identitateari buruz esaten dituenak ematen du atzo idatzita daudela, alde horretatik ez da batere zaharkituta gelditu.

Hemendik aurrera, zer proiektu daukazu? 

Orain ganbara betetzea tokatzen zait, bi liburu segidan egin ondoren hustuta geratu naizela sentitzen dut. Nahi dut berriz hartu denbora irakurtzeko, bai euskaraz eta bai alemanez. Ingelesetik ere itzuliko nuke, baina zortea eduki dut garaiarekin, zeren liburu honek aukera eman dit asko gustatzen zaidan garai batera bueltatzeko eta ez litzaidake axolako garai edo inguru horretako idazleekin jarraitzea, baina, lehenik, asmoa daukat irakurketekin ganbara berriro betetzeko.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)