Elkarrizketak

Nik irakurle bizitza dut, ez idazle bizitza

Ostirala, 2011-04-29

Duela aste gutxi kaleratu zen Uxue Apaolazaren lehenengo eleberria: Mea culpa. Erruaz, idazletzaz, mendekuaz, bakardadeaz, pertsonaien ahotsaz... jardun gara idazlearekin.

Nik irakurle bizitza dut, ez idazle bizitza

"Zenbat denbora pasa ote dudan ipuinen hasierak pentsatuz, pentsatuz bakarrik, lehen liburua argitaratzen duzunetik bigarrena idatzi behar duzulako, eta behar badut, ezin dut, eta are beka batek behartzen banau ere, ezin dut era gehiegizkoan, burugogorkeria nerabez, neure buruari masaileko bat emateko gogoa izateraino, gogoa bakarrik". Zuk ere konpartitzen duzu Lurren esperientzia hori? Behar baduzu ezin duzu? Nolakoa izan da zure lehen liburutik bigarrenerako idazle-esperientzia?

Arraroa egiten zait idazle izateaz galdetzen didatenean; ez da egia bigarren libururik idatzi behar denik, ezta presiorik dagoenik ere, horiek bakoitzaren banitatearen kontuak dira. Nik idazle bizitzarik ez dut idazten ari naizenetik harago, idaztea eta irakurtzea gustatzen zaien lagunekin ditudan elkarrizketak beharbada. Literatura niretzat, irakurtzea batez ere, "ezin dut" hori gainditzeko modua izan da, mundutik kanpo sentitu naizenean etxe bat, defendatzerik behar ez den etxe bat. Eta beragandik ere ez duzu defendatu beharrik. Nik irakurle bizitza dut, ez idazle bizitza.

Igartza bekaren laguntzaz idatzi duzu Mea culpa. Nolakoa izan da liburuaren garapena proiektua aurkeztu zenuenetik amaierako emaitzara?

Prozesua proiektuaren aurretik hasi zen, bertan behera geratu zen beste batetik. Baina pertsonaiarekin eta nolabait gaiarekin jarraitzen nuen, pasarteak nituen idatziak Landetan kokaturik, ipuin izateko pentsatuak baina entitate nahikoa ez zutenak, eta batzuk besteei jarraitzen ziotenez nobela behar zuela erabaki nuen. Hilketen egitura kulparen aurreko amorruzko erreakzioak ekarri zuen, lehenengo proiektu hartako pertsonaiak bere minak interrogatzen dituenean sortzen dena. Lehenengo estruktura nolabait ixten saiatu nintzen galdurik ez ibiltzeko, eta gero betetzen joan nahiz, eta dena hankaz gora jartzen ere bai, noski.

Ipuin laburretara eta prentsa-artikuluetara ohituta, erosoa izan al da eleberriaren eraikuntza?

Ez, ez da izan. Uste dut Eider Rodrigezi entzun niola, hala ez bada barka diezadala, lan kontuak eta horrelakoak medio itxaronaldietan, autobusetan... idaztera beharturik dagoenarentzat genero ona dela ipuinarena. Ba, nobela ez. Buruan eramateko formato luzeegia da, eta egun batzuk segidan orrialdeetara itzuli ezin bazara, berrirakurketak biderkatu egiten dira, ñabardura gogoratzea zailagoa da.

Erruduntasun sentimenduari buruzko nobela idatzi duzu. Gure kultura kristauaren ajeak?

Bai, ziurrenik, baina jainkoa hil denetik, salbatzailerik, eta beraz salbaziorik, ez da.

Hala ere, erruduntasun sentimendua ez al da gauza bera egiten jarraitzeko aitzakiarik onena? Penitentzia, zigorra bete eta kitto...

Nik ez nuke "jarraitu" erabiliko ezer egin gabe geratzeaz ari bagara, denbora guztian gauzak egiten ari garelako; alegia, kulparik ez sentitzea formula hobea iruditzen zait berdin jarraitzeko, ez ezer egin gabe, etengabe gauzak egin eta egin baizik, sistemak eskatzen duen eran, aktibitate itsuan. Kritikaren aurreko erantzuna izaten da maiz, "eta zuk, zer egiten duzu?"; iraultza handiagoa litzateke mugitu gabe denbora bat pasatzea, mendeak dira gelditu gabe, eta mendeak dira mugimendu guztiak botereak nola aprobetxatzen dituen ikusiz, are bokazioz bere kontra direnak ere.

Lur protagonista iraganeko minak gainditu ezinik bizi da, iragana mendekatu nahian, amorruz eta errudun sentimenduz. Literaturak balio du iragana mendekatzeko?

Balio dezake agian, baina estetikoki eta era nahikoa inozoan, mendekuaren helburu denak ez bailuke ziurrenik liburua irakurriko, eta irakurrita ere, ez luke beretzat hartuko.

Iraganeko korapiloen artean, korapilo politikoa da nagusienetakoa, korapilo emozionalekin kateatzen dena, bestalde. Herriaren pisua gainetik kendu ezinda bizi da Lur?

Nerabezaroaren pisua kendu ezinik dabilela esango nuke, aipatzen duzun Herri horretan, gurean alegia, zenbait nerabezarotan, eta politikarekin loturik, atzeraezinak bihurtzen diren erabakiak har daitezke (atzeraezinak norberarentzat eta oso maiz hirugarrenentzat), eta Lur bezalakoa baldin bazara eta,            otoitzak dioen eran, bekatuak omisioz ere badirenez, isiltasunak ere atzeraezin gerta daitezke, era pertsonalagoan agian.

Mea culpan berriro jorratu dituzu Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin-bilduman jorraturiko gai batzuk. Pertsonaien bakardadea, esaterako, bera da.

Kasu honetan bakardadea beharrezkoa da, kulparen izaera indibiduala delako, eta helburua kulpa/ardura ezkutatzeko erabiltzen diren kolektiboen aterkia kentzea ere bazen, eta kulpa indibidualki onartzeak, inguratzen zaituen kolektiboan izan dezakeen erantzunari buruz galdetzea.

Berriro ere galdera bera geratzen zaio irakurleari barruan bueltaka: "eta gezurti, gaizto, errudun eta arduradun banintz / bazina / bagina?". Umeek gezurra esaten dutenetik liburuaz euskal literaturan ohikoa den onberatasunetik, epaitik eta ama errukiorren begiradatik urrun kokatzen zela idatzi zuen Iratxe Retolazak. Oraingoan ere gauza bera esango genuke. Nahita bilaturiko estiloa da?

(Iratxe Retolazari kasu egin behar zaio, nik asko ikasten dut berarekin). Suposatzen dut aipatzen duzun estiloa norberak idazten jartzeko orduan jarduerari eskatzen dionaren araberakoa izango dela, eta niri idazteak nire kontraesanak eramangarriago egiten dizkit, eta eramangarriago egiten dit, edo ezagunago, hainbestetan arrozten zaidan egunerokoa. Horretarako ez lidake balioko bizitza zein polita den esateak; zorionaren bilaketa obsesiboa oso zinikoa iruditzen zait gainera, dituen ondorioak ikusita.

Pertsonaiaren ahotsa azpimarratzekoa da. Nola eraikitzen da ahots bat?

Ze zaila. Tonua gaiak ere ematen dizu, gainera nobela honetan gaia kasik pertsonaia da eta lan ia guztia Lurren diskurtsoa izan denez, ahotsa neurtzen pasa dut denbora gehien. Gehiago kostatu zait bigarren pertsonaiaren ahotsa, Elisa, printzipioz gutxiago ezagutzen nuelako ziurrenik, eta optimistagoa eta pragmatikoagoa ere badelako, ni ez bezala.

Liburu honetan gertatzen den guztia Lur pertsonaiaren barruan gertatzen da, bera da gudu-zelai, bera paisaia, bera antzoki.

Liburuan dena ematen da Lurrek mediatizaturik, ez dago benetako herririk, ez lagunik, dena perzepzio bat da. Historia koherentziaz konta daiteke agian, baina kolektiboak biografia gehienak kanpoan uzten ditu, bakoitza bere ñabardurak definitzen duenez, eta ñabardura hori da literaturarako bilatzen duguna, hain baliogarria diskurtso orokorrorrean arrakalak ireki nahi badira.

Lurrek barne-munduan egiten ditu kanpoan, "errealitatean" egiten ez dituenak. Barne-munduan hiltzailea da, adibidez. Kanpo eta barne munduen arteko amildegia agerian utzi nahi zenuen?

Amildegi hori handiegia denean apurtu egiten da zerbait gugan. Elisak ere bizi izan du, baina distantzia hori beste modu batera eraman du. Elisak galdu ez duena (Lurrek bai, ordea) bere buruarekin duen konplizitatea da, bere buruarekin negoziatzeko gaitasuna.

"Ipuinak idazteko gogo bizia dut. Argitaratu edo ez, egiten dudana hori da. Etxera itzultzea bezala". Madrila itzuli zara, ipuinak idaztera?

Ez,ez, Madrilera itzuli behar dut lan kontratua han sinatu nuelako etb., eta bitartean, ipuinak idatziko ditut (edo auskalo, egia esan).

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)