Elkarrizketak

Peru Magdalenarekin solasean

Ostirala, 2016-10-07

Peru Magdalenak Argia liburuan idatzi ditu lerro hauek: Ez dut irakurlearentzat idazten / ez dut irakurle batentzat idazten / are gehiago ez dut neuretzat idazten / harantzago / izango naizenarentzat idazten dut / biharko ni horrentzat / mutazioen legearen arabera zu zeu ere izan zaitezkeela / edonor. Elkarrizketa atzo egin genuen: gaur da bihar.

Peru Magdalenarekin solasean

Sortzaile polifazetikoa zara, ikusi izan zaitugu tarteka hamaika proiektu eta elkarlanetan: pintura erakusketak, 2d1 bezalako proiektuak, heldu zein gazteentzako liburuak... Zerk bultzatzen zaitu batera edo bestera?

Sortzeak osotu egiten nau. Sortzailearen paradoxak bizi nau: zenbat eta neure-neuretik gehiago eta sakonago eman, orduan eta asebeteago sentitzen naiz. Emateak ematen dit. Topatzen ditudan suak elkarbanatzeak argitzen nau.

Batzuetan barreneko bultzada norabide batean etortzen da. Beste batzuetan beste norabide batean. Nik ahalik eta askeen onartzen dut datorrena, eta irtenbidea ematen saiatzen naiz, larregi planeatu edo kalkulatu barik.

Non kokatuko zenuke, funtsean, zure sormen-bulkadaren motorra?

Izatearen esperientzia ahalik eta osoen bizi gura dut eta, aldi berean, ahalik eta osoen biziarazi. Nik uste hau dela motorra.

Ikaragarri inbento ederra iruditzen zait bizitzea eta, horren erabateko kontzientzia bizitzeaz gain, ingurukoekin elkarbanatu gurako nuke guzti hau.

Narraziotik poesiara, poesiatik nobelara, nobelatik poesiara egin duzu salto argitaratutako liburuen hurrenkeran. Prosa eta poesia tartekatu dituzu, agian kasualitatez. Behar ezberdinak asetzen dituzte batak zein besteak?

Bai. Ez dakit oso argi ezberdintzen, baina sasoika eskatzen dit gorputzak batetik edo bestetik jotzea. Prosa korronte emankor bat da, ez hain dohitua, eta emate hutsean topatzen duzu zeure burua. Poesia, berriz, txinparta estetiko bat da, existentzia hutsetik hurbilen dagoen generoa.

Esan bezala, zergatia oso ondo ulertzen ez dudan arren, gorputzak batzuetan batera eta besteetan batera bultzatzen nau. Gainera, batari eta besteari emandako sasoiak ondo markatuak eta esklusiboak izaten zaizkit normalean.

Poesiari dagokionez, Hutsik liburua izan zenuen honen aurrekoa. Orduko hartan oso testu minimalistak izan ziren, aforismoen eta haikuen gertuko ahaideak; oraingo honetan arnas luzeagokoak dira poemak, gaiei eta irudiei dagokionez elkarren artean lotura estua dutenak. Ezberdin egiten diozu aurre bi lerroko poema bati, edo hogeiko bati?

Dedikazio berarekin ekiten diot. Hori bai.

Hutsikeko poemak, ordea, kontenplazio garden baten emaitza izan ziren. Argiakoak, berriz, kontenplaziotik ere asko duten arren, memoria eta ariketa estetikotik daukate gehiago, bilaketatik eta jolasetik.

Liburu honetan bada, hala ere, arnas laburrekorik:

“Argia dator

gure ilunguneak argitu

eta badoa”

Erakartzen zaitu oraindik ere, hitz gutxirekin asko esateak?

Bai, badirudi ezin dudala joera hori baztertu.

Hain zuzen poema hori keinu bat ere bada, jolas bat, Sarrionandiak Gartzelako poemak hartan zekarren “haizea dator / gure adatsak nahasi / eta badoa” haikuaren aldaera bat. Hutsiken ere kaleratu nuen haiku beraren beste aldaera bat.

Edonola ere, “hutsik” eta “argia”, tituluek iradokitzen duten bezala oso kontzeptu zabalak dira liburuon oinarria. Zuretzat bertako poemak zer dute abstraktutik, zer zehatzetik?

Niretzat, bere abstrakzio eta guzti, sasoi eta mundu ikuskera zehatz batzuen isla dira bi liburuok.

Gustatzen zait liburuak bizitzako sasoi edo ikuskera baten isla, testigu, download moduan ulertzea. Era hontako liburu bat ontzeak asko laguntzen dit neure burua ulertzen eta aurrerantza eta gorantza arinago jarraitzen. Funtsean zertan nabilen ohartzen laguntzen dit, ingurukoekin elkarbanatzen, eta aurrera jarraitzeko motxila arintzen.

Esan bezala, “argia”ren kontzeptuarekin bueltaka dabiltza liburuko poemak. Zaila dirudi kontzeptu bakar bati hainbesteko etekina ateratzea, baina egia esan ertz ugaritik daude idatziak, modu askotara uler daiteke Argia, eta bestelako irudi askorekin lotu (zuritasuna, orri zuria, sormena, elurra, bizitza eta heriotza...). Nondik abiatu zinen, eta nora iritsi zinen liburuaren idazketan? Espero ez zenuen lekuren batera agian?

Poema bateko berbak erabiltzearren, “estetikoki filosofatzea” moduko zerbait izan zait liburu hau idaztea. Horrek eraman nau, argiaren bidez, hainbat oinarrizko gairen inguruan aritzera, hausnartzera, zer dakidan edo naizen ohartzera edota asmatzera. Eta prozesu sakon eta bizi honetan eremu berriak deskubritu ditut. Nolabait esateko, kattazuri baten moduan ibili naiz argi-zuhaitzaren adarretatik eta hainbat fruitu topatu ditut.

Oso presente dago haurtzaroa poema batzuetan. Bizitzarren gorazarre eta aldarrikapena egiterakoan, haurtzaroa litzateke beti berreskuratu beharreko garai ideal eta kasik utopiko bat?

Amaitezina da haurtzaroa. Infinitua. Geratu barik mutatzen den amets baten modukoa da haurtzaroa. Orduan dena da txundidura, dena inuxentzia. Orduan gara animalien, eta orduan gaude, nahitaez, naturaren parte izatetik hurbilen. Gero arrazoia dator, eta batasun hortatik urruntzen gaitu. Horregatik suposatzen dut dela haurtzaroa garai ideal eta kasik utopikoa.

Eta bai, haurtzaroa oso presente dago Argian. “Elurte handia” atala osorik da haurtzaroaren ingurukoa, adibidez. Eta haurtzarorako itzulera horrek sustraiak eman dizkit liburu honetan. Baina funtsean badakigu itzulera ezinezkoa dela. “Itzultzea joatea da / beste norabide batean”, zioen Cortazarrek. Hau da: gogoratzea asmatzea da, neurri handi batean.

Ez al da haurtzaroa helduok oroimenaren bitartez berrasmatu egiten dugun garai bat, gure egungo behar eta nahien neurrira oroitua?

Guztiz ados. Erabat. Haurtzaroa ere, funtsean, erabaki bat da.

Bada hala ere heldutasunean murgiltze bat, 'bizizale' egin gaituzten ezaugarri batzuei uko egin gabe ordea:

“izan gaitezen zintzoak lagunok

ez dira gauza bera gaztaroa eta bulkada bizizalea

bigarrena azken unera arte manten dezakegu

baina lehenari

dagokionean esan behar zaio agur”

Zer litzateke heldutasuna idazteari, literaturari dagokionean?

Esango nuke heldutasuna bizitzarako baliagarriak diren ondorio batzuetara heltzea litzatekeela. Gaztaroa gehiago da esperimentazioa, bizipena, froga, sumendia.

Eta literaturari dagokionean ere halako zerbait. Batean literaturak nora garamatzan igartzen da, ez derrigorrez kontzienteki. Bestean literatura estetikoagoa izan ohi da, zoro eta desbideratuagoa.

Dena dela, honek ez du esan gura bata bestea baino hobea denik, noski.

Poesia bera izan da historikoki poesiagintzako gai klasiko bat: poesia eta literatura, poesia eta sorkuntzaren zentzua. Liburu honetan ere gerturatu zara horrelako gogoetetara. Lerro hauek topatu ditugu poema batean:

“harrapatu al liteke momentuaren oroitzapena

esan ote daiteke zerbait argiaz

batu al liteke olatu bat sare batean

kabitzen al da poesia liburu batean”.

Galdera moduan beraz: kabitzen al da poesia liburu batean?

Ez da kabitzen. Liburua hedabide bat delako. Gizaki baten eta beste baten arteko zubia.

Egin kontu, hitz hutsetan ere ez da kabitzen poesia.

Poesia gizakiarengan ematen den bizipen estetiko bat da, susmo goren bat, argiztatze harrapaezin bat. Liburua erabiltzen du, baina bere asmoa irakurlearen baitara hegan desagertzea da. Gehienetan itxuraldatuta, gainera.

“poemarik txarrenak ere

bizi nahi beraren bulkada zaizkit

abeslari kutreenaren kantagurak liluratzen nau

ez dago ezer zatarra iruditzen zaidanik

mundu eder eta deskribaezin honetan

liluraren semea naiz

eta ostiral arratsalde baten moduan egiten dut barre”

Bizitzaren gorazarrea, edertasunaren kontzientzia, mistizismoa, hedonismoa... ez ote dira gure herrialde burgesen adierazle? Alegia, horrelako sentimenduak unibertsalak dira edo munduan gutxi batzuek erabili ditzakegun pribilegioak?

Alde batetik, bada Maslow piramidea deritzotena, gizakiaren beharrizanak hierarkizatzen dituena. Lehenik beharrizan fisiologikoak, gero segurtasuna, gero kidetasuna, ondoren onespena, eta azkenik autoerrealizazioa. Piramide horretan gora era mailakatuan igotzen ei gara. Orduan, lehen beharrizanak beteta ez dituenak nekez beteko du autoerrealizazioa, non eta aurkitzen diren zeuk aipatutako bizitzaren gorazarrea, edertasunaren kontzientzia, mistizismoa, hedonismoa... Eta noski, gure herrialde burgesetean, gutxi-asko, lehen mailak berez ditugu beteak.

Dena dela, ordea, esango nizuke eremu oso txiroetan ikusi ditudala behin baino gehiagotan poesiaren plazerak gozatzen zituzten eta autoerrealizatzen ziren gizabanako dexente: bizizaleak, ederzaleak, mistikoak... Izan ere, uste baitut piramidearen beheko mailak betetzeko guk uste duguna baino aberastasun material txikiagoa behar dela.

“baina nire bidea ez du

lehorreko ezein tristezalek zimelduko”

Bada arrunkeriaren, harrokeriaren, kexaren, albistekeriaren salaketa bat... optimismoa eta zoriona errealitateari ihes egiteko dira edo errealitateari aurre egiteko? Errealitatean murgiltzeko edo beste errealitate bat sortzeko?

Errealitatea etengabean sortzen dugu. Bakoitzak berea, eta denon artean denona (denok elkarbanatzen dugun fikzio hau). Eta ez da hainbeste “errealitateari ihes egitea” (horrek errealitatea bat eta bakarra dela onartzea suposatuko bailuke), baizik eta “errealitateen artean hautatzea” (inkontzienteki etengabean egiten duguna).

Artisten artean gauza bat ikasi badut zera da: errealitatea sortu egin daitekeela, eta bertan bizi. Geuk sortu dezakegu gero bertan biziko garen ipuina. Eta ipuin hori beste edozein ipuin bezain “erreala” izango da.

Apur bat jarrera existentzialista da hau, fokoa eta protagonismoa bakoitzarengan jartzen dituelako. Baina nik hala ulertzen dut, eta bide beretik doa liburu hau ere. Neure buruari jartzen diodan norabide bat da; eta ingurukoekin elkarbanatu gura dudan ikuskera argitsu bat, kanporatu ezean barrenak erreko zizkidana ziurrenik.

Ezin aipatu gabe utzi liburuaren diseinua. Hutsiken garrantzia handia zuen irudiak, hemen berriz azalaren diseinuak. Zer bilatu duzu azalaren diseinu honekin?

Azalean zulo bat dago, laukia. Beno, bat aurretik eta beste bat atzetik. Eta bi zulo horiekin leihoak sinbolizatu gura izan ditut. Leihoetatik sartzen da argia etxe batera. Bestetik, begi bi ere izan daitezke. Begiak dira gorputzaren leihoak.

Barruko azala beltza da, berba zuriekin. Kasu honetan berbak izar argitsuak izan daitezke, eta azal beltza berriz gaua.

Eskultura jolas txiki bat egin gura nuen azalarekin.

Idazle gisa edo beste euskarrietan, baduzu epe ertainera beste proiekturik?

Txomintxo eta Perutxoren liburu berri bat kaleratuko da aurki, eta ipuin labur batzuen inguruan dihardut, lasai-lasai. Bestetik, 2d1-en erretratu artistiko batzuk egiten ari gara, eta Jon Benitoren ostean Gari tokatu zaigu. Hipnosi saio batzuk egin ditugu, ibiltzearen inguruan hausnarrean dihardut, eta susmatzen ez ditudan bideak igartzen ditut borborka irakiten barrenean.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)