Elkarrizketak

“Pozik nago, bide luzea egin ondoren nahi nuen lekura iritsi naizelako istorio honekin”

Ostirala, 2019-02-08

Kamisoi zuri zetazkoa eleberria argitaratu du Alaine Agirrek. Haurren aurkako indarkeria kasu bat kontatu du bertan. Laugarren nobela du hauxe Agirrek, eta, kontatu digunez, mugarritzat hartzen du bere lan hau, bietatik daukalako: aurreragoko liburuetan bilatzen zuen indarra eta edertasuna, eta orain baloratzen dituen elipsia, sotiltasuna, sikutasuna. Erein argitaletxeak publikatu zuen lana iaz, Sara Moranteren irudiz jantzita.    

“Pozik nago, bide luzea egin ondoren nahi nuen lekura iritsi naizelako istorio honekin”

“Irudi bat izan zen liburu honen abiapuntua”

Noiz eta nolatan hasi zinen Kamisoi zuri zetazkoa idazten? Zein izan zen abiapuntua? 

Irudi bat izan zen liburu honen abiapuntua: kamisoi zuri zetazkoaren tirantea neskaren sorbaldatik erortzen. Hori neukan buruan, eta horren inguruan sortu zen istorioa. Istorio baten hazia irudi bat izaten da askotan niretzat, eta idazten jartzen naiz istorioa zein izango den jakin barik. Idazteko prozesua, niretzat, hazi horri sustraiak eta erramak nola doazkion hazten ikustea izaten da. 2016ko udazkenean izan zen lehen momentu hori. Gero etorri ziren berridazketak, erabakiak eta intuizio hori arrazionalizatzea.

Aipu bat jarri duzu nobelaren hasieran, Marguerite Durasen esaldi bat: Oso goiz izan zen beranduegi nire bizian. Kontatuko zenidake zergatik aukeratu zenuen esaldi hori, Durasek zer garrantzi duen zuretzat... 

Haur horren bizitzan oso goiz da beranduegi zerbait konpontzeko. Ezer ez da berdin, guztia aldatu da. Erauzi dizkiote poza, inozentzia, konfiantza, eta haien lekuan sartu mina eta pozoia. Ez dago esaldirik haurraren egoera hobeto deskribatuko duenik, Durasen aipu horrek baino. Horregatik jarri nuen batez ere, baina baita lotura moduko bat sentitzen nuelako ere idazle horrekin: haren testuetan antzematen den askatasun basati hori, idazteko ausardia hori, haurtzaroaren mina, bizitakoak idaztea eta idazterakoan bizirik sentitzea...

Oker ez banaiz, pare bat urte egin duzu testu hau lantzen. Nola joan da testua sortzeko prozesua? 

Berridazketaren prozesua desberdina izan da testu honen kasuan. Lehen zirriborroaren idazketa hain izan zen intentsoa eta gogorra, erreposatzen utzi behar izan nuela luzaroan. Askotan heldu diot testuari, sentitzen nuen ez zegoela bukatuta. Bertsio desberdinak egon dira, baina guztiek balio izan didate nahi nuen lekura iristeko: argitaratu den honetara. Gogorra izan da gehiago tardatu dudalako istorioaren forma topatzen, eta baita ere, gai honekin lanean aritzea askoz zailagoa delako. Higatu egiten zaitu gai honek.

Nolakoa zen hasierako testua, eta nola joan da aldatzen? Besteak beste kimatzera egin duzu, ezta? Zer dela-eta? Zer beste alde nagusi daude lehen zirriborroaren eta azken bertsioaren artean? 

Hasieran beste plano batzuk zituen istorioak: protagonistaren bizitzako momentu desberdinetan gertatzen ziren, momentu bakoitzean abusua ikusteko modu diferenteak erakutsi nahi nituen, momentu batetik besterako talkak agerian utzi eta garapen bat eraiki. Bortxaketak neskarengan utzitako markak esplizituagoak ziren hasierako bertsioetan, helduaroan ere ezagutzen genuelako. Baina konturatu nintzen indartsuagoa zela elipsia. Atalak kendu nituen, hizkuntza zorroztu eta gelditu zitzaidana berriro egituratu.

Hizkuntza eta estiloa ere findu egin ditut. Istorioak berez badu dramatismo bat, eta ez nuen hori azpimarratu nahi, enfatikoegia geratuko zen beldurrez. Eta, hortaz, kontrako bidea egin nuen: intentsitate emozionala kentzera jo nuen, esaldiak soiltzera, laburtzera. Sikutasun hori hobeto datorrelakoan istorioarekin eta nik kontatu nahi nuenarekin.

Kamisoi zuri zetazkoa bada eleberri, baina bada, baita ere, irudi. Sara Moranteren ilustrazioek jantzi dituzte, hain zuzen ere, zure hitzak. Kontatuko zenidake nondik nora joan den kolaborazio hori? 

Iruditzen zitzaidan ilustratuta joateak jantzi egingo zuela testua, eta edizio berezi batean ikusteko gogoa nuen. Oso zaila da hori lortzea, gutxi dira edizio berezia daroaten liburuak. Erein argitaletxea prest agertu zen, eta Sara Moranteren lana aipatu nien. Bere lanean edertasuna eta indarra ikusten nituen, gure ahotsek konbinazio ona egingo zutela uste nuen. Eta hala gertatu da, nik uste: ilustrazioak ederrak dira eta jantzi egiten dituzte hitzak. Eta ez bakarrik jantzi: nortasun propioa dute eta irakurketa paralelo moduko bat egiten dute.

Gustura geratu zara emaitzarekin (oro har, hala testuarekin, zure idazketa-prozesuaren ondoren, nola liburuaren edizioarekin, irudiekin etab.)? 

Bai, biekin. Liburua benetan ederra gelditu da ilustrazioekin, edizio horri esker, tipografiak eta detaileak, papera, azala, joskura... dena. Eta testuarekin ere oso pozik nago, bide luzea egin ondoren nahi nuen lekura iritsi naizelako istorio honekin. Beteta eta osorik sentitzen dut liburu hau, biribil-biribil, amaituta. Askotan gertatzen da liburua argitaratzen denean ez zarela guztiz seguru gelditu, edo zalantzak dituzula oraindik gauza batzuekin, testua argitaratu arren ez dela bukatu sentitzen duzu, eta inoiz ez litzatekeela bukatuko... Honekin ez zait hori pasa. Amaituta dago eta osorik dago.

 

 “Monitorearen boterea hiru faktorek eraikitzen dute: adinak, generoak eta hierarkiak”

Azpimarratzekoa iruditu zait hauxe: neska protagonistari uda berean iritsi zaizkio hilekoa (emakumetasunaren marka gisa identifikatzen dena) eta indarkeria. 

Hilekoa etortzen zaio haurrari, eta haurra izateari utzi behar dio. Jakin-mina sentitzen du, baina baita ere ilusioa eta ikara, emakume batek bezala jokatu behar duelako. Festa bat antolatzen diote, familiako hilekodun emakumeekin; hilekoak dakarren “arriskuaz” hitz egiten dio aitak; amonak agintzen dio ez ibiltzeko aitonaren aurrean kuleroetan; tanpoiak erostera doa supermerkatura eta ilaran gizon batek ikusten duelako lotsatu egiten da... Eta lotsarekin batera nahasten dira errua, espektatibak, ilusioa, beldurra, ardura... Hamaika urte ditu eta emakumetu egin dute. Badaki diferente jokatu behar duela, nahiz eta ez jakin oso ondo nola. Kontzientzia hori dauka abusatzailea hurbiltzen zaionean. Emakume batek bezala jokatu behar duela uste du, baina egiatan ez ditu ezagutzen jokoaren arauak.

Azken finean, botere harreman baten eta horren ondorioen kontaketa da, ezta? Gizona gizona da, heldua, eta monitorea. Botere posizio argi batean dago, eta neska protagonista, berriz, ingurukoengandik urruti dago, beste umeengandik isolatuta sentitzen da… 

Hori da. Monitorearen boterea hiru faktorek eraikitzen dute: adinak, generoak eta hierarkiak. Hiruretan da ahaltsu, eta hiruretan bihurtzen du neska menpeko. Haurra bere herritik urruti dago, Euskal Herritik kanpo, familiatik aparte, ez du inor ezagutzen kanpamentuan, lagunik ere ez du egiten… Bakarrik dago. Eta isolamendu hori handitu eta erabili egiten du abusatzaileak; esaterako, gelakidearengandik ere urrundu egiten du. Bere modus operandiaren parte da hori: hautatzea ume bat gabeziak dituena, harengana hurbiltzea, umearen usteak zalantzan jartzea, haren konfiantza irabaztea, zorretan sentiaraztea, maite duela sinetsaraztea...

Isolamendu horren eraikuntzan, garrantzia eman diozu hizkuntzari ere. Protagonistak dio: Ingelesa ikastera bidali ninduten gurasoek udako kanpamentu hartara, Euskal Herritik kanpora. (…) Ez nintzen gai monitoreei ingelesez hitz egiteko. Ezta beste haurrei gaztelaniaz egiteko ere.

Hizkuntzen arteko harremanek sare konplexu bat osatzen dute nobelan. Neska ingelesa ikasteko kanpamentu batera doa, eta menperatzen ez dugun hizkuntza arrotz bat ikasi beharrak beti sortzen du segurtasun falta bat. Horrez gain, Euskal Herritik kanpo dago kanpamentua, haur eta begirale gehienak espainiarrak dira, eta protagonistak gaztelaniaz badakien arren, sentitzen du hori ez dela bere lurraldea eta ez bere hizkuntza: hor ere beste botere harreman bat dago, eta hemen ere menpekoa da protagonista. Badu, honekin ere, hilekoaren etorrerarekin bezala, intuizio bat, oso kontzientea ez den kontzientzia bat: kontuz ibili behar duela, subordinazio posizio batean dagoela. Egoera honetan, topatzen duen helduleku bakarra beste haur euskaldun bat da, berea ez den euskalki bat daukana, baina euskalduna hala ere; harengana hurbiltzen saiatuko da, baina mutikoak ez dio kasurik egingo.

Protagonistari hainbat aldiz gertatzen zaio ez duela zerbait egin nahi, eta azkenean, ordea, egin egiten duela, parean daukanari atsegin emateko. 

Ez die gurasoei esaten ez duela kanpamentura joan nahi, haiek ez atsekabetzeagatik; kanpamentuko gelakideari txikleak oparitzen dizkio, lagun egitearren, nahiz eta honek ez duen estimatzen oparia; begiralearekin hainbat bider gertatzen zaio gauza bera, hasieratik. Protagonistaren nortasunaren ezaugarri bat da besteen aurrean atsegina izatearren amore emate hau, eta baita ere minak tapatzea besteak ez molestatzeko. Azken batean, emakumeoi ezarri zaigun rolaren ondorioa da hori guztia.

Lehen pertsonan kontatu duzu, neskaren ikuspuntutik. Argi zeneukan hasieratik hala izango zela? Zergatik aukeratu duzu ikuspuntu hori? 

Intuizioz hasten naiz idazten, eta intuizioz hartzen ditut kontakizunaren eta kontatzeko moduaren erabaki nagusiak. Gero, pentsatzen jarrita, ohartzen naiz baietz, halaxe behar zuela. Niri interesatzen zaidana, kasu honetan, neskaren historia da, haren sentimenduak eta pentsamenduak, esplizitatu ez arren, sumatu egiten direnak. Aldiz, ez daukat inongo gogorik bortxatzailearekin enpatizatzeko. Ez dut deshumanizatu nahi, ez dut munstro bihurtu nahi, asko eta asko direlako horrelakoak, ez dira salbuespenak; baina ezta ere ez dut humanizatu nahi, pederastaren balizko traumetan eta ezkutuko arrazoietan sakonduz. Ez zait interesatzen.

Zergatik da premiazkoa halako historiak azaleratzea? Zertarako balio lezake? Edo, bestela esanda, elkarrizketa batean irakurri dizut nobelak ez direla tesiak, baina ba al zenuen nolabaiteko helbururik, historia hau kontatzean? 

Horrelako gauzei buruz hitz egin egin behar da. Bortizkeriak (emakumeen kontrakoak eta haurren kontrakoak: kasu honetan biek bat egiten dute) ez dira amaituko aurretik kontzientzia hartzen ez badugu eta salatzen ez baditugu. Hori ere bada idazlearen funtzioa. Esaten dudanean literatura ez dela tesi bat idazteko lekua, ez dut esan nahi bertan ideiak garatu behar ez direnik, baizik eta literaturak izan behar duela helburu nagusia, ez duela egon behar mezuaren menpe; bestela, literatura txarra egingo genuke eta, gainera, ez genioke mesederik egingo zabaldu nahi dugun mezu horri.

“Liburu hau mugarri bat da niretzat” 

Laugarren eleberria duzu hauxe, zer ekarri dizu? Zure idazle-ibilbidearen barruan, nola kokatuko zenuke? 

Mugarri bat da niretzat. Lehenaren eta geroaren artean dago, maila pertsonalean aldatu egin naiz, eta horrek ezinbestean dakar idazle modura aldatzea: idazkeran, gaien tratamenduan... Banuen beldurra aldaketa horrengatik ez ote nion topatuko bidea testu honi: batzuetan, testuak asko ukitu arren ezin dira aldatu. Baina aurkitu nuen bide hori, eta gainera aldaketa horrek on egin diola uste dut, bietatik daukalako testuak: nire aurreragoko liburuetan bilatzen nituen indarra eta edertasuna, eta orain baloratzen ditudan elipsia, sotiltasuna, sikutasuna.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)