Elkarrizketak

«Trauma handi bat izan zen Gerra Zibila, eta gero etorri diren gertaerak ezin dira hartatik bereizi, batzuek egin nahi duten bezala»

Ostirala, 2021-06-25

Juan Kruz Igerabiderekin hitz egin dugu, Doneaneko alaba argitaratu berritan (Alberdania, 2021): Gerra Zibilaren ondorioek pertsonaia batzuengan utzitako arrastoak ardatz hartzen dituen nobela bat da.

«Trauma handi bat izan zen Gerra Zibila, eta gero etorri diren gertaerak ezin dira hartatik bereizi, batzuek egin nahi duten bezala»

Doneaneko alaba argitaratu duzu oraintxe, nobela bat; iaz, berriz, Noiz arte arrazoi aforismo-bilduma plazaratu zenuen. Aldi berean idazten dituzu poemak, aforismoak, narratiba?

Aldi berean baino gehiago, aldika aritzen naiz. Aforismoekin, atera daitezke laupabost astebetean, eta gero utzi. Orain dela hiruzpalau urte atera nuen aurreko aforismo-liburua (Labur txintan; Pamiela, 2017), nahiz eta askoz lehenago egina nuen. Poesiarekin eta aforismoekin oso poliki aritzen naiz. Poesiarekin gauza bat gertatzen zait –beste batzuei ere hala gertatuko zaie noski–: momentu batean olatu bat baletor bezala, heltzen dizu, hartzen duzu hari bat, eta…

Narrazioarekin ere antzera, baina sorburua desberdina da: obsesio baten antzeko zerbait dago atzean, ulertu-nahi bat. Nik egin ditudan nobeletan, azpi-azpian, gizakiaren traumak ulertu-nahi bat dago. Zenbait egoerarekiko eta nik ezagutu ditudan pertsona askorekiko obsesio bat bezala sortzen zait, eta hortik abiatzen zait kontatu nahia.

Aforismoekin edo poesiarekin konparatuta, narrazioekin bereziki daukazu nahi hori? 

Nobeletan bereziki da historiarekin lotutako zerbait. Historia (bai intrahistoria, bai historia pertsonalak, bai gizarte baten historia), edo garai jakin batzuk, askoz gehiago agertzen dira nire narrazioetan beste generoetan baino; poesian, esate baterako, zertzelada gisa bakarrik agertzen dira. Nire obsesio horretan, inguruka-inguruka ibiltzen naiz, azalak altxatuz bezala; tipularen antzera zuritzen dut obsesio hori, ea zer dagoen azpian. Inoiz ez dut bukatzen, noski, baina horretan segitzen dut, argi pixka bat egin nahirik, edo beste batzuetan besterik gabe barrua askatzeko asmoz.

Narratzailea, Gerra Zibilaren garaian trauma bat bizi izan zuen haurra, gogortu egin da helduaroan. 

Guztiok ezagutu ditugu horrelako pertsona-mota batzuk, nik ere bai, eta aztertzen saiatu naiz egoera historiko horiek nola txertatu diren pertsona-mota horien psikologian, zer eragin izan duten. Maitasun-margo batzuk ere eman nahi izan dizkiot gainetik, eta beste batzuetan ironiaz marruskatu ditut pixka bat.

Gure gizartean ezagutu ditugun jarrera eta pertsona askoren isla ikus daiteke narratzaile horrengan. Nire asmoa ez da izan narratzaile hori pertsona bakar batekin lotzea –ni neu ere ziur aski horren barruan egongo naiz hein batean–; giza taldeekin ere lotu nahi izan dut, giza taldeen portaera batzuekin. Lantegietan, unibertsitatean eta halakoetan taldeak sortzen dira, eta gotortu egiten dira, batzuetan ideiengatik, beste batzuetan interesengatik, eta baita adiskidetasun-lotura batzuengatik ere, eta jendea itxi egiten da taldeen baitan. Narratzaile hau bere buruarekin ixten da, bere haurtzaroko traumaren ondorioz, ikusi duenagatik eta bizi izan duenagatik, bai bere gorputzean bai bere psikean. Horrek gotorleku bat osatzera darama, intelektuaren bidez nagusiki, eta bakarrik egingo du lan hori, ez talde bati atxikirik. Beste batzuek taldean egin dutena, narratzaileak bakarrik egin du. Narratzailearen bidez, sinbolikoki, gizarteko taldeei eta haien jarrerei buruzko irakurketa bat suma daiteke nobelan; nik hala nahi behintzat.

Gerra Zibilari buruzko nobela bat izango zela uste nuen hasieran, baina orainaldira eraman duzu kontakizuna. 

Gizartearen trauma handi bat izan da Gerra Zibila. Eta gero etorri direnak horren haritik etorri dira; ezin dira bereizi, gaur egun batzuek nahi duten bezala (atzerago ere joan gintezke, noski, baina trauma orokor gertukoena, korapilo gertukoena, hor sortu zen). Trauma horri begiratu diot, pertsonaiaren bizipenen bidez: esperientzia partikular bat da, baina, sinbolikoki, ez hain partikularra.

Egoera historiko batean, edo bilakabide historiko batean, demagun 20-40 urteko bilakabide batean, ikusten duzu nola bizi diren familiak, pertsonak, nola atera diren aurrera, zer jokabide izan dituzten… horiek interesatzen zaizkit. Modu askotakoak dira bilakabide horiek, kontraesankorrak batzuk besteekin, askotan elkarrekin zerikusirik ez daukatenak. Horiek, nire ustez, aberastu egiten dute gertaera historikoen ulermena, eta ikuspegia zabaldu egiten dute, literaturaren bitartez. Beste idazle batek, esate baterako, nobela horretako pertsonaia frankista nabarmenenaren ikuspegitik konta dezake garai hori, nik egin dudanaren kontrako bidetik, muturreko adibide bat jartzearren, eta horrek prisma literarioa aberastu egingo luke.

Narratzaileak trauma bat bizi izan zuen haurtzaroan, horren ondorioz astasuge bihurtu da, pertsona zaputza eta guztiaren gainetik dagoena itxuraz, baina liburuak haren desizozte-prozesua kontatzen du. 

Bere burua definitzeko, narratzaileak astoaren egoskorkeria eta sugearen izaera arrastakari (sasi eta langa guztien azpitik dabilena) eta pozoitsua lotzen ditu. Badirudi bizitzako alor guztiak ondo antolatuta dauzkala; baita alor sentimentala ere, ondo neurtua du. Eta halako batean, amodiozko harremanik ere gertatu gabe, Doneaneko alabak hautsi egiten du mundu gotor hori, emeki-emeki, bultzada handirik gabe. Narratzailearen traumarekin lotura estua duen Doneaneko alabaren eraginez gertatzen da hori, nahiz eta bien arteko helduaroko harremana ia kasualitatez sortzen den, gertaera literario baten ondorioz, Doneaneko alaba poeta (liburua izengoitiarekin argitaratu duena) eta narratzaile-kritikaria literaturak lotzen dituenean.

Horrek, jakina, samurkeriari ateak zabaltzen dizkio, eta borroka egin behar izan dut idazketa-prozesuan zehar samurkeriari amore ez emateko. Erraza litzateke horrelako prozesu psikologiko buenista bat ateratzea, baina narratzaileak segitzen du bere kabroi-puntua izaten, bukaerara arte. Hala ere, narratzaile horrek hasieran koraza darama soinean, eta bukaeran, berriz, biluzik dago, literalki, patuaren esku.

Bestalde, narratzaileari, barren-barrenetik, zintzotasun moduko bat nabari zaio, ezin du erabat disimulatu bere jarrera zipotz ironikoarekin. Zintzotasunari ihesi bezala dabil; adibidez, unibertsitatean lanean hasten denean, ironiaz erreparatzen die lankideen jarrerei eta haietako batzuen justizia-nahiari; ezin du erabat ezabatu, hala ere, barrutik irteten zaion zorroztasun «etiko-edo» bat.

Izaera kontraesankor horri tiraka aritu naiz, batetik eta bestetik, ez dadin joan samurtasunera, baina ez dadin bihurtu, ezta ere, tipo zaputz bat besterik gabe.

Hitz egin dezagun parean suertatzen zaion pertsona horretaz. Jonane poeta –narratzailearen herriko auzoen alaba; nazionalek haren ama bortxatu zuten, Mikela, eta bi gurasoen bizitzak txiki-txiki eginda geratu ziren horren ondorioz–. Haren ahotsa ez da hainbeste agertzen, baina asko gustatu zait egiten duen bidea, nola sendotzen den. 

Jonanek ahots gutxi du zuzenean, baina bere poemetan du indarrik handiena. Ez dira poema asko, baina saiatu naiz ahots indartsu bat sartzen horien bidez. Narratzailea jota geratzen da poemak irakurrita, nahiz eta kritika egiten dien forma aldetik; bada narrazioan beste poeta bat ere, Jonane baino ospetsuagoa, eta hark ere errespetu handia erakusten du Jonaneren poesiaren aurrean: horrek zeharka Jonaneren ahotsa nabarmentzen du nobelan. Xuxurla baten modukoa da Jonaneren ahotsa, baina azkenean berak tiratzen du gehien, narratzailea bere atzetik eramateraino. Besteen diskurtso guztiak baino indar handiagoa duen xuxurla bat da.

Narratzailea literatur irakaslea da, eta Jonane, poeta: literatura klasikoak eta mitologiak toki nabarmena dute liburuan, narrazio-ildo nagusiarekin tartekatzen baitira. 

Pertsonaia horiek trauma batetik, egoera historiko batetik datoz, baina lehen kapitulutik bertatik literaturaren presentzia oso nabaria da. Neronek ere ez dakit oso ondo esplikatzen zer funtzio duen horrek; esan dezaket, noski, bizitza eta literatura lotu nahi izan ditudala, baina ez dut aurreasmo bati jarraiki egin; senari jarraiki, ateraz joan zaizkit pasarte literario horiek, hunkitu nauten eta kontatzen denarekin lotura duten irakurketa batzuen ispilu dira-eta: lotura iradokitzaile emozional bat dago testu horien eta narrazioaren artean. Literaturaren erabilera horren bidez, kontatzen den historia, hain partikularra dirudiena, giza kondizioarekin lotzera bideratzen du narratzaileak. Mitologia eta literatura unibertsaleko gaiak sartzen dituzunean, giza kondizioaren gogoeta bat ekartzen duzu orrietara, baina nobela honetan gogoeta hori ez dago zuzenean adierazia, iradokia baizik; irakurleak jarri behar dizkio hitzak, bere gogoeta propioa egin behar du; nahi badu, jakina. Nik pasarteak jartzen ditut, eta irakurlea gonbidatzen dut, adibidez, Euridize Mikelarekin lotzera eta horretaz hausnartzera; lotura horiek eta gogoeta horiek adierazi gabe daude, ispilu-joko bat ezarriz, gehiago garatu gabe.

Jonaneren nebek, ordea, beste modu batera garatu dituzte traumaren ondorioak. «Basatiak» dira, nolabait ere. 

Euskal Herrian, batez ere herri txikietan, horrelako asko ezagutu ditugu: Rousseauk zioen basati onak baino gehiago, bridarik gabe hazi direnak, edo bridak hautsi dituztenak eta beren erara ibili direnak. Hemen bi anaia horiek agertzen dira, baina gure literaturan badira antzekoak. Batez ere nire belaunaldikook, herri txikitakook, gertutik bizi izan dugu hori. Jokabide horri eransten badiozu trauma gogor bat, bada, bihurtzen dira marjinalitatetik gertu dauden pertsonak. Jonane ere ez dago urruti hortik. Gertatzen dena da txikitatik hartu duela jarrera arduratsu bat; horrelako egoera batean, bizirauteko modu bat da, edo zure indar basatia erabat askatzea, edo bestela zerbaiti gogor heltzea–ikasketak, erlijioa…–; anaiek ez bezala, Jonanek bigarren bide horretatik jotzen du. Okerrera egiten duen uneak ere pasatzen ditu Jonanek, jakina, batik bat amodio-istorio batekin, drogekin… Hortik jo zezakeen, eta marjinalitatean erori, baina eutsi egiten dio; euste horretan asko laguntzen dio erizaintzako ikaskide batek.

Aipagarria iruditzen zait, azkenik, hizkuntza nola landu duzun.

Itzulpenarekin harreman zuzena du nobelako prosak; esan nahi dut, bada, merituren bat izatekotan, askoren lanaren zordun naizela. Urrezko astoa agertzen da nobelan, Apuleiorena: Anjel Lertxundik eta biok itzuli genuen, eta asko markatu ninduen esperientzia izan zen hura. Nobelan zehar itzulpen batzuk aipatzen dira, eta literatura unibertsala ere bai: nik euskaraz jaso dudan literatura unibertsal ondo itzuliaz ari naiz, eta, nobelan aipatuez gainera, lan on asko dago gurean. Askoren lan horrek tresnak eman dizkit, niregan gorpuzteraino, esango nuke. Nire kasuan ez da izan prozesu tekniko hutsa. Denbora luzea eskaini diot itzulpenak irakurtzeari, nik neuk itzultzeari… baina lan hori guztia barruan egosiz saiatu naiz, gero modu «naturalean-edo» irten dadin.

Idazten hasi nintzenean, gertutik jarraitu nuen Atxagak egin zuen prozesua; hark eraldaketa bat eragin zuen prosa egiteko moduan, eta horri oso adi egon nintzen. Anjel Lertxundik ere egin zuen ahalegin oso berezi bat, eta hori ere oso-oso gertutik jarraitu nuen. Gero unibertsitatean egindako lanak ere izan du eraginik nigan, zientzia eta humanitateak itzultzen eta itzulpenak koordinatzen aritu bainintzen: itzultzaile onak inguruan dituzunean, pila bat ikasten duzu haien itzulpenak aztertuz eta elkarri oharrak eginez. Juan Garzia, Irene Aldasoro, Xabier Olarra, Koro Navarro, Josu Zabaleta, Iñaki Inurrieta, Elhuyar, EHUko Euskara Zerbitzuko kideak…, altxor bat izan da niretzat. Itzulpenarekin talde-lan izugarri bat egin da gurean, 80ko hamarkadatik aurrera gutxi gorabehera, eta talde-lan horretan, begiak zabalik edukiz gero, izugarri dago ikasteko. Hortik edaten saiatu naiz. Eta neure baitako ahotsa sortzen, noski.

Haur literatura egiteak ere lagundu dit, zeren haur literatura serio egiten duzunean, gauzarik zailenetako bat da: alde batera utzi behar dituzu tramankulu ugari, gainerakoan oso erabilgarriak zaizkizunak. Haur literaturan, zerbait indartsua esan behar duzu oso baliabide gutxirekin. Ondo egiten saiatuz gero, asko erakusten du.

Azken hitza: Literaturaren iturriak

«Bizitzako zauriak ez dira gainditzen, horiekin bizi behar duzu. Edo tapatzen dituzu edariarekin, kontsumismoarekin, edo bizitzeko modu txepel batekin, edo begiratzen diezu aurrez aurre. Ni, neure ezinetik saiatu naiz aurrez aurre begiratzen, saiatu behintzat, eta nire literaturan hor dago ahalegin hori. Irakurle batzuek nabaritzen dute asmo hori, eta horietako gutxi batzuk behinik behin ahalegin horretan nirekin bat datozelakoan nago. Literaturaren iturrietako bat dira bizipen traumatikoak; gehienak, aldez edo moldez gure biografian daude, gainera; beste pertsonen esperientziak izanik ere, zuri zirrara bat sortu dizutelako erabiltzen dituzu; bestela, hunkitzen ez bazaituzte eta zuregan eraginik izan ez badute, ez zara enteratu ere egiten, eta zure albotik mundu oso bat ezustean igarotzen da». 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)