Elkarrizketak

Tripak kolektiboa: “Asko maite dugu hitzek daukaten botere poetikoa, plastikoa eta sonoroa, eta horrekin jolasten dugu”

Ostirala, 2019-10-18

Tripak kolektiboak Urruna lan berria estreinatuko du larunbatean 19:00etan La Fundicion aretoan, BAD jaialdiaren barruan, sarrerak agortuta. Kolektiboko kideak elkarrizketatu ditugu.

Tripak kolektiboa: “Asko maite dugu hitzek daukaten botere poetikoa, plastikoa eta sonoroa, eta horrekin jolasten dugu”

Tripak kolektiboarena ez da ohiko teatroa, baina era berean, ohikoa ez den teatroa uste baino ohikoagoa da. Arte diziplina ezberdinetatik edaten dute kolektiboko kideek, eta pieza eszeniko transformatzen dituzte. Ez dira testutik abiatzen, baina haien testuak liburura ere iritsi izan dira: Aitaren larrua aurreneko lan eszenikoarekin, Eztena-liburuak bildumaren barruan.

aitaren larrua

Marina Suarez, Natalia Suarez, Maite Mugerza, Andrea Berbois-ek osatzen dute egun kolektiboa. Larunbatean lan eszeniko berri batekin etorriko dira plazara, Urruna, beren ibilbideko hirugarrena, eta guk gehiago jakin nahi izan dugu. Hauxe duzue emaitza:

Zer da “Urruna”?

Urruna leku bat da, eta era berean, bertan bizi dena imajinatzetik datorren gure azken obra da. Guretzako urrun dagoena imajinatzetik sortu da pieza hau. Urruna sumendi baten magalean gertatzen da. Guregandik urrun dagoen gizon bat, paisaia bat, meteorito bat eta gaixo bat dira gure pertsonaiak. Kuriosoena zera izan da, urrun dagoen hori lantzean gertu dagoenarekin topatu izan garela.

Zer dramaturgia mota da obra honetakoa?

Leku hori imajinatu ostean pertsonaiak eta istorioak imajinatzen hasi ginen. Istorio horiek abiapuntu bat besterik ez dira izan, dramaturgia irudien sekuentzia bat da finean. Irudi horien baitan arakatu ditugun material bisual eta poetiko guztiak agertzen dira, era ebidenteago batean batzuetan eta era ez ebidenteago batean besteetan. Eszenak eskaintzen dituen material guztiak maila berean lantzen ditugu: testuak, gorputza, keinua, jantziak, koloreak, soinuak... Hori bai, gure baliabide murriztuekin, baina saiatzen haiei espresio maximoa ateratzen. Urruna leku oniriko batean murgiltzeko aukera eskaintzen duen obra da. Ez dauka pretentsio gehiagorik.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

Esan bezala, leku bat imajinatzetik abiatu ginen eta hortik inprobisazio pila bat egin genituen lekuaren berezitasunak aurkitzeko. Inpro horietan eszenaren lengoaiekin jolasten genuen: objektuak, jantziak, ahotsa, soinua, musika, argia... Paisaia agertuz joan zen, eta paraleloki istorioan sakontzen joan ginen. Istorioari tiraka material poetiko idatzia ere agertu zen. Material horrekin guztiarekin eszenak sortzen joan ginen, eta azkenean eszena bilduma bat geneukan. Uztailean, Markinan, kaleko bertsio bat egin genuen eta aukeratutako lekuaren berezitasunekin jokatuz beste material bat agertu zen. Eszena horiek guztiak oso era intuitiboan elkartu genituen obra osoa egin arte. Intuitiboan esan nahi dut inor ez delako kanpoan egon osotasuna ikusteko, taldekideok barruan eta kanpoan ibili gara denbora guztian. Obra Baratza aretoan, Azalan, Pradillon, Etxetxo baserrian eta La Fundicionen gauzatu da.

VN0A4631

Aitaren larrua lanarekin ezagutu genuen Tripak kolektiboa. Ordutik kolektiboa hazi egin da. Zein unetan dago orain taldea?

Lantaldea aldatu egin da: Mayi (Martiarena Litago) ez dago eta Natalia (Suarez Ortiz de Zarate) sartu da. Gure prozesuak luzeak dira eta bizi dugun momentuarekin zerikusi handia daukate. Aitaren Larruarekin, gure lehenengo obra izanda, elkarrekin lan egiteko era deskubritu genuen. Urrunarekin era hori finkatu egin da eta, horregatik hain zuzen ere, lana arinagoa izan da. Hobeto ezagutzen dugu elkar, edo sakonago, bakoitzaren moduak eta maniak hobeto onartzen ditugu, lanari lagundu diezaieten gure kontra jokatu gabe.

Aitaren larrua liburua ere izan zen. Zer nolako garrantzia dauka testuak zuen lanean?

Esan bezala, parte guztiei garrantzi berdina ematen saiatzen gara baina, egia da, testua guretzat zailtasun gehien daukan materiala dela. Asko maite dugu hitzek daukaten botere poetikoa, plastikoa edota sonoroa, eta horrekin jolasten dugu. Testua ez dugu erabiltzen ohiko narrazio bat sortzeko eta horren bitartez esan nahi duguna ikusleari ulertarazteko. Ez dugu gauza handirik esan nahi. Egia da azken obra honetan testua hobeto komunikatzen saiatu garela, uste dugulako pistaren bat ematen duela. Hortaz testua sujeritzeko erabiltzen dugu, beste materialekin egiten dugun moduan.

Eta zer nolako garrantzia dauka publikatzeak?

Ederra izan zen bi urte eta gero guretzat hain garrantzitsua izandako prozesuaren materializazio bat eskuartean edukitzea. Opari bat. Asko gustatuko litzaiguke norbaitek gidoia hartzea eta bere Aitaren Larruaren bertsioa egitea. Alde batetik, memoria bezala garrantzitsua da, bestetik, norbaitentzako inspirazioa izan daiteke. Gogoratzen dugu Yuri Sam (Artezblai, 2007) irakurri genuenean antzerkia egiteko gogoa piztu zitzaigula, nahiz eta inoiz ikusi ez izan Yuri Sam.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)