Elkarrizketak

Xabier Etxaniz Rojori elkarrizketa

Waterloo-n galdutakoak (Erein) nobelaz aritu gara, luze zabalOstirala, 2017-02-17

Idazle gisa ezagutzen dugun arren, Xabier Etxaniz Rojo euskara irakaslea da ogibidez. Lankide baten senarrak iktus bat izan zuela eta euskara galdu zuela azaldu zion behin lagun batek. "Txundituta geratu nintzen. Aipamen hura buruan bueltaka izan nuen sei bat hilabetez. Niri gertatuko balitzait, lanik gabe geratuko nintzateke". Abiapuntua hori bada ere, hari mutur gehiago ditu nobelak, eta modu trebean uztartu ditu denak.

Xabier Etxaniz Rojori elkarrizketa

Afasia baliatu duzu material narratibo gisa. Nondik nora otu zitzaizun gaixotasun honi heltzeko ideia?

Afari batean geunden eta, halako batean, lagunetako batek: “istorio bat kontatu behar dizut. Nire lankide baten senarrak iktus bat izan du eta euskara galdu du”. Bere hitzak horiek izan ziren.

Nola da posible? Hori gertatu al daiteke? Iktus bat izan eta euskara galtzea? Txundituta geratu nintzen. Aipamen hura buruan bueltaka izan nuen sei bat hilabetez. Niri gertatuko balitzait, lanik gabe geratuko nintzateke. Nik euskarazko eskolak ematen ditudalako. Ez dakit besterik egiten.

Idatzi ere, ezingo nuke idatzi, gazteleraz ez dakidalako idazten. Kezka hori denbora luzean izan nuen, eta nire jakinmina piztu zuen.

Narrazio baterako susmoa hartu zenion.

Istorio honen atzean ikusten nuen zerbait. Handik denbora batera, nire lagunarekin harremanetan jarri nintzen eta iktusa jasan zuenaren kontaktua eskatu nion. Horrela hasi nintzen informazioa batzen. Orduan ez nekien zer zen iktus bat, afasia existitzen zenik ere ez. Bitan elkartu nintzen iktusa izan nuen pertsona horrekin, eta bitan euskaraz hitz egin nuen berarekin. Beraz, euskara galdu zuena ez zen guztiz egia. Une jakin batean bai, galdu egin zuen baina gero berreskuratu egin zuen. Nirekin batu zen egunetan, ondo egiten zuen baina nabaritzen nion hitz batzuk kostata ebakitzen zituela. 2013an edo izango zen hori.

Dokumentazio lan handia egongo da, hortaz, nobela honen atzean. 

Iktusa izan zuen pertsona horrekin bitan batu eta gero, bere logopedarekin jarri nintzen harremanetan, Nekane Galparsororekin. Matia Fundazioko ospitalean egiten zuen lan garai hartan. Hara joan eta berarekin elkartu nintzen. Terapia gela batean ere izan nintzen. Eta afasia zuen beste pertsona batekin egoteko aukera izan nuen, ariketak nola egiten zituen ikusten.

Informazio asko pilatzen ari zitzaidan, eta material hori guztia batu ahala hasi nintzen nobela batean pentsatzen.

Paralelismo bitxia sortzen da afasia duen baten eta hizkuntza berri bat ikasi nahi duenaren artean. Bi egoera ezberdin dira, baina parekotasun horrek ondo funtzionatzen du nobelan. Esan nahi eta esan ezin hori bietan ematen delako. Zailtasunen aurrean, setatia izan behar hori.

Bai, bai. Hori berehala ikusi nuen. Informazioa banuen, eta Euskal Herrian kokatzeko ideia berehala izan nuen. Iktusa irakasle bati gertatuko zitzaion, baina irakasle berezi bat behar nuen. Iktusaren kasuan, gero hartutako hizkuntza galdu ohi da, ez ama hizkuntza. Eta nik horrelako kasu bat behar nuen.

Bakarne bezala, ni ere euskaldun berria naiz. Euskara ikasi nuen euskaltegian eta irakasle izatera iritsi nintzen ondoren. Hori da nire esperientzia. Nobelako protagonista gisa, beraz, euskaldun berri bat ipintzea erabaki nuen.

Non kokatu, zein herritan, zein euskaltegitan... Hori gero etorri zen.

Irunen kokatu duzu trama.

Erdalduna den zonalde bat da Irungoa, baina euskaltegi indartsu bat du. Hango euskaltegian lan egin izan dut gainera, eta abiapuntu horretatik hasi nintzen hari denak lotzen: “euskaltegi batean gertatu behar badu eta protagonista euskaldun berri bat izango bada, irakasle ere badena, gertatuko zaio niri gertatuko litzaidakeena”. Beste era batean esanda: egoera horretan nik nola jokatuko nuke? Hori izan zen abiapuntua.

Benetako gertaerak jaso dituzu nobelan. AEK-ko irakasle batek bizi izandako jazarpen mediatiko bat txertatu duzu, ETAren su-etenaren inguruko aipamenik bada, polizia kontrolak ageri dira...

Azken narrazioetan beti sartu izan dut errealitateari eginiko aipamenik. Ez dut euskal gatazkari buruzko nobela bat egiteko asmorik izan, baina trama Euskal Herrian kokatzen bada, abstrakzio hori egitea ez zait normala iruditzen. Gauza horiek gertatzen ziren eta gertatzen dira. Eta iruditzen zait gure lana ere badela inguruan gertatzen dena kontatzea. Kontestua agertzea.

Toki errealak ipintzea ere gustuko dut. Sirena hotsak-en Txurrut taberna agertzen zen eta nire aitaginarreba hara joaten zen. Halako detaileak garrantzitsuak direla iruditzen zait.

AEK-ko beterano baten nobela dela esan daiteke. Kontakizunaren muina bestelakoa bada ere, AEK-ko irakasle baten bizipenak agertzen direlako bertan.

Eskola giroko pasarteetan, ni naiz klasea ematen ari dena. Hortik badago, bai. Badago. AEK-ri buruzko hausnarketak ere badaude, baina baita Korrikari buruzkoak ere. Berriako zutabeetan, horrelakoak idazten nituen tarteka. “Noiz arte egingo dugu Korrika?”, “AEK-k noiz arte antolatuko du Korrika?”. Egunen batean herriak hartu beharko luke ardura. Edota AEK-k desagertu. Baina egoera horretatik oso urrun gaude oraindik. Nire pentsamenduak ageri dira pasarte horietan: Korrika oso polita dela, baina mundu guztia erretzen duela. Eta bi hilabete horietan, klaseak ahal dugun moduan ematen ditugula, beste gauza batzuk ere egin behar izaten ditugulako.

Taldeak osatzeko izaten diren zailtasunak, prekarietatea... AEK-ren erretratua ez da zertan idealizatua izan behar.

Irakasleren batek esan dit oso suabe ibili naizela. Eta baita haserretu ere. Egur gehiago eman behar nuela!

AEK den bezalakoa da. Iraila iristen da eta nik ez dakit urritik aurrera zer nolako lana izango dudan. Iraileko azken ostiralean erabakitzen da nire urte osoko lan jarduna. Askotan, gainera, zoriaren arabera.

Horrela ibiltzen gara euskaltegi guztietan. Eta horrelakoak gertatzen direnez, uste dut diren bezala jartzea dela nire lana.

“Ez dut gauzak kronologikoki azaltzeko ohiturarik”

Hiru plano bereizten dira nobelan. Tartekatu egin dituzu bateko zein besteko pasarteak. Irakurlea gutxinaka joango da kontakizunaren puzzlea osatzen.

Puzzleak sortzearena betiko joera da nigan. Ez dut gauzak kronologikoki azaltzeko ohiturarik. Ez dut oso gustuko gainera. Ni ipuinetik nator. Eta iruditzen zait ipuinetan –eta nobeletan ere bai­– informazioa gutxinaka eman behar dela, eta ez oso argia hasieran.

Tira, informazioa kudeatzeko modu bat da.

Nobela bi zatitan dago banatuta: Nobela hasieran, Iraila atalean,  beldurtuta ageri da Mikel. Berak eta bere bikoteak jaso duten kolpearen iradokizun bat egiten da lehen kapituluan. Leihoak atala aldiz, logopedarenean abiatzen da.

Urtebeteko iraupena du kontakizunak. Baina nobelaren hasieran, iktusa, ospitaleko egonaldia... Hori guztia azaldu nahi nuen lehenbizi. Lehen sei kapituluak egun bakarrean gertatzen dira.

Nobelaren hasierako fasea duelu baten modukoa da. Iktusa dela medio, hasieran amorrua sentituko du Bakarnek; bakarrik egon nahi du. Min horrekin negoziatzen hasi beharko du gero.

Idazkera laua da. Kapituluak laburrak dira. Horrek guztiak arindu egiten du nobelaren erritmoa. Kapitulu batzuk modu autonomikoan ere funtzionatzen dutela esan daiteke, ezta?

Ipuin motzen antza dute kapitulu batzuk. Hasi eta buka lotuta daudenak, nolabait esanda. Ez dakit beste modu batean egiten. Naturala da niretzat. Kapitulu oso luzeko nobela bat idazteko ez nintzateke gai izango.

Soledad Bakarne bilakatu zen

Protagonista nagusiak bi dira. Bakarne eta Mikel. Euskaltegiaren inguruan ezagutu zuten elkar. Bakarne dago nobelaren erdigunean: Valentziarra jaiotzez, gurasoekin Irunera etorri eta bertako euskal giroan murgildu zen. Mikel izango du irakasle eta, handik urte batzuetara, bien artean maitasun harremana sortuko da. Mikelek ere badu iragan bat. ITV (Irunés de Toda la Vida) delakoa izateko zorian izan zen, baina beste bide bat hartu zuen. Zentzu horretan, Bakarne bezala dabil. Iraganetik ihesi, nolabait.

Mikelen kasuan, nabarmena da. AEK-tik atera zen, atera zen moduan. Ondo ez. Ez AEK-rengandik, bera irakasle izan zen garaian gertatu zen kontu batengandik baizik.

Bakarneren kasuan, ez zait iruditzen ihesi dabilenik. Hona etorri zen eta  gero ez zuen gurasoekin Valentziara itzuli nahi izan. Bukaeran esaten du, agian ez nuen egin egin behar izan nuen guztia nire aitarekin, nire amarekin… Baina hori guztia bere buruarekin negoziatzen ari da.

Irunera iristean, beste zerbait topatu zuen hemen, Valentzian ez zuena. Eta gurasoek sorterrira itzultzea erabakitzen dutenean, Bakarnek Irunen geratzea erabakiko du. Baina ez dabil iraganetik ihesi. Aldatu egin da, beste pertsona batean bilakatu da eta bertan geratzea erabaki du.

Aldaketa prozesu horretan, izena aldatuko du. Soledad zen jaiotzez, eta euskalduntzean Bakarne bilakatuko da.

Nik ere izena aldatu egin nuen. Nire amarentzat ni Javier naiz oraindik. Nire amarentzat bakarrik. Beno, lagunen batek ere Javi deitzen dit oraindik eta amorrua ematen dit. Baina ni aspaldian naiz Xabier. Bakarnek gauza bera egin zuen. Soledad hor geratuko da, kutxa batean gordeta.

Bestelako kontuak ere ageri dira: bikote harremanak, aitatasuna, gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazioa-inkomunikazioa...

Kasu honetan, afasia da inkomunikazioa eragiten duena. Baina berdin-berdin gertatzen da bestela ere. Zaila da seme alabekin hitz egitea nonbait.

Nik bi alaba ditut, bat nerabea da eta bestea aurre-nerabezaroan da. Bat biologikoa, bestea adoptatua. Eta batzuetan oso zaila da harremana.

Aitatasunari dagokionez, behin baino gehiagotan hizpide hartu dudan gai bat da. Oso pozik nago nire aitatasunarekin. Ez dut problemarik. Baina uste dut kanpotik oso behartuta sentitzen garela. Badirudi ez bagara aita izatera iristen, ez garela zoriontsu izango. Emakumeen kasuan, presioa handiagoa da. Okerrago oraindik. Eta batzuetan pentsatu izan dut, merezi al du? Bai merezi du, noski, baina gaiak hausnarketarako bidea ematen du.

Erdaldunen eta euskaldunen arteko distantzia ere ageri da. Gurasoak Valentziara itzultzea erabakitzen dutenean, Bakarne Irunen geratuko da. Eta hor talka egingo dute gurasoek eta alabak.

Bakarneren gurasoak Valentziakoak dira eta beraientzat kolpe handia da. Galdu egin dute beren alaba, Soledad.

Beste kultura batean murgildu delako.

Ulertzen ez duzuna ezin duzu maite. Eta gurasoek ez dute ulertzen. Soledadek ere ez zuen bertakoa ezagutzen. Ezagutzen duenean, maite egingo du. Eta Valentziara itzuli ordez, Irunen geratzea erabakitzen du. Soledad izateari utzi eta Bakarne izena hartu zuen.

Kanpotik ikusita, pauso hori arraro suertatzen da. Baina ikasleei hori esaten diegu maiz. “Hemen, gure artean egiten ditugun gauzak oso onak dira. Zuenak bezain onak, edo zuenak bezain txarrak. Baina badaukagu beste zerbait”. Baina ez dut lortzen. Garai batean, ni euskaldundu nintzenean, gogo hori bazegoen, euskaldun izateko gogoa. Orain ez.

"Egungo ikasle gehienek titulitisa dute"

Aldaketa handia eman al da azken urteotan?

Kristorena. Nik 10 urterekin banekien ez nintzela espainiarra sentitzen. Euskalduna izan nahi nuen. 10 urterekin ikasle nintzen AEK-n. Intxaurrondon haur talde bat osatu zuten eta han egon nintzen gaur egun nire lankide den batekin euskara ikasten. Gogo hori bazegoen orduan.

Orain titulitisak agintzen du.

Inguruko herrietan akaso ez, baina Donostian ikasle gehienek titulitisa dute. Ez dago euskalduna izateko gogorik. Ez dira euskaldun izan nahian hurbiltzen. Beste behar batzuk dituztelako hurbiltzen dira euskaltegietara.

“Nik aprobatu egin nahi dut”, esaten didate. “Aprobatu egin nahi al duzu? Ba izan euskaldun”. Baina hori ez dute nahi. Baten batek, gainera, onartu egiten du. Igual ez dute esango, baina askok hala pentsatzen dute.

Waterloo-n galdutakoak (Erein) nobelaren book-trailerra

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)