Erreportajeak

Bizitza idaztea

Ostirala, 2016-04-15

Annie Ernaux idazle frantziarraren lan guztiak, bilduta, plazaratu zituen 2011n Gallimard argitaletxeak, Écrire la vie [Bizitza idaztea] izenburupean. Igela argitaletxeak iaz ekarri zuen Ernauxen azken eleberrietako bat euskarara. Guztira, autore emankor honen bost eleberri dauzkagu euskaraz irakurgai.

Lillebonnen jaio zen Annie Ernaux, 1940an. Letretako irakasle agregatu gisa lan egin du. 1974an plazaratu zuen lehen eleberria eta orduz geroztik buru-belarri aritu da idazten: hogei eleberri inguru argitaratu ditu. Euskaraz, bost eleberri irakur diezazkiokegu: Begira zenbat argi, maitea, Igelak argitaratu zuen 2015ean, eta Xabier Aranburu aritu zen itzultzaile. Igelak ekarri ditu, era berean, Pasio hutsa (2002), Lekua (2003) eta Gertakizuna (2003) denak ere Joseba Urteagak itzulita. Txalaparta etxeak 2011n kaleratu zuen Emakume bat lana, Itziar de Blas Fdz. de Gamarra itzultzaile.

Lan guztien bildumaren izenburuak argi uzten du nondik egiten dion tira Ernauxek literatura. Bizitza du abiapuntu, bere bizitza propioa, gehientsuenetan. Batzuen iritziz, morboaren pizgarri baino ez da hori; Ernauxen literaturan, ordea, biografiaren erabilera ez da ausazkoa ezta doakoa ere, hain zuzen, bere bizipenetatik abiatuta Frantziako gizartearen eta giza miseriaren zoko-mokoak erretratatzen baititu, zorrotz. Halaxe dagi euskaraz dauzkagun obretan ere. Horietako hiruri erreparatu diegu erreportaje honetan.

Orain dela gutxi Le Monde egunkarian egindako elkarrizketa batean argi hitz egin zuen Ernauxek: Desobeditzea baino ez dut buruan.

1227919-gf

Begira zenbat argi, maitea

Argitaletxea: Igela

Itzultzailea: Xabier Aranburu

Sinopsia: Urtebetez elikatu du Annie Ernauxek Trois-Fontaineseko zentro komertzialeko Auchan hipermerkatura egindako bisiten egunkaria. “Beste era batera ikusten dira gauzak, idazteko behatzen badira”, idatzi du. Saltoki handien mundua azalduko digu, bada, idazleak. Erosketak egitearen alde “nekagarria” alde batera utzita, beste alderdi bati erreparatu dio Ernauxek: gizakien arteko hitzordu erraldoia omen dira, erabateko ikuskizuna. Sentipen pertsonalik eta oharrik gabeko zerrenda moduko horren bidez, subjektu literarioaren duintasuna iritsi du hipermerkatuak, denok, edo gehienok, joan ohi garen familia-giroko eremu horrek. (Iturria: Igela)

Erosketa-eremua liburu batera ekartzeko arrazoiak? Bada, bertan elkartzen direla, inon baino gehiago, klase, jatorri eta bizitza ezberdina duten herritarrak. Hipermerkatuak, normalean, liburuetan ez agertzeko arrazoietako bat izan daiteke erosketa, janari-prestaketa, emakumeen langintza izan dela tradizionalki eta emakumeek ez dutela gizonek adina libururik argitaratu. Hipermerkatuaren analisia egiten du Ernauxek: aztertzen du zer jende joaten den zer ordutan erosketan egitera, super-deskontuen atalen azalera, saltzeko teknikak, jostailuen sexuen araberako banaketa, sail bakoitzean emakumeek ala gizonek egiten duten lan, bezeroen otzantasuna (matxinadarik ezaren pasarte).

Pasarte bat:

Kutxara ailegatzeko unea izaten da tentsio eta haserre handienetakoa. Kutxazaina aurrean dela, di-da epaitzen da azkarra edo motela den bezeroa. Bezero batzuek, adibidez: gainezka eramaten dute orga (...); ez dira ohartzen produkturen batek ez duela kode-barrarik, eta dagokion apalera joan behar izaten dute hura aldatzera; txeketegia ateratzen dute poltsatik, eta halako keinu erritual bat aurreikus daiteke (...). Jasanezina izaten da, gehiegizko itxaronaldiaren lapikoari gainezka eginar+azten dion tanta. / Kutxan zain ematen dugun denbora-tarte horretan egoten gara elkarrengandik gertuen, behatzaileak eta behatuak aldi berean, entzuleak eta entzunak, edo, besterik gabe, intuizioz, aliritzira ulertuz elkarrekin. / Beste inon ez bezala erakusten dugu kutxan gure bizitzeko modua, zenbat diru daukagun bankuan, gure jateko ohiturak, gure interesik intimoenak, bai eta gure familia-egitura ere. (...) / Hor erakusten du bezeroak bere gorputza, bere keinuak, bere zalutasuna edo baldartasuna, atzerritarra den (...), hurkoarekiko ardurarik baduen (...).

begira

Emakume bat

Argitaletxea: Txalaparta

Itzultzailea: Itziar de Blas Fdz. de Gamarra

Sinopsia: Gorputza eta memoria apurka-apurka hustu dizkion gaixotasun luze baten ostean, Annie Ernauxen ama zahar-etxe batean hil da. Herio hurrenean, idazleak amaren bizitzaren ispilu hautsiaren puskak batzen eta osatzen saiatuko da, eta ariketa literario horrek amarekiko anbibalentzia sentimenduak sortuko dizkio: maitasuna, gorrotoa, errukia, tristezia, ulertu ezina… Hala, bada, alabaren kontakizun gordinean, bi emakumeen historia pertsonalek talka egiten dute eta, aldi berean, gainjartzen dira. (Iturria: Txalaparta).

Iratxe Esnaola literatur kritikariak eleberriaz idatzi zuen Berrian. Besteak beste, zera zioen:

Nola egiten da hori? Nola hartu distantzia norbere amaz hitz egiteko? Hainbat eratan. Argazkiez baliatuz eta haiei buruz hitz eginaz. Amak esandako esaldiak kakotx artean txertatuz eta zabalagoa den jendarteko eta garaiko testuinguruan ulertzen saiatuz. Oroitzapen zaparradez, irudiekin. Amaren jaiotza, gaztetasuna, bizibidea, heldu aroa, zahartzaroa zein heriotza. Miresgarri gertatzen dena, memoriaren txokoetako irudiak aurkitzea baino gehiago, horiei zentzu objektibo bat emateko erakusten duen tenplea da. Zuzen-zuzenean harira doan narrazioa da hauxe. Bizitzako mugarri garrantzitsuenak hautatzeko zalantzarik egin ez balu bezala transmititzen dizkigu amaren pasarte hautatuak, esan bat eta aurrera segi, atzean uzten duen ubera gertakizun berri baten pisuaz berehala estaliz. Estilo arrunt zuzenean, esaldi motz zorrotzekin adierazten digu zer izan den beretzat ama bat. Hotza eta neurtua omen Annie Ernaux-ren idazkera. Bai formalki, baina hunkipenari ez dizkio ateak ixten, inolaz ere. Zehaztasuna eta konkrezioa bilatzen du, baina hunkipenak agertzea beharrezko bada, pintzelada soil batez izanda ere, agerian uzten ditu bere efektua egin dezaten. Estilo ez joriko sentimendu agertze zuzena esan genezake. Aski eragingarria, haren mezua gogoan har dezagun: “narratzaile izateaz gain, kontatutako guztiak bizitakoa ere banaiz, eta idazteak, tarteka, sendatu egiten gaitu”.

Hain zuzen ere, bi emakumeen arteko talka horietako bat islatzen du honako pasarte honek:

(...) telefonoa ezta hartu ere berarengandik gertu jotzen zuenean, nabarmen jotzen zuen egongelako atean sartu aurretik, bertan suhia telebistan partida bat ikusten ari zela, etengabe eskatzen zigun lana, "egiteko zerbait ez badidazue ematen, alde egin beharko dut", eta erdi barrezka, "okupatzen dudan lekua ordaindu behar dut!". Sesio batzuk izaten genituen jarrera hori zela-eta, eta nik aurpegiratzen nion bere burua propio umiliatzen ibiltzea. Kostata ulertu nuen amak nirean sentitzen nuen ezinegona nik ere nerba nintzen sentitu nuena bezalakoa zela, "gure baino hobeak ziren giroetan" (besteek garrantzirik gabetzat jotzen zituzten diferentzia batzuengatik "behe mailakoek" baino sufritu behar izango ez balute bezala). Enplegatu-plantak eginez, amak intuitiboki bihurtzen zuen bere seme-alaben menderatze kulturala, erreala –Le Monde irakurtzen zuten edo Bach entzuten–, irudizko menderatze ekonomiko, ugazabak langileari eragiten diona: matxinatzeko modu bat.

9788415313106

Gertakizuna

Argitaletxea: Igela

Itzultzailea: Joseba Urteaga

Honako honetan, abortuaren esperientziari lotzen zaio Ernaux. Idazten duena idazteko arrazoiei buruz, Ernauxek azaltzen du ez dagoela egia baxuegirik; aitzitik, baxuegiak diren aitzakiaz betidanik ezkutatuak izan diren istorio horiei buruz idatzi ezean, status quo-a sendotzen dela. Tranpa eta hipokresia handia da egia baxuegiena: baxuegia iruditzen bazaigu emakume batek jostorratz bat sartzea aluan, hartara abortatzeko, arazoa ez da horretaz idatz dezala, baizik eta hori gertatu ere gertatzea. Zer konpondu behar da idazketa ala gertakizuna? Memoria historikoaren garrantzia ere aipatzen du Ernauxek, gauzak (kasu honetan eskubideak) ez zaizkigula emanda etorri gogora ekarriz.

Abortu-esperientziari dagokionez, Ernauxek ingurukoen arbuioa eta zailtasunak aipatzen ditu (arrisku fisikoak), nola jendeak bizkarra ematen dion, erantzukizuna osorik abortatu nahi duenaren gain utzita. Interesgarria da nola lotzen duen auzia klasearekin. Bi adibide daude: bat, abortatu nahi duena emakumea da unibertsitatean ikasten ari den bere familiako lehenengo kidea, eta haurdun geratzea porrot sozial gisa ikusten du. Lehenengo abortu-saiakeraren ostean osasunez okerrera egin eta medikuarenera joaten denean, medikuak mespretxuz darabil ("ez naiz iturgina"). Gero letren fakultateko ikaslea dela jakiten dute ospitalekoek eta oso bestela tratatzen dute. Hain zuzen, erizainetako baten galdetzen dio ea zergatik ez zion sendagileari esan "bera bezalakoa" zela.

Pasarte bat:

Hurrengo goizean ohean etzan nintzen eta puntua egiteko orratza sexuan sartu nuen kontu handiz. Uteroaren lepoa bilatzen nuen haztamuka eta mina ematen zidanean gelditu egiten nintzen. Konturatu nintzen bakarrik ezingo nuela. Eta horrek desesperatu egin ninduen. Ez nuen mailarik ematen. "Ezer ez. Ezin dut. Negarrez ari naiz. Nazkatuta nago".

(Litekeena da honelako kontakizun batek batzuei haserrea edo higuina eragitea, edo zenbaitek gustu txarrekoa dela leporatzea. Zerbait bizi izanak, zernahi ere den, horretaz idazteko eskubidea ematen du, inork baliogabetu ezin duena. Ez dago behe-mailako egiarik. Eta ez badut esperientzia hau bukaeraraino kontatzen, emakumeen errealitatea lausotzen lagunduko dut eta munduko gizonezkoen dominazioaren alde jarriko naiz).

gertakizuna_0

Lekua

Argitaletxea: Igela

Itzultzailea: Joseba Urteaga

Sinopsia:

Ez zen sekula museo batera sartu, Paris-Normandie besterik ez zuen irakurtzen eta jateko bere labanaz baliatzen zen beti. Dendari txiki bihurtutako langilea baitzen, espero zuen bere alabak, ikasketei esker, bizimodu hobea izatea.

Alaba horrek, Annie Ernaux, ez ditu bere sustraiak ahaztu nahi. “Eguzkitan lekutxo bat” izatea lortu zuenaren bizitza eta heriotza ekartzen ditu oroimenera.

Eta ikasle zenean bere aitaren eta bere artean sortutako distantzia mingarriaz mintzo zaigu: “Liburuak, musika eta hori guztia, ongi dago zuretzat. Nik ez ditut behar bizitzeko”.

Narrazio soil honek dimentsio unibertsala du. (Iturria: Igela)

Amaren hil ostean idatzi zuen Ernauxek Emakume bat eleberria, eta zertxobait lehenago, aita hil ostean hain zuzen, Lekua eleberria. Nahiz eta amarekin eta aitarekin harreman diferentea izan, bi-bietan errepikatzen da zerbait, eta hori da klase-ezberdintasuna, belaunaldiarekin batera posizio soziala ere aldatu izana. Bata bestearen mundua ez ulertzea, sentipen hori agertzen da behin eta berriz. Adibidez eleberri honetako pasarte batean kontatzen du nola aita alabaz lotsatzen zen, 17 urterekin oraindik ikasten jarraitzen zuelako, alaba alfertzat eta aita harrotzat hartuko ote zuten beldur. Lanari buruzko gogoeta: "lan egin, eskuekin soilik egin zitekeen".

Garan egunkarian kaleratutako kritikan, zera idatzi zuen Mikel Garmendiak:

Teknika zinematografikoa darabil Ernaux-ek denboran atzera egin eta gauzak oraintxe bertan gertatzen ariko balira bezala kontatzeko. Argazkiak eskainiko dizkigu maiz (“Ibaiertzeko patio txikian ateratako argazki bat”) eta etengabe erabiliko ditu orainaldiko aditz-denborak iraganean kokatutako pasadizoak kontatzeko: “Ama zain zegoen irteeran… Bat-batean abiada mantsotuz esaten du:..”. Eta aurreraxeago “Amak jakinarazi digu…”. Bietarako tradizioa dugu euskaraz aditzaren aspektuari dagokionez: burutua nahiz burutu gabea erabili izan dira. Behin bat aukeratuz gero, ordea, hari eutsiko nioke nik behintzat, nahiz eta, egia esan, bi moduak elkar nahasirik erabiltzea ez den eragozpen testuak behar bezala kurri dezan.

Bada, argazkien teknikaz gain, Marguerite Duras-ek ere bere eleberrietan erabilitako beste teknika bat: tarte zuriak. Tarte horiek denboran egindako jauziak dira -memoria-hutsuneak, seguruenik, iragana nahasirik oroitzen baitu, egileak berak aitortzen digunez-. Duras-enetan, berriz, isiluneak ziren.

Duela gutxi Ixiar Rozas-ek esan digun bezala, literaturaren dohainetako bat dena ez esplizitatzearena da. Horrexegatik dugu eskuartean eleberri bat eta ez biografia huts bat. Eta horretara ere badatoz tarte zuri horiek, bai eta lekuen izenak ez ematea. Iradoki egiten du Ernauxen literaturak, estilo xume eta idazkera zuzen batean gainera, esaldi motz eta korapilatu gabeen bidez.

lekua

Pasio hutsa

Argitaletxea: Igela

Itzultzailea: Joseba Urteaga

Igela argitaletxeak esaldi bakar batekin luzatzen dio eleberri honetarako amua irakurleari: "Iazko irailaz geroztik gizon baten zain egon naiz, haren deiaren eta bisitaren zain. Horretaz gain ez dut besterik egin". Ernauxek berak idatzia da esaldi hori, eleberri honen hasieran.

Ibon Egañak xeheago azaltzen du liburuaren muina, Euskaldunon Egunkarian kaleratutako kritikan:

Pasio eta amodio istorioa da Pasio hutsa, grinaren, antsiaren eta desiraren kontaketa. Gizon bat eta emakume bat dira pasioak lotzen dituen bi pertsonaiak: lehen pertsonan hitz egiten duen narratzaile izenik gabea da emakumea; A. letra bakar soilaz izendatzen dena, berriz, gizona. Emakumea da pasioaren, desiraren subjektua, eta gizona, berriz, objektua, desiratutako gorputza (maizegi ikusita gaude alderantzizkoa). Pasio irrazional, ametsezko eta maiz irreal bat da orri hauetan kontatzen dena. Bizitzaren zentzu eta helburu bakar bihurtzerainoko indarra duen pasioa. Halako pasioa non A-rekin ez dagoen denbora oro alferrik galdutako itxaronaldia den emakumearentzat. Ernauxek berak liburuan aitortzen duenez, pasioa azaltzea da liburuaren xedea, ez hura esplikatzea, eta, hala, emakumearen eta A-ren arteko harremanaren zertzeladak aurkituko ditugu liburuan, narrazio linealik ez, denboran atzera-aurrera jauzi egiten duten bizitza erretratuak baino. Pasio beroaren aurrean idazkera hotza hautatu du Ernauxek liburuan, lehorra eta zehatza. Maiz hitzak eta gertakariak zerrenda batean ematen ditu, bere horretan, ekintzaren eta narratzailearen artean urrutiramendu bat lortu nahian bezala. Edo indarra, berotasuna, pasioa ekintzaren muinean utzi nahiko balu bezala, idazkera ahalik eta aseptikoenera joz.

Are, Ernauxen estiloaz ere eta autobiografiari buruzko galderaz ere esaten ditu zenbait gauza:

Bere bizitzako pasadizoak bihurtzen ditu literatura Ernauxek, eta liburuan bertan aurreikusten du “autobiografikoa da?” bezalako galderei egin beharko diela aurre liburua kaleratu orduko. Baina, agian, egin beharreko galdera beste bat litzateke: axola al du benetan autobiografikoa izateak?, izan ere, aldatzen ote du ezertan liburuaren irakurketa edo liburuaren kalitatea istorioaren benetakotasunak? Irakurle bakoitzak erantzun beharko dio galdera horri, baina sentipena dut narrazio honek berezkoa duela indarra, testuaren barneko koherentzian eta sinesgarritasunean bilatu behar dela idazlearen maisutasuna. Gainerako guztia bigarren mailakoa, izatekotan ere osagarria dela.

Mugako, ertzeko, bazterreko literatura da, finean, Ernauxena, berritzailea eta apurtzailea. Egiaren bilaketa du helburu nagusi, eta egia maiz deseroso zaigun neurrian, Ernauxen literaturak ere ezinegona sor diezaguke. Eta, batez ere, definizio tradizionalak eta klixeak gainditu beharra azaleratzen digu. Berriki, egiaren bilaketa muturrera eramanez, Se perdre kaleratu du idazleak, Pasio hutsa-n kontatzen den harremana bizi izan zuen sasoian idatzitako egunerokoa, hitz bakar bat aldatu gabe. Bistan denez, sortzen diren eta erantzun erabatekorik ez duten galderak hamaika dira: esparru publikoaren eta pribatuaren arteko mugaz, intimitatearen definizioaz edo literaturaren izaeraz eta funtzioaz. Bere xumean, arrisku eta indar handiko nobela da Annie Ernauxen Pasio hutsa.

pasio

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)