Erreportajeak

Cortazar: hitzen jazarlea

Ostirala, 2014-02-21

Harkaitz Canori zor diogu artikulu honetako titulua: Jazarlea, Canok berak gidatutako idazketa tailerretan “El perseguidor” itzultzerakoan ekarritako izenburu ezin aproposagoa. Artikulu honetan Cortazarren obrak euskaran utzitako arrasto batzuk jazzartzeko ezin hobeto datorkiguna.

Ezinbesteko erreferentzia da Julio Cortazar narraziogintzan. Haren jaiotzaren ehun urte beteko diren eta heriotzaren hogeita hamar bete diren 2014 honetan ugariak dira haren lanaren aipamenak, ugariak lan ezagunen zein periferikoen berrargitalpenak. Nolanahi ere, edozein aitzakia da ona literaturako klasiko baten lanera bueltatzeko. Geuk, Cortazarrek euskaran eta euskaratik utzi duen arrastoa jazarri dugu erreportaje honetan.

Idazle izateko desioa pizten duten egileak badira, eta horietako bat da Julio Cortazar” irakurri ahal izan diogu berriki Harkaitz Canori bere blogean (Julio Cortazar, hatxeak eta penizilina). Pasa den ekainean Rayuelaren argitalpenaren 50. urteurrena ospatu bazen, otsailean heriotzaren 30.enak egin digu salto aurtengo efemerideetara, jaiotzaren 100.a ekarriko digute gogora abuztuan.

Duela ia hamar urte plazaratu zuen Jon Alonsok, ospakizun eta efemerideen antzeko testuinguru batean Antologia apetatsua, Cortazarren hainbat narrazioren itzulpena, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Antologia honen hasieran euskaratu zuen Alonsok Cortazarrek berak bere abizenaren euskal jatorriari buruz egin aipamena:

Inmigrazioaren eraginez sortutako koktel horietako bat naiz; aitaren aldetik, Cortazar abizen euskalduna da. Euskal Herrian izen hori bera daukan herrixka bat dagoela esan didate, nahiz eta ez naiz sekulan bertan izan. Birraitona, Ameriketara joan zen euskaldun horietako bat zen, eta Saltan, Iparraldeko probintzia batean, nekazaritzan aritu zen, eta agian, abeltzaintzan apur bat ere bai...”.

Cortazarrek ez zuen apenas harremanik eduki bere aitarekin, are gehiago, ihes egiten omen zion haren itzalaren aipamenari, baina “koktel” izaera horrek izango zuen nolabaiteko eraginik bere estetikan. Alonsok berak izan zuen aipagai Antologia apetatsua liburuaren sarrerako hitzetan Cortazarren obraren izaera anitz hori: “poesia gutxi argitaratu zuen, antzerki-lan bat apenas, baina lau nobela, ipuin mordo bat, eta sailkapen zaileko testu multzo handia, saiakera, poesia eta narrazioaren arteko eremu oso berezi batekoa, Cortazarren mundu ikuskeraren erakusgarri fidela”.

Cortazarren obraren izaera anitz hori osotasunean hartu behar bada ere, ezin ukatu ipuingintza dela bere obraren “bizkarrezurra, edo ardatzetako bat bederen”. Hori bera aitortzen du Alonsok, eta hori bera da neurri handi batean euskarara ekarri izan dena. Alonsoren lana aipatu dugu, eta ezin aipatu gabe utzi lehenago Gerardo Markuletak egindako lan eskerga.

Narrazioak aipatu ditugu, eta euskarari ekarritakotik harago ere Cortazarri loturiko aztarnategi joria topatu dugu euskaraz sortutako narrazioetan. Hona hemen adibide batzuk:

Cortazar euskaran irakurtzeko ibilbibide kronopio bat

Harkaitz Cano aipatu dugu artikulu honen hasieran, eta bere liburu bat estekatuko dugu hasteko, Alonsoren lana atera eta gutxira ezagutu genuen Neguko zirkua (Susa, 2005). Bertako narrazioen artean dago “Argentinar lotsatia” izenekoa. Narratzaileak bere haurtzaroa eta aitarekin harremana ditu gogoan. Aita biziraunzaleak hainbat une inperfektu, une gezur, une gogoangarri utziko dizkio ondare gisa, “bere gezurrak, pentsatzen dut gaur. Bere gezur ederrak”. Aita horrek kontatu dio semeari azken asmo eroa, Julio izeneko argentinar lagun lotsatiarekin egin gura duena: Parisko Luxenburgoko lorategia ederragotzeko egitasmoa. Ausartu ere ausartuko da horretan, semearen begirada harrituak kosk, “zapatak porlan freskotan hondoratu eta porlan bigunaren gainean halamoduzko dantza bat trazatuz”. Tangoa dantzatzen jakin ez arren, “edonork zapatek utzitako oinatzen gainean saltoka pausoak jarraituz tangoa dantzatu dezan”.

Zeharka ezagutuko dugu aita argentinar horren lagun argentinarra, boxeoari egindako aipamenen artean “Aitak esaten zuenez, ezagutzen zuen argentinar lotsati bakarra zen Julio”. Narratzailearentzat badu ezberdinetik Julio haren begiradak, ezberdin begiratzen baititu haurraren gabeziak: “Juliok ez zidan gupidaz begiratzen, ezta errukiz ere, haren begietan ez zen so egiten zidanero umezurztegirik irudikatzen. Nire aurpegiak zerbait alaia adieraziko balio bezala begiratzen zidan”.

Kasualitatea literatura bihurtzeko gaitasuna zuen Cortazarrek, lerroetatik harago ere jostari, ironiko. Agian horregatik, ez da harrigarria topatzea Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan (Elkar, 2007) estreinako ipuin liburuko “Oraindik tango bat zor dio” narrazioan honako eskaintza: Harkaitz Canori eta argentinar lotsatiari, tangoak marraztearren. Irakurleari utziko diogu lotura honetako lerro arteak osatzea, esan dezagun ipuin honetan Luxenburgoko parkea azaltzen dela, bertako porlanezko bidexka batean badirela lorratz batzuk, Greta protagonistak haiek jarraitzen dituela, berokiari besarkatuta dantzan hasita. Julio izeneko izaki bat duela bitartean begira:

Orduan oroitu zen aspaldiko lagun ero harekin, Carlosekin. Erabat ahaztua zuen! Rue Dauphine, Cluba, mate usaina eta Rocamadour gizajoa. Maga eta Maga. A, Evohé! Evohé! Volposados en la cresta del murelio nos sentíamos balparamar, perlinos y márulos... Eta esaldi hura nola zen, kibbutz, kibbutz del deseo. Carlitos. Ezin zuen sinetsi: azkenean lortu zuen! Luxenburgoko lorategiak ederragotu zituen! Inoiz ez zituen herrikidearen hitzak serioegi hartu. Argentinar asko bezala pixka bat erotuta zegoela onartzen zuen. Beti aipatzen zion lorategiak ederragotzearena, baina pavadas, che, pavadas. Hermosos borborignos sonoros; hermosos pero borborignos, viejo, pentsatzen zuen beti. Baina kabroiak egin egin zuen! Frantsesei tangoa dantzatzen irakatsi zien, porlanetan tangoa marraztuta!”

Uxue Alberdiren Euli-giro (Susa, 2013) liburuan ere, "Dena ez dago gure esku" liburuko lehen ipuinak asko du Cortazarren "Casa tomada" ezagunetik, Alberdik Berrian aipatu zuen zergatia "ipuin hori Julio Cortazarren Casa tomada-ren bertsio bat da, edo izan daiteke, baina baita Samanta Schweblinen En la estepa-rena ere. Nik neure istorioa kontatzen dut, baina bi ipuin horiek ere barruan daude. Casa tomada da nire ipuin kutunenetako bat".

Cortazarzaletasuna muturrera eraman zuen Bertol Arrietak Alter ero (Susa, 2012) liburuko “Un tal Ekain” ipuinean. Bertako narratzailea Cortazarren oinordekoa dela frogatzen saiatuko da: “bera eta biok -Julio Cortazar handia eta biok- bat bera gara, edo nahiago baduzue, ni naiz bere oinordeko espirituala. Beste era batera esanda: hainbeste gauza daude elkartzen gaituztenak, horren lotura estua dago bion artean, ezen ez bailitzateke gehiegizkoa esatea ni naizela argentinarrak inoiz izan ez zuen semea”. Cortazarren lanaren ezaugarriekin lotura biografikoak egiten ditu narratzaileak, kontu absurduak benetako datuekin nahastuz. Arrietak berak eman zizkigun argibideak Uberanen egin genion elkarrizketan:

Ipuin horren abiapuntua zein da? Batzuetan idazten hasi eta nahi gabe Cortazar plagiatzen ari naizela konturatzean zakarrera doa testu hori, Cortazar edo Hemingway edo... zerbait originala egin nahi duzu baina konturatzen zara nahi gabe irakurri dituzun testu horietara jotzen ari zarela. Cortazarrekin gertatu zaidana gainera bitxia da: ipuinaren barruan laburmetraia baten istorioa kontatzen da, eta egiazkoa da. Iñigo Salaberria pertsonaia bezala agertzen da hor, baina benetako pertsona bat da, baimena eman zidan bertan azaltzeko. Bera Parisera joan zen zinea ikastera eta txinatar pare batekin bizi zen etxe berean. Haietako bat zuzendaritza ikasten hasi zen, eta Cortazarren ipuin batekin laburmetraia egiteko asmoa agertu zion Iñigori, karrera bukaerako proiektu gisa. Lortu zuten Cortazarrekin kontaktua egitea baimena eskatzeko, eta horrekin batera Cortazar bera protagonista izatea ere. Gero gertatu zen Cortazar laburmetraia egin behar zen egun berean hil zela. Istorio horretatik tiraka, ni altua naiz eta Cortazar bera ere altua da.... hariak lotzen hasi eta ipuinak forma hartu zuen”.

Literatur kasualitateekin jarraituz, Bertol Arrietak berak gomendatu digu berriki Neguko zirkua Aingura Hegodunak atalean.

Peru Magdalena idazleak ere Cortazarren obrako erreferentzia ugari darabilzki, parentestizaletasuna lagun, Lile (Elkar, 2006) eta Egia esan (Elkar, 2013) liburuetan. Magdalenaren estreinako Lile hartatik atera dugu pasarte hau:

Ya para entonces me había dado cuenta de que buscar era mi signo, emblema de los que salen de noche sin propósito fijo, razón de los matadores de brújulas”. Rayuelako zati bat da, eta berak goitik behera errezitatu zidan, berba bakar batean ere hutsik egin barik”.

Egia esan liburuaren harira elkarrizketa egin genionean, mintzagai izan genuen Cortazarren itzala:

Kontu bitxia da, aspaldi baita ez dudala Cortazar irakurtzen. Baina bai, barruan geratu zitzaidan, zainetan zehar bueltaka. Eta, unerik garden eta sortzaileenetan hor agertzen zait, plop, berba artera salto eginez. Ez dakit logikoa ote den. Gehiago izango da zoologikoa, agian. Korta zaharrean animali berriak topatzen ditut etengabe. Anai bat topatu nuen beragan. Ametsean ere agertu zait, pare bat alditan, eta oso hizketaldi argitsuak izan ditugu. Eneee... friki bat bihurtzen ari al naiz?”.

Canori zor diogu titular honetako jazarlea, baina Eider Rodriguezek ere hura izan zuen gogoan 2004 urruneko The Balde batean, Cortazarrez mintzo:

“Julio Cortazar pertsona handia izan zela diote, eta hala behar zuen, literaturaren bitartez irakurlea kolpatu eta zabarkeria alde batera, edertasuna aurkitzen lagundu baitzuen, egunerokoa hobeto bizitzen. Cortazar bilatzailea izan zen, jazarlea, eta bilaketa eta jazarpen horren bueltan bere buruarekin topo egin zuen, Johnny Carter bezala, baina beste modu batera. Cortazarren irakurlea bilaketa eta jazarpen horretan sartuko da nahigabean, errealitate pusketak artaziekin moztu eta gertutik begiratuko ditu, zerbaiten bila, bere buruaren bila, bere itzalaren bila. Ispilu aurrean hortzak garbitzearen ekintzaren atzean, azkenaldian egunero entzuten duen konpaktu horren noten atzean, eskaileratan aurkitzen duen bigarren solairuko bizilagunaren atzean, gauza handi bat aurkituko du Cortazarren irakurleak, gauza eder eta aldi berean beldurgarria: kaosa.

Zeremonia, ohitura eta betebeharrek perfektuki gordetzen duten kaosaren estalkia altxatuko du Cortazarrek, eta horren aurrean paratuko irakurlea”.

Cortazar berrargitaratzen

Cortazarren izaera jostariak sarritan eraman zuen euskarri eta genero-artekotasunarekin esperimentatzera (Ultimo round, La vuelta al día en ochenta mundos, Los autonautas de la cosmopista...), nahiz eta lan horiek gehienetan bere obraren periferian geratu; izaera jostari hori aitzaki hartuta asko dira urteurren bikoitz honetan -bulkada komertzial zalantzagarriz- “asmatzen” eta “azaltzen” ari zaizkigun liburu berriak: Cortazarrek Julio Silvarekin sortu edukiak (marrazkiak, gutunak, narrazioak eta beste) ale bakarrean batu dituen El último combate izenekoa, edo plazaratu berri den Cortazar de la A a la Z.

Azkenaldiko edizio berri eta berrituen artean, aipagarriena izango da segur aski Clases de Literatura (Alfaguara, 2013) izenekoa. Bertan Cortazarrek Berkeleyko unibertsitatean 1980an eskainitako literatur klaseen idatzizko bertsioa eskaintzen zaigu. Cortazarrek bere ibilbideari egin zion errepaso klase haietan, ohi zuen tonu ezustekoaz, ipuinak eta nobelak ardatz. Errepaso horren harian, bere lan ezagunen motortasunen artean, ipuingintza eta nobelagintza aztertu zituen batez ere: “niretzako “literatura” eta “bizitza” esatea, beti da gauza bera”.

Baina obratik harago berreskuratzeko moduko zerbait bada, honako elkarrizketa ezagun hau duzue:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    "Gauza eder eta aldi berean beldurgarria: kaosa"...Kaos armoniotsua deituko nioke nik...Cortazar zerbaiten bila baldin badabil balizko armonia horren atzetik da...Kaosa darabil errealitate astunegiak eskaintzen ez dion armonia berreskuratzeko...eta literatura du armoniarako lanabes. Zer da Rayuelaren jolasa auto-ezagutzarako bide iniziatikoa baino?

    Azken aldian entzun dira zenbait ahots Cortazar gainbaloratua dela esanez; egia da "demodée" dagoela nolabait, jokoz-kanpo geratu dela globalizazioaren hatzaparretan, batzuk ez diote barkatzen sentimentala izatea, baina bere literaturaren presentziak soka luzea du. "Castigarse los ojos mirando eso que anda por el cielo y acepta taimadamente su nombre de nube, su réplica catalogada en la memoria".

    2014-02-21 11:02Hasier Rekondo
  • 64x64

    "Gauza eder eta aldi berean beldurgarria: kaosa"...Kaos armoniotsua deituko nioke nik...Cortazar zerbaiten bila baldin badabil balizko armonia horren atzetik da...Kaosa darabil errealitate astunegiak eskaintzen ez dion armonia berreskuratzeko...eta literatura du armoniarako lanabes. Zer da Rayuelaren jolasa auto-ezagutzarako bide iniziatikoa baino?

    Azken aldian entzun dira zenbait ahots Cortazar gainbaloratua dela esanez; egia da "demodée" dagoela nolabait, jokoz-kanpo geratu dela globalizazioaren hatzaparretan, batzuk ez diote barkatzen sentimentala izatea, baina bere literaturaren presentziak soka luzea du. "Castigarse los ojos mirando eso que anda por el cielo y acepta taimadamente su nombre de nube, su réplica catalogada en la memoria".

    2014-02-21 14:35Hasier Rekondo