Erreportajeak

Cristina Morales: literatura eta politika gauza bera diren lekua

Ostirala, 2019-07-05

Cristina Morales idazle granadarrak sona handia bildu du azken hilabeteotan, Lectura fácil eleberria tarteko. Liburu horri esker eskuratu zuen Anagrama argitaletxeak ematen duen Herralde sari ezaguna. Pasa den astean Donostian izan zen, EHUko udako ikastaro batean –Literatura Mutanteak–, eta aitzakia aprobetxatu dugu Moralesen obrari buruzko zenbait gako aipatzeko. On egin!

Cristina Moralesek Zuzenbidea eta Zientzia politikoak ikasi zituen, eta haren liburuak irakurri dituena ez da, hori jakinda, batere harrituko. Izan ere, Moralesen obran etengabea eta agerikoa da politikaren presentzia: batzuetan, abiapuntuak berak dakar, eta, beste batzuetan, berriz, pertsonaiek darabilte bolo-bolo ahotan. Nolanahi ere, literaturaren alde egin zuen apustu aspaldi Moralesek, eta haren lanak –eleberriak batez ere– aztertuko ditugu erreportaje honetan.

Esan bezala, Lectura fácil eleberriari esker egin da bereziki ezagun Morales. Liburuaren bidea gorabeheratsua izan da: autoreari diru-eskaintza bat egin zion argitaletxe espainiar batek; nobela bat idazteko enkargatu zion. Horixe izan zen Lectura fácil-en abiapuntua. Ondoren, baina, liburua bukatuta eta inprimatzeko prest zegoela, hura aldatzeko eskatu zioten. Moralesek ezetz esan zuen, argitaletxea utzi, eta, azkenik, Herralde sarira aurkeztu eta irabazi zuen. Donostiako saioan, Morales oso kritiko agertu zen artea zentsuratzeko sortu diren modu berriekin.

Ez jainkorik, ez senarrik, ez alderdirik, ez futbolik

Moralesen iazko eleberria haustailea da azaletik bertatik. Apalategian ikusi eta berehalako joko dizu begia, grafiti bat agertzen baita bertan, fuksia kolore bizi-bizian egina. Esaldi bat: Ez jainkorik, ez senarrik, ez alderdirik, ez futbolik [jatorrizkoan, gaztelaniaz, hitz joko bat dago, partido hitzak biak adieraz baititzake, alderdi politikoa eta futbol-partida]. Anagramaren liburuak halako krema kolore apal batekoak direnez, are deigarriagoa suertatzen da irudia [pasadizo bat: pasa den astean, ikastaroaren ostean Moralesekin garagardo bat hartzeko hitzordua egin, eta han zegoen beste lagun batek autoreari esan zion gogo handia zeukala haren liburua irakurtzeko, “bai… azkena…Ni dios, ni marido…”. Hau da, lagunak uste zuen grafitia zela benetan eleberriaren izenburua].

Lau ahots

Zorionez, azala ez da liburuaren bertute bakarra. Are, hasiera baino ez da. Hurrengo sorpresa: egitura. Eleberriak lau protagonista ditu, lau narratzaile. Nork bere estiloan kontatzen du historia. Lehen narratzailea Nati dugu. Moralesek behin baino gehiagotan adierazi duenez, Natiren ahotsarekin jaio zen kontakizuna. Ulergarria: oso ahots potentea da, oso kritikoa, hark uzten ditu agerian instituzioen indarkeria, sekulako argitasuna eta adimena erakutsiz. Natik “atexken sindromea” izeneko gaitz bat dauka –errealitatean ez dago halakorik–, eta, horren ondorioz, egoera bat biolentoa iruditzen zaion aldiro, atexkak ateratzen zaizkio belarrietatik, aurpegia estali, eta Nati halako diatriba batean murgiltzen da, bakarrizketa luze-luzeak harilkatuz. Moralesen hitzetan, “Natiren diskurtsoa guztiz erradikala da, ez dauka arrakala bat ere, are, Natiren ezgaitasuna horixe da, haren erradikaltasunak tinko eusten diola beti. Beraz, Natiren diskurtso erradikala da toleratzen ez dena, normalizatu ezin dena: horregatik dago diagnostikatuta”.

Ahots indartsu horri, garrasi betean diharduen horri lagun egiteko sortu zituen Moralesek beste hiru narratzaileak. Liburuak aurrera egin ahala, ordea, guztiek hartu zuten geroz eta pisu gehiago, eta, azkenean, garrantzia handia dute eleberriaren eraikuntzan. Hauek dira beste hiru ahotsak: Ángels, Patri eta Marga. Lehengusuak dira, denak, ezgai intelektual gisa sailkatuta daude, eta elkarrekin bizi dira tutoretzapeko pisu batean. Bartzelonan bizi dira, baina, jatorriz andaluziarrak dira. Andaluzian zeudenean, ezgai intelektualentzako hainbat egoitzatan bizi izan ziren, eta neka-neka eginda amaitu zuten, han ez zeukatelako inongo eskubiderik ez askatasunik.

Moralesek esan duenez, ez du inongo ahaleginik egin errealitatea antzeratzeko, horregatik ez dakigu zehazki zer-nolako ezgaitasuna ote daukaten lau senideek. Haien izaera, ordea, haien diskurtso-motaren bidez iristen zaigu. Ángels, adibidez, irakurketa errazeko nobela bat idazten ari da bere bizitzari buruz –hortik dator Moralesen liburuaren izenburua–. Marga, berriz, epailearen aurrean deklaratzen ari da, Marga antzutzeko prozedura judizial baten harira. Marga, azkenik, kokoteraino dago tutoretzapeko apartamentuaz –nahiz eta egoitzan baino askatasun handiagoa daukaten han–, eta etxe bat nahi du berarentzat: horregatik, Sants auzoko ateneo libertarioarekin eta bertako asanbladarekin jarri da harremanetan, etxe bat okupatu nahi baitu, eta asanblada horren transkribapenen bitartez iristen zaizkigu pertsonaiaren joan-etorriak.

Zerbaiten kontra idaztea

Zerbaiten alde ez baizik zerbaiten kontra idatzi nahi zuela adierazi zuen Moralesek Literatura Mutanteei buruzko ikastaroan. Kontra-iturriak aipatu zituen, hortaz: eleberrian indartu ez baizik ahuldu nahi zituen diskurtsoen adibideak. Besteak beste, liburu honek agerian jartzen ditu instituzio demokratikoen ikuspegi kapazitista –ikuspegi horren ondorioz, gaitzat jotzen diren pertsonen ezaugarrien eta premien arabera eraikitzen eta garatzen da gizartea, eta albo batera uzten dira, berriz, ezgaitzat jotako pertsonen beharrak eta nolakotasunak–. Moralesek orobat kritikatu nahi zituen ustez aniztasuna eta integrazioa babestu nahi, baina, azken batean, hierarkiak eta indarkeriak betikotzen dituzten proiektuak.

Halako egitasmoen artean, dantza integratuak garrantzia berezia du liburuan. Natik dantza egiten du, dantza integratua izeneko eremu horretan. Bertan, elkarrekin dantza egiten dute gaitzat jotako pertsonek eta ezgaitzat jotako pertsonek. Natik etengabe jartzen ditu zalantzan halako eremuetako logikak. Moralesek berak dantza egiten du [Iniciativa Sexual Femenina izeneko dantza-konpainiako kidea da], eta autorearen arabera dantza izan zen liburu hau abiatzeko gakoetako bat: “Esango nuke liburu hau jaio zela kritika bat egin nahi niolako dantzari, baina ez prestigio handiko akademiatan edo kontserbatoriotan irakasten den diziplina horri, ezpada zentro zibikoetan irakasten den dantzari. Ikusi nahi nuen nola demokratizatu den dantza, hasiera batean elitezko eremu bat baitzen. Eleberria idazten hasi nintzenean, kritika bat egin nahi nion mugimendu ustez demokratizatzaile hori egiteko erabiltzen den metodologiari, zeinaren bidez, eta zentro zibikoak tarteko, dantzaren artea jaitsi egiten baita zizelkatutako gorputzetatik gu guztiongana”. Natiren diskurtsoaren bidez, metodologia eta logika horren aurka idatzi du Moralesen nobela.

Fanzine bat eleberri baten bihotzean 

Baina zergatik ote da Cristina Moralesen literatura mutantea? Dantzak garrantzia handia duelako, batetik, eta, bestetik, bere azken eleberrian fanzine bat txertatu duelako. Yo, también quiero ser un macho du izena fanzine horrek, eta eleberrian agertzen da, eleberriko pasarte bat da. Are, Moralesek hitzaldian esan zuenez, fanzine horixe da eleberriaren bihotza, eta askotan pentsatu omen du fanzinea bertan sartu ahal izateko irudikatu zuela gainerako guztia. Fanzine hori benetakoa da, hau da, fanzine gisa publikatu eta saldu izan dute –hitzaldira ekarri zituen hainbat ale– okupazio baten harira isun bat ordaindu behar zuen kide baten alde dirua biltzeko.

Fanzinearen izenburuan bertan dago Moralesen kontra-iturrietako bat. Izan ere, Yo, también izeneko filma eta horren protagonista –Pablo Pineda– aipatzen baititu. Fanzinean, Pinedari hainbat telebista-saiotan egindako elkarrizketak transkribatzen eta komentatzen dira, haren diskurtsoa kritikatuz. Beste bi izen-abizen propio agertzen dira fanzinean: Juan Soto Ivars eta Carolin Emcke. Moralesek haien hitzak eta elkarrizketak hartu ditu, eta collageak eginez, agerian utzi nahi izan du halako jendeak zentsuraren aurkako eta adierazpen-eskubidearen eta guztiaz barre egiteko eskubidearen aldeko aldarrikapen ustez aurrerakoiak haizatzen dituztela, baina, normalean, halakoen atzean, botere-hierarkiak ezkutatzen direla, eta halako txisteen eta diskurtsoen bidez botere-hierarkiak deuseztatu ez baizik indartu egiten direla. Moralesen esanetan, pluralismo humanistari buruzko diskurtsoek sistemaz ezkutatzen dute norberaren botere-posizioa edo botererik eza: “Sotoren elkarrizketarekin egindako collagearen bidez, hori berori azpimarratzen da, eta, ondoren, Carolin Emckeren testuen bidez sakontzen da ideian, Emcke baita botere-harremanak ezkutatzearen erregina”.

Iraganeko fikzioak

Lectura fácilidatzi aurretik, Moralesek beste hiru nobela eta ipuin-liburu bat idatzi zituen: Terroristas modernos (2017), Malas palabras (2015), Los combatientes (2013) eta La merienda de las niñas (2008). Erreportajea amaitu aurretik, Terroristas modernoseta Malas palabraseleberriei buruzko pare bat hitz esan nahi nituzke. Bi liburuek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte, izan ere, bi-bietan, Moralesek iraganera jo du, gertaera historiko bati heldu, eta hortik abiatuta irudikatu du fikzioa.

Moja baten idatzi ezkutuak

Malas palabras eleberriarekin ekingo diogu errepasoari. 1562. urtea da, Espainia Inkisizio betean dago, eta Teresa de Jesús monjari idatzi batzuk osatzeko eskatu diote. Idatzi horien helburua da haren nagusiei atsegin ematea eta haren aurkarien aurrean bere burua defenditzea. Hori guztia benetan gertatu zen, eta Teresa de Jesúsek benetan idatzi zuen halako zerbait, bai eta argitaratu ere: Libro de la vida deitu zion.

Moralesek, baina, fabulazio-ariketa bat egin zuen Malas palabras liburuaren bidez, irudimen-ariketa bat: baldin eta inongo mugarik jarri ez baliote, baldin eta bere burua defendatzeko eta bere nagusiei atsegin emateko premiarik izan ez balu, baldin eta benetan gogoan zeukana adierazteko askatasun osoa izan balu, orduan, zer idatzi izango zukeen Teresa de Jesúsek? Ezingo dugu sekula jakin, baina, horrelakoxea baita literaturaren magia, Moralesek fikzioaren bidez irudikatu du Teresaren barne-bizitza. Bikain antzeratu du garaiko mintzoa, baina orobat lortu du irakurle garaikideak ederki gozatuko duen liburu bat. Eta irakurtzen duena azkar asko konturatuko denez, gauzak izugarri aldatu badira ere, ez dira hainbeste aldatu.

Gertatu ez zen iraultza

Terroristas modernos liburuak, ireki eta aurkibidea irakurriz gero, ez dirudi eleberri bat, historia liburu bat baizik. Lehenengo kapitulua, adibidez, horrela deitzen da: “Estatu modernoaren jaiotza: konspirazio liberaletik terrorismo konstituzionalera”.

Oraingo honetan, Moralesek espainiar historiako garai zehatz bati heldu dio: 1816. urtea da, Napoleonen inbasioaren ondorena, Fernando VII erregearen agintaldia. Hainbat herritarrek, espainiar estatuan nagusi den lokaztia ikusirik, konspirazio bat abiatu nahi dute. Konspirazio horrek hiruki-egitura bati jarraitzen dio –konspiratzaile bakoitzak hiru pertsona baizik ez ditu ezagutzen: bere gainetik dagoen bat eta bere azpitik dauden bi–; inor atxilotuz gero ez dadin egitura osoa erori. Konspiratzaileek ez dute gerrarik egin nahi –guda amaitu berritan daude–, aitzitik, konspirazioaren helburu nagusia da Erregeak konstituzio berri bat sina dezala, eta konstituzio horren bidez, erreinu zahar izateari utzi eta estatu moderno bihurtu dadila Espainia.

Izenburuari, hirukiaren egiturari eta liburua argitaratu zen urteari erreparatuz gero –2017, hau da, 15M mugimenduaren aparraldiaren ostean–, pentsatzekoa da Moralesek ez zuela ausaz aukeratu garai historiko horri buruz idaztea. Guztiz kontrara, gaur egun Espainian nagusi den egoera politikoa gogoan edukita, askoz lotura eta hausnarketa aberatsagoak egin daitezke liburu honen irakurketan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)