Erreportajeak

Gaur ere, `Dirua galgarri´

Mariano Izeta idazlearen nobelak 50 urte bete ditu

Asteazkena, 2012-06-13

50 urte bete ditu Dirua galgarri (Auspoa, 1962) eleberriak. Polizia nobelaren generoan aitzindaria izan zen Mariano Izeta idazle baztandarra, Loidi Bizkarrondo (Hamabost egun Urgainen, Itxaropena-1955eta Txomin Peillen (Gauaz ibiltzen dana, Itxaropena-1967) idazleekin batera. 60ko hamarkadan bezala, gaur egun ere puri-purian den generoa da. Baina nobela beltza edo polizia nobelaren baitan, transmisiorik izan al da? Ba al da orduko eta egungo idazleen artean inongo loturarik? Klasikoez, egungo joerez eta, batez ere, nobela mota honen inguruan jarduteko aitzakia ederra eman digu Dirua galgarri liburuaren 50. urteurrenak. Lourdes Otaegi Imaz literatura irakaslea, Xabier Mendiguren Elizegi idazlea eta editorea eta Mikel Hernandez Abaitua idazlea izan ditugu solaskide.

"Testuak kutsu moralista zuela daukat gogoan; eta dirua dela bide, `bide onetik´ ateratzeak zenbat kalte dakartzan erakustea zela liburuaren xedea". Lourdes Otaegi Imaz literatura irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Dirua galgarri nobelari buruzko oroitzapen hori dauka (1962koa den eleberri hau sarean irakurri daiteke, Klasikoen Gordailua web orrialde zoragarrian).

Klasikoen artean den nobela honetaz hitz egiterakoan, maiz, hizkerari erreparatu izan zaio, "zeren Baztango euskara biltzeko asmoz egina dela ematen baitu aditzera egileak berak". Horra Dirua galgarriren beste ezaugarri bat. Lourdes Otaegiren esanetan, "hizkera literarioa sortzea eta erregistro sinesgarria doitzea hartzen zituzten zeregintzat lehen polizia eleberri haiek. Horregatik ez dago zer harriturik horrelakoak esateaz, zeren garaiko idazle gehienen lehen asmoa euren euskara lantzea eta euskal irakurleei irakurgai egokiak eskaintzea zen". Eta hala aitortzen zuten orduko idazleek.

Honen harira, anekdota polita azaldu digu Lourdes Otaegik: "Loidi Bizkarrondok bere euskal idazkera hobetzeko asmoz idatzi omen zuen Hamabost egun Urgainen, baina gero Euskaltzaindiaren sariketara aurkeztu zen eta accesit-a irabazi zuen, ustekabean".

Sinesgarria, naturala, xaloa

Orain eta hemen, "euskara literario estandarraren egoeratik dihardugu eta beste ezaugarri batzuk eskatzen dizkiogu trama nobeleskoari. Gainera, beste helburu eta beste balore batzuk zituzten idazleez ari gara, baldintza askoz gogorragoetan jardun zuten artisauez", aitortu digu Lourdes Otaegik.

Mikel Hernandez Abaitua idazleak oroitzapen ona gordetzen du. Mariano Izetaren nobelari naturaltasuna dariola azaldu digu: "irakurri nuenean asko gustatu zitzaidan, oso sinesgarria iruditu zitzaidan, oso natural kontatuta zegoela".

Xabier Mendiguren Elizegi idazleak eta editoreak ere gustuko nobela du. "Gaztetan irakurri nuen eta klabea asmatzeko erloju baten inguruan osatuta dago trama. Polita da zeren Mariano Izeta, ogibidez, erloju konpontzailea zen. Baztango hizkera kontatzen zuen". Kontakizun xume bat izanik ere, "bere xumean bazuen horrelako xalotasun polit bat", adierazi digu Mendiguren Elizegik.


"Garai hartan, testu errazen premia handia zen"

Esan dugu. Mariano Izetaren Dirua galgarri erreferentzia da euskal literaturan, nobela beltza edota polizia nobelaren generoan. Orain ere lantzen den generoa da hauxe. Baina akaso, garai batean oihartzun handiagoa zuen. Xabier Mendiguren Elizegik bestelako iritzia du: "Atzera begira jartzen bagara, duela 30 urte ere bazebiltzan Xabier Gereño eta Gotzon Garate. Gaurko idazleekin parekatzen baditugu, gaurkoak hobeak dira nire ustez. Baina haiek ere hutsune bat bete zuten. Euskara ikasten ari zirenek, alfabetatzen ari zirenek, asko jo zuten Gereñoren eta Garateren nobela horietara. Eta benetako best-sellerrak izan ziren. Garai hartan testu errazen premia handia zegoelako".

Baina aitzindaritza aitortzen die eta baita Loidi Bizkarrondo (Hamabost egun Urgainen), Mariano Izeta (Dirua galgarri) eta Txomin Peilleni (Gauaz ibiltzen dena). Dena den, Elkarreko editorearen ustez, "Loidi Bizkarrondo lehena izan zen eta onena ere, bere nobela oso sendoa zen".

"Batzuk best-sellerrak izan dira"

Mikel Hernandez Abaitua bat dator Xabier Mendiguren Elizegirekin. Gaur egun, nobela mota honek "gaur egun pisu handiagoa du iraganean baino", baina dena esate aldera, "pisu hori batez ere irakurleen aldetik dela" dio Hernandez Abaitua idazleak.

Salmenta aldetik beraz, ondo funtzionatzen duen generoa da. Orduan, zergatik ez dute hemengo autoreek beste lurralde batzuetako autoreek erdietsi duten osperik? Gure inguruan, genero gutxietsia izan delako akaso? Mikel Hernandez Abaituaren esanetan, "gaur egun asko saltzen bada ere, errespetu pixka bat lortu du jende guztiaren aldetik, baina gutxi oraindik. Gauza bat da salmenta onak izatea, eta beste gauza bat mirespen literarioa kritikaren eta idazleen aldetik. Oso zaila da Euskal Literaturaren Historiara pasatzea polizia nobelak idatziz", hala uste du Azukre xehea, gatz larria liburuaren egile donostiarrak.

Salmenta oneko generoa da. Baina kritikarien eta idazleen artean miresmen gutxi du. Zer nolako pisua du orduan euskal literaturan? Lourdes Otaegiren iritziz, handia: "euskal literaturan irakurleak baditu eta izan ditu. Urteetan ikasle gaztetxoek gehien atsegin zituzten testuak genero beltzekoak izaten ziren: Gotzon Garateren Izurri Berria, Iñaki Zabaletaren 110 Streeteko geltokia edo Andu Lertxundiren Tobacco Days euskal best-sellerrak izan dira kopuruek garbi esaten dutenez".



Irasizabal, Ladron Arana, Arretxe, Borda... egungo erreferentziak

Xabier Mendiguren Elizegik argi eta garbi esan digu: "badago irakurlego bat, dudarik gabe". Garate, Bizkarrondo, Izeta... aipatu ditugu orain artean. Klasikoen artean edo. Baina ez dira liburu klasiko horiek gaur egungo irakurleengana iristen direnak. Nortzuk dira gaur egungo erreferentzia nagusiak? Mendiguren Elizegik lau izen aipatu dizkigu, "bakoitza bere estiloarekin".

Iñaki Irasizabal bizkaitarra da erreferentzietako bat. Orbe auziaren ingurukoak nobela plazaratu berri du Elkarrekin eta bere editorearen esanetan, tramari garrantzia gehiegirik eman ez arren, krimenaren aitzakian gogoetarako bazka ematen duen idazlea da Irasizabal.

"Beste bat Alberto Ladron Arana litzateke", adierazi digu Mendiguren Elizegik: "trama oso ondo lotuak eta oso ondo egituratuak asmatzen ditu, Nafarroan girotuak beti ere". Zer barkaturik ez (Elkar) nobela plazaratu zuen iaz Ladron Aranak, ezbairik gabe, nobela mota honen baitan biltzen den eleberria. Hirugarren bat Jon Arretxe izango litzateke. Bidaiekin nahastutako nobela poliziakoak idaztea litzateke bere bereizgarritasunik handiena. Duela egun gutxi, 19 kamara izeneko nobela aurkeztu du Erein argitaletxearekin.

Amaia Ezpeldoi detektibea

Itxaro Borda litzateke lauko zerrenda osatzera etorriko litzatekeena, Amaia Ezpeldoi detektibearekin. Orain gutxi, Boga boga nobela plazaratu izan da, Amaia Ezpeldoi protagonista duen eleberria. Aurretik baina, Ezpeldoi detektibearen beste lau nobela ditu Itxaro Bordak argitara emanak, guztiak Susa argitaletxearekin: "hainbat alderditatik aipagarria dela uste dut: identitate sexualaren bilaketa eta aldarrikapena, hainbat bazterren erretratu soziologikoak egitea...", argudiatu digu Xabier Mendiguren Elizegik. "Horiek dira generoaren barruan sistematikoki idazten ari direnak. Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Andu Lertxundi edota Etxeberria anaiek tarteka argitara eman dituzten hainbat lan ahaztu gabe".

Lourdes Otaegik beste idazle batzuk ere aipatu dizkigu: "Harkaitz Canoren Pasaia Blues nobela, Aingeru Epaltzaren Rock'and Roll edo Iñigo Aranbarriren Zulo bat uretan... genero beltzekoak dira hein batean, nire ustez. Aurrekoek sortu zuten genero beltzaren ildoaz baliatzen dira taxu berritzaileak emanez: lirikoa, umorezkoa, kazetaritzazkoa... Lan literario bariatuak eskaintzen dizkigute irakurleoi eta kritikoen estimazioa jaso dute zalantzarik gabe".


"Generorik bada ondo itzulia izan dena, hori genero beltza da"

Xabier Gereño eta Gotzon Garate izan ziren Mariano Izeta eta Loidi Bizkarrondoren segidan iritsi ziren autoreak. Eta hauen ekarpena ere garrantzitsua izan zen. 70eko liburu haiek ordea, eraginik izan al dute ondorengo belaunaldietan?

Mikel Hernandez Abaitua eta Xabier Mendiguren Elizegi bat datoz. Euren eragina ez zen ondorengo belaunaldietan islatu. "Agian gogorra izango da hau esatea, baina uste dut bi autore horiek hurrengo belaunaldietako idazleengan ez dutela ia batere eraginik izan", azaldu digu Mikel Hernandez Abaituak. Baina zer pentsatua eman digun hausnarketa hau ere partekatu nahi izan du gurekin: "horiek baino hobeak diren asko eta asko argitaratzen dira gaur egun, baina hala ere, ez dute klasiko mailarik lortzen. Zergatik? Niri oraintxe bertan ez zait izenburu bat ere bururatzen. Oso sintomatikoa da", hortxe Hernandez Abaituak utzi digun hausnarketa.

"Gaur egun, inspirazio iturria atzerrian bilatzen da"

Belaunaldien arteko transmisio horretaz ari garela, itzulpenetan ipini du arreta Xabier Mendiguren Elizegik. Bere ustez, gaur egun "nobela poliziakoa irakurtzen duenak, modan daudenak irakurtzen ditu. Asko itzultzen delako gainera. Generorik bada ondo itzulia izan dena, hori genero beltza da. Igelak lan handia egin duelako eta, batez ere, Xabier Olarrak. Klasiko guztiak, Amerikako Estatu Batuetakoak esate baterako, euskarara ekarriak daude. Gaur egungo nobela moderno batzuk ere bai. Andrea Camilleri, adibidez". Beste era batean esanda, euskaraz polizia nobela idazten duenak atzerrian topatzen duela inspirazio iturri.

Argazkian, Fernando Rey, Arantzazu Royo eta Xabier Olarra, Igela argitaletxearen aurkezpen batean.

Lourdes Otaegik, dena den, bestelako iritzia du: "garaiak eskatzen zuen produktua eskaintzeko borondate zintzoz aritu ziren biak (Xabier Gereño eta Gotzon Garate): irakurgai errazak eta entretenituak behar ziren euskaraz eta garai modernoei zegokien paisaietan kokatuak, baina sinesgarriak. Euskal irakurlegoak zeukan behar bati erantzun zioten eta euren ahalegin horri jarraitu diotenak izan dira".


Hedabideetan oihartzun gutxi duen generoa

"Polizia-nobelak oihartzun handia du beste literatura batzuetan, baina hemen ez du inoiz horrelako itzalik izan". Hitzen Uberan antzekorik adierazi zigun, duela gutxi, Iñaki Irasizabal idazleak.

Xabier Mendiguren Elizegiren ustez, oihartzun txikia du genero honek hedabideetan. Hemen bezala, baita atzerrian ere: "Literaturaren sistemaren barruan badira azpi-sistemak. Badago goi mailako literatura bat; zerbait berria, ezberdina, zorrotzagoa ... bilatzen duena. Literatura horrek badu bere publikoa, baditu bere autoreak, kritikak eta periodistak bere inguruan. Nik uste dut herrialde guztietan hori dela gehien baloratzen dena".

Baina egon badira benetan popularrak diren generoak eta irakurle asko dituztenak. "Beste bide bat izaten dute kritiketan, komunikabideetan... Eta horren barruan sartuko litzateke nobela poliziakoa", adierazi digu Mendiguren Elizegik. "Euskal Herrian ere, polizia nobela horiek ondo saltzen dira. Gehiago saltzen dira nobela hauek, literatura berritzaile edo goi mailakoak baino. Aldiz, falta zaie nolabaiteko bide bat komunikabideetan. Argian adibidez ez dira horrelakoak agertzen, Berrian zertxobait baina gutxi".

Euskal Herrian, salmenta aldetik arrakasta duen generoa izanik ere, bozgorailu premian ote da genero hau. Hala ulertu diogu Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editoreari: "gaztelaniazko komunikabideak hartzen baditugu edo Europa osokoak, Henning Mankellek nobela bat ateratzen duen bakoitzean, nahiz eta ezer berririk ez egin, asko aipatuko da medio askotan. Eta badakigu polizia nobelak betiko eskemak errepikatzen dituela; inork ez diola besterik exijitzen. Euskal literaturan, beharbada, genero honek ez du kanalik bere bidea egiteko, bere oihartzuna lortzeko. Baina hala ere, saldu saltzen da".

"Beste errespetu batekin begiratzen zaio orain"

Antzeko iritzia du Mikel Hernandez Abaituak. Baina akaso, azkenaldian genero honek beste errespetu bat erdietsi duela uste du: "Euskal Herrian ez du ospe onik inoiz lortu idazleen artean, behe mailako generotzat jotzeko joera dugulako edo, baina oihartzun handia izan du beti irakurleen artean. Dena dela, orain, posmodernitatean, orokorrean hitz eginda, beste errespetu batekin begiratzen zaio nobela mota honi".

Uste denaren kontra, nobela beltzak idazle handiak eman dituela uste du Lourdes Otaegi literatura irakasleak. Are gehiago, lehen mailako idazle askok eta askok ere egin dituztela genero beltzeko liburuak, hala nola, "Edgar Allan Poe, Anton Chéjov, Honorée Balzac, Jorge Luis Borges, William Faulkner, Raymon Chandler eta beste asko. Sail zoragarria osatu da horien euskal itzulpenekin eta zalantzarik ez dago trama ezin interesgarriagoak eskaintzen zaizkiola beroietan euskal irakurleari. Tamalgarriena da euskaldunok itzulpenok eskuetan hartzeko dugun epeltasuna. Lan bikainak baitira!".

Irudiak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)