Erreportajeak

(Hegats 57) Poeta kantariak? Hitzak doinuak adina balio duenean

Asteartea, 2020-05-26

"Beti da bihar: Datozkeen literaturak" leloarekin publikatu zuen Euskal Idazleen Elkarteak Hegats aldizkariko 57. zenbakia, Mikel Antzaren zuzendaritzapean. Bertan, Imanol Ubedak kantagintza eta poesiaren arteko harremana aztertzen duen erreportajea publikatu zuen, Gorka Urbizu, Jon Basaguren eta Olatz Salvador elkarrizketatuta. Kanten hitzak poesia dira? Literatura da? Zer harreman dute kantariek beren kanten hitzekin? (Argazkian: Jon Basaguren).

(Egilea: Imanol Ubeda, Hegats aldizkariko 57. zenbakirako)

Uste zabalduena da liburua dela literaturaren aterpe nagusia. Baina, inguratzen gaituzten euskarrietan bilaketa azkar bat egingo bagenu, elementu poetiko ugari topatuko genituzke. Istant batean. Sare sozialetan, egunkarietan, kaleko afixetan, fikziozko telesailetan... Kantaren xerka ibili ohi den sortzailearentzat ere, oro da inspirazio iturri. Gorka Urbizuk, Jon Basagurenek eta Olatz Salvadorrek kantaren mekanika hobeto ulertzeko gako ugari eskaini dizkigute.

GorkaUrbizu-1 Egilea Galder Izagirre(Argazkia: Galder Izagirre)

Literatur txinpartak nonahi agertu ohi zaizkigu. Baita abestietan ere. Asko eta asko baitira literaturtasun maila handia duten kantagileak. Bada kanta genero literariotzat jotzen duenik ere.

Gorka Urbizuren kantategiari poetikotasuna borborka darion arren, Berri Txarrak taldeko kantariari ez zaio gehiegi interesatzen diziplinen katalogazioaren inguruko eztabaida. Kantak “zerbait transmititzea” bilatzen du. Berak bilatzen duena artistak eskaintzen duen eta “oro har ebidenteena ez den beste begirada” hori da.

Nobel sariak homologatu zuen kantagintza genero literario gisa, 2016an Bob Dylan saritu zuenean. Erabakiak zeresan handia eragin zuen. Gorka Urbizuri berdin zaio zein tiraderatan sartu behar diren Minessotako bardoaren letrak: literaturaren apalean edota kantategien txokoan. “Eztabaidaezina dena da Bob Dylanen letren indarra eta irudiak sortzeko abilezia”. Ez da Urbizuren arreta pizten duen kantagile bakarra. “Egun, artista bakar bat aipatu behar banu, hitzekin zeharo harrapatu nauena, zalantza izpirik gabe Kate Tempest da”.

Idazletzat hartzen ez diren artisten hitzak ere literarioak egiten zaizkio, baldin eta “tartea uzten didaten hitzen bidez beste zerbait irudikatzeko. Txikitan espioitara jolas egiten genuen eta aztarnak limoi-uraz idazten genituen paperean. Begi-bistan ez zen ezer ikusten, baina supiztailuaz errez gero hitzak agertzen ziren paperaren gainean. Efektu horren antzeko zerbait da niretzako literaturtasuna, eta, bistan da, zenbait kantaren hitzek badute horretatik, argazkilaritzak, zineak, publizitateak edo meme on batek ere izan dezaketen moduan”.

Kanta konbentzionalak bi oinarri nagusi ditu: doinua eta hitza. Eta badira bietan abilak diren artistak. Gorka Urbizurentzat, “Leonard Cohen bi diziplinetan asmatzen duten genio horietakoa da. Edo John K. Samson; bere Letrak eta poemak liburua gozamena da. Robe Iniestak, Kase O-k, Drogasek, La MODA-ko David Ruizek edo Gata Catanak ere badituzte ale ederrak”.

Baina egilea bera baino gehiago, egilearen obra da Jon Basagurenen arreta erakarri ohi duena: “Kantak dira hunkitzen nautenak. Artistak baino gehiago. Musika eta hitzaren arteko uztarketa, osotasun hori, kantek bakarrik dute. Hori da gehien erakartzen nauena rock edo pop mundutik”.

Besteen abestiak pizgarri direnean

Alderantzizko fenomenoa ere gertatzen da. Nacho Vegas edota Anariren kantak inspirazio iturri dira Eider Rodriguez idazlearentzat, EITB Kultura Transit telebista saioan adierazi zuenez.

Euskal musikarien artean miresle asko ditu Anarik. Gorka Urbizurengan ere eragina du: “Bere kanta askotan sentsazioa daukat oso ondo ezagutzen nauela eta beste sakonera batzuetara elkarrekin hondoratzeko eskua luzatzen didala kanten bidez. Bere hitzek, musikarik gabe ere, sekulako indarra dute”.

Olatz Salvador abeslari donostiarrarentzat “Euskal Herri mailan, Anari da letra sakonenak egiten dituen kantaria. Zalantzarik gabe. Hain dira sakonak, ez dira edozein unetan entzuteko modukoak. Letragile bezala onenetakoa da. Eta Gorka Urbizu ere oso ona iruditzen zait. Nire erreferenteak izan dira”.

Iritzi berekoa da Jon Basaguren, Izaki Gardenak-eko partaidea: “Batzuetan, musikarik gabe ere, balio handia dute hitzek. Hori kanta on askorekin gertatzen da”.

Etiketak etiketa, eztabaidak eztabaida, abestia artefaktu literario bat dela deritzo Olatz Salvadorrek. “Saio linbikoak egitasmoan, musika, literatura eta emozioak uztartzen ditugu. Liburutegietan aritzen gara. Anariren Epilogoa abestiko hitzak errezitatu izan ditut. Eta poema bezala ere oso ondo funtzionatzen du”.

Kantaren xerka ibili ohi den sortzailearentzat, oro da urre. Gorka Urbizuk azaldu digunez, askotan erreakziozko bulkadak izaten ditu, “bai aurretik neronek idatzitakoari erantzuteko, edo beste norbaiten haritik tira egiteko. Zerbait eragiten didatenak dira”.

Olatz Salvadorren Zintzilik abestia ere erreakziozko bulkada baten emaitza izan zela esan daiteke. “Kerobia taldearen abesti baten hitzetatik abiatu nintzen. Ametsek ere prezio bat dutela dio Kerobiaren letrak. Esaldi hori iltzatuta geratu zitzaidan eta ametsek dituzten albo kalteei buruz idatzi nuen Zintzilik abestia”.

Sormena pizten duen metxa

Beste artista baten kanta bat, nobela bat, poesia liburu bat, film bat, telesail bat, txio bat... Inspirazio iturriak ugariak eta noranahikoak izan daitezke. Adibidez, Gorka Urbizurentzat: “La pesadilla de Darwin dokumentalak, esaterako, zurtuta utzi ninduen eta hortik kanta bat egiteko beharra sortu zitzaidan. Beharra baita azken batean. The Wire telesailarekin antzeko zerbait gertatu zitzaidan (Lehortzen kantak telesail horren oihartzuna dakar). Kanta bat abiatzeko txinparta gutxien espero duzun tokian piztu daiteke, eta ederra da hori”.

Jon Basagurenentzat ere pizgarri dira poemak, narrazioak edota filmak. “Normalean, musikatik abiatzen naiz eta ondoren hartzen dut abestiei hitzak jartzeko denbora”. Hitz gako bat, esaldi bat, ideia baten zirriborroa... Apunteak hartzeko ohitura du Izaki Gardenak-eko kantariak. Urbizuk bezalaxe, Basagurenek ere liburuetan, fikziozko telesailetan edota filmetan topatu izan du kanten hitz askoren abiapuntua.

Poeten eta bertsolarien presentzia

Literaturtasuna kantari batzuen berezko ezaugarria da. Beste batzuetan, kantagileak izan ohi dira idazleengana edota bertsolariengana jotzen dutenak. Propio. Urre bila. Adibideak ere ugari dira gurean.

Beste herrialde batzuetan baino gehiago? Ez da hori Gorka Urbizuren iritzia: “Ez nago ziur Euskal Herrian bestetan baino gehiago egiten ote den. Beharbada hemengo uzta txikia izatean eta entzule asko egile ere bagaren aldetik, gehiago ezagutzen ditugula izango da”.

Olatz bat dator Gorkarekin. “Estatu mailako idazle batzuen poemak Spotify bezalako plataforma digitaletan daude musikaturik. Latinoamerikako poeta asko ere abestien bitartez deskubritu ditut. Poesiak dimentsio berri bat hartu du akaso. Irakurri baino gehiago, poesia entzun egiten da. Gero eta likidoago bihurtu da dena”.

Olatz Salvadorrek badu bertsolariekin lan egiteko joera. “Nire abesti baten letra Ane Labakak idatzi zuen. Eta Beñat Gaztelumendirekin batera beste abesti bat sortu nuen. Letra bat bidali zidan eta nik moldatu egin nuen. Gustuko dut prozesu hori: bertsolari batekin harremanetan jarri eta kontzeptu baten inguruan zerbait garatzea”. Zintzilik diskoaren egilearen ustez, “bertsolariak poetak dira, eta istantaneoak. Hitz-jokoen zaleak dira eta nik oso gustuko dut hori”.

Idazleengana jotzeko kantari batzuk duten ohituraren inguruan, beste argudio bat eman digu Jon Basagurenek: “Beldurraren ondorio izan daiteke. Segurtasun falta. Euskaraz ondo aritzen direnak gutxi batzuk baino ez direla pentsatze horretatik”.

OlatzSalvador-1 Oi

Emaitza da gakoa, ez uztarketa bera

Gorka Urbizuri elkarlanaren emaitza interesatzen zaio. Ez elkarlana bera. “Poesia + musika uztarketa interesatzen zait emaitzak (A + B) = C berri bat ematen duenean, eta ez bien arteko batuketa soil bat”. Ildo horretan, Lekunberriko kantariak hainbat lan nabarmendu nahi ditu: “Hemen disko izugarri onak atera dira formula horrekin: Hautsi da anphora diskoa, Laboaren kanta gehienak, Zure minari diskoa, Lisabö...”.

Zalantzarik ez du horretaz. Bateragarriak dira bi lengoaiak. Idazlearena eta musikariarena. Musikak, ordea, dena kutsatzen du. Onerako zein txarrerako. Urbizuren ustez, “poema bat aurretik ezagutzen baduzu eta gero norbaitek musikatzen badu, ezinekoa da berriz doinurik gabe, poema bere horretan berriz irakurtzea”. Bere ustez, genero independenteak dira poesia eta musika, “eta hobe, poesiak bere kadentzia propioa daukalako eta letragintzak bere mugak”. Biak uztartzeko ahaleginean, asmatzean dago gakoa.

Kolaborazioak kolaborazio, bere letra propioak idazteko bokazioa du Olatz Salvadorrek. Letrak zaintzen saiatzen dela adierazi digu. “Mezu oso esplizituak ez zaizkit bereziki interesatzen. Euskal Herrian bada joera bat letra oso aldarrikatzaileak egiteko, eta oso modu esplizituan. Horrek oso erraz asper nazake”.

Letragilea den aldetik, kantaria poetatzat har al genezake? Korapilatzen abestiko hitzak oinarri, Olatz Salvadorrek poema bat idatzi zuen. Garai hartako kontzertuetan, kantaren aurretik bere lagun batek errezitatu egiten zuen poema hori. “Beroaldi batean, Lekore aldizkarira bidali nuen poema eta argitaratu egin zuten. Ilusio handia egin zidan. Neure burua ez dut inoiz poetatzat hartu baina testu horrek bazuen indar propio bat”.

Jon Basagurenek ere arreta berezia jartzen du letra bakoitzean. “Lehen doinuan zentratzen nintzen. Baina orain buelta izugarriak ematen dizkiet hitzei. Gero eta gehiago. Disko bakoitzean gero eta garrantzi handiagoa hartu dute hitzek, eta akaso beste zerbait sakrifikatu dugu bidean”.

Presioa vs. autoexigentzia

Zaleentzat, euren gustuko kantariak erreferente garrantzitsuak dira, buruz dakizkite kantetako hitzak. Jon Basagurenen ustez, hori “kanta borobiltzen duen zerbait da; zirkulua ixten du nolabait. Nik sortzen dut beste norbaitengana iristeko helburutxoarekin, bestela gorde egingo nuke dena tiradera batean. Norbaitek gure abestiren bat edo esaldiren bat bere egiten badu, honek guztiak zentzua hartzen duela uste dut”.

Irismena zenbat eta handiagoa, orduan eta zailagoa presioari izkin egitea, baina Urbizurentzat “ongi etorria presio hori, okerragoa da inor ez egotea beste alde horretan. Komeni da ez ahaztea entzulerik gabe ez dagoela musikarik”.

Jon Basagurenentzat ere pizgarria da presioa. “Aurri gara diskoarekin jende batengana iristea lortu genuen”. Disko berri bat prestatzeko garaia iritsi zenean, “sentitzen nuen bazegoela jende bat gure disko berri bat entzuteko gogoz. Horrek lanean jarraitzeko indarra ematen zidan, gauzak hobeto egiteko grina. Entzule batzuk gure disko berria entzuteko gogotsu zeuden, eta horrek nire motibazioa handitu egin zuen”.

Baina entzulea lan berri baten zain dagoela jakiteak zer neurritan baldintzatzen du idazkera bera?

Gorka Urbizurentzat “subkontzientearen zokoren batean” eragin hori badago ere, “gidatzen nauena autoexigentzia izaten da”.

Olatz Salvadorren kasuan, “lehen diskoa esperimentu bat izan zen eta nire buruarentzat egin nuen. Orain sumatzen dut ez dudala niretzako bakarrik egingo. Hori da nire beldurra. Ez luke hala izan behar baina, jendeak zurekiko espektatiba batzuk dituenean, oso zaila da ardura hori saihestea”.

Gazteen ekarria eta interesa

Urbizu, Basaguren eta Salvador bezala asko dira Euskal Herriko musikaren agertokia betetzen dutenak. Galdera da ba ote dagoen belaunaldi berririk. Jon Basagurenek ez du zalantzarik, bere ustez bada harrobia: “Gu baino gazteagoak ere ari dira oso gauza interesgarriak sortzen. Eta ez musikalki bakarrik. Positiboa naiz. Beti esaten dugu ez datorrela inor atzetik baina egon badago. Beste kontu bat da interesatzen ote zaigun eta kasurik egiten ote diegun”.

Eta belaunaldi berrien interesguneak non daude? Olatz Salvadorren iritziz, abestiek badute indar berezia gazteak erakartzeko: “Liburu askok ez dutena. Gauza motzetan eta bat-batekoetan ikusten ditut gehiago. Abesti oso luzeak ez dituzte gustuko, liburu oso potoloak ere ez. Gertatzen ari da. Formatu labur, azkar eta errazetan ikusten ditut interesaturik”.

Jon Basagurenek antzeko inpresioa du: “Irudipena dut ikus-entzunezkoa behar duela izan. Badirudi hori dela gustuko dutena”. Hortaz, kontsumo ohitura berriek bide horretatik joko dutela ondorioztatu daiteke. “Dena den, literatura gustuko badute, literatura zaintzen duten euskarrietan kontsumituko dute”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)