Erreportajeak

Nola omendu Binyavanga Wainaina

Ostirala, 2019-09-13

Pasa den maiatzean hil zen Binyavanga Wainaina idazle kenyarra. “Nola idatzi Afrikari buruz” artikuluari esker lortu zuen ospea. Bizi zela, hainbat testu labur eta liburu bat publikatu zuen, eta Kenyako literatur aldizkari bat hauspotzen aritu zen. Honako honen bidez omenaldi bat eskaini nahi diogu eta aurrez euskarara ekarri gabeko haren testu bat zabaldu.

Nola ezagutu nuen Binyavanga Wainaina 

Beste askok ezagutu zuten modu berean ezagutu nuen nik ere: artikuluari esker. “Nola idatzi Afrikari buruz”, hala zuen izena, eta gaztelaniaz iritsi zitzaidan lehenik, eta euskarara eraman nuen gero, garai horretan halakoetan pasatzen nuen-eta denbora, inork halakorik egiteko enkargatu gabe ere. 2013an izan zen hori.

Wainainak berez, dezente lehenago idatzi zuen testu hura, 2006an. Hasieran, ez zen gauza serio bat, serioa-edo: zerbaitekin kokoteraino dagoen norbaitek kokoteraino daukan hori ateratzeko modu burutsu eta zirtolari bat. Satira bat. Zabaldu egin zen, ordea, eta asko gainera. Ospea ekarri zion, eta ondoren liburu baterako bidea egin zuen testuak, beste hainbat testurekin batera: One Day I Will Write About This Place: A Memoir [Noizbait toki honi buruz idatziko dut: Memoriak]. 2011an argitaratu zuen.

Besterik ere egin zuen, hala adierazi genuen bere garaian:

“Azpimarragaria da [Wainainak] Afrikako literatura eta idazleak sustatzeko egin duen lana. 2003an Nairobiko beste zenbait autorerekin batera Kwani fundazioa sortu zuen, izen bereko literatura aldizkariaren iturburua izango zena. Proiektua zinez da interesgarria. Kwaniren asmoa ez da soilik tokiko idazle hasiberriei lehen lanak plazaratzeko aukera ematea, baizik eta sakonago eragin nahi du, harago joan. Antolatzaileek beraien webgunean dioten bezala: “Kwani fundazioa Kenian errotutako literatura sare bat da eta gure helburua da kalitatezko idazkuntza sortzailea garatzea eta sormen-industriaren hazkuntza sustatzea, horretarako idazle afrikar garaikideak argitaratuz eta ezagutzera emanez, ikasketa aukerak eskainiz, literatura ekitaldiak antolatuz eta mundu mailako literatura sareak elikatuz”.

2019ko maiatzaren 21ean hil zen Wainaina, berrogeita zortzi urte zituela, bihotzekoak jota.

Liburutik kanpo geratu zena

Gaya zen Wainaina. 2014ko urtarrilean, Afrikako hainbat herrialdetan homosexualen aurkako legeak onartu zirela-eta, Wainainak gay zela esan zuen jendaurrean. Bere armarik zorrotzena erabili zuen, idazketa. Saiakera txiki bat argitaratu zuen: “Homosexuala naiz, ama”. Autoreak adierazi zuenez, atal horrek liburuan behar zuen berez, baina bidean erori zen. Twitterren kontatu zuen idazleak gero: “Inork zalantzarik badu edo nahasirik badago, jakin ezazue: homosexuala naiz. Gay naiz, eta pozik nago”.

2016an, HIESaren nazioarteko egunarekin, HIESa zeukala jakinarazi zuen autoreak Twitterren. “Eta pozik” zegoela. 2018an, berriz, denbora luzean bikotekide izandako gizonarekin ezkondu zela adierazi zuen.

Bigarren zatia

Nola omendu Wainaina? Haren heriotzaren berri izan, eta horixe etorri zitzaidan burura. Zer egin? Googlen bilatu, jakina. Hantxe topatu ditut hor goian irakurri dituzuen gehienak. Zorionez, eskuragarri daude Wainainaren testu asko, eta bere garaian artikulu sonatu hark txunditu baininduen, horri jarraipena ematen dion testua euskarara ekartzea izan da autoreari omen egiteko topatu dudan modua.

Oharra: inork lehenengo zatia irakurri nahi badu, hementxe dauka.


 

 Nola idatzi Afrikari buruz, II 

Mendekua

Eleberrigile, GKEetako langile, rock musikari, kontserbazionista, ikasle eta bidaia-liburuen idazle; guztiek bilatu dute nire email-helbidea eta zera galdetu didate: mesedez, esango al zenidake zer iruditzen zaizun nire idazlana / panfletoa / ipuin laburra / diru-laguntza eskatzeko proposamena / haikua / adopzioan hartutako haurra / egiazko afrikar amaginarrebaren argazkia? Halakoak idatzi dizkidaten guztiak zuriak dira. Ez didate halakorik idatzi ez Txinatik, ez Kubatik; ez didate halakorik idatzi ez beltzek, ez beltz-antzekoek, ez marroiek, ez beixek, ez kafe-kolorekoek, ez capuccinoek, ez mulatteek*. Zama arintzeko, haserrea ateratzeko; horretarako idatzi nuen “Nola idatzi Afrikari buruz”, ez zuen egunaren argia ikusteko bokaziorik. Orain, jendeak baimena eskatzen dit Afrikari buruz idazteko. Iritzia eskatzen didate: zer uste dut nik?; ondo egin al dute haiek? Esaten didate: izan zintzoa, izan gozoa. Esan egia.

Gomazko zigilu bat sortzea pentsatu dut. Nire burua irudikatu dut, Afrikako muga birtualetan zutik, miliziano beltz bat zigilua eskuan, eskakizunak prozesatzen: BAIEZKOAN, “pasa zaitezke, ordaindu ehun dolar”; EZEZKOAN “Lotu itzak eta deportatu”. Fantasia sexual baten tankera du. Bazter bitxienetatik datoz, arrastaka, zigortzeko eskatuz. Gaiztoa nauzu, Binya Nagusi, jo nazazu. O! Jo fuerteago! O! Orduan, nik halakorik egin ez, eta desengainua hartzen dute. Tarteka, baina, egin egiten dut, eta aldi berean sentitzen naiz ondo eta gaizki, wasabi gehiegi jaten denean bezala. Bonok, adibidez, poema-liburu bat bidali zidan. Norbaitek artikulu bat idatzi omen zuen: “Nola idatzi Afganistani buruz”. Bostekoa estutu nion Europako hainbat presidenteri –biri, alajaina!–; nire testua irakurri eta buruari eragin zioten, esanez: Gaizki, zer gaizki. Frankfurten, zigarroak erdibana erre nituen Yar Adua Nigeriako presidentearen bizkartzainekin, zeintzuk ez omen dituzte Abujako gimnasioak maite,  handikien emazteak hurbiltzen zaizkielako, eta askotariko arazoak sortzen. Bizkartzainek nahiago zituzten Europako gimnasioak. Baina Alemaniako zigarroak ez omen ziren Nigeriakoak bezain onak. Alemaniako berdurak ez omen ziren Nigeriakoak bezain onak. Alemaniako garagardoa, benetan sakon erreparatuz gero, aparraren azpian, ez omen zen Nigeriako garagardoa bezain arina eta urrekara. Hori guztia esan eta egin ondoren, zigarroak lurrean zanpatu eta lurrin frantsesaren usainak inguratzen zituela, zera esan zidaten: Nigeria da tokirik onena. Izan al zara inoiz Abujan? Ez, esan nien. Abuja guztiz modernoa da, eta pareko eraikinetara begiratu genuen denok, eraikin umel, zahar eta orbanduetara.

***

Egun batean, ezagun batek larritu antzean deitu zidan. “Nola idatzi Afrikari buruz” irakurri berri zuen, eta jakin nahi zuen nolatan idatzi nuen berari buruz modu horretan. Testuan, hala nioen: “Aktibista ospetsuen eta sorospen-langileen ondoren, kontserbazionistak dira Afrikako pertsonarik garrantzitsuenak. Ez itzazu iraindu”. Hura iraindu egin nuen, bada. Inoren izenik aipatu ez arren, gizonak pentsatu zuen berari buruz ari nintzela. Bai, kontserbazionista da bera, eta, bai, jende ospetsuari ostatu eman dio, bati edo biri, baina ez da sekula ehizakiak salerosten ibili eta ondo ordaintzen die beti bere manupekoei. Jakina, esan nion. Marra gorriak zeharkatu nituela esan zidan. Egia esan, ez dut inoiz ulertu esapide hori, ez eta non dauden ere ustezko marra gorri horiek, eta zergatik dakarren geometriak halako Armageddon interpertsonal baten mehatxua.

***

Email batetik jaio zen “Nola idatzi Afrikari buruz”. Gau batez, Norwichen, Ingalaterrako nire ikasle-pisuan nengoela, haserrealdi betean, eta baliteke odolean glukosa gutxi neukala –arazo genetikoa da–, ordu batzuk igaro nituen Granta aldizkariko editoreari idazten. "Afrikari" buruzko zenbaki bat argitaratu zuten, eta bertan bildu zituten afrikarrok inoiz ezagututako mozolokeria literario guztiak, halako “Inozokeria Handienen” bilduma bat. Zenbakiaren iluntasunak baino, zenbakiaren ergelkeria hutsak piztu ninduen. Ez zegoen ezer berririk, ez zegoen sakontasunik, “erreportaje” mordo bat baizik –hara, ene, begira hori, ooo!–, Afrika eta afrikarrak elkarrizketaren parte ez balira bezala, are, Afrika eta afrikarrak han ez baleude bezala, Ingalaterran bizitzen Granta aldizkariaren bulegoaren pare-parean. Ez, gu “han urrunean” geunden, han non kakiz jantzitako jende ausarta etortzen baitzen, eta ikusitakoaren lekukotza ematen. Pikutara. Beraz, email luze bat idatzi nion editoreari –oso luzea–, kexaka.

Nire harridurarako, Grantakoek berehala erantzun zidaten. Editoreak –Ian Jack– "Afrikari" buruzko zenbakia arbuiatu zuen: berak lanpostua hartu baino lehenagokoa omen zen. Handik urtebetera, Grantako beste editore batek idatzi zidan. "Afrikari" buruzko beste zenbaki bat egin nahi zuten, eta nire ikuspegia bildu nahi zuten. Bai, bai, jakina, esan nien. Eta, gero, ahaztu egin zitzaidan. Ondoren, gogoratu egin nintzen, errudun sentitu, eta kontinentearen zama osoa nabaritu nuen bizkarrean. Blokeatu nintzen; are gehiago blokeatu nintzen. Tusker garagardo bat edan nuen. Azkenean, Bob Geldofi buruzko zera bat idatzi nuen. Kaka zaharra, esan zidan editoreak –ez zuen hori esan, noski, baina horixe pentsatzen zuen, eta zuzen zebilen, gainera–. Beraz lanari ekin nion berriro. Epemuga iritsi zen, eta joan. Buru-belarri nenbilen ipuin bat idazten eta nobela bat idazten. Tusker hotz bat. Kwani berria. Lamuko hondartza. Editoreak, orduan, deitu eta ideia bat proposatu zidan: zergatik ez dugu ba email luze zoro hura publikatuko? Pasarte bat, alegia. Jakina, esan nion, gogoa beste nonbait neukala. Zirriborro bat bidali zidan. Ufa, pentsatu nuen, gogoa beste nonbait neukala. Moztu, itsasi; moztu, itsatsi. Apaingarri bat hemen, beste bat han. Bidali.

Ordubeteko lana.

Zenbakia argitaratu zuten, nire artikulua sarean zintzilikatu. Grantako historian gehien partekatu den artikulua bihurtu zen. Lagunek aipatzen zidaten, ezezagunek ere bai. Neure hitzak bidaltzen zizkidaten emailez, halako izenburu adore-emaile batekin, interesatuko zitzaidala uste izanda, nik neuk idatzi ez banu bezala. Biral bilakatu zen, spam bilakatu zen. Gonbidapenak etorri ziren: hitzaldiak emateko, bileretan parte hartzeko, think tank delakoetara joateko. Gutunak etorri ziren. “Tipo hura” nintzen orain, Afrikaren kontzientzia: kargu hartuko dizut, eta, ondoren, absoluzioa emango.

Azkarra banintz, urte batzuk itxaron eta iPhoneko aplikazio bat sortu izango nukeen: Afrikari buruz idazteko aholku satirikoak egunero, interaktiboak eta egokigarriak, laurogeita hemeretzi zentimotan alea. Pikutara Granta… eskerrik asko, Granta.

 

Buru-belarri ari nintzen nire nobela idazten. Halako batean, txile zaporeko vodka edaten ari nintzen aldizkariko editorearekin, eta, konturatu orduko, baiezkoa emana nion “Nola idatzi Afrikari buruz” artikuluaren bigarren partea idazteko aginduari. Ados, esan nuen, gogoa beste nonbait neukala. Eta hementxe gaude.

 

*mulato izendapena eta latte kafesne-mota uztartzen dituen hitz jolasa, jende arrazializatuari kafearen tonalitateekin lotutako izenak jartzeko ohiturari iseka egiten diona.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)