Erreportajeak

Paperezko antzerkia(k): testugintza berria(k)

Ostirala, 2016-12-16

Iñigo Astizek Berrian aipatu zuen moduan, bereziki emankorra izan da aurten antzerkiak Durangoko Azokan izan duen presentzia: egile garaikideen hiru testu-bilduma hiru argitaletxe ezberdinen eskutik (EHAZE, Txalaparta, EDO!), saiakera bat antzerkiari eskainitako bilduma berri batean (EHAZE), Erlea aldizkariak antzerkiari eskainitako alea, etab. Haiei gehitu behar zaie bi lehiaketek ezagutzera emandako testu berriak (Kutxa eta Café bar Bilbao), eta Gabon Txirrita testuaren argitaratzea. (Argazkia: Arrastoak, Ainhoa Resano).

Alerik ez, aleren bat, akaso bi. Eskasa izan ohi da paperera iritsi ohi den teatro-tituluen kopurua, antzerkia asko idatzi eta taularatzen den arren. Ezezagun handia da euskarazko antzerki testugintza, agian teatroa idazten duten askok literaturatik at kokatzen dutelako beren burua. Bi korronteren arteko talka egon da XX. mende osoan, eta XXI. honetan ere bizirik da banaketa: batetik antzerkia testutik abiatuta ulertzen duen teatroa, autorearen figurari agintea eman eta literatur kutsuko testuak deklamatzean oinarritzen dena batez ere; bestetik, testuari oholtza gaineko beste edozein elementuri adinako garrantzia ematen dion teatroa, zeinean lan fisikoak garrantzia handiagoa duen eta sorkuntza ez dagoen autorearen irizpideen menpe.

Talka horretan bada nolabaiteko erdibiderik ere, “dramaturgia berriak” deiturikoek ekarri dutena. Kurioski, dramaturgia hauetan autorearen figura ukatu egiten da, lan fisikoari eta beste era bateko sorkuntza prozesuei ematen zaie lehentasuna (izan talde prozesu kolektiboak, diziplinartekotasuna edo testuen collage ez-narratiboak) baina era berean idazlearen figura errespetatuz. Kontraesana dirudien arren, hitzari galdu omen duen sinesgarritasuna bueltatu nahi zaio horrela. Jose A. Sanchezek bikain aztertu zuen testuak antzerkian izan duen bilakaera hori Dramaturgias de la imagen (Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha, 2002) izeneko liburuan: “logika dramatikoaren suntsiketa idazketa dramatikoaren beraren barrutik, hori da antza egun oholtza kanpotik idazten jarraitu nahi dutenen estrategiarik eraginkorrena”.

Asko dira testuaren beraren botere galeraren bidez testuaren balioa beste jarrera batetik nabarmendu izan duten taula sortzaileak: Tadeusz Kantor, Robert Wilson, Pina Bausch... Zentzu hertsi batean idazle direnen artean, Heiner Müllerrek praktikatu zuen idazle-eredu berria: antzerkilarien sormen prozesuetan murgildu eta haien barrutik proposatzen zituen testuak, berak idatzitakoak kaletik topatutakoekin edo aktoreek berauek asmatutakoekin uztartuz, logika narratiboa baztertuz, collagean oinarrituz... Müllerrek ez zituen beti bere testuak “egile” gisa sinatu, “kolaboratzaile” gisa baizik, sarri “Heiner Mullerrekin idatzia” formula erabiliz fitxa artistikoetan. Kantorrek berak Stanislaw Ignacy Witkiewiczen testuak erabili izan zituen inoiz, berak esana da “guk ez dugu Witkiewicz errepresentatzen, Witkiewicz-ekin errepresentatzen dugu”.

Antzeko formula bat erabili dute egun plazarik-plaza dabilen Francoren bilobari gutuna testuaren egiletza aitortzean, “Igor Elorza eta Unai Iturriagarekin idatzia” formula erabiliz. Lan horren taularatzea kode eszenikoen anabasa ausartean oinarritzen bada ere, logika narratiboak jarraitzen ditu funtsean. Ba ote “dramaturgia berrien” arrastorik euskal teatrogintzan? Zer nolako testugintza da “dramaturgia berrietan” ematen dena?

Dramaturgia berrien euskarazko arrastoak

Bai, bada nola edo hala “dramaturgia berriak” deiturikoekin lot genitzake hainbat talde lanean euskaraz: Horman Poster, Khea Ziater, Mairu antzerki tailerra, Kamikaz kolektiboa, Parasite kolektiboa, Tripak kolektiboa, Metrokoadroka kolektiboa, Gabi Ocina/Miren Gaztañagaren “Solasean” pieza... horrelako talde eta kolektiboen lanak ez dira beti iristen paperera, zaila delako era horretako lanak logika literario baten arabera argitaratzea, eta are gutxiago irakurleei bestelako testugintza batzuen nolakotasuna transmititzea. Azkenaldian hainbat izan dira ahaleginak, hala ere:

Literaturaren barrutik egon da ere teatro testua beste errealitate batera eramateko ahalegin garrantzitsurik historian, “dramaturgia berriei” egozten zaien ahaleginarekin lot daitezkeenak: Müller aipatu dugu -idazketatik beratik egindako collagearen erabilera eta egile-ereduen apurketa gupidagabea-, baina “absurdua”rena litzateke segur aski hitzaren erabilerari uko egin gabe hitzaren erabileraren logika eta zentzua hankaz gora jarri eta hitzaren erabilerari dimentsio politiko berri bat eman zion joera. Ionesco aipatzen da sarri, baina ez da hura izan egilerik eraginkorrena. Harold Pinterrek bete betean asmatu zuen absurdua tresna politiko bilakatzen, erretratutako egoera sozialen suntsitzaile egoera egunerokoen erraietatik, baina zalantzarik gabe Samuel Beckett izan da hitzaren desegituratze hori muturrera eraman duen egilea.

ErleakSatorrakBeleak

Absurdua aipatu dugu, badelako azken urteetan paperera iritsi den absurduaren teatrogintzaren arrastorik. Argitaletxea EDO!k 2012an plazaratutako Samara Velteren Eta Karmele? (2013) antzezlanak Godot du inspirazio iturri, emakumeen kontrako bortizkeria oinarri, Ttak Teatroa taldeak oholtzara eramana. EDO!k berak Gaizka Sarasolaren Erleak, satorrak, beleak izeneko bilduma plazaratu du udaberrian. Hiru antzezlan dira liburuan irakurri daitezkeenak: Urak ttiki dire Gilkitxaro taldeak taularatu zuen, Lurrazpikoak Cafe bar Bilbao 2013an jasota ezagutu genuen, Talaka Sarasolak berak taularatzen du egun Mairu antzerki tailerraren eskutik.

Gaizka Sarasolak absurdua darabil batez ere Urak ttiki dire testuan, euskal gatazka deiturikoaren erraietan murgiltzeko. Beckettek absurdura jo zuen bigarren mundu gerra osteko testuinguruan hitza erabiltzeko ezintasuna adierazteko. Ez da kasualitatea beraz EDOk plazaratutako egile hauek absurdura jo izana, zer eta egungo euskal jendartean bizi diren gatazkarik gordinenez mintzatzeko: genero bortizkeria eta euskal gatazkaren ondorioak. Bestetik, “dramaturgia berriei” dagokionez Sarasolaren Talaka testua izan daiteke eredu interesgarri bat: fragmentazioa, logika narratiborik eza, gordinkeria…

Absurduan kokatzen dira Txalapartak plazaratu duen Mr. Señora bildumako zazpi lanetatik dialogatuak diren biak. Robert Wilsonek zioen bere lanaren helburua ez zela istorioak kontatzea, pentsamenduak, sentsazioak, memoria pertsonalaren ezpalak transmititzea baizik. Müllerrek aldarrikatzen zuen bukatu gabe dagoen testua, zatikatua dagoena, prozesuan dagoena ezinbesteko utopiaren sortzaile gisa. Logika ilogiko horien uberan koka litezke Mr. Señorako testuak.

Saiakerak ere plazara

Ez dira aipatutakoak EDO!k azkenaldian plazaratu dituen arte eszenikoei loturiko lan bakarrak: Xortak bildumako tituluen artean dago Harkaitz Canoren Txalorik ez arren (2014) saiakera laburra. Lan hau zentzu hertsi batean arte eszenikoei buruzko gogoeta gisa sortu ez bazen ere (izan, arte instalazio batean du iturburua) zehatz islatzen ditu oholtza gainean egon ohi direnek publikoarekiko eta, oro har, txaloarekiko duten harremana.

Sarri saiakera bera izan ohi da teatroa egin arren hura paperean jasotzeko ezintasuna sentitzen dutenek hartu ohi duten bidea. Euskaraz Antton Luku genuke adibiderik argiena: aspaldi batean bere testuak argitaratu izan zituen, baina horrek sortzen zuen herrentasunaz jabetuta utzi egin zion testu gisa ulertzen dugun hori argitaratzeari, eta saiakera moduan berrasmatu zuen bere antzerki jarduna paperean. Fauxto karrusaren sortze prozesuan sentitu eta pentsatutako kontuekin idatzi zuen Euskal kultura? saiakera, eta ondoren berriz bere ibilbide osoaren isla den Libertitzeaz. Bertatik hartu ditugu hitz hauek:

Hotel du fronton igorri nuen sariketa batera. Saria ez zuen ukan, hau berdin zait, normal, bazitekeen hoberik. Baina antzerkian esperientzia handiko epai mahaikide bat harritu zen ondotik muntatua ikusi zuelarik ez baitzuen batere uste taula gaineko funtziona zezakeenik testu hark. Mise en scène guzia, ikuskizuna hots, idatzia zelarik. Antzerkia plazan izanen den errealitatea eta testuaren arteko kenketa hori baita. Muturreko ezberdintasunak daude irakurle batetik bestera, eta ametsez ikusten duguna, amets edo lilura, ezin da paperean finkatu.”

Saiakera, ikerketa, pentsamendua… ezinbesteko tresna dugu beraz arte eszenikoetako lanak bere osotasunean eta konplexutasunean ulertu eta barneratu ahal izateko. Bestela, nola transmititu antzerki lan baten konplexutasuna, antzezlan horrek taula gaineko azken emanaldia eskaini ostean? Artezblai argitaletxeak kasu, bere egunean plazaratu zituen Antzerkiola Imaginarioaren formatu handiko lau teatro lanen testuak, haien transmisiorako osagarri aproposa izan liteke kasu Jaime Valverdek idatzitako Ander Lipusen antzerkigintza saiakera.

ehaze-aresti-azala

Aurten EHAZE-Antzerkizale elkarteak ezagutzera eman duen argitalpen proiektu berriaren eskutik heldu zaigu saiakera berri bat: Arestiren nazioa, antzerkia, Karlos del Olmok idatzitako azterketa: “Egilearen asmoa izan da Gabriel Arestiren literatura dramatikoaren eta idazlearen jarrera soziopolitikoen arteko loturak topatu eta aztertzea, metafora halako bat eginda: zelan edo halan, amesturiko nazioa antzerkiaren bitartez irudikatzen eta antzeztokira eramaten saiatu zela Aresti”. Jaime Valverdek berak idatzi du hitzostea, bertatik atera ditugu lerro hauek:

“Karlos del Olmoren testu hau argitaratuta, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) transmisioan dauden hutsuneetako bat betetzea espero du. Gauzak ondo bidean, ikerketa gehiagok jarraituko diote honi, euskjal antzerkiaren atzoko eta gaurko historia poliki-poliki osatzeko”.

EHAZEren proiektua, hutsuneak beteze aldera

Valverderen hitzek erakusten moduan, EHAZEren argitalpen proiektu berriak hutsuneak betetzen laguntzeko bokazioa dauka. Bi argitalpen ildo lantzen hasi dira horretarako: batetik saiakera, bestetik teatro-testuak eta dramaturgia oharrak. Del Olmok idatzitako saiakera izan da lehen ildoko titulua, Dejabu panpin laborategiaren Arrastoak bigarren ildoko lehen alea.

Arrastoak liburuaren argitalpenak erreportaje honetan aipagai izan dugun literatura eta antzerkiaren arteko tentsio horren erakusle da. Egileentzat ez da aski pertsonaiek oholtza gainean behinola esandako hitzak testu moduan jasotzea, ez da hori obra. Obra hitz horien azpian dagoena da: mugimendua, isilunea, dramaturgia. Dejabukoen obretan bada narrazio bat, bada argumentu bat, bada hari argi bat, “istorio” bat. Baina era berean, egiteko moduak, dramaturgiak, ez du zerikusirik testuarekin, ez da literatura. Testua bera aktore taldeak pertsonaien bila egindako inprobisazioetan eta ideiaren idazketan jaso da, paperean jasotakoa sormen prozesu bizi baten oihartzuna besterik ez da. Horregatik bilatu dute egileek, hain zuzen ere, liburu hau plazaratzeko beste formatu bat: testuaz gain argazkiak, eta dramaturgia oharrak. Dramaturgia oharretan sorkuntza prozesuan garrantzitsuak izan diren materialak jaso dituzte batetik, eta haien lan egiteko moduaz gogoetak bestetik.Bertolt Brecht-ek antzezlanak trasnmititzeko orduan defendatu zuen "Modell" delakoa ekar dezake gogora neurri batean: testua + argazkia + eszena oharrak + dramaturgiari buruzko dokumentazioa.

Bertatik atera dugu aipu hau:

ehaze-arrastoak-azala

“Kaosaren beharra:

Talde-sormenaren momentu batean, nahiko hasieran, anarkia oso inportantea da guretzat. Behin obraren hazia detektatuta, kaosa sortzen dugu haren inguruan. Kaos hori nola sortzen dugun? Entsegu gelara eramanez arropa batzuk, pertsonaia batzuk, artikuluak, pelikulak, musikak… (…) Hor sentimendu bat eratzen da elkarrekin, sinesmen handi bat, kaos horrek egia bat ezkutatzen duenaren sinesmen kolektiboa. Kaos horretan hilabeteak eman ditzakegu. Inprobisazioak eginez, pertsonaiak sortuz, testu zatiak idatziz, objektuak eta txotxongiloak mugimenduan jarriz. (…) Eta oraindik idazketan hasi ez bagara ere, badakigu antzezlanaren parte izango direla.”

Antton Lukuk berak idatzi du Arrastoak liburuaren hitzaurrea, eta haren Libertitzeaz liburura joko dugu beste behin aipu hau ekartzeko: “Gure sozietate modernoek uxatu nahi duten inseguritatea da antzerkia”.

Testutik abiatzen ez diren antzezlanetan testuaren idazketa azkeneko gauza izan ohi da batzuetan, “Kaosa eta inseguritatea bere egiten ez dituena zer sorkuntza klase da?” galdetuz bezala. Testuak hasieratik itxita ematea segurtasuna erdiesteko modu bat ote?

Prozesuaren aurreko idazketatik abiatutako testuak

Erlea literatur aldizkaria izanik, antzerkiari eskainitako alean batez ere hitzetik abiatzen diren teatro moten oihartzunak dira nagusi. Ibilbide luzeko sortzaileen idatzi eta aitorpenekin batera, Klara Badiolari, Ander Lipusi eta Jean-Louis Davant-i egin dizkiete elkarrizketak, eta Agus Perezek azken hogeita bost urteetako euskarazko teatroari luzatu dio begirada. Erleak badakartza bi teatro lan ere, biak ala biak testu-teatroari dagozkion lanak: Patxo Telleriaren Spray (korapiloa) eta Aizpea Goenagaren Omenaldia.

erlea10_300

Trebeak dira oso Tartean konpainiako kideak, testutik abiatutako teatroari fisikotasuna eta mami eszenikoa ematen. Bertako kide den Mikel Martinez izan zen teatro-testuak.com webguneko bultzatzailea, eta bera da ere Cafe Bar Bilbao lehiaketako eragilea, zeinean urtero formatu laburreko testu berriak plazaratzen dituzten, kasu honetan Interneten. Aurten Arantxa Iturberen Lagunik onena izan da saritua euskarazko atalean. Iturbe bera da euskal antzerkiko testugintzari ekarpen handia egin dion beste egile bat, batez ere Hika taldearen eskutik egindako lanen bitartez (Koadernoa zuri dugu ibilbide horretan lanik berriena).

Ez da lehiaketa bidez plazaratuko den lan bakarra: Ereintza antzerki taldearekin lan egin ohi duen Luis Elizetxea Iturburu errenteriarrak jaso du Kutxa Literatura Sarien 2016ko saria, Argiaren hautsa lanarengatik. Azkenik, aurtengo uztari dagokionez ezin aipatu gabe utzi ere Xabier Leteren Gabon Txirrita testuaren argitalpena, Aztarna etxearen eskutik.

Teatro testuekin osatutako Euskarazko antzerkigintza pentsamenduz, estilo aniztasunez, umorez zein konplexutasunez mukuru dagoen testugintza bat dauka. Nahiz eta ez beti iritsi paperera. Espero dezagun erreportaje honetan aipatutakoak joera aldaketa baten seinale izatea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)