Erreportajeak

Sally Rooney edo nola idatzi krisi historiko baten garaian

Ostirala, 2019-05-03

Sally Rooney idazle irlandarrak bi nobela ditu argitaratuak: Conversations with Friends (2017) eta Normal People (2018). Maitasunaz eta laguntasunaz dihardu, politikaz eta ekonomiaz, eta horiek egunerokotasunean hartzen dituzten formez. Harrapatu egiten du haren idazkerak. Hau sarreratxo bat da, idazleari berari eta bere bi nobelei buruzkoa.

I

Bat-batean, Sally Rooney nire bizitzan sartu zen. Lagun batek haren aurreneko nobelaren Amazoneko esteka bidali eta erosi egin zuela esan zidan, eta laster argitaratzeko zegoen bigarren nobela ere aurrez eskatu zuela jada. Ordurako ikusia nuen bigarren nobela hori Man Booker Prize sari entzutetsuko zerrendarako hautatua zutela. Ikusi nuen Rooney irlandarra zela, 1991n jaioa zela, leku guztietan aipatzen zutela. Adinaren kontuaz hitz egin genuen lagunak eta biok: den-denak segika zeuzkala dagoeneko eta hogeita sei urte baino ez zituela, gure adin bueltakoa zela, “gure belaunaldikoa” esango genuen agian. Uste dut gehien horrek piztu zidala arreta, adinez gertu genuen norbait irakurri ahal izate horrek, eta gau horretan bertan Rooneyeri buruz zegoen edozer bilatzeari ekin nion.

Hari buruz irakurtzen nuen edozerk interesa are gehiago pizten zidala iruditzen zitzaidan. Nor zen “Snapchat belaunaldiko Salinger” eta “lehen idazle millennial handia” deitzen zioten hori? Zer dela-eta borrokatu ziren mundu anglosaxoiko argitaletxerik garrantzitsuenak gazte baten bigarren nobela argitaratzeko? Nor zen bere burua lehenbizi marxistatzat duela zioen eta ikasgelako lotsatienaren itxura zuen hori? Zergatik hitz egiten zuten guztiek neska bisai-zurbil horretaz? Nolako nobelak idazten ote zituen Instagrameko bideo batean bizi dugun garaiaren gauzarik onena gero eta gazte gehiagok sistema kapitalista zalantzan jartzea dela zioen horrek?

Ez nuen bakerik izan nobelak irakurri arte. Lagunak pasa zizkidan eta irentsi egin nituen, bat aurrena ta bestea gero.


 

II

Bi dira Rooneyk argitaratuak dituen nobelak: Conversations with Friends (Elkarrizketak lagunekin) 2017an eta Normal People (Jende normala) iaz, 2018an. Faber & Faber Erresuma Batuko argitaletxe famatuak publikatu ditu biak.

Aurreneko nobelak Francesen istorioa du ardatz. Frances unibertsitateko ikaslea da Dublinen eta idatzi egiten du. Bobbi lagun minarekin –behin bikote ere izan zuena– ibili ohi da eta tabernetan poesia-errezitalak egiten dituzte biek zenbait iluntzetan. Hogeita bat urte dituzte biek. Errezital horietako batean ezagutzen dute Melissa, haiek baino zaharragoa den kazetari ezagun bat. Nobelaren hasiera da hori: Melissak argazki bat ateratzen die taberna kanpoan, Bobbi erretzen eta Frances erdi lotsatuta bere eskumuturrari eusten ari dela, miresmenez hitz egiten dute ikuskizunaz eta aldizkari entzutetsu baterako elkarrizketa bat egitea proposatzen die. Horrela hasten da hiruren arteko harremana, Melissak bere etxera eramaten dituenean eta Frances aberatsen bizimoduarekin txundituta gelditzen denean. Gau horretan bertan ezagutzen du Nick ere, Melissaren senarra. Nick aktorea da, telesail batzuetan parte hartu izan du, elegantea da, oso ederra. Nobelak Francesen istorioa duela ardatz esan dut, baina zehatzagoa da esatea laukote horren harremanen istorioaz ari dela. Nola Frances eta Bobbi unibertsitarioek miresten eta arbuiatzen duten beste bien bizimodu burgesa, nola Frances eta Nick hasten diren harreman batean beste guztien bizkar, nola jokatzen duten Melissak eta Nickek beren harreman jada etxekotuan, nola daramatzaten Bobbik eta Francesek beren harremanak sortutako tentsio zaharrak eta berriak eta nola eragiten duen horietan Melissa eta Nick ezagutu izanak.

Guztia Francesek berak kontatzen du, aurreneko pertsonan, narratzaile-ahots oso markatu batekin. Oso behatzailea da protagonista, eta argia. Kritika politikoarekin tartekatzen ditu autokritika eta pertsonen arteko harremanei buruzko gogoetak. Ironiaz ere irakurtzen ditu bere inguruan gertatutakoak, umore ziztatzaile batez, baina nolabait ez da gailentzen liburuaren tonu orokorrean. Gehiago du sakonetik eta konplexutik, gehiago eguneroko esperientzia bakoitzaren garrantzi erraldoia azpimarratzetik, azaleko zinismo suntsitzailetik baino. Badirudi narratzailearen aipamen ironikoek ere kritikarik zorrotzena gordetzen dutela atzean, beti nolabait eraikitzailea dena, beste norabait zaramatzana ildo logiko batean. Ez dakizu narratzaileak nondik joko duen harremanei eta haiek ulertzeko moduei buruzkoak kontatzean.

Ez dut uste zuzena litzatekeenik Normal People, Rooneyren bigarren nobela, aurrenekoaren antzekoa dela esatea, baina egia da ez direla horren desberdinak ere. Hirugarren pertsonan kontatuta oraingoan, bestela abiatzen da liburuaren trama: institutu garaian, justu unibertsitatera joan aurreko urtean, Marianne eskolako neska arraro eta argiak eta Connell mutil on eta popularrak harremana hasten dute. Ezkutuan hasten dute, Connell beldur da-eta institutuko jendearen erreakzioa zein izango ote den. Gero, Trinity Collegera doaz biak, baina ordurako harremana moztua dute. Connell langile-familia batetik dator eta unibertsitate handi hartakoa inoiz ezagutu gabeko mundu bat iruditzen zaio: dirua eta handinahikeria topatzen ditu eta bizitzeko modu berezi bat, non liburuez eztabaidatzeak liburuak berak irakurtzeak baino garrantzitsuagoa dirudien. Jende gehiago ezagutuko dute Dublinen, eta hainbat hilabeteko saltoekin kontatuko zaizkigu haien artekoak.

Rooneyk berak elkarrizketa batean dio bigarren nobela hau bi gazteren istorioa dela, baina ez dela bi pertsonaiei buruzko istorioa, ezpada haien artean sortzen den harremanari buruzkoa. Horretan bat datoz bi nobelak. Rooneyk maistraki eraikitzen ditu bere pertsonaiak, berdin protagonistak zein bigarren mailakoak. Bizi-biziak dira guztiak, beren keinu, jokamolde eta iritziak ikaragarri sinesgarriak dira, xehetasun handiz daude deskribatuak. Oso erraza da inork bere burua pertsonaiekin identifikatzea. Baina irudi lezake Rooneyk hain pertsonaia bizi eta egiantzekoak sortzen baditu, haien arteko harremanak ere biziak eta egiantzekoak izan daitezen egiten duela. Finean, fikzioaren kontratu soziala da hori: pertsonaiekin identifikatzen bagara eta haiengan sinesten badugu, sinestuko dugu haiek egiten dutenean ere. Eta, hain zuzen, harremantzeko moduek, besteekiko hartzen dituzten erabakiek, talde txiki eta handietan beren buruak ikusteko duten moduek egiten dituzte Rooneyren pertsonaiak bizien, egiantzekoen, interesgarrien.


 

III

Rooney bere nobela bateko pertsonaia izan zitekeen. 1991n jaio zen Irlanda mendebaleko herri txiki batean, 28 urte ditu egun. Trinity Collegen egin zituen unibertsitate-ikasketak, Dublinen, Ingeleseko gradua egin zuen eta Estatu Batuetako literatura masterra gero. Zientzia politikoen masterra erdizka utzi zuen. Unibertsitate garaian, Europako hizlari txapelduna izan zen unibertsitate arteko debate txapelketan.

Hamabost urterekin idatzi omen zituen aurreneko narrazioak, ikaragarri txarrak, Rooneyren hitzetan. Neskentzat soilik zen institutu batera joan zen eta hainbatetan aipatu izan du nahasgarri samarra iruditu zaiola beti eskola instituzio gisa. Normal People nobelan, Mariannek ere antzeko pentsamenduak erabiltzen ditu institutuko futbol taldearen partida ikustera doan batean.

Badirudi Mariannen ikaskide guztiei eskola ikaragarri gustatzen zaiela eta zerbait normala iruditzen zaiela. Uniforme bera janztea egunero, arau arbitrarioak une oro betetzea, gaizki portatuz gero ikuskatuak eta kontrolatuak izatea, hori normala da haientzat. Ez dute inola eskola ingurune zapaltzaile gisa ikusten.

Rooneyk inoiz esana da gauza gutxik pizten ziotela interesa nerabetan. Hala ere, askotan aipatzen du nola hasi zen idazketa-talde batera joaten astero eta nolako garrantzia zuen horrek berarentzat. Poema pare bat argitaratu zituen aldizkari batean, debatean aritzearen inguruko saiakera bat beste batean, baina, Rooneyren hitzetan, Dublinera joan zenean hasi zen metodikoki idazten eta fikzio ona idazten.

Elkarrizketetan-eta, etengabe eta sutsuki aritzen da Rooney politika eta gizarte gaiez, ez du aukerarik galtzen. 2017an egin zen, esaterako, Hego Irlandan abortuaren inguruko erreferenduma eta etengabeko aldarria egin zuen baiezkoa bozkatzearen alde. Marxistatzat dauka Rooneyk bere burua, bestalde, eta ez darabil etiketa hori ezkertiarra dela esateko bestelako modutzat. Mundua irakurtzeko daukan tresna analitikoa ikuspegi marxista dela zioen elkarrizketa batean. Klaseaz hitz egiten du, diruaz, krisi ekonomikoaz, berdin elkarrizketetan zein nobeletan. Berezia da, gainera, badirudi halako lasaitasun eta konfiantza batekin egiten duela.

Ezohikoa, bederen, bada: inork pentsa lezake ez datozela bat esplizitutasun politiko hori eta masiboki irakurria izatea. Rooneyk berak ere kezkaz begiratu dio auzi horri behin baino sarriagotan. Louisiana Channel hedabidean egin zioten elkarrizketa batean zioen nola liburuek jada ezarririk daukaten kultur esparruan beteko duten paper ekonomikoa: nola gero eta gehiago ulertzen diren objektu gisa, merkantzia gisa, jendeak eros eta eduki ditzakeen, gauza gisa, eta haiekin, nolabait, bere kultur eta gizarte estatusa igo. Rooneyk zalantzan ere jartzen du liburuek izan dezaketen balio politikoa, aurrez determinatuta ikusten du haiek irakurtzeko eta ulertzeko modua. Bere esperientziari lotuta ere hitz egin izan du gaiaz; esaterako, Irish Independent egunkariari esaten zion bere zati bat ez dela inoiz lasai egongo “jakinda entretenitzeko soilik idazten dudala, objektu apaingarri estetikoak egiten ditudala krisi historiko garaian”.

Zaila da inor Rooneyren hitzekin bat ez etortzea eta, hala ere, badu haren fikzioak zerbait ukitzen zaituena, eragiten dizuna, arrastoa uzten dizuna, zerbait sakonki politikoa.


 

IV

Conversations with Friends nobelaren kritika batek zioen Rooneyren pertsonaientzat kapitalismoa dela James Joycerenentzat katolizismoa zena. Burutsua da oso konparaketa eta ez soilik bi idazleak irlandarrak direlako. Joycek bere fikzioa kokatzen zuen Irlandan moral katolikoak bezala, bizimodu kapitalistak bustitzen ditu Rooneyren Irlandako zirrikitu guztiak. Ez ditu soilik eremu argiki ekonomikoak ukitzen, guztia zeharkatzen du, edonon dago. Halaber, kapitalismoari egiten dion kritikari dagokionez, ez da hainbeste Rooneyk nola lantzen dituen esplizituki klasearen eta harremanen izaera trantsakzionala, esaterako; sakonago doa. Pertsonaien jokamoldeetan dago sistema zapaltzaile baten deskribapena eta kritika, haien ametsetan, fantasietan, harremantzeko moduetan. Bazkaltzeko edo alokairua ordaintzeko falta zaien diruan dago, baina, halaber, unibertsitatea amaitzean egingo dutenari buruz dituzten zalantzetan eta maitemintzeko eta elkar zaintzeko dituzten moduetan ere badago.

Maila txikiagora ekarrita –eta fikzioa maila txikiagoko gauzen eremua da–, Rooneyk berak dio norbanakoaren gaia interesatzen zaiola idazteko orduan. Aztertu nahi izaten duela zer puntutaraino alda dezakeen pertsona batek beste bat. Berak jada esaten digu bere iritzia zein den: mailarik txikienean ere, bi pertsonen arteko harremanean ere, norbanakoak ezin dio eutsi bere norbanakotasunari, etengabe eragiten die ingurukoek, jendarteko dependentziari lotuta dago etengabe. Orain ez zaigu hainbeste axola maila filosofikoan horrekin bat gatozen ala ez, interesgarriena da ideia hori bi nobeletan nola islatzen eta egituratzen duen.

Pertsonaiak halako mimoz eraikita, haien bizitzak eta jokamoldeak hain modu konplexuan fikzionatuta, haien harremantzeko moduetan giza interdependentzia hori erakusten du Rooneyk. Baina fikzioak duen indarra dela-eta, eta hain daukanez idazleak gizakien artekoak ulertzeko eta idatziz emateko gaitasun itzela, ez dugu soilik ulertzen harreman horien nolakotasuna, sentitu ere egiten dugu, pertsonaiekiko enpatia bidez. Bizi egiten ditugu haien artekoak eta zerbait mugitzen zaigu bat-batean guregan. Eta, halakoan, formaz maitasun-eleberri klasikoak irudi lezaketen eta hasi eta buka irents daitezkeen bi nobelek balio politikoa hartzen dute, eragiteko gaitasuna. Krisi historiko garaian nobela batek giza harremanetan bakarrik ez gaudela eta sozialki determinatuak izaten segitzen dugula sentiaraztea ez da gutxi, inolaz ere.


 

V

Sally Rooneyk dio ez dakiela beste nobelarik argitaratuko ote duen. Conversations with Friendsekin jendea txunditzen hasterako jakinarazi zuen beste bat zuela gordeta, eta hurrengo urtean argitaratu zuen Normal People. Bere nobelekin harrapatu gaituenok ez dugu hurrengoaren zain egotea eta orain arteko biak berrirakurtzea baizik.

Rooneyri eta bere bi nobelei sarreratxo bat egin nahi izan die erreportaje honek. Beste hamaika ertzetatik begira dakieke, baina hau da irten dena. Onena, ordea, nobelak eurak irakurtzea duzu, irakurle, eta zerorrek ikustea nondik heldu nahi diezun. Horretarako ez litzateke modu txarra berandu baino lehen euskaraz irakurtzeko aukera izatea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)