Erreportajeak

Virginia Woolfen ondarea euskaraz

Jaiotza-efemeridea aitzaki, Virginia Woolfen euskarazko lanak aztertu dituguOstirala, 2016-01-29

Pasa den astelehenean, hilak 25, egin ziren 134 urte Virginia Woolf idazle ingelesa jaio zela. Efemeridea aitzakia hartu eta bere obrari begira jarri gara. Izan ere, baditugu Woolfen lan batzuk berriki euskara ekarriak, eta aste honetan bertan aurkeztu dute (atzo bertan, zehatzagoak izateko) Woolf-i euskaratu zitzaion lehenengo lanaren berrargitalpena, Urrezko Biblioteka ekimenaren barruan. Dalloway andreari, emakumeek idazteko behar duten gelari eta Ramsay andrearen aurrera-atzerak aletuko ditugu erreportaje honetan.

Hasteko, autoreari buruzko datu biografiko batzuk. Londresen jaio zen Woolf, 1882an eta Sussex konderriko Lewes herrian hil, 1941ean. Guraso kultuen alaba, etxean bertan jaso zuen heziketa, eta gerora unibertsitatean ere ikasi zuen. 30 urterekin ezkondu zen, eta Leonard Woolf senarrarekin batera, Hogarth Press argitaletxea sortu zuen (1917), besteren artean Katherine Mansfield eta T.S. Elliot ezagutarazi zituena. Bestalde, Woolf senar-emazteen etxea "Bloomsbury Taldea"-ren biltoki izan zen, besteak beste, E. M. Forster, R. Fry, J. M. Keynes artisten elkargune.

Virginia Woolf XX. mendeko eleberrigintzaren berritzaile nagusietako bat da; kontzientziaren isuria deitu den teknikaren bitartez, egunoroko bizikizunak adierazten saiatu zen bere kontakizunetan. Anton Garikano itzultzaileak zera dio kontzientziaren isuria teknikaz eta Woolfen beste gai nagusietako batez:

"horrela, ez zaie gertaerei edo izaerei aurrea ematen, baizik pertsonaien gogoetei, hauek ahalik zuzenena eta leialena islatzen saiatuz. Era berean, pertsonaiak erabat zehaztu gabe moldatu zituen nortasunaren aldetik, laino arteko siluetak besterik ez balira bezala, begi-bistako ezaugarririk gabeak, baina, horren ordainetan, oso aberatsak pertzepzio, irudi eta oroitzapen mailan. (...)Woolf-en obran tratamendu berezia duen beste alderdi bat denborarena da. Nahiz epe labur jakinen batuketa bezala, nahiz urte eta mendetako segida bezala ematen zaigu. Hartara, unean-uneko gertaera mugatuak askotan txertaturik darama denbora unibertsal baten zentzua, lehenagoko eta geroko esperientziekin kateaturik. Ildo beretik doa ikuspegi desberdinen erabilera, hainbat narratzaileren esku utziz kontaketa lana".

Idazle oparoa izan zen, inondik ere, Woolf: hamaika eleberri, saiakera, artikulu eta itzulpen idatzi zituen. Jarraian, banan-banan, euskaraz ditugunak.

Dalloway andrea

eta

Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea

Edo! argitaletxeak kaleratu zuen itzulpen hau 2014ko irailan. Woolfen eleberri ezagunenetarikoa da Dalloway andrea, besteak beste, zinerako egokitzapenak egin zaizkio, eta Michael Cunninghamen The hours (Orduak) eleberriaren abiapuntu ere bada. Londresen bizi da Dalloway andrea, etxe onekoa da, anfitrioi ideala, eta festa bat eman behar du. Festaren eguna kontatzen du eleberriak beraz, baina baita askoz gehiago ere, kontatzen ditu Dalloway andrearen pentsamenduak eta oroitzapenak, erretratatzen da Londres, lehen mundu gerraren ondorenean... Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratu du lana.

Liburu berean, gainera, Woolfen hitzaldi bat ere dator: Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea. Ana I. Moralesek itzuli du, eta Moralesek berak egin du liburuaren hitzostea ere. Bertan, agerian utzi du emakumezkoak kate motzean lotzen dituen rolaren irudi bera direla Clarissa Dalloway zein Etxeko Aingerua: «Etxeko Aingeruaren mamua izango litzateke emakumeek barneratutako balio patriarkalen sistema, oharkabean autozentsura ezartzen ziena, diena, gizarte patriarkal horretan onartuak eta arrakastatsuak izatearen truke». Auto-zentsura horri buruz zenbait kontu gehiago esan zituen Ana I. Moralesek, Elearazin egin zioten elkarrizketa batean:

"Virginia Woolfek Etxeko aingerua hiltzea hitzaldian planteatzen duena, alegia, nola daukagun emakumeok barneratua autozentsurara bultzatzen gaituen arau-sistema bat, patriarkatuak ezarritako balio batzuk nola dauzkagun hain barneratuta non geure burua anulatzen dugun, hori gorpuzten da Dalloway andrearen pertsonaian. Anfitrioi perfektua, harmonia-sortzailea, bere inguruan maitatua izateko premia izugarri hori daukana, eta, orduan, gatazkarik sor ez dadin edozer egiteko prest dagoena. Baina, aldi berean, auto-anulazio horrek zelako higadura psikologikoa sortzen dion, zelako bakardadea".

dalloway_azal_osoa

Gela bat norberarena

Clarissa Dalloway da Woolfen lumatik sortutako fikziozko pertsonaiarik ezagunenetakoa; ostera, gela bat norberarena da Woolfek oinordean utzitako ideia esanguratsuenetako bat, feministek luzaroan aldarrikatu dutena. Irudikatutako pertsonaia bat dela bide oraingoan ere (William Shakespearen balizko arreba, William bera bezain talentuduna), Woolfek azpimarratzen du emakumeek behar-beharrezkoa dutela askatasun ekonomikoa, pentsamendu- eta sormen-lanak jorratuko badituzte.

consonni arte-ekoiztetxeak kaleratu zuen euskarazko itzulpena, 2013an, Maria Colera Intxaustik euskaratu zuen, hain zuzen ere. Edizio berezia da consonnikoena, testuaz gain, Remedios Zafra eta Adelina Moyaren hitzaurre bana eta Kajsa Dahlberg artistaren esku-hartze bat.

Elearazi atarian egindako elkarrizketa batean, honako hauek esan zituen Colerak Woolfen saiakerari eta euskarazko argitalpenari buruz:

 "Nik beti esan izan dut ez dudala sekula literatura itzuliko, baina pentsamendua asko gustatzen zait. Hau eskaini zidaten eta baiezkoa eman nuen saiakera bat zelako, nahiz literarioa izan. (...) baldintzak oso onak ziren, argitaletxekoek erraztasun mordoa eman zizkidaten eta zuzentzaile ezin hobea izan nuen: Juan Garzia. Elkarlana izan da, eta lagundu dit pilo bat testuari erritmoa ematen (...) Hitzen ordenarekin lan handia egin dugu. Niretzat oso garrantzitsua zen, eta argi nuen, eta hori da literatura ez itzultzeko arrazoietako bat, pentsamenduaren haria gordetzea: idazle batek bere jatorrizko hizkuntzan lau silabako adjektibo bat erabiltzen badu, edo esaldia modu horretan idazten badu zerbaitegatik da, bere pentsamenduaren funtzionamendua erakusten ari zaigu. Horregatik, sintaktikoki ere asko landu dugu. (...) Saiatu gara bere pentsamenduaren konplexutasun guztia islatzen, baina ortopedia guztia kentzen. Horrez gain, onena da ikustea zer testu modernoa den, binarismoari buruz hitz egiten du, baldintza materialei buruz, unibertsalari buruz; badio, halaber, baldintza materialak bermatu gabe boto-eskubideak ez duela ezertarako balio".

imagen para actividad

Farorantz

Woolfi euskaraz irakurri ahal izan genion estreinako lana, 1993an itzuli zuen Anton Garikanok, eta Ibaizabalek argitaratu, Literatura Unibertsala ekimenaren barruan (EIZIE eta Eusko Jaurlaritza). Paper-ore bilakatzeko patu tristea suertatu zitzaien liburuetako bat izaki, sarean dago testu osoa irakurgai. Hitzaurrean, zera dio Garikanok eleberriaren garrantziaz.

"Teknika aldetik gehien landutako nobelak Mrs. Dalloway (1925) eta eskuarteko Farorantz (1927) hau ditugu. Bertan tinko heltzen dio formari, sinbolismoaren bidetik egitura eta irudi berdinak errepikatuz. Badirudi liburu osoa sare baten barne dagoela, arau zehatzen menpe. Guzti hau bere garaian ezohiko jarrera zen literaturarekiko, eta bizitzaren ispilu gisa behin eta berriro natura agertuz, beste tankera bateko bidaia eskaintzen dio irakurleari, batzuetan haize gainean basoko arbola-gailurretan barrena, bestetan itsasoz urruneko faro aldera, ortzi-muga zabaletik inoren buru barrura aise eta arin aldatuz, unibertso osoa bat eginik balego bezala inoren gogoetekin".

Woolfen lan azpimarragarrienetako bat dela-eta, Urrezko Biblioteka ekimenak berreskuratu du, eta edizio berri bat apailatu dute, Elkar argitaletxeak kaleratu berri duena. Anton Garikano itzultzaileak aurkezpenean esan duenez, nobela egokia da Farorantz Woolfen biografiari buruz ere ikasteko, bere bizitzarekin hainbat antzekotasun ditu-eta liburuak. Estiloa da alderdi azpimarragarrienetako bat, hala ere, izan ere, aditu askoren iritziz nobela liriko bat da. Garikanoren hitzetan, badu nobelak hezurdura bat, argumentala, baina hezurduraren jantziak, aldiz, nobelen ohiko modukoak beharrean, oso lirikoak eta poetikoak dira.

9788490273975

Itzulpen laburragoak eta beste

Amaitu aurretik, hona hemen zenbait esteka, Woolfi buruz gehiago jakin nahi duenarentzat.

Itziar Diez de Ultzurrunek idatzitako artikulua, Woolfen itzulpenaren harira, 31eskutik atarian.

Woolfen bi hitzaldi entzungai, Xerezaderen artxiboa podcastean: Etxeko aingerua eta Emakumeen estatus intelektuala.

Woolfen eta Vita Sacville-Westen arteko amodio-gutunei buruzko amua, gurean.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)
  • 64x64

    Eskerrik asko laburpen erreportaje honengatik! Asko falta zaigu oraindik Woolf euskara ekartzeko, baina hasita gaude bidean eta egindakoa ez da makala.

    Beste esteka bat itzulpen laburragoen atalerako:

    Xerezaderen Artxiboko "Gutunak" izeneko atalean, Virginia Woolfek Leonard Woolf senarrari utzitako suizidio gutuna hemen euskaraz entzungai, 30.40 minututik aurrera

    http://ia800301.us.archive.org/21/items/HainbatGutunak/Xerezadegutunak120402.mp3

    2016-01-29 14:58Ana Morales