Irratsaioak

Rodrigo Garcia: oholtzarako berbak

Astelehena, 2014-02-03

Rodrigo Garcia (Buenos Aires, 1964) antzerki zuzendaria, eszenografia egilea, idazlea da. Besteak beste, La Carniceria Teatro taldearen sortzaile gisa da ezaguna. Bere eszena-idazkeraren bilakaeran islaturik topa ditzakegu antzerki garaikideko klabe asko. Amu honetan irakurri dezakezue osorik “Accidens” piezari dagokion testu minimoa.

Buenos Airesen hasi zuen bere ibilbidea; Espainian eman zuen denbora luze bat gero, joera esperimentalak 80eko hamarkadako gizartean txertatzen saiatzen (Carlos Marquerie eta haren Teatro Pradillo izan zituen, besteak beste bidelagun); Frantzian egin du ostera lan ugari. Egun ohikoak dira bere lanen emanaldiak Europan zeharreko hiriburuetan.

Hastapenetako eraginen artean aipa litezke, besteak beste, absurduaren teatroa, Tadeusz Kantor (heriotzaren antzerkia) eta Eduardo Pavlovsky (psikodrama). Heiner Müller bezalako egileen itzala 80eko hamarkadan egindako lanetan instalazioa, bideokreazioa eta performanceko erreferentziak, eta Samuel Beckett, Thomas Bernhard edo Luis Buñuel bezalako egileak osterakoetan. XX. mendeko abangoardietatik asko edan duen sortzailea dugu Rodrigo Garcia, sortutako eta taularatutako lan eszeniko ugarien harian, egikera berezko baten ezaugarriak zedarritzera iritsi arte: gordinkeria, gizartearen eraginaren ondorioak norbanakoarengan, gero eta agerikoagoa den kritika soziala, kontraesanaren aldarrikapena, gizakion animaliatasuna modu ezberdinetan adierazia...

Bere lan ugari irakurri daiteke paperean, nahiz eta egileak berak aitortzen duenez bere liburuetan jasotako hitzak “hondakinak” izan, “zentzua dute bere egunean egindako teatro muntaiari erreparatzen bazaio, testuingururik gabe egitura dramatikorik gabe agertzen dira, dorpeak ohiko moduan irakurriak izateko orduan. Liburu batean sarturik, testu hauek arrotz sentitzen dira. Testu hauek teatroan izan ziren bizi eta gar”. Horregatik titulatu zuen, hain zuzen ere, Cenizas escogidas la Uña Rota argitaletxeak 1986tik 2009rako testuekin kaleratutako bere lanen antologia, beste bizitza bateko arrastoak zirelako hitzok. Aipatu bildumaz gain, espainolez “Pliegos de danza y treatro” bilduman (grapatutako kaieratxo fotokopiatuetan banatu ohi diren testu bikainak) topatzen ahal dira Garciaren testu asko argitaraturik. Haien zein frantsesezko argitalpenen zerrenda zehatza dakar wikipediak.

Ez ohiko moduan bada ere, teatro politikotzat har daiteke Garciaren lana, gizartearen baitako talkak eta tentsioak agerian uzten dituen heinean. Cenizas escogidas liburuko hitzaurretik atera ditugu Bruno Tackelsen hitz hauek:

Arima tristeek egozten diote Rodrigo Garciari haren nihilismoa eta partzialitate falta. Noski, bere teatroak ez ditu kontraesanak konpontzen; are gehiago, ez ditu gatazkak eszenaratzen, haren ondorioak baizik, hauek ematen diren lekuan ematen direla ere. Horregatik, boterearen figura ororen absentzia dago. Haren efektuak ikusten ditugu, haren eragina gorputzetan eta gogoetan. Eszenatokia haragi pikatzaile industrial erraldoi baten antza hartzen du, zeinetik ez den inor ez ezer salbatzen. Purutasunaren extinzioa, heroiaren eta salbazioaren extinzioa. Hori da, zalantzarik gabe jasanezina suertatzen dena”.

Hemen Cenizas escogidas liburuan topa daitekeenAccidens” antzezlan minimoa, Prato (Italian) estreinatua 2005ean Juan Loriente aktorearekin.

ACCIDENS: JATEKO HIL

Nire bizitzan zehar

dozena bat pertsona ikusi dut

errepidean hiltzen

Eta neure buruari esan diot

dezente da

Gehiegi

pertsona bakar batentzat

Baina haietako bakar bat ere

ez da izan

2003ko udan

euria goian-behean ari zuelarik

Ford Scorpioarekin

hartu nuen ostia baino

okerragoa

Deigarria egiten zait

eduki nuen zorte ona

Seguru hiltzen ikusi ditudan

gizagaixo horiek guztiek

nik baino pixka bat gehiago bizitzea merezi zutela

Lan kontuengatik etsiturik jarraitu

Edan, gizendu

Amodio historia bat eduki

Eta kaka zahar guzti hori

Irudimen handia behar da

eta nik ez daukat

heriotzaren ideiaren aurrean dar-dar egiteko

etxeko sukaldean

albondiga lata bat ireki bitartean

Etxeko sukaldean

albondiga lata bat ireki bitartean.

Amu honen uberan:

Rodrigo Garciaren gunea

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)