Irratsaioak

Abdulrazak Gurnah itzultzaile bila

Asteartea, 2021-11-23

Abian da Jokin Zaitegi Sariketaren deialdia, Abdulrazak Gurnahren Paradise eleberria itzultzeko xedez. Abenduaren 31ra arte aurkez daitezke laginak.

Jokin Zaitegi Sariketa antolatu dute, urtero bezala, Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, «Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko». Hala, bada, aurten Literaturako Nobel Saria irabazi duen Abdulrazak Gurnah idazlearen lan bat itzultzeko lehiaketa martxan da. Hona hemen deialdiaren oinarriak: 

- 2021ean Suediako Akademiak Abdulrazak Gurnah idazle tanzaniarrari eman dio Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren Paradise eleberria itzularaztea da.

- Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin sinatua; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2021eko abenduaren 31ko gauerdian amaituko da.

- Itzuli beharreko testua antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku: Gurnah, Abdulrazak (.pdf)

- Joannes Jauregik, Ana Isabel Moralesek eta Garazi Ugaldek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2022ko urtarrila amaitu baino lehen.

- Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, sariketako diru-kopuruaren truke.

- Irabazleak 6.500 euroko saria irabaziko du Paradise itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2022ko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

- Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Abdulrazak Gurnah-ren lana euskaraz, eta 2022ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza

- Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:

liburuak@elkar.eus 943310267

aed@aedelkartea.eus 943771228

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)