Irratsaioak

Abian da kontakizun erotikoen lehiaketa, Kaixomaitia eta Elkarren eskutik

Asteazkena, 2021-11-24

Elkar argitaletxeak eta Kaixomaitia.eus atariak kontakizun erotikoen lehiaketa antolatu dute; abenduaren 31ra arte aurkez daitezke lanak. Albiste honetan bildu ditugu lehiaketaren oinarriak.

 

1. Lehiaketan parte hartzeko

Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute 18 urte edo gehiagoko herritarrek. Izen-abizenak, posta elektronikoa eta harremanetarako telefono bat zehaztu beharko ditu parte-hartzaileak. Parte-hartzaileak ezizen edo izen propioarekin parte hartuko du, baina azken 8 finalisten artean suertatuz gero, izen-abizen errealak erabili ahalko dira sari banaketa eta komunikazio lanetarako.

2. Lanak:

Lanak inprimaki bidez bidali beharko dira, helburu horretarako Kaixomaitia.eus atarian egokitutako web orrialdera: https://www.kaixomaitia.eus/xedeorria_lehiaketa/ Parte-hartzaile bakoitzak nahi dituen beste lan aurkezteko aukera izango du. Kontaketen luzera 6.000 eta 20.000 karaktere artekoa izango da. Idazlanak euskaraz idatziak eta beste inon argitaratu gabeak izango dira.

3. Epeak

Aurkeztu nahi diren lanak 2021eko abenduaren 31 baino lehen igo beharko dira 2. puntuan aipatutako web orrialdera. 2022ko otsailaren 28rako aukeratuko dira 8 finalistak. 2022ko martxoaren hasieran ospatuko da sari banaketa ekitaldia. 2021eko abenduaren 21ean jasotako lan guztiak Kaixomaitiaren blogean publikatuko dira, CCBYSA lizentziapean. Eta epaimahaiari ere orduan helaraziko zaizkio lanak.

4. Epaimahaia eta irabazlearen hautaketa prozesua:

Epaimahaia, alde batetik, 3 lagunek osatuko dute: Dorleta Kortazar Alkoz, ipuin kontalaria; Antxiñe Mendizabal Aranburu, idazlea eta editorea; Iñigo Arandia Galarraga, Kaixomaitia.euseko kudeatzailea. Hasteko, 3 epaimahaikide hauek 8 finalista aukeratuko dituzte jasotako lan guztien artean. Ondoren, 8 lan horiek Kaixomaitia.eus atariko harpidedunen artean baloratuko dira. Bukatzeko, balorazio hauei epaimahaikideen azken balorazio bat gehituko zaie, eta orduan zehaztuko dira 3 saridun nagusiak.

5. Balorazio irizpideak:

Testuen kalitate narratiboa eta literarioa oro har. Hizkuntzaren erabilera maila, eta bereziki erotismoaren, harreman afektibo eta sexualen kontaketan erakutsitako hiztegi, metafora eta esamoldeen aberastasun eta originaltasuna. Kontuan hartuko da baita ere, idazlanak genero berdintasunean eta honen errespetuan oinarrituak izatea. Eta heteronormatibitatetik haratagoko harreman afektibo eta sexualen inguruko begirada ireki eta zabala proposatzea. Kontuan hartu ahal izango da baita ere, idazlan horiek Kaixomaitia.eus –en blogean, nahiz sare sozialetan publikatzean izan dezaketen edo izandako oihartzuna.

6. Sariak:

• Irabazlea: 1.000€ ko saria, Elkar Argitaletxearen liburu sorta eta 100€ko elkar liburu-dendetarako opari txartela.

• 2. Sailkatua: 500€ ko saria, Elkar Argitaletxearen liburu sorta eta 100€ko elkar liburu-dendetarako opari txartela.

• 3. Sailkatua: 250€ ko saria, Elkar Argitaletxearen liburu sorta eta 100€ko elkar liburu-dendetarako opari txartela.

• 4.-8. Sailkatuak: Elkar Argitaletxearen liburu sorta eta 100€ko elkar liburu-dendetarako opari txartela.

Sari ekonomikoa jasotzeko irabazleek agiri bat sinatu beharko dute euren izen abizen eta NAN zenbakiarekin, ARANET INTERNET ZERBITZUAK SL-k ordainketa zuritu ahal izateko.

Lehiaketan jasotako lanek kalitate minimo bat beteko ez balute, antolatzaileen esku dago sariren bat ala guztiak bertan behera uzteko aukera.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)