Irratsaioak

BADA! Narratiba

Asteazkena, 2021-12-08

Udazkenean argitaratu diren narratiba liburuei erreparatuko diegu artikulu honetan, Durangoko Azokaren 56. edizioaren aitzakian. Irudia: Uxue Apaolazaren liburu berria, Xabier Gantzarainen azala (Susa).

 

Alberdania

2021eko udazkenean, bi narratiba-liburua ekarri ditu Alberdaniak plazara; itzulpenak dira biak ere: batetik, Francisco Castroren Barkuen hilerria «misteriozko eleberria» euskaratu du Mitxel Muruak; eleberri beltza da, halaber, Eva García Saénz de Urturiren Hiri zuriraren isiltasuna, zeinak arrakasta itzela bildu baitu Espainiako estatuan. Miel A. Elustondok euskaratu du lana.


Elkar

Euskal irakurleari ezagunak zaizkion hiru autoreren nobela berriak aurkeztu ditu Elkar argitaletxeak azkenaldia: batetik, Joseba Jaka bekaren irabazlea suertatu zen iaz Juango Olasagarre, eta Mamu eratortzeko moduak lana eman du argitara orain: «Gatazka politikoaren zauri sendatugabeak» gogora dakartzan mamu-eleberria.

Bestalde, Alaine Agirrek Irun Hiria saria eskuratu du Karena lanari esker, eta «amatasunarekin loturiko hainbat gai, normalean isilpean eta ezkutuan geratzen direnak» ekarri ditu agerira, «intentsitatez eta hunkiduraz» idatziz.

Lander Garrok, berriz, Agustin Zubikarai bekari esker ondu du Faith nobela: Xabi Ugarte pertsonaia Bartzelonara eraman du oraingoan, «argazkilaritza ikasteko aitzakiaz Euskal Herriko errepresio-girotik aldentzeko asmoz (edo alderantziz)».

Bertol Arrietak udazkenaren hasieran aurkeztu zuen Gezurra berdaderoa nobela [irakurri albistea hemen], eta Maribel Aiertzak ere berriki kaleratu du Ezer ez da dirudiena ipuin-bilduma [irakurri albistea hemen], biak ere Elkarren eskutik.


Erein

Udazken honetan lau eleberri plazaratu ditu Erein argitaletxeak. Fermin Etxegoienek euskalduntasunari buruzko gogoetak eta fikzioak uztartu ditu Totelak eleberri hibridoan [irakurri albistea hemen].

Goizalde Landabaso-Etcheverryk, berriz, Krakovia argitaratu du; ospitaleko gela batean kokatu du idazleak bere protagonista, izterrean zauri bat duela: «Bizitzaren atakan jarri du […], eta arma gisa ironia eta umorea eman dizkio».

Migel Angel Mintegik, aldiz, jaioterritik behartuta joan eta behartuta itzulitako gizon baten oroitzapenak eta sentipenak bildu ditu 9 mm parabellum eleberrian, eta Jon Arretxek, azkenik, Toure detektibearen zortzigarren izenburua kaleratu du: Dortokaren begirada.

Bestelako narratiba-liburuak ere aipatu behar ditugu. Iban Zalduak gatazkari buruz idatzi dituen ipuin ia guztiak bildu ditu Nola izan garen gauza liburuan, eta Anjel Lertxundik, bestalde, Kapitain frakasa berrargitaratu du. Azkenik, Ereinek liburu batean bildu ditu 2019 eta 2020 urteetan Gabriel Aresti ipuin-lehiaketa irabazi zutenen narrazioak (Itziar Ugarte, Lourdes Unzueta, Mikel Ayllon, Asier Serrano, Goiatz Labandibar eta Iñaki Irasizabal).


 Igela

Igela argitaletxeak hiru liburu berri aurkeztu ditu udazkenean. Batetik, Enigma sailean, Agatha Christieren Orient Expresseko hilketa (itzultzailea: Ainhoa Eder Zabala), Hercule Poiroten kasu mitikoa, eta Arthur Conan Doyleren Sherlock Holmesen memoriak (itzultzailea: Aitor Blanco Leoz), zeinean biltzen baitira «Sherlock Holmes detektibearen eta Watson doktorearen 12 istorio izugarri».

Bestetik, literatur sailean, Ursula K. Le Guinen Oihan hitzean mundua (itzultzailea: Amaia Apalauza). Azken horri buruz idatzi genuen albistea hemen irakur dezakezue.


Maiatz

Maiatzek ere bi nobedade ekarri ditu narratibaren mahaira. Amaiur Epherren lehen eleberria udaberrian kaleratu zen, Profeten iruzurra izenburupean. Kepa Matxainek autorea elkarrizketatu du berriki gurean: «Ez zait interesatzen Superman baten bizitza kontatzen duen ezer».

Bigarrenik, Alta maite nuen plazaratu du Pierre Mestrotek: «Hainbat polizi nobelen harian kokatzen da eleberri hau. Nahiz amodiozko kontakizuna den honek dakarren trajedian sartzen gaitu liburuak».


Susa

Beste hiru izenburua aurkeztu ditu Susa argitaletxeak udazken honetarako, hiru autore ezagunenak gainera. Lehenik, Uxue Apaolaza ipuingintzara itzuli da Bihurguneko nasa lanarekin. Hamar ipuinez osaturik dago bilduma: testuinguruak (Madril) eta protagonistak lotzen ditu narrazio guztiak. «Kondizio sozialaren konkrezioez, elkartasunaren, lehiaren eta karitatearen artekoez, arrotzaren aurreko izuaz zein dantza-gogoaz, familia loturez, beldurraz eta epikaz —arrosaz zein klase ertainarenaz—» dihardu, besteak beste, Apaolazak. Entzun hemen Irakurrieran irratsaioan egindako elkarrizketa.

Eider Rodriguezek, aldiz, Eraikuntzarako materiala nobela kaleratu du, bere ibilbide lehenengoa. Hala dio sinopsiak: « Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu».

Azkenik, Kirmen Uribek New Yorken landutako eleberria plazaratu du: Izurdeen aurreko bizitza. «Uri, Nora eta bien seme-alabak New Yorkera lekualdatuko dira liburu honetan. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idatzi nahian ari da Uri: nola hazi zen zaldi eta kontzertu artean, nola lotu zen emakumeen askapen mugimendura, nola antolatu zuen Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia. Haren urratsak ikertu bitartean, ordea, bereak ere aterako zaizkio bidera, haurtzaroko bizipenak, faro bat arrosaz margotu zutenekoa, izebarekin konpartitutakoak. Familia ezari-ezarian hirian etxe egiten doan bitartean».


Txalaparta

Adriano de Mataren opera prima kaleratu du Txalapartak: Sanrokeetarako etxean, gerrako umeen bizipenak biltzen dituen eleberria. Hemen entzun dezakezue Irakurrieran irratsaioan autoreari egindako elkarrizketa.

Bestalde, aurki argitaratuko du iazko (H)ilbeltza bekaren emaitza: Massimo Carlottoren Agur maitea, ikusi arte nobela, Koldo Bigurik itzulia. Egileak Italia garaikidearen kritika gogorra egiten du liburuan.


Eta gehiago

Errepaso honetan ezin ditugu ahaztu beste izenburu batzuk. Literatura Unibertsala bildumaren barruan, Maryse Condéren Bihotza negar eta irri kaleratu dute Ereinek eta Igelak, Joxe Mari Berasategik itzulia.

Katakrakek, bestalde, Lidia Txukovskaiaren Urpean murgildu nobela eman zuen udaberrian; Josu Zabalak euskaratua. Hemen irakur dezakezue hartaz idatzi genuen artikulua.

Txema Arinasek, Hiriaren eskutik, Borreroak baditu milaka aurpegi kaleratu du, eta Xabier Amurizak, berriz, Uharte bat Venusen publikatu du autoedizioaren bidez.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)