Irratsaioak

Literatur amuak Ondarroan, abenduaren 5era bitarte

Osteguna, 2021-11-25

Aurten Ondarroako euskara eta berdintasun saila elkartu egin dira Literatur amuak jaialdia antolatzeko, «Feminismotik euskaraz, euskaraz feminismotik» lelopean. Argazkian, euskara eta berdintasun sailetako zinegotziak eta teknikariak (Ondarroako Udala).

Aurten berritasunak dakartza Ondarroako Literatur amuak jaialdiak. Bi egitarau uztartu dituzte: alde batetik, «Euskara sailak antolatutako Literatur Amuak egitaraua, euskarazko kultur sortzaileei emana», eta beste alde batetik, «Udal berdintasun sailak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna erdigune hartuta, antolatutako hainbat ekintza».

Azaroaren 19an hasi ziren, eta abenduaren 5era arte jarraituko dute. Gaur bertan, azaroak 25, elkarretaratzea egingo dute, 19etan, Alamedan, Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaren harira.

Azaroaren 26an, berriz, Ezer ez da dirudiena (Elkar, 2021) liburua aurkeztuko du Maribel Aiertzak, 18etan, Kofradia zaharrean. Ordu erdi beranduago, toki berean, Palindromo ilustratuen erakusketa zabalduko dute. Horri buruz gehiago jakiteko, irakurri bigara kolektiboko kideei abere ba liburuaz egin genien elkarrizketa: «Hizkuntzarekin libreki jolastu nahi genuen, muga asko jarri gabe». Abenduaren 5era arte egongo da ikusgai erakusketa. Azkenik, 19etan, «Nire zigilua: Homofobiaren (beste) istorio bat» antzezlana eskainiko du Alain Lersundik. Azken horretarako sarrerak eskuratu behar dira, aldez aurretik, Turismo Bulegoan.

Azaroaren 27an, irakurle-taldeak hitzordua izango du, 10etatik 12etara bitarte, Kofradia Zaharrean. Pello Lizarralde idazlea gonbidatu dute, Argiantza eleberriaz mintzatzeko (irakurri hemen Eneko Barberenak egindako elkarrizketa). 17etan, leku berean, Ondarroako kondairak, haurrentzako ikuskizun sentsoriala emango dute, Ondarroa inguruko ipuinak liburuan oinarriturik. Azkenik, 19etan, Olatz Salvadorrek Udagoieneko osterak egitasmoaren harira emandako kontzertuaren proiekzioa egongo da Alde Zaharrean.

Azaroaren 28an, Andrezaharraren manifestua antzezlana eskainiko du Metrokoadroka kolektiboak, 18etan, Kofradia zaharrean. Sarrera eskuratu behar da aldez aurretik. Irakurri hemen Mari Luz Estebani Andrezaharraren manifestua poema-liburuaren harira egindako elkarrizketa: «Zahartzaroa beti negatibotzat hartzea gauzak sinplifikatzea da».

Antzerkiaren txanda izango da abenduaren 2an ere. «Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi» antzezlana emango dute Kamikaz kolektiboak eta Ttak teatroak. 19etan izango da, Beikozinin, eta gonbidapenak eskuratu behar dira aldez aurretik.

Abenduaren 3an, Euskararen egunarekin bat eginez, hainbat ekitaldi izango dira. Agustin Zubikarai sariketaren aurtengo irabazlea nor den iragarriko da, eta iazko garaile Lander Garrok Faith nobela aurkeztuko du, Joxean Iturriaga eta Xabier Mendiguren alboan dituela. 19etan izango da, Kofradia zaharrean. Ordu erdi beranduago, beste sari bat banatuko da leku berean, Nanoipuin lehiaketari dagokiona hain zuzen. Azkenik, 19etan, poesia errezital musikatua eskainiko dute Mikel Etxaburuk, Izaskun del Cerrok eta Nerea Zuloagak, Musika Eskolan, «Oroitzen hondarra nota txikietan» izenburuarekin. Sarrerak eskuratu behar dira aldez aurretik.

Abenduaren 4an, letra eta hitz jolasen tailerra egingo da, 8-12 urte bitarteko umeentzat, Kofradia zaharrean, arratsaldeko 17etan. Abenduaren 5ean, egitaraua ixteko, kontzertu akustikoa emango du Anarik, 19etan Beikozinin. Sarrerak eskuratu behar dira aldez aurretik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)