Albisteak

'Argitaletxea EDO!' proiektua aurkeztu dute

Asteartea, 2012-05-22

'Argitaletxea EDO!' proiektua jarri du martxan literaturzale talde batek. 'EDO!'k ez ohiko liburuak kaleratuko ditu euskaraz, paperean eta modu digitalean. Oraingoz proiektuari babesa emango dioten bazkide, harpide eta lankideei zabaldu diete deialdia: ekainaren 24rako bildu nahi dute ahalik eta babes gehiena.

Artista liburuak, album ilustratuak, komikiak, argazki liburuak, saiakera kolektiboak, itzulpen lanak, hitzaldiak, poesia lan laburrak... besteak beste era horretako liburuak plazaratu nahi ditu, 'EDO!' argitaletxeak. Hauxe da proiektuko talde eragileak zabaldu duten azalpena:

'EDO! argitaletxe berri bat sortzeko proiektua da. Euskara hutsez argitaratuko duen argitaletxe independentea sortu dugu, bazkideen borondatezko lanean eta harpideen sarean oinarrituko dena, eta batzarren bidez gobernatuko dena. Argitaletxea ez ezik, proiektu kritikoa ere bada, lan

grafikoak, liburuak eta literatura merkantilizazioaren logikatik ateratzeko asmoa duena, pentsamenduari eta elkarrizketari garrantzia eman nahi diona, edukiak indartu nahi dituena. Proiektu autofinantzatua eta diru irabazi (eta galera) asmorik gabea da'.

'EDO!'ren bultzatzaileek proiektuaren berri zabaltzean adierazi dutenez, lanbide eta jardun anitzeko literaturzale talde batek bultzatutako proiektua da 'EDO!’ren asmoa ez da argitalpenen eremuan dagoen ezer ordezkatzea, kontrakoa baizik: 'egun dagoen eskaintza osatzeko eta aberasteko helburuarekin sortutako proiektua da EDO!, literaturaren munduan lanean dabilen ororekin elkarlanean aritzeko borondatearekin gauzatuko dena'.

Maite Gurrutxagaren zirriborroak biltzen dituen artista liburuaren orrialde bat.

Pasa den apirilean egin zuten lehen bilera publikoa. Maiatzean proiektuaren berri publikoki emateari ekin diote, helburu argi batekin: ekainerako ahalik eta babes handiena lortzea, proiektua martxan jartze aldera. Gaurko egunean 126 lagunek eman dute babesa, eta helburua 200era iristea da. Proiektua babesteko hiru modu daude:

Bazkideak (edo!nistak). Haien betebeharra izango da urtero hainbesteko diru kopuru bat jartzea, argitaletxearen funtzionamendua bermatzeko. Bazkideen ekarpen ekonomikoa harpideena baino handiagoa izango da; eta, harpideek ez bezala, proiektuan lan egin ahal izango dute. Argitalpen guztiak eta informazio guztia jasoko dute, eta lan taldeetako dinamiketan eta erabakietan parte hartzeko eta batzarretako erabakiak hartzeko eskubidea izango dute.

Harpidedunak (edo!kideak). Haien betebeharra izango da urtero kuota bat ordaintzea, argitaletxearen publikazio gastuak ordaintzeko. Argitalpen guztiak jasoko dituzte, eta baita taldeari buruzko informazio orokorra ere. Proposamenak egiteko aukera ere izango dute, baina ez dute eskubiderik izango argitaletxearen bileretan eta erabakietan esku hartzeko.

Lankideak. Proiektuei lotutako lan zehatzak egingo dituzte. Lanean ari diren esparru horretan erabakiak hartzeko eskubidea izango dute.

Dagoeneko aurreratu dute zeintzuk izango diren 2012k argitalpenak: 'Begikoak' bilduman Maite Gurrutxagaren artista liburu bat eta Gari Garaialderen argazki liburu bat; 'Literola' izeneko bilduman 'Gen eroa deseraikitzen' izeneko artikulu bilduma; 'Xortak' izenekoan berriz Harkaitz Canoren hitzaldi bat eta Samara Velteren 'Eta Karmele?' antzezlana daude aurreikusiak.

Gari Garaialderen liburuan ikusi ahal izango den argazki bat.

Orain arte talde eragileak adostu ditu, bileratik bilerara eta eztabaidatik eztabaidara, proiektuaren oinarriak. Hemendik aurrera zabalik dago parte hartzeko aukera.

Proiektuaren bi aurkezpen publiko ere aurreikusi dituzte:

-Ekainaren 2an Larrabetzuko Literaturian, Anguleri kultur etxean 13:00etan.

-Ekainaren 21ean 19:30ean, Donostiako Kaxilda liburudenda berrian, egitarau honekin: 19:30ean 'Eta Karmele?' antzezlanaren emanaldia, 20:30ean solasaldia EDO!ri buruz, 21:00etan afari begetarianoa Kaxildan bertan, izena ematen duten bazkide, harpidedun eta lankideekin (afaria: 10 euro).

Hemen topatuko duzue informazio guztia: http://www.argitaletxeaedo.org/

Albiste honen uberan:

Berria

Argia

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)