Albisteak

Elkarrizketa 'Kafe aleak' liburuari buruz

Asteartea, 2012-11-27

Dagoeneko agortu da Kafe aleak liburuaren 650 aleko lehen edizioa, eta bigarrena jarri dute abian. Gernikako Gaztetxean hainbat urtez egindako 'Kafea eta galletak' ekimenaren filosofiaren haritik jarri zuten martxan liburuaren proiektua: 121 lagunek disko bati buruzko testu bana idatzi eta haiekin bilduma osatu dute. Ibon Rodriguez Garciak eta Leire Lopez Ziluagak azaldu dizkigute proiektuaren nondik norakoak.

'Kafea eta galletak' ekimenean ez bezala, ia kontrara, ez dago musikaririk Kafe aleak liburuko idazleen artean, musikazaleak dira guztiak. Zergatik hautu hori?

Ohiko saioetan musikariei -entzunaldietako diskoa aukeratzen dutenei, alegia- testu bat idazteko eskatzen diegu, nahi duten ikuspegitik eta erara, bertaratutakoek irakur dezaten. Gure arteko elkarrizketetan askotan aipatzen genuen musikaria=aktiboa vs. entzulea=pasiboa ideiaren aurka gaudela, faltsua delako. Orduan bururatu zitzaigun publikoari ere eman behar geniola diskoak aukeratzeko eta komentatzeko aukera, musika sortzailearen ikuspegitik kanpo.

Musikazaletasunari eman diozue garrantzia handia, liburua eta 'Kafea eta galletak' ekimena berari batasun bat emateko orduan. Musikazaletasuna jendearengan errotua dagoela argi dago, baina hura konpartitzea agian ez hainbeste?

Musika elkarrekin entzuteko espazioak egon badaude: tabernak, kontzertuak, etxe eta auto konpartituak... Musika konpartitzeko bideak ere asko handitu dira p2p sareei esker. Musikari buruz hitz egiteko tokiak ere badaude: kontzertu osteak, musika foroak, twitter-a... Ez dagoena da disko bat osorik lagunartean lasai entzun, atentzioa diskoan jarri eta nahi bezain luze komentatzeko toki irekirik, norberak aukeratu ez duen disko batekin, agian aldez aurretik ezagutzen ez dugun jendearekin, baina interes komun batekin...

Musika lehenengo planoan jartzea da helburua, patxadaz, disko bakoitza dastatuz eta murtxikatuz. Iruditu zitzaigun bizi gaituen abiadura horri aurre egiteko moduetako bat zela hilean behin disko bat hartu eta elkarrekin entzun eta komentatzea.

Aurrerosleen laguntzarekin atera duzue liburua. Bide hori hartzen ari den proiektu asko dago, hala literaturan nola musikagintzan. Bide eta filosofia berrien isla da hori, edo proiektu 'ezberdin' bat egiteko dagoen modu bakarra?

Gure kasuan defizitarioak dira antolatzen ditugun gauza guztiak, diru-galera izugarriak ditugu, 32 saiotatik bi edo hirutan soilik ez dugu dirurik galdu. Inozo samarrak gara, eta saioetan banatzen ditugun testuak fotokopiatzera joaten garenean, azkenean behar ditugun kopien bikoitza enkargatu ohi dugu. Liburuarena, ordea, kontu potoloagoa zen, eta gure ohiko arrakastari begiratuta, euskara hutsezko liburu bat ateratzerakoan kontu handiz ibili beharko genuela pentsatu genuen. Gainera liburu bana oparitu nahi genien kolaboratzaile guztiei, eta liburuak maite dituzten guneetan soilik nahi genuen saldu, ez makrosaltokietan. Horregatik guztiagatik zen inportantea aurresalmenta abian jartzea.

Prozesu luzea izan da liburu hau kaleratzearena. Zeintzuk izan dira erronka nagusiak?

Bi urte hauetan beste liburu bat idazteko adina gertakizun izan ditugu (askotariko arazoak, haserreak, eztabaidak...). Erronka nagusia gure buruari jarri genion erronka hori betetzea izan da: askotan ditugu honelako ideia martzianoak, baina gutxitan gauzatzen ditugu. Liburuaren ideia azaltzeko eta lehenengo testua eskatzeko idatzi genuen lehenengo mezua bidalitakoan konturatu ginen erronkaren langa oso garaiĀ  jarri genuela. Lehenengo testua zekarren mezua jaso genuenean, jakin genuen atzera bueltarik ez zuela izango kontuak.

Bi urte hauetan liburuak bere forma propioa lortu du, lehenengo testuak eskatu eta hasi zen bere forma hartzen. Esaterako, copyleft filosofiari jarraituko genuela argi genuen, baina horrek ekarri zuen gero aukeratutako diskoen azalak marrazkilari batzuei eskatzeko ideia, maketazioari begira zer nahi genuen eta zer ez genuen nahi definituz joan zen pixkanaka, itzulpenak, estiloa... Gainera, emakume eta gizon kopurua pareko izatea nahi genuen, baina frakasatu egin dugu, besteak beste, emakumeen ezezko gehiago jaso ditugulako hasieran egin genuen parte-hartzaile posibleen zerrenda luze hartan. Eta normala da, zerrendako emakume gehienak esfera publikotik kanpo zeudelako, gizonak ez bezala. Ez dena normala da euskal kritika musikalean emakumeek duten presentzia eskasa, esfera publiko horren adibide bat jartzearren.

Liburua oso presente dago Interneten: egunero 'Kafea eta galletak' webgunean liburuko testu bat publikatzen duzue, copyleft lizentzia bitartez edukiak zabaltzeko eta partekatzeko aukera zabaldu duzue, liburuaren gaztelerazko itzulpena ere sarean dago... baina objektua sortzearen alde egin duzue hala ere. Musikan eta liburugintzan, objektua behar dugu oraindik ere?

Guk argi dugu sormen lanak konpartitzea herritarren eta etorriko diren sormen lan berrien onerako dela. Sormen lanek herritarren esku egon behar dutela uste dugu, eta ez ordaintzeko dirua duten pribilegiatuen esku. Horretarako ezinbestekoa da lanak, kasu honetan liburuko testuak, eskuz esku pasatzeko, modu legalean kopiatu eta konpartitzeko aukera ematea, copyleft lizentzien bidez. Zorionez, internetek aukera ematen digu argitaratutako testuak irakurri nahi dituenaren esku jartzeko (herritar guztiek Interneta ordaintzeko nahikoa ez izan arren, beti dago guneren batera joateko, lagunen bati eskatzeko aukera). Liburua formatu fisikoan argitaratzea ez dugu horretatik banatuta ikusten. Guri liburuak gustatzen zaizkigu objektu bezala. Azalaren eta orrien taktoa, arkatzarekin azpimarratzeko aukera. Gusturako irakurtzen dugu formatu horretan, eta imajinatzen dugu gu bezalako asko egongo direla. Irakurleek ikusiko dute liburua ordenagailuko pantailan irakurri, epub formatuan doan deskargatu edo liburua erosi nahi duten. Norberaren gustua zein den.

Zein momentuan dago 'Kafea eta galletak' proiektua?

Iaz lau saio baino ez genituen egin biotako bat Bartzelonan bizi zelako eta bidaiak ordaintzeko dirurik ez zuelako. Orain liburuan zentratuta gaude, baina egun bat lasai hartu behar dugu aurtengo saioak pentsatzeko. Gure helburua defizitarioak izateari uztea da, baina gure saioak ez dira inoiz sexyak izan jendearen begietara. Zergatiari buelta batzuk eman behar dizkiogu, ea erruaren ze parte dugun. Argi duguna da saioen erdietan emakumeek jotzea nahi dugula, eta horretarako saio gutxiago egin behar badugu, talde gutxiago daudelako, saio gutxiago egingo ditugula.

Eta ze bide jarraituko du aurrerantzean Kafe aleak liburuak?

Bada, paperean argitaratutako liburua agortzear dago eta, luze aztertu eta gero, gure zalantza, beldur eta ilusio guztiekin, bigarren argitalpena egitea erabaki dugu. Gure kasuan pozgarria da liburua uste baino askoz azkarrago amaitu izana, baina arazo handia ere bada, bi urteko lana bi astean bertan behera heltzea amaierara, jendea lortzeko aukerarik gabe geratzea, gure lagunen dendetako apalategietan eskuragai ez egotea....

Edizio digitalari dagokionez, egunean interneten testu bat jartzen jarraituko dugu euskaraz nahiz gaztelaniaz, erritmo horretan ere, idazle bakoitzak egin duen lanari egun bat dedikatu ahalko diogu, berriz ere, nolabait, egun horretan jendeak disko eta testu berbera izan dezake gogoan.

Ahal bezain laster jarriko dugu liburua epub nahiz pdf formatuetan deskargatzeko, hizkuntza bietan.

Elkarrizketatuak liburuarekin (Argazkia: Bizkaie.biz)

Albiste honen uberan:

Bizkaie

Hamaika telebista

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)