Albisteak

60 ordu Zoologikoan, Gorka Etxeberria Casqueirorekin

Astelehena, 2013-12-09

Asteburu ero baten kronika egin du Gorka Etxeberria Casqueirok poesiaren bitartez. Autoedizioaren bidetik kaleratu berri du 60 ordu Zoologikoan izeneko liburua. Bere testuez gain, hainbat lagunen kolaborazioak ere bildu ditu bertan.

Asteburu bateko orduek, minutuek, uneek gidatzen dute liburua. Testu bakoitzaren sentipen kronologikoan, edonork inoiz bizi izan duen bidaia. Beti berdin, ezberdin, desiatua, asteburuko ezusteen segida, gaua, laguntasna, edalontzi baten ertzeko gomutak.

Fredi Paiak zabaltzen du Gorka Etxeberria Casqueiro bertsolari, zutabegile eta idazlearen liburua. Bertan irakurri ditugu hitz hauek:

“60 Zoologiko Orduko. Abiadura horretan bizi ginen Gorka ezagutu nuenean. Euskal Herriko agenda kultural biziari bertsolaritza ulertzeko era zoroa batu zitzaizkion, eta alderantziz. Zoologikoen izenekin definitu izan dira sarritan gaueko gazteen bilguneak. Mespretxuz sarri, baina mespretxuak, adierazten duenaren barruko kontraesanen berri besterik ez digu ematen gehienetan. Zaharrak Berri Xouen bertso-safarietan, ostera, pizti bakoitza harribitxi bat zen, txori bakoitza doinu ezberdin bat eta iluntasunean igartzen genituen begi distirak kaiolarik gabeko zoologikoez mintzo ziren.

Bertatik zebilen Gorka, Bertold Brechtek bere poeman aipatzen dituen pizti horietako bat, egunero borrokatzen duena, ezinbesteko horietako bat. (...)”.

Eta zoologikoan legez, piztia ez dator bakarrik, bestelako animaliek lagundua baizik. Ez ohiko proposamena egin du egileak liburuan, hainbat laguni poemetan gako diren hitzak hartu eta iradokitzen ziena idatziz jartzeko eskatuz: lana, asteburua, desfasea, futbola, konpromisoa eta laguntasuna bezalako gaiei ikuspegi propioa eman diete idatziz Fredi Paiak, Eñaut Gantxegik, Mikel Asstarlozak, Ion Olano Carlosek eta Ibon Apezetxea Goñik.

Honela aurkeztu zaizkigu liburuan egilearen orain artekoak:

“Gorka Etxeberria Casqueiro (Pasaia, 1985). Nortasun agirian Pasaian jaio zela ipintzen duen arren, bera oreretarra sentitzen da; txikitatik Oreretan hazi eta hezi baita, Pontika auzoan. Egun, Hernanin bizi da. Mantenimenduko goi-teknikaria da.

Gipuzkoako bertso txapelketan hiru aldiz hartu du parte, eta bertso-paperetan hainbat sari jasoak ditu. Olerkigintza ere gaztetatik maite du, oraindik buruan du bere lehenengo poesia emanaldia Mikelazulo kultur elkartean 16 urterekin. Irutxuloko Hitzako kolaboratzailea da egun.

60 ordu zoologikoan du bere lehen liburua”.

Eta libururako gonbite gisa, honakoa liburuari hasiera ematen diona:

Ostirala, 19:00h

Riiinnggg!!!

Yabadabaduuuuuu!!!

Mahoizko arropa

alde batera utzi dut,

mailu eta iltzeekin batera;

ardura ere,

lantokiko armairuan gordeta.

Iritsi da garaia.

Bainera,

lasaigarri bolaz

eta aparrez beterik dagoela,

goxo-goxo sartu naiz

lanarengatik dudan beltz kolore hau

kentzeko asmoz,

garbi sentitzeko asmoz.

Xanpua ere

azkar eman dut

igeltsuz beteriko

ile beltzaranean,

suabizantea gero,

gomina ondoren;

lanaren zikinkeriak

sortu dizkidan korapiloak,

ile tente

eta elegante batzuengatik

aldatu nahian.

Buruko ileak

eror ez daitezen

otoitz egiten dugun bitartean,

aurpegikoak gustura kentzen ditugu

ederrago gaudela sentituz.

Ondoren,

“after-shave” bota dut,

kolonia gero;

lanak sortutako kiratsa

alboratuz,

usai goxo batzuen truke.

Mahoizko arropak

itsusi egiten ninduelakoan

armairuko

trapu eleganteenak jantzi ditut,

askatasunaren bila bainoa;

asteburuetako faunan

sartzera noa.

Albiste honen uberan:

Entzun elkarrizketa Arratsean:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)