Albisteak

Bizi zarelako irakurri, edo irakurtzeko bizi

Asteazkena, 2013-09-04

Julio Cortazarrek lehenengo aukeran kokatu nahi zuen bere burua. Hori idatzi zuen behintzat, Corrección de pruebas en alta Provenza izeneko testuan. Amuak atalean izango duzue horren berri.

RM argitaletxeak kaleratu zuen iaz Correción de pruebas en alta Provenza izeneko liburuxka, edizio garbi eta txukunean. Testuaren jatorria Julio Ortega kritikariak 1973an bultzatutako proiektuan dago: idazketa prozesuan zeuden lanekin egindako antologia. Cortazarrek bertan agertzeko idatzi zuen aipatutako testua, Libro de Manuel nobela amaitzen ari zen garaian.

Ugariak dira Cortazarren lanaren inguruan etengabe erreskatatzen diren lan txikiak, testu periferikoak, zale amorratuentzako aleak. Ezein idazlerekin bezala, haren obran murgiltzeko aitzakiak izan behar lirateke guztiak. Cortazarren kasuan edonola ere, zaila da batzuetan periferikoa dena eta ez dena bereiztea, berak muga horiek apurtzeko ahalegin etengabekoa egin zuen heinean: “ia inoiz ez dut onartu gauzen izena eta uste dut hori islatu egiten dela nire liburuetan”.

Bizi delako irakurtzen duen horrek bidaia hasi zuen bakarka Provenza inguruan, Libro de Manuel nobelari azken ukituak isolaturik emateko xedez. Gauzen izena onartzen ez zuelako izan zuen Fafner dragoia habi eta gurpil: Volkswagen furgoneta. Furgonetaren ‘F’ak Frantzia izan gura bazuen ere, Cortazarrek Fafner izenaren lehen letra ikusi zuen hor, Wagner gogoan. Fafnerren erraietan idazmakina, kafea, janari latak, irratia, Jacques Brel eta Paco Ibañezen minicassettea, bainujantzia badaezpada izan zituen Cortazarrek bidaide. Fafnerren berri izan genuen luze eta sakon Los autonautas de la cosmopista bidaia liburu umoretsuan ere.

Cortazarrek Libro de Manuel liburuko zuzenketak egin bitartean osatu zuen Correciones… delako hau. Bertako orrietara egiten dute jauzi, Cortazarren estiloak josirik, Libro de Manueleko pertsonaiei egin erreferentziek, literatura eta literatur munduari buruzko gogoetek, lan egin bitartean irrati ahotsez munduan jazotakoek. Libro de Manuel bera jauzia izan zen Cortzarren asmoetan; testu politiko bat egiten saiatu zen, zentzu ertsi(ago) batean, munduan eta bereziki Nikaraguan gertatzen ari zirenek baldintzaturik. Libro de Manuelen bertan akzio narratiboarekin uztartzen dira garaiko prentsa albisteetatik ateratako albisteen kolax errealek. Horregatik agian, ekidin ezina izan zitzaion zuzenketak egiten ari zen aldi berean Munich-eko olinpiadetan gertatzen ari zirenei adi egotea, eta nola edo hala paperera ekartzea.

“Funtsezkoa da konturatzea biolentzia-goseak, biolentzia-miseriak, biolentzia-opresioak, biolentzia-azpigarapenak, biolentzia-torturak, biolentzia-bahiketara, biolentzia-terrorismora, biolentzia-gerrillara daramatela; eta oso garrantzitsua da ulertzea nork jartzen duen abian biolentziaren praktika: miseria probokatzen dutenek edo haren kontra borrokatzen direnek…”.

Ez da umorerik faltako Fafnerrekin egindako bidaia honetan, eguneroko gertakizun txikien eskutik. Funtsean, errealitatea aintzat hartzen duenean ere haren kodeak onartzen ez dituen idazlearen sormenaren isla.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)