Albisteak

Ana Malagon: "Askoz ere interesgarriagoa da zure iritziaren kontra dauden pertsonaiak sortzea"

Astelehena, 2017-03-27

Bigarren ipuin-bilduma argitaratu du Ana Malagon idazleak: Geratu zaitezke gurekin. Estreinakoa orain hiru urte etorri zen, mikroipuinez osaturiko Lasai, ez da ezer gertatzen. Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu ditu biak.

Harrera beroa jaso zuten Ana Malagonen mikro-ipuinek orain hiru urte, egoteko lasai, ez zela ezer gertatzen zioten haiek (hemen irakur dezakezue garai hartan Malagoni egin genion elkarrizketa). Orain, jada egina zuen horretatik urrundu nahi izan du apur bat idazleak, eta hamalau ipuin luze bildu ditu Geratu zaitezte gurekin liburuan. Ipuin horietako bat irakur dezakezue sarean, amu gisa: Amak ezkondu egin nahi du.

BIGARRENARENAK

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak aipatu zuenez, Malagon aurkezten ari zela, sarritan bigarren liburua izaten da idazle batentzat konplikatuena, ez baitu gauza berbera egin nahi, eta jendea (kritikari, irakurle eta abar) haginak zorroztuago egoten baita zain. Geratu zaitezte gurekin ipuin-bilduma idazteko prozesuaz ari, autoreak ere aipatu du zerbait bigarren liburuaren auziaz. Lehenengo liburua formatu ezohiko batean egin zuela-eta, konturatu da jendeak espero duela formatu hori lantzen jarraitzea bizitza osoan. Malagonek, baina, ez zuen enkasillatu nahi, atera nahi zuen eroso sentitzen zen eremutik, eta, gainera, buruan zerabiltzan istorioek beraiek "gudu-zelai zabalago bat" behar zuten eta "ez ziren orrialde bakarrean sartzen".

Zailtasunak ekarri dizkio liburuak. Igande arratsaldetan idazten du Malagonek, eta "mikro-ipuin bat egin dezakezu igande arratsalde batean, baina ipuin luze bat ez, orduan hurrengo igandean tokatzen nintzenean pentsatzen nuen: hauek zeintzuk dira eta zer egiten dute hemen?". Bestelako idazketa bat izan ei da, berrizdaketatik duena gehiago, edo geruzaka idazten dena.

IDATZI, PENTSATZEKO

Pentsatzen laguntzen dio Malagoni idazteak, hausnartzen jartzen baitu bere egunerokoan kontuan izateko aukerarik ez duen gauzen inguruan. Horrek ez du esan nahi, hala ere, bere iritzia agertzen denik ipuinotan. Malagonen arabera, "gutxien inporta duena da zein den Ana Malagonen iritzia". Izan ere, "askoz ere interesgarriagoa da zure iritziaren kontra dauden pertsonaiak sortzea, askoz ere aberasgarriagoa. Baliteke, niretzat ere, sortu diren pertsonaietako asko ez izatea oso gustagarriak pertsona bezala, nahiko miserableak izatea, baina kontua da gu denok garela miserableak, nahiz eta disimulatzen saiatu".

ILUNAGOA

Mendiguren ez dator bat, baina Malagonek uste du liburu honetan ez dagoela umorerik, tonu ilunagoan dagoela idatzia. "Aurrekoan bazegoen ironia bat, hau da daukaguna baina aurrera jarraitu dezagun, eta liburu honetan ez hainbeste. Malenkoniatsuagoa da, beste tempo bat daukate istorioek". Pertsonaietako askok zailtasunak dituzte orainean bizitzeko, dela iraganarekin kateatuta daudelako, kontu-eskatzen, dela iraganak egin dizkien zauri eta markei erreparatzen ari direlako.

Fideltasunari buruzko ipuinak idatzi behar zituela sartu zitzaion Malagoni buruan, liburu honekin hasi zenean. Hala ere, azkenean, gehiago idatzi du zaintzeari buruz. "Nik uste dut hori dela, neurri handi batean, liburu honetako ipuinen muinetako bat, zaintzea bere zentzu zabalean, eta zaintzeak nola markatzen dituen gaur egun ditugun harremanak, bai besteekin bai gure buruarekin". Istorioetan gai hori jorratzen da, hainbat ikuspegitatik, batzuetan zuzenean eta beste batzuetan zeharka, baina gai horrek lotzen ditu denak.    9788490276907

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)