Albisteak

44 urterekin hutsetik hasi beharra, Bertol Arrietaren lehen eleberrian

Asteazkena, 2021-09-22

Bere estreinako eleberria argitaratu du Bertol Arrietak, Gezurra berdaderoa, Elkar etxearen eskutik; egilearen beraren esanetan «erotismo-printzaz beteriko komedia bat» bat da liburua.

Estreinako eleberria kaleratu du Bertol Arrietak Elkar etxearen eskutik. Gezurra berdaderoa du izena, eta egun batetik bestera bikotekiderik, lanik eta etxerik gabe geratuko den adin ertaineko gizon baten istorioa du kontagai. Aurrez, bi narrazio-liburu kaleratu ditu Arrietak: Txikira beti hordago! (Erein, 2004) eta Alter ero (Susa, 2012). Bestalde, 2019an Arabako Foru Aldundiaren sari bat eskuratu zuen «Bi doberman beltz» narrazioari esker.

Eleberri honi dagokionez, «bizipoza transmititzen» duela adierazi du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, «umoretsua, ganberroa eta argitsua» dela nabarmenduz. Bestalde, pandemia-garaian idatzi zuen lana Arrietak, eta horren «arrastoak» nabari direla aipatu du Mendigurenek, protagonistaren bizitzaren arazoak «areagotu» egingo baitira horren eraginez.

Hona hemen liburuaren sinopsia:

Nobela bat idazteko eszedentzia hartuta zeukala, bere betiko andregaiak utzi egingo du Koldo, ganora eta konpromiso faltagatik, eta horra non, 44 urterekin, pizzak banatzen hasi behar duen lanean eta pisu konpartitu batean bizitzen. Bakarrik egoten etsi ezinik, norbaitekin nahiko luke endredatu, edonorekin kasik, eta dantzan ibiliko da hiru emakumeren bueltan: Nagore bere pisukide eder, gazte eta malenkoniatsua, Frida artista bizizale eta misteriotsua, Ester bere betiko neska-lagun amultsu eta zentzuduna.


Albiste honen uberan

Hemen irakur dezakezue Arrietari Alter Ero liburuaren harira egin genion elkarrizketa: «Zerotik behin eta berriz hastea erotzeko modu segurua da, ez baduzu literaturan egiten behintzat»

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)