Albisteak

Ez adiorik, Jon

Osteguna, 2019-09-12

Lur jota geratu gara gaur goizeko albistearekin: Jon Barberena zendu da. Idazlea, bertsolaria, iritzi emale zorrotza. Iaz kolaboratzaile izan genuen Hitzen Uberanen, eskerturik jaso ohi genituen bere kezka sozialak, elkartasunerako joera, edozein gai jorratzeko pasioa. Albiste honetan gogora ekarri nahi izan ditugu bere hitzak. Esker onez, adiorik ez, Jon.

Ikusiezinak eta ikusezinak

"Zoriontasuna ez da medikuaren kolorezko piluletan aurkitzen, ekintza ttipiek definitzen dituzten lorpen kolektibo handietan, berriz, bai."

Ornitorringoaren sexua

"Sexu biologikoen arabera gizonak edo emakumeak izanen gara, portaera maskulinoa edo femeninoa barneratuko dugu eta hauei atxikitako rolen menpe biziko gara. Baina antolamendu dikotomiko eta sinple hori ez da nahikoa."

Luxu prekarioa

"Errealitatera itzultzeko bigarren aukera izan daiteke sormena: hanken mugimendu konpasatua; zalantzak argitzen dituen erantzun-orria; eta, barneko burrunba kanporatuz, isiltasun likatsua desinfekta dezakeena. Sormenak aberastasunez betetzen ditu bihotzaren ezkerreko eta eskuineko bentrikuluak, zimurtutako paper bolei hitz bat kimatuko die eta biluztuko zaitu. Larrugorritan eta babesgarri gabe utz zaitzake, baina gizarteak jarritako armadurak ez ditu zure mugimenduak dorpetuko eta garden agertuko zara ispiluaren islan. Eta bai, sormena bakardadea da, baina bakardade partekatua. Eta hori luxua da. Luxu prekarioa, ordea!".

Neurrigabe neurtzen

"Sistema patriarkalak marrazten ditu zoriontsuak izateko erdietsi beharreko gorputzen siluetak gure inguruko ispiluetan. Eta horien islan, itxuroso, itxurakeriaz eta itsu gabiltza, baina, ahal dela, itsusi ez. Ez gaitzatela engaina! Ispilu hautsiek forma anitzak eskaintzen dituztenez, harrika zatika ditzagun. Neurriz kanpo dauden kanonei neurria har diezaiegun."

Poesia eta iraultza

"Poesia ez da iraultza, baina, ziur naiz, iraultza ñimiñoena gauzatzeko ere, poesia ezinbertzekoa dela".

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)