Albisteak

Al Aswani, Baricco eta Ginzburg, azalberrituta

Ostirala, 2021-03-05

Jakobian eraikina, Zeta eta Familiako lexikoa liburuak berrargitaratu ditu Igela argitaletxeak, azal berriarekin. Herenegun aurkeztu zituzten, Donostian. Argazkia: Igela.

 

Igela argitaletxeak fase berri bati ekin zion udan, eta horren emaitzak ikusten hasiak gara. Aste honetan, argitaletxearen bildumako hiru izenbururen berrargitalpenak aurkeztu ditu Donostian Lander Majuelo editoreak: Jakobian eraikina (Alaa Al Aswani; itzultzaileak: Arantzazu Royo eta Xabier Olarra), Zeta (Alessandro Baricco; itzultzailea: Koldo Biguri) eta Familiako lexikoa (Natalia Ginzburg; itzultzailea: Fernando Rey); «profil ezberdinetako» hiru eleberri dira, Majueloren arabera, eta liburu bakoitzak bere prozesua izan du.


 

Bidaia mistiko bat

Ia bere horrexetan berrargitaratu dute Zeta, Alessandro Bariccoren liburu ezagunena. Koldo Bigurik euskaratu zuen orain 20 urte, eta apenas egin dioten aldaketarik. Nolanahi ere, liburu arrakastatsua izan da oso, eta agortuta zegoen.

Editorearen esanetan, best-seller idazle bat da Baricco, eta batzuetan uste izaten den arren horrelako literatura merkeagoa dela, «gero irakurtzen duzu orri bat eta ezin duzu geratu». Nobela labur bat da hau, «hasieratik engantxatzen duena». Argumentua oso konkretua izanagatik –XIX. mendeko zeta-har saltzaile frantziar baten bizitza du aipagai–, nobelak «ez du zerikusirik Frantziarekin edo Japoniarekin, ezpada bilatze mistiko batekin». Autoreak mundu sinboliko bat josten du bere hitzekin.

Azala Danel Agirrek egin du, eta autore bakoitzari ilustratzaile bat esleitu diotenez, hark egin zuen Odolik gabe liburuaren azala ere. Bariccoren beste lan bat da, Igelak abenduan argitaratu zuena.

zeta


 

Eraikin batean mundua

Jakobian eraikina 2011n kaleratu zen, Arantzazu Royo eta Xabier Olarrak arabieratik zuzenean itzulita. 2012an, hain zuzen, Euskadi Saria jaso zuten beren lanari esker. Al Aswani pertsona nabarmena da Egipton, kritika kulturalak eta politikoak argitaratu dituelako komunikabideetan eta kritiko agertu delako gobernuarekin. Bestalde, liburuak berak izugarrizko sona izan zuen, «oso gordin hitz egiten duelako egiptoar gizarteko arrakalez: ustelkeria, homosexualitatea, islamismoa…».

Eraikin erreal batean oinarritzen da liburua. Kairon dago, eta, hasiera batean aberatsek aberatsentzat sortu arren, bilakabide bat izan du, eta era askotako jendea bizi izan da bertan. Al Aswanik eraikinaren bidez azaltzen ditu «gizarteko geruza guztietan gertatzen direnak». Errealismo soziala bete-betean baliatuz, autoreak oso ondo transmititzen du hiriko giroa.

jakobian


 

XX. mendearen kronika sentimentala

Natalia Ginzburgen Familiako lexikoa izan da, hiru berrargitalpenen artean, aldaketa gehien izan dituena: 800, ia. Izenburutik bertatik hasita: 2004an, Gure etxeko kontuak izenburupean kaleratu zuten, baina, Fernando Rey itzultzaileari eta Igelakoei premiazkoa iruditu zitzaien aldatzea, italiar jatorrizkora gehiago hurbiltzeko.

Majueloren arabera, Ginzburg «idazle klabea izan zen XX. mendeko Italian, eta, garaian, beti etiketa batzuk gainean zituela izan zuen arrakasta eta jaso zituen kritikak». Orain, ordea, halako berpizkunde bat bizi du, eta lehen aldiz hartu dute bera den horretan: «kristoren idazlea».

Familiako lexikoak sendi «judu eta antifaxista baten barne-istorioa» kontatzen du, «XX. mendearen kronika sentimental bat» barnebiltzen duena. Gauza oso zehatz batean oinarritzen da autorea: «bere familiako hitz eta esaldi bereziak». Irakurketa aldetik gehien kostatzen den liburua izan arren, editoreak azpimarratu du oso irakurketa «eskertua» dela aldi berean: «geldoagoa, baina asko dauka esateko».

Euskaraz, Ginzburgen beste hauek irakur ditzakegu: Hirira doan bidea (2001) eta Arratseko ahotsak (2003) liburuak, biak ere Pello Lizarraldek itzuliak Igelan, eta Michele maitea testu laburragoa, Amaia Astobizak euskaratua.

lexikoa


 

Etapa berria, estetika berria

Azal berria dakarte berrargitalpen guztiek, eta Majuelorekin batera, aurkezpenean izan dira Oier Zuñiga eta Miren Asiain marrazkilariak –Jakobian eraikina eta Familiako lexikoaren azalak egin dituzte, hurrenez hurren–. Bi baldintza jaso zituzten, enkarguarekin batera: azaleko ilustrazioak alderik alde estali behar zuen liburua, eta bi kolore bakarrik erabil zitzaketen.

Zuñigak adierazi duenez, barnearen eta kanpoaren arteko tentsioa islatu nahi izan du ilustrazioan, liburuak berak dagien moduan: «liburuan Kairo ezagutzen dugu eraikinaren ikuspuntutik, handik apenas atera gabe». Hala, bada, ez zuen «eraikinaren argazki errealista bat egin nahi», leihotik kanpora eta barrura ikusten direnekin jolastu baizik.

Asiainen proposamenak orobat du lotura etxearekin. Ilustratzailearen esanetan, Ginzburgek «bere etxeko ateak irekitzen dizkigu, eta hor ikusten ditugu familia arteko harremanak». Horregatik, egongela eta aitaren bulegoa marraztu ditu, baina irakurleak kanpotik erreparatuko dio etxeko intimitate horri.


 

Albiste honen uberan

«Igelak bere horretan segituko du, buruargi: kultura murtxikatu gabea edonorentzat eskuragarri» (Elkarrizketa Lander Majuelorekin)

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)