Albisteak

Kalean dira Alda Merini eta Saint-John Perseren poesia kaierak

Osteguna, 2021-11-18

Alda Merini italiarraren eta Saint-John Perse guadalupearraren poesia kaierak itzuli dituzte MPK bilduman; Aiora Enparantza eta Santi Leoné aritu dira itzultzaile, hurrenez hurren. Irudia: Alda Merini.

Berrogeigarren izenburura iritsi da Munduko Poesia Kaierak bilduma (Susa), Alda Meriniren (itzultzailea: Aiora Enparantza) eta Saint-John Perseren (itzultzailea: Santi Leoné) aleekin.

Orain arte bildumaren editorea izandako Beñat Sarasolak adierazi du postua utziko duela, eta, hemendik aurrera, Isabel Etxeberria eta Maialen Berasategi izango dira bildumaren gidariak. Sarasolak eskerrak eman dizkie hala argitaletxeari nola bilduman parte hartu duten itzultzaile guztiei.


Alda Merini

1931n jaio zen Alda Merini poeta, Milanen, eta 2009an hil, hiri berean. «XX. mendeko bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa» izan zela aipatzen du Sarasolak antologiaren hitzaurrean, eta hala deskribatzen du Meriniren estiloa: «Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz eta sinbolismorako eta are mistizismorako joera (bere poesia berantiarrean, nagusiki) nabaria duen. Poesiaren tradizioan jorratutako gai funtsezko gehienak landu zituen, ondare klasikoarekin dialogoan beti ere».

Hamasei urterekin, ospitale psikiatriko batean sartu, eta nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten; gerora ere hainbat aldiz egon zen halako erietxeetan. Ondorioz, «ildo poetiko oso bat» garatu zuen esperientzia horren harira, Sarasolaren arabera. «Oinazean ondutako poemak irakurriz, Martxel Mariskalen poemekin edo Xabier Leteren azken urteetakoekin akordatuko da, ziur aski, euskal irakurlea; sarritan, mina, denik eta esperientzia indibidualenetarikoa izanik, poesia edo artearen bidez baino ezin baita elkarbanatu».

Hona hemen, amu gisa, Meriniren poema bat:

[nire poesia sua bezain kartsua da]

Nire poesia sua bezain kartsua da

nire hatzetatik pasatzen da arrosario baten antzera.

Ez dut barre egiten zoritxarreko poeta naizelako

isiltzen dituena, batzuetan, erditze bateko minak orduen barruan,

garrasi egin eta bere garrasiekin jolasten duen poeta naiz

kantatzen duen eta hitzik aurkitzen ez duen poeta naiz

soinuak jotzen duen lasto lehorra naiz

haurrei negar eginarazten dien sehaskako kanta naiz

erortzen uzten den harropuzkeria naiz,

otoitz luze baten estalki metalikoa

argirik ikusten ez duen iraganeko dolumina.


Saint-John Perse

Saint-John Perse 1887an jaio zen Guadalupe irlako Pointe-à-Pitre hirian. Nerabea zela, ordea, Frantziara joan zen bizitzera, familiarekin. Sarasolak bere hitzaurrean dioenez, «Guadalupeko haurtzaro galdua bikoitza izan zuen nolabait, denborazkoa zein espaziozkoa. Adituek diotenez, irla utzi izanak lorratz sakona utzi zion, eta haren poesian ageri diren zenbait pertsonaia (Umea, Printzea, Erbesteratua) horrekin loturik dago». 1940tik 1957ra AEBn bizi izan zen, Vichyko gobernuak diplomazia-kargua eta frantses herritartasuna kendu baitzizkion. 1960ean, Nobel saria eskuratu zuen literaturaren arloan.

Sarasolak bere hitzaurrean adierazten duenez, «[Persek] Sail edo zikloka argitaratzen zituen poemak, eta normalean, txatal edo bertsetak idazten zituen, prosa poetikoetara gerturatzen diren piezak». Poema-ziklo luze horietako lau biltzen dira kaiera honetan: «Haurtzaroa ospatzeko», «Anabasia», «Erbestea» eta «Elurra». Horretaz aparte, beste bi poema biltzen dira antologian, zertxobait laburragoak: [estuak dira ontziak…] eta «Gaueko».

Perseren obraz hitz egitean, aberastasuna eta hermetismoa aipatzen dira maiz. Sarasolak, horren harira, Leonéren itzulpen-lana goraipatu du: «Santi Leonék bikainki menderatzen duen nafarreraren zirrikitu guztiak arakatu ditu Perseren adierazle eta adierazi festa gurera ekartzeko».

Hona hemen, amu gisa, Perseren poema bat:

Gaueko

Hona hemen, onduak, patu uzkur baten fruitu hauek. Gure ametsetik sortuak, gure odolaz elikatuak, eta gure gauetako purpura populatzen dutenak; grina luze baten fruituak dira, desira luze baten fruituak; gure konplize sekretuenak ziren izan eta, maiz, aitormenetik hurbil, herrestan eramaten gintuzten gure gauetako amildegitik beren asmoen mesedetan... Egunaren argitan graziaz beteak! hona hemen onduak eta purpuraren azpian patu larderiatsu baten fruitu hauek. — Gu ez gara haietan laketzen.

Izatearen eguzkia, traizioa! Non izan zen iruzurra, non iraina? non izan zen akatsa, non mentsa, non egin genuen huts? Hasmentatik hartuko dugu berriz gaia? berriz bizi beharko ditugu sukarra eta oinazea?... Arrosaren dotorezia, ez gara zure zaleetarik: gure odola zenbat eta garratzagoa, orduan eta zorrotzagoa gure irrika, gure bideak ez dira oso seguruak, eta sakona da gaua, zeinean gure jainkoak desagertzen diren. Astoarrosek eta masusta beltzek betetzen dizkigute naufragioaren hegiak.

Hona hemen, ontzen, beste ur-bazter bateko fruituak. “Izatearen eguzkia, babes nazazu!” — transfugaren solasak. Eta pasatzen ikusi izanen dutenek esanen dute: nor izan zen gizon hura, eta zein, haren etxea? Bakarrik joaten zen eguneroko gatazketara, bere gauetako purpura erakustera?... Izatearen eguzkia, Printze eta Jabea!, han-hemenkakoak dira gure lanak, ohorerik gabeak gure zereginak eta uztarik gabea gure garia: ilunabarrean dago esperoan espalak biltzeko makina. — Hona hemen, gure odolaz tindatuak, patu uzkur baten fruitu hauek.

Espalak biltzeko makina baten abiadan, bizitza badoa, herrarik eta erreskaterik gabe.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)