Albisteak

Asel Luzarraga: “Gustatzen zait ziurtasunak apur bat ziurgabeago bihurtzea nire liburuetan”

Asteartea, 2020-09-08

Asel Luzarraga idazleak bere bederatzigarren nobela aurkeztu berri du, Txalaparta argitaletxearen eskutik: Bahiketa. Irailaren 16an Bilboko Biran aurkeztuko du, Edorta Jimenezek lagundurik.

Sinopsia:

Buenos Airesko La Hoz egunkarian luzetsita daude, Matxinen artikulua iristen ez delako. Ez artikulua, ez Matxin bera. Haren inguruko berririk ez dagoela jabetzean, alarmak piztu zaizkio Eduri, lagun mina baitu; Euskal Herritik ihesi alde egin zuenean, Matxinek lagundu zion Argentinara. Bizi-bizi ari da Eduren burua, arriskuak ez baitira gutxi: ultra-eskuinak bahituko al zuen laguna, edo zerbitzu sekretuek? Nongotarrek, baina? Edo Euskal Herrira itzultzea erabaki ote du, berari ezer esan gabe? Sortuz gero inoiz desagertu ez diren beldurrak, mamuak, kontzientzia txarra, eldarnioak... Guztiak hasi dira dantzan Eduren baitan, bizitokiaren eta sorterriaren, iraganaren eta orainaren, errealitatearen eta fantasiaren arteko espiral zoro batean. Bahituta nor edo zer egon den ez jakiteraino.

untitled

Aurkezpenean esandako batzuk:

“Protagonista bi daude, Edu eta Matxin, baina benetan hor daukaguna narrazioan Edu da, Matxin protagonista ausente bat da, eduren bitartez azaltzen da eta eduren buruan. Eduren burua egoera alteratu batean dago.”

“Liburu guztiek dute atzean istorio bat, eta honen atzean dagoena da Buenos Airesera bigarrenez iritsi berri nintzela, lagun batzuen etxean nengoela, gau batean porro bana egin zuten eta oso bidaia txarra eduki nuen. Sentipen batzuk eduki nituen, denbora-espazioaren hausturak.. esperientzia txar hura nuen alde batetik, eta bestetik Orhan Pamuken Liburu beltza ari nintzen irakurtzen, gauza biak elkartu ziren eta sortu zen Bahiketa honen ideia.”

“Irakurleak pentsatu behar du Eduk pentsatzen dituen irudietatik berak eraiki behar duela errealitate bat, Eduren buruan dagoena ez delako oso fidagarria.”

“Berba egin nahi nuen ezkerrean oro har, eta batez ere lehen mundu honetako ezkerrean, nire ustez oso zabalduta dagoen autogorrotoaz. Beti gabiltza pentsatzen ez gaudela gure ideien mailan, eta asko zigortzen dugu geure burua ez izateagatik nahi genukeen hori.”

“Gure lagun zaharrekin beti gertatzen dira pitzadurak, maitasun-gorrotoak… Horren bitartez hainbat hausnarketa egin ditut, ezkerraren ajeez berba egiteko: maitasun libreaz adibidez, gauza bat da teorian beste gauza bat bizitzea; edo, denok gara oso feministak baina liburuan ikusten da matxismo asko protagonisten artean... Dialektika horretan dauzkagun kontraesanen gainean berba egin nahi nuen. Bidaia bat da, baina bidaia ez oso fidagarria. Zentzu horretan oroimenaz hitz egin nahi nuen. Alde batetik memoria historikoa da gauza engainagarri bat, saltzen digute memoria historikoa baina norberaren memoria historikoa oso engainagarria izan daiteke: askotan nahasten ditugu gure oroitzapenak pentsatu ditugun gauzekin, amestu ditugun gauzekin, eta batzuetan pentsatu ditugun gauzak errealitate bilakatzen ditugu. Azkenean ez dakigu benetan gertatu den, hainbestetan kontatu dugu edo hainbestetan pentsatu dugu oroitzapen faltsuak sor daitezkeela…”

“Gauza asko uzten ditut zabalik interpretatzeko, nik badaukat neure interpretazioa, baina liburua uzten dut zabalik irakurleak berea egin dezan, horko egia eraikitzeko. Azken finean, hori egiten dugu gauza guztiekin; egia bat egongo da, baina bakoitzak gurea daukagu, dauzkagun datuetatik eraikitzen dugu egia bat, eta txarrena da askotan absolutu bihurtzen dugula. Niri gustatzen zait gure ziurtasunak apur bat ziurgabeago bihurtzea nire liburuetan, zalantzak sortzea. Noraino sinesten ditugun gauzak, hain seguru gauden gauzetan gure buruarekin zintzo izaten saiatzen garenean noraino gauden benetan hain seguru.”

“Buenos Aires bera beste protagonista bat da. Liburua han idazten hasitakoa da, badu zerbait omenalditik, baina ez erromantikoa: erretratu horrek badauka bere puntu garratz eta ironikoa.”

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)